Edukira joan

Trakea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Trakea
Xehetasunak
Honen partearnas aparatua
lower respiratory tract (en) Itzuli
Kokapenabarrunbe torazikoa
Artikulazioalaringea
Hona
drenatzen du
brachiocephalic vein (en) Itzuli
Identifikadoreak
LatinezTrachea
MeSHA04.889
TAA06.3.01.001
FMA7394
Terminologia anatomikoa

Trakea edo zintzur-hestea airea biriketara eramaten duen izaera kartilaginosoa daukan hodia da.

Laringetik bronkioetara luzatzen da 10-12 zentrimetro artean eta 2,1-2,7 zentimetroko diametroa izaten du (pertsonaren arabera aldakorra).

Barrunbe torazikoan hestegorriaren aurreko aldean kokatu eta arnas-aparatuaren parte da.

Jatorri enbrionarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enbrioiaren alboko tolesduraren eta tolesdura zefalokaudalaren eraginez, endodermoz estalita dagoen zaku bitelinoak heste primitiboa sortuko du. Honek lau zati izango ditu: heste faringeoa, aurrekoa, erdikoa eta atzekoa.

Arnas aparatuaren garapena heste faringeotik hasiko da burutzen 4. astean. Heste faringeotik birikaren kimua sortuko da bentral aldera. Hasieran, kimua aurreko hestearekin komunikatuta egongo da eta beherantz doan heinean bi luzakin aterako dira ezker eta eskuin aldean.

Arnasbidea eta liseri hodia banatzeko mintz trakeoesofagikoa eratuko da, birikaren kimua bentraldean geratuz eta hestegorria izango dena dortsaldean.

Birikaren kimutik trakea edo zintzurrestea garatuko da; izan ere, trakea bere zati distalean bi adarkaduratan bereiziko da, ezkerreko eta eskuineko bronkio nagusiak. Egitura hauek gehiago garatuko dira adarkadura gehiago emanez eta azkenik birikak garatu arte.

Zintzurrestea C6 mailan hasi eta T5 mailan bukatzen da, beraz, hodiaren zati bat idunean eta beste toraxean kokatuko da. Bere ibilbidea hestegorriaren aurrekaldetik egiten du, eta T4 mailara heltzen denean bi adarretan banatuko da, bronkio nagusietan, alegia.

Adarkatzea ematen den lekuari bifurkazioa edo zintzurrestearen sardetzea deritzo.

Bifurkazio hau barrutik ikusiz gero, gangar moduko bat ikus daiteke, karina edo gila deitzen dena.

Zintzurrestea goialdetik laringea edo zintzurra osatzen duen kartilago batera lotuta egongo da: krikoide kartilagora, krikoide-zintzurresteetako lotailuaren bidez.

16-20 kartilagozko eraztunez osatuta egongo da, haien artean eraztun lotailuen bidez lotuta. Hauek U forma edukiko dute eta atzealdetik kartilagoa irekita egongo da. Hutsune hori estaltzeko giharrezko atalaz (gihar leuna) eta ehun konektiboz edo lokarri ehunez (mintza) osatutako horma bat egongo da.

Atzeko horman, azpi mukosa aldetik zintzurreste-guruinak daude eta hauek glukoproteinak jariatzen dituzte. Zintzurrestearen barnean mukosa izango dugu.

Eraztun lotailuen mailan hiru geruza nagusi azaltzen dira:

  • Barneko geruza mukosoa: epitelio zilindriko ziliodunez eta muki guruinez osatuta dago. Beran hartzaile sentsitiboak (eztularen zelula hartzaileak) daude.
  • Muskulu leuna: geruza mukosoa inguratzen du. Eztula egitean bronkioak uzkurtzen dituena da.
  • Zuntzezko ehuna: muskulu leuna inguratzen duena.

Odoleztapena eta inerbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
ZINTZURRESTEAREN ODOLEZTAPENA ETA INERBAZIOA
Arteriak
  • Beheko arteria tiroideoa.
  • Barneko arteria mamarioak.
  • Arteria timikoak.
  • Bronkio arteriak.
Zainak
Nerbioak
  • Enbor sinpatikoa.
  • Vagus nerbioa.
Linfa

Trakearen idun aldea nagusiki beheko arteria tiroideoak odoleztatuko du. Hau subklabia arteriaren adarra izango da.

