Otxarkoaga
Otxarkoaga | |
---|---|
Euskal Herria | |
Auzoaren ikuspegia Montefuertetik. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Bizkaia |
Udalerria | Bilbo |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°18′N 2°54′W / 43.3°N 2.9°W |
Azalera | 0,25 km² |
Demografia | |
Biztanleria | 10.162 (2023) |
Dentsitatea | 18.476 bizt/km² |
Otxarkoaga Bilboko auzoa da. 1960ko hamarkada hasiera arte lur horietan lehen Begoña udalerria izan zeneko baserriak baino ez zeuden, ondoko Txurdinaga Bolueta eta Santutxu auzoetan bezalaxe. 1950.eko hamarkadako Industria arloko eztanda Bilbora milaka pertsona erakarri zituen Espainiako hainbat lekutatik. Zegoen etxebizitza eskasia dela eta, pertsona horietako askok Bilbo inguruko mendietan hartu behar izan zuten ostatu, hala-moduzko etxebizitzetan, txabolismo izenez ezagututako prozesuari hasiera emanez.[1]
Historia
Sorrera (1960-61)
1950eko hamarkada bukaeran, San Ignazioko auzoko txaboletako biztanleei etxebizitza berriak emateko asmoa erakutsi zuen orduko erregimen frankistak. Horretarako, Otxarkoaga eta Astrabuduako auzoak eraiki ziren. Ehunka etxebizitza, material merkeez eraikiak, eta altuera ezberdinetako blokeetan banaturik. Otxarkoagan, guztira 3.672 etxebizitza eraiki ziren, urte eta erdiko epean. Etxebizitza-poligonoaren plan partziala 1959an idatzi zen, eta auzoaren eraikuntza 1964an inauguratu.
Ocharcoaga 1961ko film dokumentala
Ocharcoaga laburmetraia (1961) Jordi Grau kataluniar zuzendariak egin zuen 1961ean, Otxarkoaga auzoko sorrerari buruz.
1958an egindako bisita batean, Franco jeneralak, garaiko hedabideen esanetan, ez zuen gustuko Bilbo inguruan zeuden txabola-auzoak eta txabolistentzat etxebizitzak eraikitzeko agindua eman zion. Hori zela eta, Etxebizitza Ministerioak Otxarkoaga eraikitzeari ekin eta 1960an txabolak eraitsi zituen. Francori lanaren emaitza erakusteko asmotan, Etxebizitza Ministerioak film bat egiteko enkargua eman zion Jordi Grau zuzendariari (orduan Jorge Grau). Hamar minutu inguruko pelikula Francorentzat soilik egina zen. Ocharcoaga filmak txabola auzoen miseriaren nahiz auzo berriaren erosotasun eta zerbitzuen irudiak jaso zituen, testu propagandistiko lotsagabeaz lagunduta. Baina Francori ez zitzaion gustatu, biziki haserretu zen, eta irudi berriak erantsiarazi zituen.
Francorentzat bezala, egungo ikuslearentzat erregimena loriatzeko jatorrizko asmoa eta azkenean zuzendariak iradokitzen zuen mezua ez zetozen bat. Hasierako txabolen irudiak alaiak dira, biziak, bertakoak irribarrez agertzen dira, egoera tamalgarrian bizi arren. Eta irudiak musika alaiez lagundu zituen Grauk. Otxarkoagako irudiak aldiz hotzak dira, bizigabeak. Zementua eta angelu zorrotzak dira nagusi eta musikak ere ezinegona eragiten du. Hala, diktadoreari koipe emate hutsa behar zuena, sotilki eta maisuki, kontra-propaganda bihurtu zuen Jordi Grauk, filma ia 50 urtetan beste inork ikusi ez arren.[2][3]
Francok ez zuen filma gustukoa izan eta ez zuten NO-DOn eman. Grauk lana berregin behar izan zuen eta filma galdu egin zen gero. Bere balio historiko zela eta, 2008an Euskadiko Filmategiak dokumentala berreskuratu eta zaharberritu zuen.
Otxarkoagako Auzo-Elkarteak beste dokumental osatuago bat egin zuen geroago: Otxarkoaga. El nacimiento de un nuevo Bilbao.[4]
Lehen berriztatzea (1981)
Erabilitako materialen egoera txarrarengatik, eraiki eta urte gutxiren buruan hasi ziren etxebizitzak degradatzen. Laster, hasi ziren auzokideak etxeen birgaitzea eskatzen. 1968 urtean Otxarkoagako Auzo Elkartea sortu zen (AFO, ASOCIACION DE FMILIAS DE OTXARKOAGA). 1981 urtean hasi ziren birgaitze-lanak. 1990eko hamarkada bukaeratik, Bilboko udalak 20 milioi euro gastatu ditu auzoko kale eta gune berdeak berriztu eta hobetzen. Horrez gain, udaletxeak etxebizitzak konpontzeko diru-laguntzak ematen dizkie asmo hori duten auzokoei.
