Tintoretto
Tintoretto | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Venezia, 1519 |
Herrialdea | Veneziako Errepublika |
Heriotza | Venezia, 1594ko maiatzaren 31 (74/75 urte) |
Hobiratze lekua | Madonna dell'Orto (en) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Faustina de Vescovi (en) |
Seme-alabak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Irakaslea(k) | Tiziano Bonifazio Veronese (en) |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, arkitektura proiektuen marrazkilaria eta artista bisuala |
Lantokia(k) | Venezia |
Lan nabarmenak | |
Kidetza | Accademia delle Arti del Disegno (en) |
Mugimendua | manierismoa Veneziako eskola |
Genero artistikoa | Veneziako eskola pizkundea margolaritza erlijiosoa margolaritza mitologikoa allegory (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Tintoretto,[1] benetako izenez Jacopo Comin (Venezia, 1518ko irailak 29-Venezia, 1594ko maiatzak 31) veneziako eskolako margolari handienetako bat eta, beharbada, Italiar pizkundeko azken margolari handia izan zen. Dekorazioa ere landu zuen, eta mosaiko lanetarako proiektuak egin zituen. Gaztea zenean Jacopo Robusti ezizena jaso zuen, bere aitak Paduako ateak tropa inperialen aurka oso suhartsu defendatu baitzituen. Bere benetako abizena Comin zela berriki aurkitu zuen Pradoko Museoko Italiar Margolaritza departamenduko nagusi Miguel Falomirrek, eta 2007an publiko egin zen, museo horretan eginiko Tintorettoren erretrospektibaren kariaz[2].
Tizianoren klasizismotik urrundu eta inspirazio eta indar handiagoko lanak egin zituen, Manierismoaren antiklasizismoa Pizkundearen dotoretasunarekin bateratuz. Perspektiba eta konposizio konplexuek, irudi guztiz bihurriek eta argiaren erabilera dramatikoak (argi apal batek hartzen ditu Tintorettoren obra guztiak, eta kolore biziagoek nabarmentzen dituzte irudi nagusiak gainerako elementuetatik) barrokoko artearen aurrekari bihurtzen dute. Margotzeko zuen energia bikaina eta grinagatik Il Furioso ezizena jaso zuen.
Mitologia, historia, alegoriak eta erlijioa izan zituen gai nagusiak, eta erretratu bikainak egin zituen. Azken afaria, San Markoren gorpuaren lekualdatzea, Egiptoko ihesaldia, Paradisua eta Gurutziltzatzea ditu, besteak beste, obra nagusiak. Bestalde, Tintorettok guztiz bat egin zuen bere garaiko Veneziako gizartearekin, XVI. mendearen bigarren erdian askatasun zibil eta erlijiosoaren alde egin baitzuen. XVIII. eta XIX. mendeko artistek ez ikusia egin zioten, baina kritika modernoak ostera aitortu dio Tintorettoren obrari bere balio guztia, gainerako manieristenari bezala.
Jean-Paul Sartrek zenbait saiakera idatzi zituen Tintorettori buruz.
Bizitza
Tintoretto Venezian jaio zen, Veneziako Errepublikan, 1518an. Bere aita, Giovanni izenekoa, tindalaria zen. Hortik dator semeak jaso zuen Tintoretto ezizena, tindalari txikia edo tindalariaren semea esan nahi duena. Familia, jatorriz, Veneziatik 170 kilometro ingurura zegoen Brescia hiri-estatukoa zen[2].
Haurra zelarik, margolaritza odolean baitzeraman, tindategiko hormetan marrazten hasi zen. Bere aitak, honetaz oharturik, Tizianoren lantegira eraman zuen, artista izaten ikas zezan. Hau 1533an gertatu zela uste da, Tizianok 56 urte zituenean. Honek, ordea, berehala bidali omen zuen lantokitik, ikasle gaztearen gaitasun artistikoaren inbidiaz edo, nonbait. Ez dirudi Tintorettok gaizki hartu zuenik, handik urte batzuetara, bere lantegiko goiburu, esaldi hau jarri baitzuen, gaztetan gehien kilikatu zuten artisten omenez: Michelangeloren marrazkia eta Tizianoren margoak.
