Uraren zikloa
Uraren zikloa edo ziklo hidrologikoa urak iragaten dituen faseen segida da: lurretik, itsasotik edo lehorreko ur-bilduetatik lurruntzea, hodei izatera kondentsatzea, prezipitazioa, lurzoruan edo ur-bilduetan pilatzea, eta berriro lurruntzea.[1]
Ziklo hidrologikoa edo uraren zikloa uraren zirkulazio-prozesua da, hidrosfera osatzen duten konpartimentuen artekoa. Ziklo biogeokimiko bat da, non erreakzio kimikoen esku-hartze minimo bat dagoen, ura leku batzuetatik beste batzuetara bakarrik lekualdatzen delako edo egoera fisikoz aldatzen delako[2].
Ur-masaren parterik gehiena egoera likidoan egon ohi da. Batez ere itsaso eta ozeanoetan aurki dezakegu egoera horretan, baina baita lur-azpiko ur eta lur-azaleko uretan (ibaiak eta aintzirak) ere. Egoera solidoan dagoen ura ere oso esangarria da, bi poloetan eta mendiko glaziarretan pilaturiko izotza, hain zuzen ere. Frakzio txikiena, atmosferan agertzen da, egoera likidoan laino moduan edo gas egoeran ur-lurrin moduan. Atmosferako ur hori, ordea, oso garrantzitsua da hidrosferako gune ezberdineko uren trukea gerta dadin, gordailu nagusietatik urruti dauden eskualde kontinentaletara ura iritsi dadin ahalbidetzen baitu.
Gure planetaren lurrazalaren hiru laurdenak urez estalirik daude. Ura ezagutzen dugun konposaturik ugarienetako bat da, eta hiru egoeratan aurki dezakegu Lurrean: egoera solidoan (elurra edo izotza), egoera likidoan eta egoera gaseosoan (ur-lurrina). Itsaso, ibai, hodei eta euria etengabe aldatzen dira, lurrazaleko ura lurrundu, prezipitazio moduan berriz ere lurrera erori, lurrean iragazi eta abar. Hidrosferako gune ezberdinetako uraren zirkulazio eta kontserbazioari, uraren ziklo edo ziklo hidrologiko deritzo. Erreakzio kimiko gutxi gertatzen diren ziklo biogeokimikoa da, non ura leku batetik bestera igarotzen den eta egoera fisikoa aldatzen duen.
Prezipitazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uraren zikloa itsasoan hasten da. Eguzkiaren intsolazioaren eraginez, ozeanoen gainazaleko ura lurrundu egiten da. Atmosferak kondentsazio bidez (euria eta ihintza) edo alderantzizko sublimazio bidez (elurra eta izotz zuria) ura gal dezake. Ur-lurrina, gora egin ahala, hoztu egiten da, eta, kondentsazio bidez, lurruna ur likido bihurtzen da. Tantak elkartzean, lainoak eratzen dira, eta, ur-partikulek pisu nahikoa hartu dutenean, erori egiten dira prezipitazio bidez. Euria, elurra eta txingorraren kasuan, grabitatea da erorketa behartzen duena. Ihintza eta izotz zuriaren kasuan, berriz, egoera aldaketa estaltzen duten azaleraren gainean gertatzen da, zuzenean.
Filtrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurrera erortzen den uraren zati bat izaki bizidunek erabiliko dute. Lurrera erortzen den ura lurraren gainetik higituko da ibai, aintzira edo itsasora iritsi arte. Errekara bildu aurretik lur-azalaren gainean bide nabaririk gabe mugitzen diren ur horiei, isurketa-ur deritze. Klima oso lehorrak ez diren inguruetan, isurketa-urak dira higaduraren eta garraioaren erantzule nagusiak.
Beste zati bat lurrean barna iragaziko da, eta lurpeko urak eratuko ditu. Lurzoruan edo elur-geruza batean geratzen den uraren goitik beherako mugimendu horrek perkolazio izena hartzen du. Gainazalean mugitzen den eta infiltratzen den uraren proportzioa, izan ere, substratuaren iragazkortasuna, maldak eta landarediak baldintzatua izango da.
Lurpeko zirkulazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lur-azaleko isurketa-urak moduan, grabitatearen alde gertatzen da. Bi eratako mugimendua gertatzen da. Arroka karstifikatuetan, kareharriak batez ere, zirkulazioa bertikalki gertatzen da. Bestea akuiferoetan gertatzen dena da. Ur interstiziala arroka iragazkorren poroetan sartzen da, eta, presioa eta kapilaritatearen eraginez, grabitatearen kontra egin dezake.
Lurrunketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenago edo geroago, lur-azalera eroritako ura ur lurrun bilakatu, eta atmosferara itzuliko da. Ur-lurruna lurrazaletik edo itsasoen gainazaletik sor daiteke: lurrunketa bidez, glaziarretatik sublimazio bidez edo izaki bizidunengandik ebapotranspirazio bidez.
