Jon Gomez
Jon Gomez | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jon Gomez Garai |
Jaiotza | Galdakao, 1990eko maiatzaren 17a (34 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikaria, telebista aurkezlea eta aktorea |
Enplegatzailea(k) | Hamaika Telebista Euskal Irrati Telebista |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jon Gomez Garai[1] (Galdakao, Bizkaia, 1990eko maiatzaren 17a) musikaria, kultur eragilea eta aurkezlea da.
Gaztetatik aurkezle lanetan kuxkuxeatzen hasi bazen ere, 2009. urtean Hamaika Telebistan gazteei eskainitako Gaztero izeneko programa aurkeztu eta zuzentzen hasi zuen bere aurkezle profesional jarduna Gomezek. Hala ere, Hamaikan denbora gutxi eman zuen, hortik denbora gutxira EiTBrentzat lanean hasi baitzen.
Bi urtez Betizu Jaia eta Betizu haur-ikuskizunetako aurkezlea izan zen, 2010eko urrian Euskal Herriko V. Pintxo Txapelketako aurkezlea izan zen eta David de Jorge sukaldariak Bilboko Areatzan egindako munduko errusiar xerra handienaren errekorra aurkeztu zuen. Zuzenean aurkeztu dituen ETBko beste saio batzuk izan ziren Olentzeroren Etorrera 2010 (Izaro Iraetarekin) eta 2011; eta Erregeen Kabalgata 2011 eta 2012 (Klaudio Landa eta Izaro Iraeta lagun zituela). Geroztik aurkeztu ditu El conquistador del fin del mundo telebista saioaren promozio ekitaldiak, EiTB jaiak zein EiTB maratoien ekitaldiak ere, besteak beste.
Telebista saio propioetako aurkezle izatera 2011ko martxoan pasa zen, ETB-1eko IBIL2D («ibilbide») saioko aurkezlea izan zenean. Orduan ETBk sekula izan duen aurkezlerik gazteena izan zen, Berria egunkariaren arabera.[2] IBIL2D Euskal Herriko natura eta kultur ondarea, turismo baliabideak eta gure herrian diren hamaika txoko, modu atsegin eta dibulgatzailean ezagutarazteko telebista saioa zen.[3] Tartean hamaika kolaborazio eta lan egin ostean, 2015 eta 2016 artean hezkuntza sexualaren inguruko ETBko lehenengo saioa aurkeztu eta zuzendu zuen Gomez Garaik: SexSua.[4]
Aurkezle galdakoztarraren jardunik nagusiena ordea ez dago telebistan, aurkezle lanak hainbat omenaldi, animazio eta gala zuzenean aurkeztuz egiten baititu, ETBn zein ETBtik kanpo.
Aurkezle izateaz gain, Oxabi erromeria taldeko abeslaria da, Galdakao eta Usansoloko Binke aldizkariko zuzendaria, Ttap aldizkari digitaleko elkarrizketatzailea, Andra Mari Dantza Taldeko musikaria... eta beste hainbat «saltsatako perrexila» dela dio Jon Gomez Garaik berak.
Erreferentziak
- ↑ Jon Gomezen aukera pertsonala da bere lehen deitura azenturik gabe idaztea euskaraz. Ikus bere web pertsonala: www.jongomezgarai.com
- ↑ Berria.eus. «Jon Gomez Garai, ETB1eko 'Ibil2d' saioko aurkezlea: “Jendea errealitate areagotuarekin kuxkuxean dabilela ikusi dugu”» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-10-25).
- ↑ IBIL2D saioaren webgunea.
- ↑ «SexSua» www.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-25).