Edukira joan

Alegia

Koordenatuak: 43°06′01″N 2°05′54″W / 43.1004°N 2.0984°W / 43.1004; -2.0984
Wikipedia, Entziklopedia askea
Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Alegia (argipena)»
Alegia
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Alegiako zubia eta Oria ibaia.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaTolosaldea
Izen ofizialaAlegia
AlkateaRegina Sorarrain Lasa
Posta kodea20260
INE kodea20005
Herritarraalegiar
Ezizena​txintxarriak
Kokapena
Koordenatuak43°06′01″N 2°05′54″W / 43.1004°N 2.0984°W / 43.1004; -2.0984
Map
Azalera7,59 km²
Garaiera94 m
Distantzia32 km Donostiara
Demografia
Biztanleria1.771 (2023)
31 (2022)
alt_left 832 (%47) (%50,3) 890 alt_right
Dentsitatea2,33 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 8,93
Zahartze tasa[1]% 19,25
Ugalkortasun tasa[1]‰ 50
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 78,76 (2011)
Genero desoreka[1]% 8,76 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 12,38 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 78,74 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 77,6 (2016)
Etxeko erabilera[3]% 68.8 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1457
Webguneahttp://www.alegia.net/

Alegia Gipuzkoako erdi-ekialdeko udalerri bat da, Tolosaldekoa. Oria ibaiaren ertzean dago, Donostiatik 32 kilometro hegoaldera. 1.771 biztanle zituen 2023an

Izena

Herriaren izena Alegría zen soilik; hala ere, Espainian gaztelaniaz izen bera zuten beste herri batzuk zeudenez (adibidez Dulantzi), XX. mendearen hasieran de Oria gehitu zioten, Oria ibaiak zeharkatzen baitu herria. Euskaraz Alegia da, gaztelaniazko izenetik bilakatua. Lagunartean, Alegi ere esaten zaio, bukaerako a kenduta.

Horrenbestez, historian zehar herriaren izen ofiziala aldatuz joan da: lehenengo Alegría izan zen, XX. mendearen hasieran Alegría de Oria, eta 1989. urtetik aurrera Alegia.

Geografia

Udalak guztira 7,8 km2 ditu. Udalerriaren beheko aldean hirigunea eta industriagunea kokatzen dira, Oria eta Amezketa ibaien ibar estuen artean, itsas mailatik 94 m gorago: gainerako lurraldeak malda biziak ditu, eta baso-zelaiz josita dago. Punturik garaiena, berriz, itsas mailatik 575 m gorago dago. Alderik altuenean dagoen baserria Ariztizabal da, 415 metroko garaieran.

Kokalekuak eta komunikazio-sistemak eskualde txiki baten erdigune bihurtzen dute Alegia. Izan ere, Alegian bada RENFEren Madril-Hendaia burdinbideko geltoki bat; herrigunearen ondotik igarotzen da A-1 autobia; eta herrigunetik bertatik igarotzen dira Altzo, Amezketa, Ugarte, Bedaio, Orendain, Abaltzisketa, Larraitz eta Aldabara doazen errepideak.

Mugakideak

Ingurune naturala

Oria ibaiak udalerria zeharkatzen du.

Soldaduak Alegian, 1936an

Historia

Alegiaren armarrian bost otso odoleztatu agertzen dira, urrezko hondoan, gerrarako bandera eta sinboloekin. Armarri hori Gaztelako Henrike IV.a erregeak eman zion Alegia herriari, bertako biztanleek Olmedoko guduan erakutsitako adorea saritzeko.

Alegiaren sorkuntza data zehatza ezezaguna da. 1319. urtean Tolosaren jurisdikzioan barne hartu zen, eta urtarrilaren 21ean, bertako bizilagunen eskariz, anexioa izenpetu zen, eta bi mendez hiri horren jurisdikzioaren barneko hogeita lau auzoetako bat izan zen.