Lurruntzean, urak atzean lagatzen ditu disolbaturik dituen edukiak, gatz mineralak edota konposatu kutsakorrak, esate baterako. Ondorioz, atmosferatik erortzen den ura egoera ia puruan erortzen da. Ur-prezipitazioa ez da guztiz garbia, atmosferako urak bestelako gasekin elkartu eta euri azidoa moduko fenomenoak sorraraz baititzake.
Ura purifikatzen duen ziklo horren barneko beste prozesu bat da landareek burutzen duten transpirazioa. Landareen sustraiek lurzoruko ura xurgatu, eta hostoetara garraiatzen dute barnean disolbaturik dituen nutrienteak erabiliz. Ur hori fotosintesian erabil daiteke, baina, nutrienteak kendu zaizkion soberakoa, lurrundu egiten da. Atmosferara igarotzen den lurrinaren % 10 era horretan gertatzen da.
Era horretan ixten da zikloa. Ura etengabe mugitzen da; egoeraz aldatzen du, eta, berriz, aurreko egoerara itzultzen da. Dinamismoa etengabea da, eta, egun Lurrean ezagutzen den bizitza, ziklo honi zor zaio zati handi batean.
Hidrosferako urak mantuaren desgasifikazioan du jatorria. Sortu zenean, duela 4.650 milioi urte, gutxi gorabehera, dagoeneko bazegoen ur lurruna Lurrean. Hasiera batean, etengabeko fusioan zegoen gorputz handia zen, lurrazalean ehunka sumendi aktibo zituena. Ur lurruna duen gasez kargaturiko magma lur-azaleratu zen sumendien erupzioen bitartez. Lurra hoztu zenean, ur lurruna kondentsatu, eta lurrazalera erori zen euri moduan, eta egun ezagutzen diren ozeanoak sortu. Uraren zati bat mantura itzul daiteke litosferaren subdukzio-prozesuetan sedimentu ozeanikoekin batera.
Ziklo hidrologikoaren prozesuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uraren zikloak ekosistemarekiko elkarrekintza etengabea du, izaki bizidunak haren mende baitaude bizirik irauteko, eta, aldi berean, haren funtzionamenduari laguntzen diote. Bestalde, ziklo hidrologikoak kutsadura gutxiko atmosfera batekiko eta uraren purutasun-mailarekiko nolabaiteko mendekotasuna du ohiko garapenerako; bestela, zikloa oztopatu egingo litzateke lurruntze- eta kondentsazio-denboren aldaketaren ondorioz.
Uraren zikloan parte hartzen duten prozesu nagusiak hauek dira:
- Lurrunketa: ura ozeanoaren azalean lurruntzen da, baita organismoetan ere, landareen transpirazioaren eta animalien izerditzearen fenomenoan bidez. Izaki bizidunek, landareek bereziki, % 10eko ekarpena egiten diote atmosferan sartzen den urari. Kapitulu berean koka dezakegu glaziarren edo bankisaren gainazal izoztuan gertatzen den sublimazioa, kuantitatiboki garrantzi gutxikoa.
- Kondentsazioa: lurrun-formako ura igo eta kondentsatu egiten da, eta tanta txiki-txikietako urez osatutako hodeiak eratzen ditu.
- Prezipitazioa: hodeiak eratzen dituzten ur-tantak hozten direnean gertatzen da; kondentsazioa bizkortu, eta ur-tantak elkartu egiten dira, eta tanta handiagoak eratzen dituzte, eta, azkenean, lurraren azalera erortzen dira pisu handiagoa dutelako. Prezipitazioa solidoa (elurra edo kazkabarra) edo likidoa (euria) izan daiteke.
- Infiltrazioa: lurrera iristen den ura bere poroetatik sartzen denean eta lurpekoa bihurtzen denean gertatzen da. Infiltratzen den eta gainazaletik zirkulatzen duen uraren proportzioa (jariatze-ura) substratuaren iragazkortasunaren, maldaren eta landare-estalduraren araberakoa da. Infiltratutako uraren zati bat atmosferara itzultzen da lurrunketaren bidez edo, are gehiago, landareen transpirazioaren bidez, sustrai zabal edo ez hain zabal eta sakonekin erauzten baitute. Beste zati bat akuiferoetan sartzen da, ur geldia edo zirkulatzailea duten mailak. Lurpeko uraren zati bat azalera iristen da akuiferoek, baldintza topografikoengatik, lurzoruaren gainazala intersekzionatzen (hau da, ebakitzen) duten lekuan.