Karotida komunaren atzetik joango da eta zintzurrestearentzat hiru adar emango ditu. Hauek alboaldetik iritsiko dira zintzurrestera eta behin hor daudela, anastomosatu eta beheranzko ibilbidea jarraituko dute.

Torax aldeko odoleztapena oso aldakorra da eta arteria timikoek, barneko mamariek (subklabia arteriaren adarrak) eta bronkio arteriek (torax aortaren adarra) burutuko dute. Arteria hauek albo paretetatik sartuko dira eta hestegorriarentzat adarrak ere emango dituzte.

Sare mukosotik zain txikiak aterako dira eta kartilagozko eraztunen artetik igaroko dira aurretik atzera. Atzeko paretara iristean, zain esofagikoetan, bronkio zainetan eta beheko tiroideoan dreinatuko dute odola.

Zintzurrestearen inerbazio eferentea nerbio sistema autonomoak burutuko du, bai sinpatiko zein parasinpatikoak. Bi sistema hauen zuntzek zintzurrestearen inerbazioan parte hartuko duen birika plexua osatuko dute.

Sistema parasinpatikoari dagokionez, zuntz eferenteak erraboilean jatorria duen vagus nerbioarekin bideratuko dira. Zuntz hauek idunetik toraxera bideratuko dira. Toraxean ezker eta eskubiko zuntzek bide desberdina edukiko dute:

  • Ezkerrekoek aorta arkua behetik inguratuko dute ezkerreko zintzur nerbio atzerakaria emanez. Zuntz hauek zintzurrestera bideratuko dira.
  • Eskuin aldean, eskuineko lepauztai azpiko arteria inguratuko dute, eskuineko nerbio atzerakaria emanez, eta hauek ere zintzurrestera bideratuko dira. 

Parasinpatikoak efektu kolinergikoa du eta uzkurketa, guruinen jariaketa eta basodilatazioa eragingo ditu.

Bestalde, sistema sinpatikoak bizkar muinean du jatorria. Zuntzak alboko adarretik sortuko dira eta sinapsia enbor sinpatikoan egingo dute, iduneko eta toraxeko lehen bi edo hiru gongoiletan. Sistema sinpatikoak gihar leunaren erlaxazioa burutuko du, dilatazioa hain zuzen ere. Bestalde, guruinen jariaketaren inhibizioa ere eragingo du.

Zintzurrestearen linfak zintzurreste aurreko gongoiletan, zintzurreste-alboko gongoiletan eta zintzurreste-bronkioetako gongoiletan dreinatuko du.

Airearen pasabide moduan jokatzea kanpo ingurunetik biriketara, baita karbono dioxidoarena ere alderantzizko norantzan.

Termoerregulazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpotik hartutako airea hotzegi dago albeoloetan trukaketa egiteko. Beraz, bide honetan zehar, arnasgoran hartutako airea hezetu eta berotu egingo da, tenperatura kontraste handiegia ekidinez.

Zintzurrestearen barneko geruza mukosoan dagoen epitelio zilindriko ziliodunak lagundu egiten du kanpo ingurunetik sartzen diren gorputz arrotzak harrapatzen, biriketara heltzea sahiestuz. Gainera, bertan dauden hartzaile sentsitiboek, halabeharrez sartu diren partikula zein objektuak kanporatzen dituzte, eztularen (aktu erreflexua) sorreraren bidez.

Hestegorriari lagundu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hestegorria trakearen atzealdean dago, eta bertatik janaria igarotzean, bere tamaina handitu beharko du. Hori dela eta, trakearen mukosa inguratuz aurkitzen den muskulu leuna uzkurtu, hestegorriak bere diametroa gehiago handitzea ahalbidetuko du.

Zintzurrestearen funtzionamendu ezegokiak arnas zikloa oztopatu dezakeen hainbat gaixotasun ekar ditzake. Horietako batzuk hereditarioak dira.

Gaixotasun horien kasu latzenetan, pazientea intubatuta egon daiteke. Aipatzekoa da gaixotasun hauek gehienetan sendagarriak direla. Lehen zintzurreste transplantea 2001. urtean egin zen Medellingo San Vicente de Paul ospitalean, Kolonbia.