Alegia 1940 inguruan

1454. urtean hiribildu titulua lortu zuen, Henrike IV.a Gaztelako erregeari egindako zerbitzu garrantzitsuen ordainsari. Nolanahi ere, arlo zibil eta kriminalerako eskumen osoa, bai eta erabat independentea zen hiri izaerari loturiko gainontzeko eskubideak ere, 1615. urteko apirilaren 3an lortu zituen, Filipe III.a Espainiakoak Madrilen emandako pribilegioaren indarrez.

Probintziako Batzar Nagusietan eta Partikularretan ordezkari gehiago izateko xedez, Ikaztegieta eta Orendainekin batera Aizpuruko Batasunean esku hartu zuen. Batasun hori 1625. urteko apirilaren 7an izenpetu zen kontratu baten bitartez gauzatu zen. Hiru hirien artean ahaldun komun bat izendatzen zuten. Hitzarmenak hogei urtean behin berritzen ziren. 1660. urtean Altzo Batasunera elkartu zen. Aizpuruko Batasunak 43 su izan zituen, ondoko eran banatuta zeudenak: 11 su Alegiari zegozkion, 13 Orendaini, 8 Ikaztegietari eta 11 Altzori. Bertako dolareetatik ateratzen zen sagardoa mendeetan zehar ospetsua izan zen, bai kalitateagatik bai eta kantitateagatik ere. Hirigunean 26 dolare zeuden sagardoa egiteko, zenbait baserritan etxeko kontsumorako zeudenez gain.

Lau iturri izan zituen, bertako bizilagunen erabilera publikorako. Iturri bat Linapozuelon zegoen, beste bat Artosinen, hirugarrena Langatu baserritik hurbil, eta laugarrena Amezketa ibaiaren ezkerreko bazterrean.

1532. urtean, ia herri osoa suntsitu zuen sute bat gertatu zen. Bederatzi etxe bakarrik geratu ziren. Eta 1648. urtean hemeretzi etxe erre ziren.

Ibaitik hain gertu dagoenez gero, uholdeak beti izan dira kontuan hartu beharreko mehatxua. 1762. urteko ekainaren 20ko uholdean zenbait pertsona hil ziren. Baina ezagutzen diren uholderik larrienak 1953. urteko urriaren 15ean eta 1983. urteko abuztuaren 26an gertatu ziren. Ura 2,10 metrora iritsi zen lehenengoan eta 2,30 metrora bigarrenean.

Tren geltokia

Azpiegiturak

  • Inaxio Begiristain Kultur eta Kirol Etxea[4]
  • Alegiako Udal Liburutegia[4]
  • Elorri pilotalekua[5]
  • Elorri futbol zelaia[5]
  • Ludoteka eta gaztelekua[6]
Alegiako zubi zaharra.
Herriguneko etxeak.

Ekonomia

Tokan jokatzen.

Alegiako hirigunea Oria ibaiaren eta Amezketa ibaiadarraren elkargunean sortzen den meandroan kokatuta dago, kale estu eta luzea du ibai nagusiarekin paraleloan, eta bi aldeetan etxeak daude, ibaiertzean baratzeak ageri direla. Hori erdi aroko hiribilduen itxura tradizionala da, eta horri bidegurutzea dela gaineratzen badiogu, berehala konturatuko gara hiribildua merkataritzari eta zerbitzuei emana zela. Eskualde-egiturako buru den hiribildu txikiaren merkataritza eta zerbitzuetarako tradizio hori ez da galdu, ordea. Horrela, saltoki txikiak krisian egon arren, egunero denda, jatetxe, taberna, taxi-zerbitzu eta aurrezki-kutxa askok irekitzen dituzte beren ateak, eta horri guztiari Osakidetzako anbulatorioa, botika, lehen mailako irakaskuntzako eskola publikoak eta bigarren hezkuntzako institutua, gizarte-ongizateko zerbitzuak eta abar gaineratu behar dizkiogu, adierazi dugun gizarte-egitura dugu emaitza.

Erdi aroan joare-fabrika asko zeuden Alegian, eta horren ondorioz, bertakoak, grazia eta trufa modura, "txintxarri" goitizenarekin ezagunak dira.Hala bada, herritarrek ezizen hori bereganatu eta iragana gogoratzeko udaletxeko alboko plazan joare baten eskultura eder bat ipini dute, Ugartemendiak egina.