- Jariatze-ura: ur likidoak lurraren azaletik maldan behera irristatzeko erabiltzen duen inguruneei deritze. Bereziki lehorrak ez diren klimetan, basamortuak deritzenak barne, jariatze-ura da higadura-eragile geologiko eta sedimentu-garraioko eragile nagusia.
- Lurpeko zirkulazioa: grabitatearen aldera gertatzen da, azaleko jariatze-ura bezala, eta horren bertsio bat dela esan daiteke. Bi modutan gertatzen da:
- Lehenengoa, ibi-lurretan gertatzen dena, batez ere arroka karstifikatuetan, hala nola kareharrietan, eta beti maldan behera zirkulatzen du.
- Bigarrena, akuiferoetan gertatzen dena ur interstizial gisa, arroka iragazkor baten poroak betetzen dituena eta haren presio eta kapilaritatearen ondorioz gora egin dezakeena.
- Fusioa: egoera aldaketa hau elurra likido bihurtzen denean gertatzen da, izotza urtzean.
- Solidotzea: hodei baten barruko tenperatura 0 °C-tik behera jaistean, ur-lurruna edo ura bera izoztu egiten dira, eta elur edo txingor moduan erortzen dira. Bi kontzeptuen arteko alde nagusia da elurraren kasuan hodeiko ura solidotzen dela, eta, normalean, altuera txikian gertatzen da. Hezetasuna eta hodeiko ur-tanta txikiak izozten direnean, elur-malutak eta izotz-kristal polimorfikoak sortzen dira (hau da, mikroskopioan ikus daitezkeen forma ugari hartzen dituzte); kazkabarraren kasuan, aldiz, hodei bat osatzen duten ur-tanten igoera azkarrak eragiten du izotz-eraketa, eta, igoera horrekin, kazkabarra sortzen da, eta tamaina handitzen. Era berean, itsas azalean traganarru bat sortzen denean (eguzkiak asko berotzen duenean itsas azalean sortzen den tornado moduko bat), izotz hori sortzen da ura igotzen denean, lurruna eta ura ur-tanta handien nukleo izoztura itsastearen ondorioz. Prozesua hasieratik errepikatzen da, ondoz ondo; beraz, ez da inoiz amaitzen, ez eta ura agortzen ere.
Konpartimentuak eta ur-trukeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ura ez da modu berean banatzen konpartimentu desberdinen artean, eta horien artean ura trukatzeko prozesuak erritmo heterogeneoetan gertatzen dira. Bolumenik handiena ozeanoari dagokio; ondoren glaziar izotzari, eta, ondoren, lur azpiko urari. Gainazaleko ur gezak frakzio txiki bat besterik ez du hartzen, eta, are gutxiago, ur atmosferikoak. (lurruna eta hodeiak).
(milioi km³-tan) |
||
Ozeanoak | 1 370 | 97,25 |
Kasko polarrak eta glaziarrak | 29 | 2,05 |
Lurpeko ura | 9,5 | 0,68 |
Aintzirak | 0,125 | 0,01 |
Lurzoruaren hezetasuna | 0,065 | 0,005 |
Atmosfera | 0,013 | 0,001 |
Errekak eta ibaiak | 0,0017 | 0,0001 |
Biomasa | 0,0006 | 0,00004 |
Batez besteko iraunaldia | |
Glaziarrak | 20-100 urte |
Urte-sasoiko elurra | 2-6 hilabete |
Lurzoruaren hezetasuna | 1-2 hilabete |
Lurpeko ura: azalekoa | 100-200 urte |
Lurpeko ura: sakonekoa | 10.000 urte |
Aintzirak | 50-100 urte |
Ibaiak | 2-6 hilabete |
Atmosfera | 7-8 egun[3] |
Konpartimentu batean ur-molekula baten egonaldi-denbora luzeagoa da zenbat eta motelagoa ura konpartimentu horretatik irteten (edo sartzen) den. Kasko glaziarretan oso luzea da, bertara oso prezipitazio txikia dela eta iristen baita, eta galtzen ditu ertzetan izotz-blokeak galtzen dituelako edo glaziarraren oinarrian fusionatzen direlako. Bertan, ibai edo erreka txikiak sortzen dira, eta ibai edo erreka horiek gainezkabidetzat balio dute izotza urtzen denean, grabitatearen eraginez lekualdatze direnean. Ozeanoa alde batera utzita, batez besteko iraupena luzeena duen konpartimentua akuifero sakona da, eta horietako batzuk «akuifero fosilak» dira, antzinatik berritzen ez direnak. Atmosferako frakzioaren iraupen-denbora bereziki laburra da, eta, frakzio hori, egun gutxitan birziklatzen da.
Batez besteko iraupena da konpartimentu edo metaketaren bolumen osoaren eta ur-trukearen emariaren arteko zatidura (denboraren arabera zatitutako bolumen gisa adierazia); emaitzazko iraupenaren unitatea da emaria adierazteko erabiltzen den denbora-unitatea.
