Léon Blum
Léon Blum (Paris, Frantzia, 1872ko apirilaren 9a - Jouy-en-Josas, Frantzia, 1950eko martxoaren 30a) idazlea eta politikaria izan zen.
Bizitza
Hasieran literatura eta antzerki-kritika idatzi zuen. 1902an alderdi sozialista frantsesean sartu zen, Jaurèsekin batera, eta L'Humanité aldizkarian lan egin zuen. Tourseko batzarrean (1920), II. Internazionalari atxiki zitzaion eta boltxebikeen kontrako gutxiengoaren barnean kokatu zuen bere burua.
Front Populairearen lehen gobernu burua izan zen (1936ko ekaina-1937ko ekaina). Agintaldi horretan, 40 lan-orduko astea, opor ordainduak eta beste hobekuntza sozialak ezarri ziren. Espainiako gerran esku ez hartzearen aldeko politikak zatiketa sorrarazi zuen ezkerreko alderdietan eta gobernua erorarazi zuen. 1940an Vichyko gobernuak atxilotu zuen eta 1943an Buchenwaldera eraman zuten. Askatu ondoren, gobernu buru zela, IV. Errepublikako erakunde konstituzionalak plazaratu zituen.
Presondegian idatzitako À l'échelle humaine (Gizakiaren neurrira) lanak (1946an argitaratua) Blumen pentsamendu politikoa azaltzen du; marxismoaren funtsezko tesiak sartaldeko kultura burgesaren oinarri moral eta intelektualekin adosteko saioa da.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Léon Blum |