Bigarren berriztatzea (2005-2006)
Berritze-prozesu horren barnean, babes ofizialeko etxebizitza berriak eraiki dira Makaldiko gunean, auzokoentzako aparkaleku berria eta parke bat. 2006. urtean igogailu gabeko eraikinetan igogailuak ezartzeko eta biztanleen mugikortasuna hobetzeko asmoarekin, udalak diru-laguntza proiektua aurkeztu zuen. Azpiegiturak berritzearekin batera, 2005ean, auzoko merkataritza-gunearen berritzea burutu zuen udalak "Txinatar merkataritza-gunea" izenekoa, auzoko denda gehienak biltzen dituen eraikina.
Garraio publikoa
Garraio publikoa, auzoaren gabezietako bat izan da beti. Otxarkoagako bizilagunen beharrizanetara egokitu nahian, udalak Santutxuko auzorainoko bidaia egiten duten bi linea jarri zituen, horrela, Otxarkoagako biztanleria Bilboko metrora hurbilduz.
Auzoa eta Bilbo erdigunea elkartzen dituzten Bilbobus eta Bizkaibus autobus konpainien lineak honakoak dira: zen
Linea | Ibilbidea | Maiztasuna (min) |
---|---|---|
03 | Plaza Biribila - Otxarkoaga | 10´ |
13 | San Inazio - Txurdinaga | 12´ |
30 | Txurdinaga - Miribilla | 15´ |
34 | Otxarkoaga - Santutxu | 30´ |
38 | Otxarkoaga - Termibus | 15´ |
43 | Garaizar - Santutxu | 30´ |
A-3631 | Bilbo - Galdakao | 20´ |
A-2321 | Santutxu - EHU autopistatik | 30´ |
Metroa
2007an EuskoTrenen "Metroaren Hirugarren Linea"k auzoa Bilbo erdigunearekin eta aireportuarekin batuko zuela esan zen. Azkenean Hirugarren Linea hori ez doa aireportura, Etxebarrira baizik, baina azkenean metroa heldu da Otxarkoagara. Auzoko plaza nagusian (Kepa Enbeita plazan) dago metroaren geltoki berria, Pau Casals etorbidetik gertu.
Taxi geltokiak
- Gabriel Aresti Etorbidea 13 (Anbulatorioa)
- Julian Gaiarre Etorbidea 1
- Kepa Enbeita Plaza z/g
Kale garrantzitsuenak
- Pau Casals Etorbidea
- Txotena Kalea
- Ugarte kalea
- Aixe-ona etxaldea
- Lozoño kalea
- Irumineta kalea
- Garate bidea
- Garaizar kalea
- Langaran kalea
- Arbolantza zeharbidea
Elkarteak
A.F.O. Otxarkoagako Familia Elkartea / Asociacion de Familias de Otxarkoaga
1968an sortu zen. Otxarkoagako auzo-elkarte nagusia da. Auzoko etxe guztien berrizteko eskatu eta lortu zuen, 25 urteko lanak behar izan ziren auzoa berrizteko.[5][6] 1978an AFOkide ziren 20 lagun Bilboko udaletxean itxialdi bat egin zuten, alokairu-saria igotzen zitzaielako eta auzoaren arazoengatik. Udaletxetik aterarazi zituztenean manifestazio batean bildu ziren auzoko 300 lagun orduko Gobernu Zibileraino (Bilboko Plaza eliptikoan).[7]
Gainera auzorako zerbitzu berriak ere lortu zituzten: osasun-zentroa, zentro zibikoa, kirol instalazioak, janari-azoka, parke eta loretokiak, bertakoentzako parkinak, eta abar.
