Robert Schuman
Robert Schuman (Clausen, Luxenburgo, 1886ko ekainaren 29a - Scy-Chazelles, Lorrena, Frantzia, 1963ko irailaren 4a) Luxenburgon jaiotako politikari franko-alemaniarra izan zen, MRP alderdi kristau-demokratako kidea eta Europako Batasunaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat.
Biografia
Robert Schumanen aita Lorrenan, Luxemburgetik gertu, jaiotako hiritar frantsesa zen. Hala ere, luxenburgera zen bere ama hizkuntza. 1871an Lorrena Alemaniak bereganatu zuenean, hiritar alemaniar bihurtu zen. Roberten ama Luxemburgen jaio zen, eta ezkontzerakoan hiritartasun alemana bereganatu zuen. Robert Schuman Luxemburgen jaio zen arren, odolez hiritartasun alemaniarra zegokion (jus sanginis delakoaren ondorioz). Nazionalitate frantziarra 1919an hartu zuen, Alsazia eta Lorrena Frantziara pasa zirenean, Versaillesko Itunaren ondorioz. Bere ama hizkuntza luxenburgera zenez, frantsesez hitz egiterakoan hizkuntza horren azentuaz egin ohi zuen.
Bigarren hezkuntza Luxenburgoko jesuiten ikastetxean egin ondoren, Alemaniara jo zuen hango unibertsitateetan ikastera. Besteak beste, zuzenbidea, filosofia politikoa, estatistika, teologia eta ekonomia landu zituen.
Bere ama hil ostean, bizitza kontsagratua hartzeko gogoa sentitu zuen, baina azkenean laiko jarraitzea erabaki zuen. Bizitza guztia ezkongabe izan zen. Abokatu bihurtu zen, eta gerra sasoian desegokitzat jo zuten osasun arazoak zirela eta. Lehenengo Mundu Gerran zerbitzu zibilean aritu zen. 1919an nazionalitate frantsesa hartu zuen eta herrialde horretako politikan sartu zen buru-belarri. Frantziako parlamenturako hautatu zuten garai hartan.
II. Mundu Gerraren garaian, Alemania barnetik ezagutzen zuenez, Paul Reynauden gobernuan sartu zen. Naziak Frantzian sartu zirenean traidoretzat hartu eta atxilotu egin zuten. Hala ere, bere ezagun alemaniar bati esker Dachauko kontzentrazio esparrura joatetik libratu zen. Espetxetik atera ondoren Frantziako erresistentzian sartu zen. Garai hartarako jada Frantzia eta Alemaniaren arteko bakea eta Europako berradiskidetzeari buruz hitz egiten zuen.
Gerraren ondoren lan politiko garrantzitsua egin zuen. Ekonomia ministro eta Lehen Ministro izan zen bi aldiz. Hirugarren Indarra koalizioa bultzatu zuen, bai komunista eta baita gaullisten aurka ere. Geroago Atzerri Ministro bihurtu zen.
Europako asanblea bat proposatu zuen, geroago Europako Kontseilua bihurtuko zena. Hau 1949ko maiatzaren 5ean sortu zen Londresen. Bertan hitzartu zenez, Europaren mugak geografian baino giza eskubide eta askatasunekiko errespetuan oinarritu behar ziren.
1948ko irailean, Nazio Batuen Batzar Orokorrean ondorengoa planteatu zuen: Europan erakunde demokratiko bat sortzeko asmoa zuela Frantziak, eta behin naziekin bukatu ondoren Alemaniak bertan parte hartzea nahi zuela. Egitura horrek historian zehar etsaiak izan ziren estatuen artean bakea lortzea bideratuko zukeen.
1950eko maiatzaren 9an egindako adierazpen batean (Schuman Adierazpena deitua) Alemania eta Europako gainerako herriei dei egin zien altzairu eta ikatzaren gaineko jarduera ekonomiko guztia estatuz gaindiko erakunde demokratiko baten esku uzteko. Nahi hau 1951ko apirilaren 18an gauzatu zen, Parisko Itunaren bidez Ikatz eta Altzairuaren Europako Erkidegoa sortu zenean. Erakunde honi 1957ko Erromako Itunaren bidez beste bi gehitu zitzaizkion: Europako Erkidego Ekonomikoa eta EURATOM energia nuklear zibila bultzatzeko erakunde europarra.
Schuman ahalegindu zen, era berean, NATO erakunde atlantiarra bultzatzen ere, nahiz eta Frantziako alderdi gehienek aldeko jarrera argirik ez izan.
Schuman Europako Asanblea Parlamentarioko (geroago Europako Parlamentua izango zena) lehenengo presidentea izan zen. Erakunde honek "Europaren Aita" titulua eskaini zion.
Katoliko sutsua, ezkongabea eta apala zenez, bere beatifikazio prozesua hasi zuten bera hil ondoren.
Schuman Adierazpena
Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Schuman Adierazpena | |
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009 |
« |
Munduko bakea babestuko bada, mehatxatzen duten arriskuen araberako ahalegin sortzaileak egin beharko dira. Harremanak baketsuak izan daitezen, ezinbestekoa da Europa antolatu eta biziak zibilizazioari eskain diezaiokeen laguntza. Orain dela hogei urte baino lehenagotik izan da Frantzia Europa batuaren aldeko txapelduna, bakearen zerbitzuan aritzea izan da beti haren funtsezko helburua. Europa ez da eraiki, eta gerra bat izan dugu. Europa ez da kolpe batean egingo, ezta eraikuntza orokor baten bidez ere; ekintza zehatzen bitartez egingo da eta ekintza horiek egitezko elkartasuna sortuko dute batez ere. Alemaniaren eta Frantziaren arteko mendeetako aurkaritza desagertzea eskatzen du Europako nazioen batasunak: lehenengo eta behin Frantziarengan eta Alemaniarengan izan behar du eragina hasitako jarduerak. Helburu horrekin, Frantziako gobernuak proposatzen du berehala jokatzea puntu mugatu baina erabakigarri bati dagokionez. Frantziako gobernuak proposatzen du Frantziak eta Alemaniak ekoizten duten ikatz eta altzairu guztia Goi Agintari komun baten ardurapean uztea, Europako beste herrialde batzuek ere parte hartu ahal izango duten erakunde ireki baten ardurapean. Ikatz- eta altzairu-ekoizpena komunean jartzeak berehala segurtatuko du garapen ekonomikorako oinarriak ezartzea, Europako Federaziorako lehenengo etapa, eta aldatu egingo du aspalditik gerrarako armak fabrikatzen aritu diren —beroriek izan dira biktimarik iraunkorrenak— lurraldeen etorkizuna. Horrela sortuko den ekoizpenaren elkartasunak erakutsiko du pentsaezin ez ezik ezinezko bihurtzen dela Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerrarik gertatzea. Batasun ekonomikoaren benetako oinarriak ezarriko ditu ekoizpen-unitate indartsu hori ezartzeak; parte hartu nahi duten herrialde guztiei irekia izango da, eta bere baitako herrialde guztiei aukera emango die industria-ekoizpenerako oinarrizko gaiak baldintza berdinetan hornitzeko. |
» |
—[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
Erreferentziak
- ↑ Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..