Lehen aldia
1540-1550 urteetan lan asko egin zuen, bai partikularrentzat bai eliza eta monasterioentzat. 1548 aurreko lanetan nabari du Parmigianinoren pinturaren eragina, eta eragin horren ondorioz manierismora jo zuen bere bizitza osoan eta lan guztietan.
Toskana, Erroma eta Emiliako joera manieristengatik interesatu zen, Venezian Jacopo d'Antonio Sansovino, Francesco Salviati eta Andrea Schiavone artistek zabaldu zituztenak. Berak ere bilakaera bera izan zuen, baina artista batzuen obran -Veroneserenean, esate baterako-, manierismoa eragin hutsa den bezala, Tintorettorenean sakona eta erabatekoa da, bere margokeraren joera nagusia baita. Tintorettoren obran irudien jarreragatik sortzen den tentsioak bizia ematen die espazioei. Margolanen konposizioan ezkerreko beheko angelutik goiko eskuinekora doan lerro diagonal bat nagusitzen da gehienetan. Horrek tentsioz kargatzen du eszena, eta suge kiribildu baten jarrera (serpentinata) hartzera behartzen ditu irudiak. Lehenengo garai jada guztiz manierista hartako lan nagusiak Disputa di Gesù nel Tempio (1542-43, Duomoko museoa, Milan) eta Kristo eta emakume ezkon-nahaslea (Cristo e l'adultera, 1546, Galleria nazionale d'arte antica, Erroma) ditu.
Badirudi 1547an Erroman izan zela. Michelangeloren lana zuzenean ikusteak, eta Tintorettok berak zuen maisu handiaren marrazki eta molde bilduma aztertu eta lantzeak, eragin handia izan zuten haren aurrerantzeko lanetan. Handik aurrera, Tintorettoren margolanetan, irudia luzatzen da eta espazioak eta argiak beste esanahi erreal eta sinboliko bat hartzen dute. Hala argia, nola irudien jarrera, aldez aurretik aztertzen zituen bere lantokian argizarizko panpina txikiekin. El Grecok ere teknika bera erabiltzen zuen. Garai hartako bere maisulanetako bat Oin garbiketa (Lavanda dei piedi, 1547 aldean, Pradoko museoa, Madril) da.
1550. urtetik aurrera sumatzen da Tintorettoren lanetan halako joera bat argia kolorearen baitan harrapatu (tizianismoa esaten zaio) eta paisajea hautemangarriagoa bihurtzeko. Garai horretakoak dira Scuolla della Trinitarentzat egin zituen Hasierako Historiak (Veneziako Akademiako Galeriak). Orduko beste lan batean, Susana eta agureak (Susanna e i vecchioni, 1557 aldean, Kunsthistorisches Museum, Viena), zeinak oreka miresgarria gordetzen baitu kolorearen eta argiaren artean, Veronese gaztearen margokeraren halako kutsu bat sumatzen da Susanaren gorputzaren gardentasun kristalezkoetan. Izan ere, Tintorettok asko miresten zuen Veronese, helduaroan egin zituen margolan handi, jendez beteetan argi ikus daitekeen bezala.
Nolanahi ere, Tizianoren eskolaren eragina nabarmena da, geroago ere, beste zenbait koadrotan. Horren adibidea Judit eta Holofernes izenekoa da (1577-78, Prado Museoa, Madril), non, koadroaren egitura guztiz logikoak, Tizianoren manierismoaren garaiko pintura gogorazten baitu.
1556tik aurrera agindu zizkioten lehen lan handiak Palazzo Ducalerako: Frederiko Bizar-gorriaren koroatzea (1556) eta Alexandro III.a Aita Santua enperadorea eskumikatzen (1562). Bi lan horiek 1577ko sutean galdu ziren.