Uraren energia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uraren zikloak energia-kantitate handia xahutzen —hau da, kontsumitzen eta degradatzen— du, ia erabat intsolazioak ematen duena. Lurrunketa eguzkiaren berotzearen ondorio da, eta atmosferaren zirkulazioak eragiten du. Atmosferak aire-masak berritzen ditu, eta, aldi berean, intsolazioaren mende dauden tenperatura-diferentzien ondorio da. Uraren egoera-aldaketek energia asko eskatzen edo xahutzen dute, urtzeko bero sorrak eta lurruntzeko bero sorrak balio handia hartzen dutelako. Hala, egoera-aldaketa horiek aire-masak berotzen edo hozten laguntzen dute, baita latitude tropikal edo epeletatik hotz eta polarretara beroa garraiatzen ere; horri esker, Lurreko klima, oro har, leunagoa da.
Ur-balantzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bulkanismoak eta subdukzioak eragindako galerak eta irabaziak mespretxatzen baditugu, balantze osoa zero da. Baina ozeanoei erreparatzen badiegu, balantzea negatiboa dela ikusiko dugu; horietan, erortzen dena baino gehiago lurruntzen da. Eta, kontinenteetan, berriz, superabita dago; hau da, lurruntzen dena baino gehiago prezipitatzen da. Defizit eta superabit horiek kontinentetik itsasora ura isurtzen duten azaleko eta lurpeko jariatze-urekin konpentsatzen dira.
Balantze hidrikoa edozein ontzi hidrikotan kalkula daiteke, planetaren balantze hidriko orokorretik urmael txiki baten balantzera, baina arro hidrografikoetan aplikatu ohi da.
Balantze horiek epe jakin baterako egiten dira.
Denbora-tarte luzeak kontuan hartzen direnean, sistema gehienek balantze nulua ematen dute; hau da, irteerek sarrerak berdintzen dituzte.
Uraren eragin kimikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urak, ziklo hidrologikoa egiterakoan, disoluzioan dauden solidoak eta gasak garraiatzen ditu. Karbonoa, nitrogenoa eta sufrea, elementu guztiak garrantzitsuak izaki bizidunentzat, lurrunkorrak (batzuk konposatu gisa) eta disolbagarriak dira batzuk, eta, beraz, atmosferan zehar mugi, eta ziklo osoa egin dezakete, uraren zikloaren antzekoak; beste batzuk, berriz, disolbagarriak baino ez dira, eta ura likido mantentzen den zikloaren zatia baino ez dute egiten.
Lurrera erortzen den euriak disoluzioan dauden gas eta solido batzuk ditu. Lurreko hezetasunik gabeko eremutik igarotzen den urak aireko eta lurzoruko karbono dioxidoa jasotzen du, eta, hala, azidotasuna areagotzen da. Ur azido horrek, lurzoruko edo arroka amako partikulak ukitzean, gatz mineral batzuk disolbatzen ditu. Lurzoruak drainatze ona badu, ur freatikoaren azken irteera-fluxuak solido disolbatu ugari izan ditzake, eta horiek itsasora joango dira azkenean.
Eskualde batzuetan, drainatze-sistemaren azken irteera barne-itsaso batean izaten da, eta ez ozeanoan; arro endorreiko deritze. Kasu horietan, barne-itsaso hori bere kabuz egokituko da drainatze-eremuaren oreka hidrikoari eusteko, eta, bertan, gehiago edo gutxiago biltegiratuko da, bertatik egiten den jariatze-ura lurrunketa baino handiagoa edo txikiagoa den. Lurrundutako urak disolbatutako solidorik ez duenez, barruko itsasoan geratzen da, eta gatz-edukia handituz joaten da pixkanaka.
Kapilaritatearen eraginez lurzoruko ura gorantz mugitzen bada eta lurrazalean lurruntzen ari bada, disolbatutako gatzek gora egin dezakete lurrean ere, eta azalean kontzentratu daitezke; halakoetan, ohikoa izaten da estratu zurixka bat ikustea, gatzen metaketaren ondorioz sortua.
Ureztatze ura gehitzen denean, ura transpiratu egiten da, baina bertan dauden gatzak lurrean geratzen dira. Drainatze-sistema egokia bada eta ur gehiegi hornitzen bada, gainazaleko ureztapenean egin ohi den bezala, eta, batzuetan, ihinztaduraz ureztatzen bada, gatz horiek disolbatu egingo dira, eta drainatze-sistemara joango dira. Drainatze-sistemak huts egiten badu edo hornitutako ur-kantitatea nahikoa ez bada gatzak garbitzeko, gatzak lurrean pilatuko dira, eta lurrek produktibitatea gal dezakete. Hori litzateke, zenbait adituren arabera, zibilizazio mesopotamiarraren gainbeheraren arrazoia, Tigris eta Eufrates ibaien ureztatze sistema bikainarekin baina drainatze gabeziarekin.
