Haganah
Hagana (hebreeraz ההגנה, Defentsa) 1920 eta 1948 bitartean ihardun zuen sionisten defentsarako erakundea izan zen, britaniarren menpeko Palestinan. Kibbutz eta moshavetako kideek osatu zuten, arabiarren erasoei aurre egiteko. Britaniar agintariek, gainera, ez zuten ahaleginik egiten juduak babesteko. Hagana egungo Israelgo armadaren aurrekari zuzenena da.
Jatorria
Palestinako judutarrek 1909an sortu zuten Hashomer deituriko talde armatua beduino eta arabiarren erasoetatik babesteko. Garai hartan ez zuen babes handirik (100 kide inguru).
1920-1921eko Jerusalem, Yafo, Hebron eta Haifako pogromoen ostean, buruzagi juduek beraien komunitateak babesteko talde bereziak sortzeko beharra ikusi zuten, batez ere britaniarrek zuten jarrera pasiboa zela eta. 1929ra arte, Haganako miliziak gaizki armatutako talde batzuk ziren, kibbutzen kontrako erasoak aurreikustea zen beraien zeregin garrantzitsuena.
1929an Hebronen gertatutako sarraskiaren ondoren sionistek armada sendo baten beharra ikusi zuten, eta aginte zentral argi bat ezarri zuten talde horren gidaritza burutzeko. Kibbutzetako gazteria gehiena sartu zen Haganan. Hala, 1936rako 10000 soldadu izatera iritsi zen.
1936-1939 bitarteko altxamendu arabiarrari aurre egin zion armada britaniarrarekin batera. Britania Handiak ez zuen Hagana ofizializatu, baina altxamendu horretan jasotako esperientzia ezinbestekoa izan zitzaien juduei 1948ko gerraterako. Hala ere, garai horretara arte joera moderatua agertu zuen eraso eta mehatxu arabiar zein britaniarren aurrean. Pasibotasun hori zela eta, zenbait talde bereizi egin ziren, hala nola Irgun eta Stern.
II Mundu Gerra lehertu zenean, britaniarren eta sionisten arteko harremanak ez ziren batere erosoak. Hala ere, David Ben-Gurionek bere ahalegin guztiak egin zituen Palestinako juduak Ardatzaren kontra mobilizatzeko. Bere esaldi famatuetako bat hau izan zen: Hitleren kontra borroka egin behar dugu Liburu Zuria egongo ez balitz bezala, eta Liburu Zuriaren kontra borroka egin behar dugu gerrarik egongo ez balitz bezala.
Gerrako brigada judua Italian ezarri zen, Ardatzeko estatuen kontra borroka eginez. Historia garaikidean lehen aldiz, juduek beraien banderapean parte hartu zuten gerran. Guztira britaniarren alde eta Hitlerren kontra borroka egin zuten 30000 judu palestinar hil ziren gerran.
Gerraren ondoren
Gerraren ostean Haganak errefuxiatu juduak Palestinara eramateko saioak egin zituen, sarri britaniarren aurkako politikak eginez. Israelgo estatua aldarrikatu ostean, Gobernuak Ejerzitoa antolatu zuen, eta bestelako talde armatu guztiak legez kanpokoak zirela aldarrikatu zuen. Horrela, Hagana gaur egungo Israelgo ejerzituaren oinarrietako bat da.
Irgun eta bestelako taldeek ez zuten erabaki hori onartu, eta horrek gatazka labur bat sortu zuen. Hala ere, berehala Menachem Begin Irguneko buruak bere talde armatua ezabatu eta Herut deituriko talde eskuindarra osatu zuen. Txantiloi:NA lotura