Pa...Ya konpartsa eta kultur elkartea
Pa...Ya Bilboko konpartsen federakundeko kidea da 1995etik eta Otxarkoaga auzokoa. Arbolantxan dauka lokala. Otxarkoaga diharduen baina 1989. urtean Baionan sortu zen Pa..Ya Peñaren barruan kokatzen da (Baionako Patxa taldearekin adiskidetze jai batean sortu zen).[8][9]
Urtero Bilboko Aste Nagusian parte hartu dutenean txosnan antolatu dituzte kontzertuak, txapelketak, bazkariak, umeei zuzendutako ekintzak, eta ekimen internazionalistak.[10] Arantza Garbayo kidea aste nagusiko txupinera izan zen 1999an, baina orduan preso politikoa zenez, txupineraren ekitaldi guztietan kartoizko irudi bat egoten zen bere ordez.[11]
Otxarkoagako Justu eguneko jaia berriro antolatzen hasi ziren 1995ean Arbolantxa auzoko memoria historikoa eta bertako euskararen bitartez bertako izaera berreskuratzeko. Auzo kontzientzia berrartuta, Justu egunean bertako baserrietako familiak biltzen dira.[12]
Aixeberri konpartsa
Aixeberrik jai eredu herrikoiaren alde jarduten du, Bilboko Konpartsek antolatutako ekintzetan partzen ditu:aratusteak, Aste Nagusia, Tomas Deuna… Baina auzo-konpartsa izanez, Otxarkoagan ere aktiboki parte hartzen du: Maiatzean ospatzen diren umeentzako jardunaldietan, jaietan sukaldaritza lehiaketa antolatzen eta auzo elkarte laguntzen (Tendel, Otxartabe…). “Club de Baloncesto Amigos de Otxarkoaga” saskibaloi taldea babesten duu eta 2012.an Aixemendi mendi taldea sortu zuten.[13][14]
Harrobia Eskena
Bilbo-Otxarkoagako Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroak[15] arte eszenikoa bertan garatzeko tresneria eskaintzen du, aspaldiko eliza berregokitu batean 3 solairutan banatuta dauden 1.000m²-etan. Arte eszenikoen sorkuntza eta promozioa modu profesional batean garatzeko aukera eskaintzen die hiritarrei. Zentrua Eskena elkarteak kudeatzen du.[16][17]
La Caldera (Musika Elkartea)
“La Caldera” Elkartea oso errotuta dago Otxarkoaga auzoan. 1988an sortua rock musikarekin lotutako gazteen entsegu-lokal batean; gaur egun, kontzertuak programatu ez ezik, ikastaroak ere gestionatzen ditu eta auzoan inplikatuta jarraitzen du, musikaren alorrean. 2018ko goi saria jaso zuen, Otxarkoaga auzoari egindako ekarpenagatik.[18]
Txirula Kultur Taldea
Otxarkoagako XXVI. Umeen Jardunaldiak 2008ko apirilaren 12 eta 13 egunetan zirela eta, Txirula Kultur Taldeak haurrentzako literaturgintza bultzatu nahian ipuin lehiaketa antolatzen hasi zen. Harrezkero urtero antolatu du.[19]
Tendel
Tendel elkartea ume eta gazteentzako astialdirako jarduera sortzaile, integratzaile eta solidarioak antolatzen ditu 1999tik. Tular Irratia ere sortu zuen.[20]
Tular irratia
Ramón y Cajal ikastetxetik emititzen du (107.2 FM). Irrati komunitarioa da, gutxienez 12 lagun koordinatzen dituena. Tular ikusentzun Elkartea / Asociación Audiovisual Tular[21]
Basasagu
Basasagu elkarte ekologikoak 20 urtetik gora ditu, TENDEL taldean integratu da azken urteetan. artean hiri barruko baratzeak lantzea da jarduereetako bat.[22]
Sukabi gazte lokala
- Sukabi gazte lokala biltokia da auzoko gazteentzat. 2007an sortu zen Ugarte kaleko bloke bateko beheko lokaletan [23]
Otxarkoagako gazte topagune
- Otxarkoagako gazte topagune (2000n sortua)[24]
Kaiene
Kaiene besteak beste ateneoa, eskola eta errefuxiatuentzako harrera-etxea izan nahi du. Gatazka armatuetatik eta pobreziatik ihesi Bilbora heldu diren pertsonentzat harrera etxea eta aholkularitza gunea sortu nahi dute. Otxarkoagako hainbat talde eta lagun elkartu dira horretarako: familia elkartea, merkatariak, euskararen aldeko mugimendua, hainbat alderdi politiko, Elizatik gertu dauden talde batzuk, errefuxiatuen aldeko taldea eta abar. [25][26]
Mahats Herri konpartsa (1978-1983)
Bilboko Aste Nagusia errotik aldatu zenean 1978an, Mari Jaia eta konpartsak sortu zirenean, Otxarkoagako talde handi batek Mahats-Herri konpartsa sortu zuen Arabella-Remar, Txurdinaga eta Ugarteburu-Zumalakarregiko beste talde batzuekin.
Argazkiak
-
Auzoaren ikuspegia Ugarte kaletik.
-
Otxarkoagako eraldatze urbanistikoaren ereduetako bat: elizaren atzekaldeko haurrentzako eta adinekoentzako jolasak.
-
Zizeruena kaleko merkatalgunea, "txinatarra" edo gazteleraz "el chino", bezala ezaguna.
-
Otxarkoaga auzo-etxea.
-
Lorategiak Lozoño eta Pau Casals kaleen artean.
-
Etxebizitza blokeak Zizeruena kalean.
-
Baserri zahar bat Pau Casals etorbidean.
-
Otxarkoagako auzoaren ikuspegia.