Aldaketak denboran zehar
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uraren zikloak hidrosferan uraren mugimendua bultzatzen duten prozesuak deskribatzen ditu. Hala ere, zikloan zehar benetan mugitzen dena baino askoz ur gehiago dago denbora luzez «biltegiratuta». Lurreko ur gehienen metaketak ozeanoak dira. Kalkulatzen da munduko ur-horniduraren 1.386.000.000 km³-tik ozeanoetan 1.338.000.000 km³ inguru biltegiratzen direla, edo % 97 inguru. Halaber, ozeanoek uraren zikloan sartzen den ur lurrunduaren % 90 inguru hornitzen dutela kalkulatzen da[4].
Klima-aldi hotzenetan, izotz-geruza eta glaziar gehiago sortzen dira, eta munduko ur-horniduraren kantitate nahikoa izotz gisa metatzen da ur-zikloaren beste zati batzuetan kantitateak murrizteko. Kontrakoa gertatzen da aldi beroetan. Azken izotz aroan, glaziarrek Lurreko masaren ia heren bat estali zuten, eta emaitza izan zen ozeanoak gaur egun baino 122 m beherago zeudela gutxi gorabehera. Azken glaziazio artean, duela 125.000 urte inguru, itsasoak orain baino 5,5 m altuago zeuden. Duela hiru milioi urte inguru, ozeanoak 50 m altuago zeudekeen[4].
2007ko Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldearen (IPCC) politiken formulatzaileei buruzko laburpenean adierazitako adostasun zientifikoaren arabera, uraren zikloak areagotuz jarraituko du XXI. mendean, baina horrek ez du esan nahi prezipitazioek gora egingo dutenik eskualde guztietan[5] . Eremu lehor subtropikaletan, dagoeneko lehor samarrak diren lekuak, XXI. mendean prezipitazioak gutxituko direla aurreikusten da, eta horrek lehorte-probabilitatea handituko du. Dirudienez, lehorketa gogorragoa izango da subtropikalen poloetaranzko ertzetatik gertu (adibidez, Mediterraneo arroa, Hegoafrika, Australia hegoaldea eta Estatu Batuetako hego-mendebaldea). Urteko prezipitazioak ugaritzea espero da gaur egungo kliman heze izateko joera duten ia ekuatore eskualdeetan, baita goi latitudeetan ere. Nazioarteko hainbat ikerketa-zentrotan egindako eredu klimatikoen simulazio ia guztietan ageri dira eskala handiko eredu horiek, IPCCren Laugarren Ebaluazioaren barruan. Gaur egun, argi dago aldakortasun hidrologikoaren igoerak eta klimaren aldaketak eragin sakona izan dutela eta izango dutela uraren sektorean: ziklo hidrologikoaren, uraren eskuragarritasunaren, uraren eskariaren eta uraren esleipenaren bidez, bai mundu mailan, eskualdeetan, arroan zein tokian tokian[6]. Science aldizkarian 2012an argitaratutako ikerketa batek, 1950-2000 aldian ozeanoaren azalaren gazitasunean oinarritutakoak, baieztatzen du ur biziaren ziklo global baten proiekzioa, aldi horretan eremu gaziak gaziago bihurtuz eta eremu freskoagoak freskoago bihurtuz[7]:
- «Oinarrizko termodinamikak eta eredu klimatikoek iradokitzen dute berotzearen ondorioz eskualde lehorrak lehorrago bihurtuko direla eta eskualde hezeak hezeago. Euri- eta lurruntze-behaketa sakabanatuetan, erantzun hori epe luzera hautemateko ahaleginak anbiguoak dira oraindik ere. Ozeanoaren gazitasun-patroiek areagotzen ari den uraren ziklo baten aztarna identifikagarria adierazten dutela erakusten dugu. 50 urtez behatutako gure lur-azaleko gazitasun-aldaketek, klima-eredu globalen aldaketekin batera, uraren ziklo global intentsifikatuaren ebidentzia sendoa erakusten dute, azaleraren berotze-maila gradu bakoitzeko % 8 ± 5eko tasa izanik. Tasa hori egungo belaunaldiko klima-ereduek proiektatutako erantzunaren bikoitza da, eta iradokitzen du uraren ziklo globalaren funtsezko areagotzea (% 16-24) gertatuko dela etorkizuneko mundu batean, 2 °C-tik 3 °C-ra beroagoa»[8].
SAC-D Aquarius sateliteak garraiatutako tresna batek (2011ko ekainean jaurtia) itsasoaren azaleko batez besteko gazitasuna neurtu zuen[9][10].