9 langile baino gehiago dituzten 5 industria establezimendu daude, garrantzitsuenak honako hauek dira: eroale elektrikoen trefilatzea eta bernizatzea (hedatzen ari da), eta paper- eta trenbide-industriarako metalezko piezen eraikuntza eta mekanizazioa.

Oriaren ibarrean, ibaiaren eta nazioarteko trafikoa hartzen duen Autobiaren artean, industria erabilerarako kalifikazioa duen lurzoru-gune bat dago, Bazurka izenekoa. Lurzoru horrek plan partzial bat indarrean du, eta lurzoruaren jabeak diren sustatzaile pribatuek 25.000 m2-ko pabiloien eraikuntza berehala martxan jartzea espero da, horrek, inolako zalantzarik gabe, udalerriaren eta bere inguruaren garapen ekonomikoari mesede egingo dio.

Bertako eta kanpokoen artean, ospe handia dute Alegian egiten diren mondejuek.

2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian: Lehen sektorea BEGaren %0,9; bigarren sektorea %41,2; hirugarren sektorea %49,5; eraikuntza %8,5. Biztanleko BPGa 23.253 euro ziren.[7]

Demografia

2019an herriak 1.751 biztanle zituen. Horietatik %21,42ak 65 urte edo gehiago zituen. Eta atzerrian jaiotakoak %10,22 ziren.[7]

Alegiako biztanleria

Politika

Sakontzeko, irakurri: «Hauteskundeak Alegian»

2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan aldaketa gauzatu zen: Aurrera Alegiak 462 botorekin 5 zinegotzi eskuratu zituzten; EH Bilduk, berriz, 448 botorekin 4 zinegotzi eskuratu zituzten; eta PSE-EEK, 15 botorekin ez zuen zinegotzirik eskuratu. Regina Sorarrain (Aurrera Alegia) aukeratu zuten alkate.

2023-2027 legegintzaldia

2023ko hauteskundeen ondorengo Alegiako udalbatza

Alderdia

2023ko maiatzak 28

Zinegotziak Boto kopurua
Aurrera Alegia
5 / 9
462 (% 49,95)
Euskal Herria Bildu (EH Bildu)
4 / 9
448 (% 48,43)
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)
0 / 9
15 (% 1,62)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak. Eusko Jaurlaritza

Junta Electoral Central (Gaztelaniaz)

Alkateak

Hauek izan dira Alegiako azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[8]
Juan Maria Oyarzabal Artola[8] 1979 1983 Euzko Alderdi Jeltzalea
Jose Julian Goicoechea Gurruchaga[8] 1983 1987 Euzko Alderdi Jeltzalea
Jenaro Bordagaray Olaetxea[8] 1987 1991 Eusko Alkartasuna
Jenaro Bordagaray Olaetxea[8] 1991 1995 Eusko Alkartasuna
Jenaro Bordagaray Olaetxea[8][9] 1995 1999 Eusko Alkartasuna
Francisco Larrañaga Arbelaiz[8] 1999 2003 Eusko Alkartasuna-Euzko Alderdi Jeltzalea
Olatz Amundarain Goikoetxea[8][10][11] 2003 2007 Alegiko Talde Ezkertiar Abertzale
Aitor Sarasola Murua[8][12] 2007 2009 a Eusko Abertzale Ekintza
Aitor Sarasola Murua[8][13] 2009 2011 Ez esleituak
Unai Iraola Agirrezabala[8][14][15]17 2011 2015 Bildu
Unai Iraola Agirrezabala[8][15]17 2015 2019 Euskal Herria Bildu
Arantxa Irazusta Etxeberria[8][16][17] 2019 2023 Euskal Herria Bildu
Regina Sorarrain Lasa[18][19] 2023 Jardunean Aurrera Alegia

a Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu, Eusko Abertzale Ekintzaren hautagai bezala.