Helduaroa
1562 eta 1566 bitartean Tintorettok hiru oihal margotu zituen Scuola Grande di San Marcorako. Margolan horietan espazioaren disoluzioa gertatzen da, Oin garbiketa aipatuan jada sumatzen zena. Sail honetako margolanetako batean, San Markoren gorpuaren berraurkikuntza (Trafugamento del corpo di san Marco, 1562-66, Brerako pinakoteka, Milan), arkitekturak eratzen duen espazioa tunel ilun bat bezalakoa da, non giza irudiak gorputza bihurrikatuz eta keinuka ageri baitira, amesgaizto batean bezala.
Berrogeita hamar lanetik gora lan egin zituen gero, pintura estilo horretan, San Rocco anaidiarentzat, haren elizako koroan eta Scuola di San Roccon. Erakunde hau karitate elkarte laikoa zen eta, garrantzi soziala eta politikoa irabazi ahala, Tintoretto bezalako pintore ospetsu bati lanak eskatzeko bezainbat ahalmen ekonomikoa izatea ere lortu zuen. Scuola di San Roccorako lehen oihaleko lanak 1564an hasi zituen, eta ez zuen 1587a arte bukatu azkena. Oihal horiek dira Tintorettoren helduaroko lanik hoberenak eta osoenak, marra laster urduriez eginak, dinamismoz betetako irudiekin eta perspektiba ausart zorrotzekin.
Lehenbizi Nekaldiari buruzko pintura multzo bat egin zuen Albergo aretorako, eta horien artean aipagarriena, dramatikotasun handikoa baita, Gurutziltzatzea da. Lehen solairuko aretoan, berriz, Itun Zaharreko pasarteak kontatzen dituzten margolanak egin zituen sabaian, eta Kristoren bizitzari buruzkoak hormetan, 1575 eta 1581 urte bitartean. 1582. urtean beheko solairuko oihalak egiten hasi zen, Ama Birjina goraipatzen duten Itun Berriko pasarteekin.
Veneziako dogo edo dukeen jauregian (1572-1573, Lepantoko gudua) eta jaun handien jauregietan ere aritu zen lanean. Gai guztiak landu zituen: mitologia (Vulcanoren sutegia), historia eta alegoriak (Aloisio Mocenigo dogoa Erredentzioa gurtzen), eta erlijioa (Santa Katalinaren martiritza). 1577ko sutearen ondoren, aurrez eginiko lan batzuk eraberritu zituen (Nicola da Ponte dogoa mendeko hirien omenaldia hartzen).
Obra guztiak berak bere eskuez egin zituen, lantegiko ikasleen ia laguntzarik gabe. Margolan horietan argi eta garbi ikusten da Tintoretto helduaren estiloaren bilakaera, pintura manieristaren goren unea, argi joko ikusgarriekin, bat-batean barreiatzen diren espazioekin, suge baten gisa eta behartuta kiribildutako irudiekin. Garai hartan ospe handia zuen Tintorettok, eta Tizianorena berarena, Veroneserena eta beste askorena gainditu zituen.
Azkenaldia
1580. urtetik aurrera, ezin berak bakarrik lan guztiekin burutu eta lantegiko ikasleen laguntza baliatu zuen. Ordura arte, Scuola di San Roccoko margolanetan ikasleek (horien artean bere seme Domenico zegoen) ez zuten aukera handirik izan laguntzeko, maisuaren begirada zorrotzaren pean betiere. Handik aurrerako lanetan, berriz, nabarmena da kalitatearen beherakada, ikasleen parte hartze gehiegizkoagatik.
1588an egin zuen Veneziako dukeen jauregiko azken margolana, Paradisua (Paradiso) munduko pintura koadro handienetako bat (22,6 x 9,1 m). Bere azken maisulana, berriz, San Giorgio Maggioreko basilikarako egin zuen: Azken afaria (L'ultima cena, 1592-94).
Irudi galeria
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/11/22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tintoretto |
- (Ingelesez) Tintoretto Encyclopædia Britannica Online
- (Ingelesez) Gaston SORTAIS: Il Tintoretto Catholic Encyclopedia (1913)