Glaziarren atzerakada ere uraren ziklo aldakor baten adibidea da: glaziarrak ezin direla prezipitazioen uretatik egunean mantendu urtzearen eta sublimazioaren ondorioz galdutakoak. 1850etik izandako glaziarren atzerakada oso esanguratsua izan da[11].
Uraren zikloa aldatzen duten giza jarduerak hauek dira:
- nekazaritza
- industria
- atmosferaren konposizio kimikoaren aldaketa
- presak eraikitzea
- basogabetze eta oihaneztatze
- putzuetako lurpeko ura mugitzea
- ibaietatik ura ateratzea
- hirigintza: uraren eraginari aurre egiteko, urarekiko sentikorra den hiri-diseinua egin daiteke
Ozeanoak ziklo hidrologikoan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsaso eta ozeanoetako gainazaleko ura, gainazalera iristen den eguzki-erradiazioak berotuta, uhin laburreko infragorriaren bandan, lurruntze-prozesu baten eraginpean dago.
Prozesu hori ozeanoen ekialdeko zonetan gertatzen da bereziki, non latitude ertainetatik datozen eta hasieran aire hotza daramaten haize alisioak jotzen duen; tropikoetara iristean, berotu egiten da, hezetasun erlatiboa jaitsaraziz.
Aire lehorra erraz lurruntzen da itsasoko ura ukitzean, eta, orduan, itsasoko aireak hezetasun erlatibo handiagoa hartzen du, asetasunera iritsi arte. Aldi berean, gainazaleko uraren lurrunketak gazitasuna areagotzen du.
Aire beroa, hezetasunez asea, igo egiten da mendebaldeko kostaldera iristean, batez ere horiek mendiak badituzte, eta hoztu egiten da prozesu adiabatikoaren ondorioz, eta gain asetu egiten da, eta prezipitazio handiak eragiten ditu.
Ozeanoaren gaineko aire bero eta hezearen ibilbide oso luzeak ere ekaitz tropikalak sortzea errazten du, eta urakan edo tifoi bihur daitezke (eremu geografikoa zein den). Urakan edo tifoi horiek euri-kantitate handiak deskarga ditzakete mendebaldeko kostaldeetan ere.
Ozeanotik urtero lurruntzen den ur kopurua 500.000 km³ ingurukoa dela kalkulatzen da (lurraren gaineko ur lurrunketa, berriz, 70.000 km³ ingurukoa dela kalkulatzen da). Ozeanoen azalera 360 milioi km² ingurukoa denez, lurruntze ozeanikoa 1 m ur inguru da urtero. Ozeanoko ur lurrunduaren zati bat (460.000 km³ urteko) prezipitazioarekin ozeanora itzultzen da, eta 120.000 km³ inguru, berriz, lurrera erortzen da. Kontinenteen gaineko prezipitazioaren eta lurruntzearen arteko aldeak (43.000 km³) ozeanorako bidea ibaien eta bestelako deskarga hedatuen bidez aurkitzen duten ur kontinentalak loditzen ditu, baita glaziarrak eta lurpeko akuiferoak elikatzen ere.
Mekanismo horrek berak gazitasun-maila handiak sortzen ditu ozeanoan; izan ere, ozeanoen lurrunketak ekialdeko eskualdeetan, mendebaldeko eskualdeetan baino gazitasun-maila handiagoak eragiten ditu ibai-deskarga handien eraginez. Ozeanoen mendebaldeko ertzetako azaleko ur ez hain gaziak baina beroak, izan ere, poloetarantz mugitzen dira; mendebaldeko ertzetako ur gaziagoak, berriz, ekuatorerantz.
Zirkulazio ozeaniko hori bateragarria da bi hemisferioetako eremu subtropikaletan antizikloi-zeinua duen zirkulazio atmosferikoarekin. Bestalde, latitude altuetan, ozeanoetako azaleko ura ere asko lurruntzen da eremu polarretatik iristen den aire hotz baina lehorraren ondorioz. Horrek, batez ere Ipar Atlantikoan, ur oso hotz eta trinkoa sortzen du, hondotik hurbil erortzen dena eta ozeanoaren sakonera handiak betetzen dituena; handik, poliki-poliki, hegoalderantz doa, inguratzen duen Antartikaren alboko eremurantz, eta hiru ozeanoak hondoko uraz hornitzen ditu.
Sakonera ertaineko urak poliki-poliki igotzen dira, munduaren inguruan egiten duten bidaian edo azkar hidrodinamikak hala zehazten duen lekuetan. Hala, kostako edo ekuatoreko azaleratze-fenomenoak gertatzen dira, eta horiek bizkortu egiten dute ziklo hidrologikoaren gorpuzkera ipar Ozeano Atlantikoan hasi eta ehunka urtera.
