Octave Mirbeau
Octave Mirbeau | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Octave Henri Marie Mirbeau |
Jaiotza | Trévières, 1848ko otsailaren 16a |
Herrialdea | Frantzia |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Paris, 1917ko otsailaren 16a (69 urte) |
Hobiratze lekua | Passy hilerria |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Alice Regnault |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | antzerkigilea, kazetaria, dramagilea, eleberrigilea, saiakeragilea, arte-kritikaria, literatura-kritikaria, anarkista, idazlea, prosalaria eta antzerki-kritikaria |
Enplegatzailea(k) | L'Humanité |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | Giza Eskubideen Liga |
Mugimendua | inpresionismoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
mirbeau.asso.fr | |
|
Octave Mirbeau (Trévières, Normandia, Frantzia, 1848ko otsailaren 16a – Paris, Frantzia, 1917eko otsailaren 16a), frantsesezko idazlea izan zen. Kazetaria zen lanbidez, eta idazki politikoetan erabiltzen zuen gogortasunagatik egin zen ezagun. Haren eleberrietan naturalismoan oinarritutako gizartearen kritika ageri da. Olerkiak eta antzezlanak ere idatzi zituen; haietako batzuk eskandalagarriak izan ziren bere garaian.[1]
Ibilbidea
Borrokak
Normandiako Trévières herrian jaio zen 1848ko otsailaren 16an, eta Parisen hil, 1917ko otsailaren 16an. Rémalarden (Perche) gaztaroan garai bat eman zuen, eta Vannesko jesuiten ikastetxean ikasketak halamoduz amaituta, hamabost urterekin kanporatua izan ondoren, notario bulego baten itxialdi itogarria jasan zuen. 1870eko gerraren esperientzia lazgarriaren ostean, Dugué de Fauconnerie lider bonapartezaleak deitu, bere idazkari izendatu eta L'Ordre de Paris egunkarian parte hartzeko ateak zabaldu zizkion.
Politika eta kazetaritza alorretan bonapartezaleen alde ekin eta debut literarioa “beltz” gisa egin ondoren (L'Ècuyère, 1882, La Belle Madame Le Vassart, 1884). 1884-1885eko aldaketa handien ostean, Octave Mirbeau bere kabuz irten zen plazara, luma bere balio etiko eta estetikoen zerbitzura jarriz, eta literatura eta borroka politikoak uztartuz. Antiklerikalismoa, bakezaletasuna eta antimilitarismoa izan ziren bere lanen ezaugarri nagusiak. Bere sasoiko borroka guztiekin konprometitutako pertsonaia izan zen. Anarkismoaren baloreen aldekoa (Jean Graveren La société mourante et l'anarchie-ren hitzaurrean ikus daitekeenez) eta Dreyfusen zale sutsua (cf. L'Affaire Dreyfus) izanik, kontu publikoetan eta edozein alderditatik urrundutako intelektual konprometituaren eredua haragitzen du. Bere helburu nagusia hauxe izan zen: adimen argikoa izan eta denoi ikustarazi guk, itsu setatsuok, aurrez aurre begiratzeari uko egiten dioguna.
Arte eta literatur kritikoa, “bere bihotzeko jainko handien” alde borrokatu zen: Auguste Rodin, Claude Monet, Camille Pissarro, Paul Cézanne, Auguste Renoir, Félix Vallotton eta Pierre Bonnard-en miresle publiko izan zen eta Vincent Van Gogh, Camille Claudel, Aristide Maillol, Maurice Maeterlinck, Marguerite Audoux eta Maurice Utrillo-ren aurkitzailea.
Nobelak
Nobela autobiografikoak
Beltz (ghost writer) gisa hamar bat nobela idatzi eta gero, Le Calvaire (El Calvario) nobelarekin (1886) egin zuen estreinakoa, Judith deitu eta fikzioan Juliette bataiatutako emakume batengatik jasandako pasio suntsitzailearen ondoko traumatik askatuz. 1888an L'Abbé Jules argitaratu zuen, frantses literaturako lehen nobela dostoievskiarra eta aurrefreudiarra, non bi pertsonaia liluragarri –Jules abadea eta aita Pamphile- agertzen diren. Sébastien Roch izenekoan (1890) beste trauma bat uxatzen du: Vannes-ko jesuitekin egindako egonaldia eta jasandako indarkeria, ehun urte beranduago ere zutik dirauen tabua hautsiz: apaizek eragindako nerabeen bortxaketa.
Nobelaren krisia
Une horretan, krisi luze eta larria bizi izan zuela, Dans le ciel eleberri aparta argitaratu zuen folletoi eran, Van Goghengan zuzenean inspiratutako margolaria protagonista duena.
Bere ezkortasuna areagotzen zuen Dreyfus kasua gertatu eta laster, hipokritek eta itxurazaleek eskandalagarritzat jotzen dituzten hiru nobela argitaratu zituen, mundu mailako arrakasta handikoak: Le Jardin des supplices (Sufrimenduen lorategia, 1899), Le Journal d'une femme de chambre (Emakume zerbitzari baten egunerokoa, 1900), eta Les 21 jours d'un neurasthénique (Neurasteniko baten 21 egunak, 1901). Horietan guztietan nobela generoa dantzan sartzen du, collage teknika erabiliz, egiantzekotasunaren, nobelaren sinesgarritasunaren eta gizarteko arau hipokriten kodeak hautsirik.
