Edukira joan

Inkonte-belar txiki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Theklan (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 18:09, 14 urria 2024
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Inkonte-belar txiki
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaGentianales
FamiliaApocynaceae
LeinuaVinceae
GeneroaVinca
Espeziea Vinca minor
Linnaeus, 1753

Inkonte-belar txikia edo amizta[1] (Vinca minor) landare belarkara herrestari eta betiberdea da, lore moreak dituena eta Euskal Herriko baso eta erreka ertzetan ohikoa dena[2]. Jatorria erdialdeko eta hegoaldeko Europan du, Portugaldik Herbehere eta Batikoko Estatuetaraino, eta ekialdera Kaukasoraino, Turkia hego-mendebaldea barne. Inkonte-belar handiaren antza du, baina txikiagoa da.

Vinca minor landare herrestaria da, lur mailan hedatzen eta zurtoinetan zehar sustraitzen dena, klon kolonia zabalak eratzeraino. 40 cm garai izan daiteke, baina ez da igokaria.

Hostoak betiberdeak dira, aurkakoak, 2-4,5 cm luze eta 1-2,5 cm zabal, berde ilun distiratsuak, larrukarak eta ertz osokoak.

Hostoen ertzak alderatuta: Vinca minor goian (ertz ilegabea) eta Vinca major behean (ertz ileduna). Eskala milimetrotan.

Udaberri hasieratik uda erdialdera loratzen da, batzuetan udazkeneraino. Loreak moreak dira (nahiz eta kultibar batzuetan zuriak edo lilak izan), 2-3 cm diametroan eta bost petaloko koroladunak.

Fruitua folikulu parea da, 2,5 cm luze, hazi ugariz betea.

Vinca major hurbileko espeziea oso antzekoa da, baina handiagoa atal guztietan eta ertz iletsuko hosto zabalagoekin.

Basope eta heskaietako landarea da, eta parkeetakoa ere bai, non inbaditzaile bihur daitekeen.

Europako klima epeletan, inkonte-belar txikia bioindikatzaile bat omen da, zeinak adierazten duen lursail bat lehendik landatua izan den, batzuetan duela mende edo milurte batzuk lehenago. Honela, basoen naturaltasuna adierazten du[3].

Landareak % 0,3 eta 1 arteko alkaloide du guztira. Vinkamina da ugariena (alkaloide guztien % 10), baina beste 30 bat alkaloide indoliko ere badaude, hala nola eburnano motakoak (vintzina epivinkamina, eburnamonina), aspidospermano motakoak (kebratxamina, vinkadina, minovintzina, vinkadiformina), binario motakoak (vinblastina) eta korinanteano motakoak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. OEH. Euskaltzaindia.
  2. Vinca minor. Flore du Pays Basque.
  3. Jean-Luc Dupouey eta Étienne Dambrine, Rendez-vous techniques de l’ONF 14 (2010).


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]