Interpretazio historikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lur-masa flotagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzina, pentsatzen zen lur-masa ur-masa baten gainean flotatzen zuela, eta ibaietako ur gehienak lurpean zuela jatorria. Uste horren adibideak aurki daitezke Homeroren lanetan (K.a. 800 inguru).
Hebrear Biblia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Ekialde Hurbilean, hebrear jakintsuek ikusi zuten ibaiak itsasora isurtzen baziren ere, itsasoa ez zela inoiz betetzen. Zenbait jakintsuk ondorioztatzen dute uraren zikloa ongi deskribatu zela garai hartan pasarte honetan: «Haizea hegoalderantz doa, eta iparralderantz biratzen du; etengabe biratzen du, eta haizea bere zirkuituen arabera itzultzen da. Ibai guztiak itsasorantz doaz, eta itsasoa ez da betetzen; ibaiak datozen lekura itzultzen dira»(Eclesiastés 1:6-7).[12]. Jakintsuak ez daude ados Eklesiastesen datari dagokionean, baina jakintsu gehienek data bat aipatzen dute David eta Betsaberen seme Salomon erregearen garaian, «duela hiru mila urte»[12], eta nolabaiteko adostasuna dago denbora-tartea K.a. 962-922 dela[13]. «Gainera, hodeiak beteta zeudenean, euria lurrera botatzen zutela ere ikusi zuten» (Eclesiastés 11:3). Halaber, K.a. 793-740 bitartean, Amos profeta hebrear batek esan zuen «ura itsasotik datorrela eta lurrera isurtzen dela» (Amós 5:8)[14].
Joben liburu biblikoan (K.a. VII. eta II. mendeen artekoa)[13], ziklo hidrologikoaren prezipitazioaren deskribapena dago[12]: «Zeren berak ur tantak txiki-txiki egiten baititu: euria erorarazten du bere lurrunaren arabera, eta hodeiek erortzen uzten dute, eta gizakiaren gainean destilatzen dira ugari» (Jb 36:27-28).
Prezipitazio eta perkolazioaren ulertzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ramaianako «Ādityahṛdayam»ean (Eguzki Jainkoarekiko deboziozko ereserkia), K.a. IV. mendeko epopeia hindu batean, 22. bertsoan aipatzen da Eguzkiak ura berotu eta euri moduan bidaltzen duela. K.a. 500. urtean, gutxi gorabehera, greziar adituek uste zuten ibaietako uraren zati handi bat euriaren ondorio izan zitekeela. Garai hartan, euriaren jatorria ere ezaguna zen. Hala ere, jakintsu horiek, eusten zioten lurretik igotzen zen ura, neurri handi batean, ibaiak sortzen laguntzen zuela. Pentsamendu horren adibide dira Anaximandro (K.a. 570) (zeinak ere espekulatu baitzuen lehorreko animalien eboluzioa arrainetatik sortu zela[15])) eta Xenofanes Kolofonekoa (K.a. 530)[16]. Chi Ni Tzu (K.a. 320) eta Lu Shih Ch'un Ch'iu (K.a. 239) jakintsu txinatarrek ere antzeko pentsamenduak zituzten[17].
Uraren zikloa ziklo itxia delako ideia Anaxagoras Klazomenekoak (K.a. 460) eta Diogenes Apoloniakoaren (K.a. 460) lanetan aurki daiteke. Bai Platonek (K.a. 390), bai Aristotelesek (K.a. 350) perkolazioaz espekulatu zuten uraren zikloaren parte gisa. Aristotelesek zuzen planteatu zuen Meteorologia liburuan, eguzkiak lurraren ziklo hidraulikoan zeresana zuela dioen hipotesia, eta honela idatzi zuen: «Eguzkiaren eraginez, urik finena eta gozoena egunero garraiatzen da; lurrunetan disolbatzen da, eta goiko eskualdeetara igotzen da; han, hotzak berriro kondentsatzen du, eta, hala, lurrera itzultzen da», eta hodeiak ur-lurrun hoztu eta kondentsatuz osatuta zeudela uste zuen[18][19].
Pizkunde garaira arte, oker suposatzen zen prezipitazioak, berez, ez zirela nahikoa ibaiak elikatzeko, uraren ziklo oso baterako, eta ozeanoetatik gorantz bultzatzen zuen lurpeko ura zela ibaietako ur-iturri nagusia. Bartolome Ingalaterrakoak iritzi hori (1240) defendatu zuen, baita Leonardo da Vincik (1500) eta Athanasius Kircherrek (1644) ere.
Benetako teoriaren aurkikuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bernard Palissy (1580) izan zen euria, berez, ibaiak mantentzeko nahikoa zela esan zuen lehen pentsalari argitaratua, eta hari egozten zaio, askotan, uraren zikloaren teoria modernoaren aurkitzailea izatearen meritua. Palissyren teoriak ez ziren zientifikoki frogatu 1674ra arte, Pierre Perraulti egotzi ohi zaion ikerketa batean. Orduan ere, sinesmen horiek ez ziren zientzia konbentzionalean onartu XIX. mendearen hasierara arte[20].
