Edukira joan

Robert Schuman

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula

Robert Schuman (Clausen, Luxemburg, 1886ko ekainaren 29a - Scy-Chazelles, Lorrena, Frantzia, 1963ko irailaren 4a) Luxemburgen jaiotako politikari frantses-alemaniarra izan zen, MRP alderdi kristau-demokratako kidea eta Europako Batasunaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat.

Biografia

Robert Schumanen aita Lorrenan, Luxemburgetik gertu, jaiotako hiritar frantsesa zen. Hala ere, luxenburgera zen bere ama hizkuntza. 1871an Lorrena Alemaniak bereganatu zuenean, hiritar alemaniar bihurtu zen. Roberten ama Luxemburgen jaio zen, eta ezkontzerakoan hiritartasun alemana bereganatu zuen. Robert Schuman Luxemburgen jaio zen arren, odolez hiritartasun alemaniarra zegokion (jus sanginis delakoaren ondorioz). Nazionalitate frantziarra 1919an hartu zuen, Alsazia eta Lorrena Frantziara pasa zirenean, Versallesko Itunaren ondorioz. Bere ama hizkuntza luxenburgera zenez, frantsesez hitz egiterakoan hizkuntza horren azentuaz egin ohi zuen.

Bigarren hezkuntza Luxenburgoko jesuiten ikastetxean egin ondoren, Alemaniara jo zuen hango unibertsitateetan ikastera. Besteak beste, zuzenbidea, filosofia politikoa, estatistika, teologia eta ekonomia landu zituen.

Bere ama hil ostean, bizitza kontsagratua hartzeko gogoa sentitu zuen, baina azkenean laiko jarraitzea erabaki zuen. Bizitza guztia ezkongabe izan zen. Abokatu bihurtu zen, eta gerra sasoian desegokitzat jo zuten osasun arazoak zirela eta. Lehenengo Mundu Gerran zerbitzu zibilean aritu zen. 1919an nazionalitate frantsesa hartu zuen eta herrialde horretako politikan sartu zen buru-belarri. Frantziako parlamenturako hautatu zuten garai hartan.

II. Mundu Gerraren garaian, Alemania barnetik ezagutzen zuenez, Paul Reynaurden gobernuan sartu zen. Naziak Frantzian sartu zirenean traidoretzat hartu eta atxilotu egin zuten. Hala ere, bere ezagun alemaniar bati esker Dachauko kontzentrazio esparrura joatetik libratu zen. Espetxetik atera ondoren Frantziako erresistentzian sartu zen. Garai hartarako jada Frantzia eta Alemaniaren arteko bakea eta Europako berradiskidetzeari buruz hitz egiten zuen.

Gerraren ondoren lan politiko garrantzitsua egin zuen. Ekonomia ministro eta Lehen Ministro izan zen bi aldiz. Hirugarren Indarra koalizioa bultzatu zuen, bai komunista eta baita gaullisten aurka ere. Geroago Atzerri Ministro bihurtu zen.

Europako asanblea bat proposatu zuen, geroago Europako Kontseilua bihurtuko zena. Hau 1949ko maiatzaren 5ean sortu zen Londresen. Bertan hitzartu zenez, Europaren mugak geografian baino giza eskubide eta askatasunekiko errespetuan oinarritu behar ziren.

1948ko irailean, Nazio Batuen Batzar Orokorrean ondorengoa planteatu zuen: Europan erakunde demokratiko bat sortzeko asmoa zuela Frantziak, eta behin naziekin bukatu ondoren Alemaniak bertan parte hartzea nahi zuela. Egitura horrek historian zehar etsaiak izan ziren estatuen artean bakea lortzea bideratuko zukeen.

1950eko maiatzaren 9an egindako adierazpen batean (Schuman adierazpena deitua) Alemania eta Europako gainerako herriei dei egin zien altzairu eta ikatzaren gaineko jarduera ekonomiko guztia estatuz gaindiko erakunde demokratiko baten esku uzteko. Nahi hau 1951ko apirilaren 18an gauzatu zen, Parisko Itunaren bidez Ikatz eta Altzairuaren Europako Erkidegoa sortu zenean. Erakunde honi 1957ko Erromako Itunaren bidez beste bi gehitu zitzaizkion: Europako Erkidego Ekonomikoa eta EURATOM energia nuklear zibila bultzatzeko erakunde europarra.

Schuman ahalegindu zen, era berean, NATO erakunde atlantiarra bultzatzen ere, nahiz eta Frantziako alderdi gehienek aldeko jarrera argirik ez izan.

Schuman Europako Asanblea Parlamentarioko (geroago Europako Parlamentua izango zena) lehenengo presidentea izan zen. Erakunde honek "Europaren Aita" titulua eskaini zion.

Katoliko sutsua, ezkongabea eta apala zenez, bere beatifikazio prozesua hasi zuten bera hil ondoren.