Kultura

Alegiako Juan Joxe Agirreren[20] testigantza, gerra garaiko eskolaren ingurukoa. Euskal Herriko Ahotsak[21][22] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Euskara

Sakontzeko, irakurri: «Beterriko gipuzkera»

Alegian[23] Tolosalde gainontzeko udalerrietan bezalaxe,Tolosaldeko euskara[24] mintzatzen da, erdiguneko gipuzkeraren[25] barne dagoena. Beterriko hizkerek[26] eta Tolosaldekoek osatzen dute Erdiguneko azpieuskalkia. Euskara datuei degokienez, herriko euskaldun kopurua %78.74 da, eta euskararen erabilera %54.1.

Musika

Sakontzeko, irakurri: «Trapu zaharrak»

XIX. mendean Jose Maria Iparragirrek Alegia udalerriko Ramon Batista trapu-saltzaileari Trapu zaharrak izeneko bertsoak jarri zizkion.

Ondasun nabarmenak

Alegiako ikuspegi panoramikoa.

Udaletxea

Sakontzeko, irakurri: «Alegiako udaletxea»
Alegiako udaletxea.
Herriguneko kalea.
San Joan Bataiatzailearen eliza.

Alegiako udaletxeak estilo barrokoa du, alabaina, egileak, Martin Karrera Aranburu arkitektoak, bertako elementu herrikoiez osatutako apaingarriak ere eman zizkion. 1770. urte inguruan Alegiako udalak eraikin zaharra moldatzeko edo berreraikitzeko lanei ekin zien. Eraikin zahar hori (ziurrenik udaletxea izan zen lehen ere) Plaza Nagusian zegoen. Garai hartan eraikinaren lehen bi hormarteak (erdia gutxi gorabehera) kendu eta eraikin berria egin zuten, izaera noblea eta kultua zuena, orduan indarrean zeuden eraikuntza era eta irizpideen araberakoa.

1986. urtean eraiste, berreraikitze eta zaharberritze lanak hasi ziren, fatxada nagusia errespetatuz eta alboetakoak eta atzeko aldekoa berreraikiz Iñaki Albisu Aparizio arkitektoaren proiektua eredu hartuta. Lan horiek 1989ko ekainaren 24an amaitu ziren.

Gaztetxea

Gaztetxea.

RENFEren lokal zahar hau 1987an okupatu zuten herriko gazteek eta kolorea eta bizia eman zioten. Autogestioaren bidetik dirau zutik eta bizirik. Bertan antolatutako Bibalabirjen jaiek ospe handia dute (uztailaren erdialdea).

Zubi Zaharra

Sakontzeko, irakurri: «Zubi Zahar (Alegia)»

Zubi Zahar, XVII. mendearen amaierako zubia, herriak duen puntu xarmagarrienetako bat da, Alegiako barne naiz kanpoko irudirik garrantzitsu eta ezagunenetakoa. 1983ko uholdeak sortutako kalteen ondorioz zati batean eraberritu zen.

Oria ibiltokia

Oria ibai ertzean dagoen pasealeku honek km bat du eta herriaren alde zaharra ertz batetik bestera zeharkatzen du, alde bateko amaiera garai batean "Txubi" izenez ezagutzen zen.

Bulebarra

Atseden leku eta kultur eta kirol gunearen sarrera, Amezketa ibaiak Oriarekin bat egiten duen gunean kokatua dago. Itsasontzi baten brankaren itxura du. Alvaro Arrietaren proiektua da.

Txintxarriaren irudi-bidezko eskultura

Aspaldi baten zintzarriak egitetik gelditu zitzaien goitizena alegiarrei; eta hortik irudiaren nolakotasunarena. «Zintzarria baserri bizieraren adierazgarri izanik, aztarna arkeologiko gisara irudikatzen nuen; gizartearen eboluzio eta etengabeko aldaketa, jarrera horretan utzi baititu nekazaritza kulturak bereak zituen ohitura eta balioak» esan zuen egile Tomas Ugartemendiak.