Zintzurrestearekin lotuta dauden hainbat patologia:

  • Laringe-trakeako estenosia
  • Trakeobronkitisa.
  • Trakeitisa.
  • Trakeomalazia
  • Fistula trakeosofagikoa.
  • Mounnier-Kuhnen sindromea.

Trakeitisa zintzurrestearen hantura da eta infekziosoa izan daiteke. Bakterio-trakeitia, gehienetan Staphylococcus aureus bakterioak eragindakoa da, goiko arnasbideen infekzio birikoa eragiten duelarik.

Oro har, hantura inguruko ehun eta organoetara zabaltzen da, laringera (laringe-trakeitisa) eta bronkioetara (trakeobronkitisa), agente infekziosoaren arabera. Zintzurrestearen eta laringearen hanturaren ondorioz, lumena estutzen da, aire fluxu handiagoa pasaraziz (Venturi efektua). Horrela hantura eremuko presio negatiboa handitzen da, arnas bideak kolapsatuz. Aldi berean, kolapsoaren eraginez, aire fluxua zurrunbilotsua bilakatuko da, estridore (estridor) soinua entzunez.

Desberdintasun anatomikoagatik, haurrek aukera gehiago dute arnas bideetako infekzioa pairatzeko, arnas-bideak estuagoak dituztelako.  Trakeitisa pairatzen duten haurretan, ohikoa da arnas bideetako buxadura izatea.

Pazienteek eztula izaten dute, hasieran lehorra, zakarra, mingarria eta espasmodikoa, gerora mukia jariatzen duen eztula bilakatu daitekena. Hasieran aipatutako sintoma arinak 1-3 egunez izan ditzakete. Izan ere, denbora hori pasata, sintoma larriagoak ager daitezke: trakipnea, estridorea, sukar altua eta hots zakarra, besteak beste.

Patologia honen jatorria, laringotrakeobronkitisaren ondorioz edo endotrakeako intubazio batengatikoa da. Egoera okertzen bada, hipotentsioa, bihotz-arnas geldialdia, bronkopneumonia eta sepsia gerta daitezke.

Azpimarratzekoa da, (ia) paziente guztiak erabat sendatzen direla.

Trakeomalazia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trakeomalazian, herentziazko gaixotasuna, zintzurreste barruko paretak ahultzen dira, kartilagoaren deskonposizioaren eraginez. Trakeako interbentzio kirurgiko baten, trakea inguratzen duten odol hodien hanturaren edo denbora luzez intubatua egotearen ondorioz paira daiteke. Arriskutsua den arren, nahiko patologia arraroa da eta kirurgia bidez senda daiteke.

Fistula trakeosofagikoa [5]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eztarri mailan, esofago eta trakearen goiko zatian ematen den malformazio bat da. Berez, esofagoa eta trakea banatuta daude, baina, fistula trakeoesofagikoa pairatzen duten pertsonek, bi hauek batuta izango dituzte.

Gehienetan, jaioberriek pairatzen dute gaixotasun hau, eta kirurgia bidez senda daiteke.

Mounier-Kuhn sindromea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Trakeobronkomegalia” bezala ezagutzen da sindrome hau, izan ere, trakeak eta bronkioek ohikoa ez den tamaina izaten dute. Horren eraginez, pazienteak pneumonia, bronkitisa eta eztula (odola jariatuz) pairatiko ditu. Esan bezala, trakea handiagoa izango da, diametroak 16 milimetroko luzeera izan beharrean, 25 milimetrokoa izatera iritsi daiteke. Anormaltasun hau genetikoki heredatzen da, eta agerian jarriz gero, pazienteak 30 urte inguru dituenean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Estridor: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  2. (Gaztelaniaz) «Traqueítis: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  3. Txantiloi:Es-US «Traqueítis bacteriana - Pediatría» Manual Merck versión para profesionales (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  4. (Gaztelaniaz) Grandío, Alex. (2018-10-01). «Tráquea: partes, funciones y enfermedades peligrosas» Carácter Urbano (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  5. (Gaztelaniaz) «Reparación de fístula traqueoesofágica y atresia esofágica: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]