Bere azken bi narrazio lanek akabera ematen diote nobela zahar ustez errealistari: La 628-E8 (1907) eta Dingo (1913), non fantasia askatuta, heroiak bere autoa eta bere txakurra diren.
Antzerkia
Antzerkian Mirbeauk tragedia proletario baten bidez, Les Mauvais bergers (Artzain txarrak, 1897), lortu zuen arrakasta lehenengoz, eta geroago mundu mailakoa, Molièren tradizioari heldutako ohitura eta pertsonaien komedia klasiko batekin Les affaires sont les affaires (Negozioak negozio dira, 1903). Bertan, Isidoro Lechat pertsonaia agertzen da, negozio-gizon modernoaren arketipoa, mundu berri baten ondorio, gaurko espekulatzaileen arbaso, dena diru bihurtu eta bere garroak mundutik zabaltzen dituena. 1908an, epaitegi eta egunkarietako borroka luze baten ostean, Comédie-Françaisen Le Foyer (Sutondoa) antzeztea lortu zuen. Lan honek ezinbestean zalaparta sortu behar zuen, beste tabu bat hausten baitu: ustez karitatezkoak diren erakundeetan nerabeek jasotako esplotazio ekonomiko eta sexuala.
Mirbeauk ekitaldi bakarreko sei antzerki-lan txiki oso berritzaile antzeztarazi zituen: Farces et moralités (Fartsak eta irakaspenak, 1904); beroietan Bertolt Brecht, Marcel Aymé, Harold Pinter eta Eugène Ionesco-ren antzerkia aurreratu eta hizkuntzaren muinera bera jartzen du hankaz gora. Zenbait politikoren diskurtsoa eta maitasunaren hizkuntza hutsala barregarri uzteaz gain, legea, monogamia eta gizarte arauak desmitifikatzen ditu.
Hil osteko zoria
Mirbeau ez da sekula ahaztua izan: hogeita hamar hizkuntza baino gehiagotan izan da eten gabe argitaratua. Halere, askotan gaizki irakurria izan da, bere ekoizpen mardula hiru lanetara murriztu da bidegabeki eta, politikoki ez-zuzena izanik, literaturaren historia eta eskuliburuen egileek onespenik gabeko sasoi luzera zigortu dute. Zorionez, hogei bat urtetatik hona, Société Octave Mirbeau-ri esker, argi berri batez berrirakurri dira bere lanak eta, beraz, aintzat hartu “Belle Époque”-ko politika, literatura eta arte esparruetan, hala nola literatur generoen garapenean ere, izan duen paper garrantzitsua.
Idazlanak
Eleberriak
- Le Calvaire (1886).
- L'Abbé Jules (1888).
- Sébastien Roch (1890).
- Dans le ciel (1893-1989).
- Le Jardin des supplices (Sufrimenduen lorategia) (1899).
- Le Journal d'une femme de chambre (Zerbitzarisa baten egunerokoa) (1900).
- Les 21 jours d'un neurasthénique (Neurasteniko baten 21 egunak), (1901).
- La 628-E8 (1907).
- Dingo (1913).
- Un gentilhomme (1920).
- La Mort de Balzac (1989).
- Contes cruels (1990).
Antzerkiak
- Les Mauvais bergers (Artzain txarrak) (1897).
- Les affaires sont les affaires (Negozioak negozio dira), (1903).
- Farces et moralités (Fartsak eta irakaspenak), (1904).
- Le Foyer (Sutondoa) (1908).
Ez fikziozkoak
- L'Affaire Dreyfus (1991).
- Combats esthétiques (1993).
- L'Amour de la femme vénale (1994).
- Combats littéraires (2006).
- Correspondance générale (2003-2005-2009).
Erreferentziak
- (Frantsesez) Pierre Michel eta Jean-François Nivet, Octave Mirbeau, l'imprécateur au cœur fidèle, biografia, Librairie Séguier, 1990, 1.020 orrialde.
- (Frantsesez) Pierre Michel eta Georges Cesbron, Octave Mirbeau, Presses de l'Université d'Angers, 1992, 490 orrialde.
- (Frantsesez) Pierre Michel, Les Combats d'Octave Mirbeau, Besançon, 1995, 387 orrialde.
- (Frantsesez) Samuel Lair, Mirbeau et le mythe de la Nature, Presses Universitaires de Rennes, 2004, 361 orrialde.
- (Ingelesez) Robert Ziegler, The Nothing Machine - The Fiction of Octave Mirbeau, Rodopi, 2007, 250 orrialde.
- (Frantsesez) Samuel Lair, Mirbeau l'iconoclaste, L'Harmattan, 2008, 330 orrialde.
- (Frantsesez) Yannick Lemarié eta Pierre Michel, Dictionnaire Octave Mirbeau, Lausanne-Angers, L'Âge d'Homme - Société Octave Mirbeau, 2011, 1.200 orrialde.
- (Frantsesez) Cahiers Octave Mirbeau, 1-21. zenbakiak, 1994-2014, 7.300 orrialde.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Société Octave Mirbeau
- (Frantsesez) Dictionnaire Octave Mirbeau