Euskara
Iñaki Gaminde hizkuntzalari errekaldetarrak ikertu duen Bilboko euskeraren hiru aldaeretako bat dugu Begoñako euskerea edo euskerie, besteak Buia eta Larraskitukoak direlarik. Hiztunen testigantzak Arbolantxa, Egirleta/Santo Domingo eta Azkarai auzuneetan jaso zituen.
Otxarkoagak 2011n zituen 10.000 bat biztanleetarik 1.771 euskaldunak ziren (%17), eta beste 2.779 ia euskaldunak. Guztira, auzokideen %43k euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gaitasuna zuten.[27]
Erreferentziak
- ↑ «Otxarkoagaren urteetako historia, bitxikeriak eta ondarea ezagutzeko bisita gidatuak - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ Irazustabarrena Uranga, Nagore. (2011-01-09). «Ocharcoaga 1961» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-12-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Cuando las películas se filmaban para un solo espectador. El General Franco.» Kurioso 2010-12-09 (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) otxarkoagacom. Otxarkoaga. El nacimiento de un nuevo Bilbao. Documental.. Otxarkoagako Auzo-Elkartea (Noiz kontsultatua: 2018-12-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) La Asociación de Familias – Asociación de Familias de Otxarkoaga. (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ares Taboada, Rodolfo. «Rehabilitación de Otxarkoaga. Memoria» www.otxarkoaga.com (Bilboko udala) (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Vecinos de un barrio bilbaíno, desalojados del Ayuntamiento por la policía» otxarkoaga.es (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pa-ya.biz. «Pa-Ya 1989-2010» www.pa-ya.biz (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «Pa...Ya!» Bilboko Konpartsak (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «Pa...Ya Konpartsa - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Arantza Garbayo se reencuentra con las txupineras 14 años después» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «Abuztuko lehen zapatuan Justugune Arbolantxan - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «Aixeberri» Bilboko Konpartsak (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ aixeberri konpartsa. aixeberri bloga (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ HARROBIA | Bilbo-Otxarkoagako Ekoizpen eszenikorako Berrikuntza Zentroa | Centro de Innovación en Producción Escénica de Bilbao. (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ Ongietorri Harrobiara! | HARROBIA. (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «Otxarkoagaren urteetako historia, bitxikeriak eta ondarea ezagutzeko bisita gidatuak - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «Bilbao.eus, 03 Barrutia: Otxarkoaga / Txurdinaga, Albisteak, IÑIGO GÓMEZ, IKUS-ENTZUNEZKOEN ARLOKO EKINTZAILEARENTZAT ETA “LA CALDERA” MUSIKA ELKARTEARENTZAT 2018ko GO! SARIAK, OTXARKOAGA AUZOARI EGINDAKO EKARPENAGATIK» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «TXIRULA KULTUR TALDEA» txirulakulturtaldea.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) Asociación Tendel – Los activos del barrio. (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Radio Tular Irratia» radiotular.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Huertos para educar en Otxarkoaga» El Correo 2017-11-08 (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «SUKABI gazte lokala - Blogak.eus» blogak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-27).
- ↑ «Zorionak Otxarkoaga!Zorionak Gazte Topagune!» Sukabi gazte-lokala (Noiz kontsultatua: 2018-12-27).
- ↑ Lopez, Axier. (2018-01-11). «Kaiene: Otxarkoagari eta errefuxiatuei irekitako proiektua abian da» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «Kaiene aterpea jaio da, Otxarkoagatik mundura - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
- ↑ «Otxarkoagan dagoen "indar handia" - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).
Ikus, gainera
Bibliografia
- "Bilbotarron euskararen zuzuan". Iñaki Gaminde. Asapala Kultur Elkartea, 2004.
Kanpo loturak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bilbo |
- (Gaztelaniaz) Otxarkoaga.com
- (Gaztelaniaz) Otxarkoaga eta bere historiari buruzko bideoa Youtuben
- Euskadi Irratiak AFOko bi elkartekideei egindako elkarrizketa
- Otxarkoagari buruz 1961ean egin zen dokumentala hizpide Argian
Bilboko auzoak | ||
---|---|---|
Abando • Abusu • Altamira • Ametzola • Arabella • Arangoiti • Atxuri • Basurtu • Begoña • Bilbo Zaharra • Bolueta • Buia • Deustuko Doneperiaga • Elorrieta • Errekaldeberri • Gazteleku • Ibarrekolanda • Indautxu • Iralabarri • Iturrialde • Iturrigorri • Kastrexana • Larraskitu • Lorategi-hiria • Masustegi • Matiko • Miribilla • Olabeaga • Otxarkoaga • San Adrian • San Frantzisko • San Ignazio • Santa Ana • Santutxu • Solokoetxe • Txurdinaga • Uretamendi • Uribarri • Zabala • Zazpikaleak • Zorrotza • Zurbaran |