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://web.archive.org/web/20110818102246/http://www1.euskadi.net/euskalterm/cgibila7.exe?hizkun1=G&hitz1=ciclo%20hidrol%F3gico*&gaiak=0&hizkuntza=eu
- ↑ «Ciclo hidrológico.» LIMA-PERÚ 2011.
- ↑ Bengtsson, Lennart. (13 de diciembre de 2013). «Foreword: International Space Science Institute (ISSI) Workshop on the Earth’s Hydrological Cycle» Surveys in Geophysics 353: 485-488. doi: ..
- ↑ a b The Water Cycle summary. .
- ↑ Alley, Richard. (February 2007). Climate Change 2007: The Physical Science Basis. International Panel on Climate Change.
- ↑ Vahid, Alavian; Qaddumi, Halla Maher; Dickson, Eric; Diez, Sylvia Michele; Danilenko, Alexander V.; Hirji, Rafik Fatehali; Puz, Gabrielle; Pizarro, Carolina et al.. (2009-11-01). Water and climate change : understanding the risks and making climate-smart investment decisions. Washington, DC: World Bank, 1–174 or..
- ↑ Vahid, Alavian; Qaddumi, Halla Maher; Dickson, Eric; Diez, Sylvia Michele; Danilenko, Alexander V.; Hirji, Rafik Fatehali; Puz, Gabrielle; Pizarro, Carolina et al.. (2009-11-01). Water and climate change : understanding the risks and making climate-smart investment decisions. Washington, DC: World Bank, 1–174 or..
- ↑ Durack, P. J.; Wijffels, S. E.; Matear, R. J.. (2012-04-27). «Ocean Salinities Reveal Strong Global Water Cycle Intensification During 1950 to 2000» Science 336 (6080): 455–458. doi: . PMID 22539717. Bibcode: 2012Sci...336..455D..
- ↑ Gillis, Justin. (2012-04-26). «Study Indicates a Greater Threat of Extreme Weather» The New York Times.
- ↑ Vinas, Maria-Jose. (2013-06-06). NASA's Aquarius Sees Salty Shifts. NASA.
- ↑ (Ingelesez) Retreat of Glaciers in Glacier National Park. .
- ↑ a b c Morris, Henry M.. (1988). Science and the Bible. (Trinity Broadcasting Network. argitaraldia) Chicago, IL: Moody Press, 15 or..
- ↑ a b Metzger, Bruce M.; Coogan, Michael D.. (1993). The Oxford Companion to the Bible. New York, NY: Oxford University Press, 369 or. ISBN 978-0195046458..
- ↑ Merrill, Eugene H.; Rooker, Mark F.; Grisanti, Michael A. (2011). The World and the Word. Nashville, TN: B&H Academic. p. 430. ISBN 9780805440317.
- ↑ Kazlev, M.Alan. Palaeos: History of Evolution and Paleontology in science, philosophy, religion, and popular culture : Pre 19th Century. .
- ↑ James H. Lesher. Xenophanes' Scepticism. , 9–10 or..
- ↑ The Basis of Civilization – water Science?. International Association of Hydrological Science 2004 ISBN 9781901502572..
- ↑ Roscoe, Kelly. (2015). Aristotle: The Father of Logic. Rosen Publishing Group, 70 or. ISBN 9781499461275..
- ↑ Precipitation: Theory, Measurement and Distributio. Cambridge University Press, 7 or. ISBN 9781139460019..
- ↑ James C.I. Dodge. «Concepts of the hydrological Cycle. Ancient and modern» International Symposium OH
2 'Origins and History of Hydrology', Dijon, May 9–11, 2001.
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- El ciclo hidrológico. . Contiene un breve capítulo que sintetiza el desarrollo del concepto desde los griegos hasta nuestra época.
- Programa hidrológico internacional (PHI), Unesco. Grupo de hidrología subterránea. ].
- El ciclo hidrológico (o del agua). .
- (Ingelesez) Physical hydrology. Prentice-Hall.
- (Ingelesez) Wallace, J. H.; Hobbs, P. V.. (1977). Atmospheric science, an introductory survey. Academic Press, San Diego.
- (Ingelesez) Eaglesony, P.. (1970). Dynamic hydrology. McGraw-Hill.
- (Ingelesez) Handbook Of Applied Hydrology. McGraw-Hill, 712 or. ISBN 0-07-010811-0..
- (Portugesez) Linsley, Ray K.; Franzini, Joseph B.. (1978). Engenharia de Recursos Hídricos. Editora dá Universidade de Sao Paulo e Editora McGraw-Hill do Brasil, Ltda..