San Joan Bataiatzailearen parrokia

San Joan Bataiatzailearen eliza 1643. urtean eraikia da. Lehenago txikiago bat izan zen leku berean. Diotenez, eraikitze lanek 100 urte iraun zuten gutxi gorabehera. Estilo aldetik, Gotiko-neoklasikoa da, bigarrena gailentzen delarik batik bat. Aldarea San Joan Bataiatzaileari eskainia dago, haren irudia Ventura Rodríguezek eginiko XVIII. mendeko eskultura bat da.

Parrokiaren barnean Kristoren tailu gotikoa dago, Gipuzkoako onenetako bat, baita "Cavaille-Coll" organoa ere, Jose Manuel Lopetegik 1881ean oparitua. Eta segurtasun neurriengatik agerian ez badaude ere, honako lan hauek ere aipagarriak dira: Arantzazuko Amaren irudia, sevillar eskolako Luisa Roldán eskultorearen lana, eta XV - XVI. mendeen artean eginiko kustodia, errenazimenduko harribitxia. 1955. eta 1998. urteen artean, Juan Martin Zuriarrain Barrena parroko zela, berritze eta egokitze lan ugari egin ziren elizaren barnean zein kanpoan.

Santo Kristo ermita

Gurutze Santuaren ermita

Herriko alde zaharrean kokatua dago, eta batzuek diotenez, Donejakue Bidearekin zerikusi zuzena du.

Franconi Fundazioa

Fundazio hau Altzoko Eusebia Ignacia Franconi andreak 1915ean emandako oinordetzatik dator, zeinen bidez Begiristain-Haundia baserria bere etxaguntza guztiekin Altzo eta Alegiako neskentzako eskola bat egiteko eman baitzuen, gero, garai berriei egokiturik, herriko neska-mutilen eskola bilakatu zena.

Langaurre

Atsedenleku ezin hobe hau Aldaba Txiki herri mendian dago 250 m-ko garaieran. Iturri, mahai, eserleku eta parrilla daude han, eta aterpetxo bat ere badago.

Alegiar ospetsuak

Erreferentziak

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. a b «Kultura» Alegia (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).
  5. a b «Kirola» Alegia (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).
  6. «Gazteria» Alegia (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).
  7. a b «Web Eustat. Alegiako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).
  8. a b c d e f g h i j k l m (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales: Ministerio de Política Territorial y Función Pública.» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-02).
  9. «Hautetsi intsumisoen zigorrak gogortzeko erabaki politikoa dagoela uste du EAk.» Egunkaria 1998-11-24 (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  10. «UEMAko kide berria, aspaldiko partez» Berria 2006-07-01 (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).
  11. «Euskararen lurraldea handiagotu da, Alegia atzo UEMAko kide egin eta gero» Gara 2006-07-03 (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).
  12. «Alegia eta Tolosa eta lotzen dituen bidegorria zabalik da atzo geroztik» El Diario Vasco 2008-04-10 (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).
  13. (Gaztelaniaz) «Cinco pueblos de Tolosaldea se desmarcan y apuestan por el sistema "puerta a puerta"» Noticias de Gipuzkoa 2010-06-10 (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).
  14. «Alegia eta Mañariako alkateak Aramaion izan dira gaur biomasa proiektua ezagutzeko» Goiena 2014-03-11 (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  15. a b «Unai Iraola aukeratu dute berriro Alegiako alkate» Tolosaldeko ataria 2015-05-13 (Noiz kontsultatua: 2021-12-22).
  16. «Alegian EH Bilduko Arantxa Irazustak lortu du alkatetza» Tolosaldeko ataria 2019-05-27 (Noiz kontsultatua: 2024-10-06).
  17. «Arantxa Irazusta Etxeberria da Alegiako alkate berria» Alegiako Udala 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2024-10-06).
  18. «Regina Sorarrain Lasa da Alegiako alkate berria» 28 kanala 2023-06-19 (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  19. «Regina Sorarrain, Alegiako alkatea» Tolosaldeko ataria 2023-10-04 (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  20. «Agirre Begiristain, Juan Joxe - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  21. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  22. «Eskolatik atera eta instrukzioak ikastera - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  23. «Alegia - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  24. Tolosaldea. 2018-08-28 (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  25. «Erdigunekoa (G) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  26. «Beterrikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa