Edukira joan

Sozialismo utopiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joxemai (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 18:36, 10 otsaila 2015
Sozialismo utopiko
Sozialismo motak

Sozialismo utopikoa bereziki XIX. mendearen lehen erdian aldaketa sozialaren eta gizarte harmoniatsua eratzeko helburuarekin jardun zuten pentsalari eta ekintzaile sozialista aitzindarien ekarpenak izendatzeko erabilitako izen generikoa da. Haien helburua gizarte ideala bat antolatzea zen, eta horretarako komunitateen garapena, lankidetza eta jabetza kolektiboa sustatu zituzten, hezkuntzari, familiari eta sexualitateari buruzko ideia multzo batekin batera, gizakiaren eta gizartearen zientzia bat eratzen ari zirelako ustean, baina ikuspuntu idealista, filantropo eta paternalista batetik kasu askotan.[1] Robert Owen, Saint-Simon eta Charles Fourier izaten dira sozialista utopikoen multzoan barneratzen diren pentsalari eta ekintzaileak, baina batzuen arabera izen horren baitan beste batzuk ere bildu behar dira, hala nola Étienne Cabet eta Wilhelm Weitling. Utopiko izena mespretxuz erabili izan da, sozialista utopikoen proposamenak errealistak ez zirela adierazteko. Hain zuzen, Marxek eta Engelsek ezarri zieten izen hori 1848ko Manifestu Komunista lanean, beraiek eratu eta marxismorako bidea zabalduko zuen zuten sozialismo zientifikotik bereizteko. Engelsen arabera, sozialista utopikoek gizakiaren ustezko berezko izaera eta jokabide on batetik abiatzen ziren, eta proletargoak eta burgesiak aurkako interesak zituztela onartu arren, ez ziren klaseen arteko borrokaren eta iraultza sozialistaren aldekoak, eta horien ordez pertsonen borondate onean oinarritutako proposamenak egin zituzten, Marx eta Engelsen arabera ekimen fantastikoak besterik ez zirenak. Kritika horien eraginez, marxismoaren arrakastak sozialismo utopikoaren gainbehera ekarri zuen azkenik, bereziki 1870eko hamarkadatik aurrera, baina bere proposamenetako asko anarkismoak eta kooperatibismoak bereganatu zituzten.

Pentsamoldea

Sozialista utopikoek pentsalari zabal eta heterogenoen talde bat osatu zuten, maiz ideia kontrajarriekin. Hala eta guztiz ere, haien printzipio eta proposamenek ezaugarri komunak dituzte hainbat alderditan. Pentsamendu sozialista utopikoaren jatorriari buruz, estoizismoa eta kristautasuna oinarri dituela aipatu izan da, bereziki Jainkoa, natura, eta beraz gizakia onak diren aldetik. [2][3] Hain zuzen, gizarte eta zibilizazioaren kritika egiten zuten, garaiko kondizio sozialek gizakia naturatik eta haren berezko izaeratik aldentzen zutela irizten baitzuten.[4] Gizarte idealak modu itxi batean, garaiko sistema sozioekonomikotik guztiz bereizirik, irudikatu bazituzten ere, kapitalismoaren kritika ere egiten zuten, hala nola lanaldiaren murrizketaren alde eta karitatearen aurka. Langileen bizimoduaren hobekuntzak haiek proposatutako komunitate eta gizarte idealetan kartzelaren, poliziaren eta laguntza sozialaren beharra ezabatuko zituen, haien ustetan.[5]

Gizaki eta gizarte berri baterako, arrazoia aldarrikatzen zuten, Argien Garaiko filosofoek bezalaxe. Haien ideiek Frantziako Iraultza pizteko balio izan zuten, baina iraultzaren ondorengo erakunde politikoek burgesiaren alde jokatu zuten nabarmenki, eta txiroen eta aberatsen arteko aldea nabarmendu egin zen. Beste alde batetik, Britainia Handian bereziki, Industria Iraultzak langileen eta burgesiaren artean sortutako antagonismoa agerian geratzen zen, langileak kondizio latzetan bizi baitziren, burgesek gero eta aberastasun handiagoak eskuratzen zituzten bitartean. [6][7] Gizarte krisi horretan murgilduta, sozialista utopikoek arrazoiaren ideala berreskuratu eta gizarte berri harmoniatsu baterako proposamenak egin zituzten, bereziki lankidetzan, komunitatean eta berdinzaletasunean oinarrituta.[8]

Haien ideiak modu iraultzailean gauzatu edo biolentzia erabiltzetik urrun, haietako batzuek (Wilhelm Weitlingek, kasu) iraultza proposatzen bazuten ere, hezkuntza eta bereziki esperientzia utopikoak abian jarri eta eredu moduan erabiltzea aldezten zuten gizarte harmoniatsua zabaltzeko. Herritar guztiei egiten zieten dei, txiroei nahiz aberatsei, klase bereizketarik egin gabe.[9] Proletargoaren existentziaren eta ekimenaren kontzientzia ez hori, ordea, sozialismo utopikoari buruz marxistek egin zituzten kritiken oinarri moduan erabili ziren gerora. Hain zuzen, sozialismo utopikoa mugimendu intelektuala izan zen bereziki, borroka politikoa gutxietsi egiten zuena. Iritzi horren aurka agertu ziren garaiko sozialista batzuk, hala nola Pierre Leroux, Philippe Buchez eta Louis Blanc, erakunde politikoen aldaketa eta errepublika soziala aldarrikatzen zituztenak.[10]

Kritikak

Marx eta Engelsen arabera, sozialista utopikoek gizarte burgesa kritikatzen zuten, baina bere baitan sortzen ziren kontradikzioak ulertu gabe. Haien iritziz, asmo onez jokatzen bazuten ere, garib ikusten zuten haien proposamenekin kapitalismoa ez zela gaindituko.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Sceptiques et détracteurs face à la cité idéale, XVIIIe-XXe siècles. , 15 or..
  2. (Ingelesez) Laidler, Harry W.. (2013). History of Socialism: An Historical Comparative Study of Socialism, Communism, Utopia. , 110 or..
  3. (Frantsesez) Berna, Henri. (2010). Du socialisme utopique au socialisme ringard. , 37 or..
  4. (Frantsesez) Marciano, Alain. (1999). Ethiques de l'économie: introduction à l'étude des idées économiques. , 103-104 or..
  5. (Frantsesez) Berna, Henri. (2010). Du socialisme utopique au socialisme ringard. , 37 or..
  6. (Frantsesez) Engels, Friedrich. (1880). Socialisme utopique et socialisme scientifique. .
  7. (Gaztelaniaz) Tiana, Alejandro. Historia de la educación (edad contemporánea): socialismo y sistema educativos. .
  8. (Ingelesez) Goodwin, Barbara; Taylor, Keith. The Politics of Utopia: A Study in Theory and Practice. , 40 eta 130 or..
  9. (Frantsesez) Berna, Henri. (2010). Du socialisme utopique au socialisme ringard. , 36-37 or..
  10. (Frantsesez) Dictionnaire des Idées (Les Dictionnaires d'Universalis): Socialisme. .

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sozialismo utopiko Aldatu lotura Wikidatan