Quebeceko Askapenerako Frontea
Quebeceko Askapenerako Frontea | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | FLQ |
Mota | erakunde armatua eta erakunde politikoa |
Herrialdea | Kanada |
Historia | |
Sorrera | 1963 |
Desagerpena | 1971 |
Quebeceko Askapenerako Frontea (frantsesez: Front de Libération du Quebec) (FLQ) Quebeceko talde armatua izan zen, XX. mendeko 60ko hamarkadan jardun zuena. Quebeceko independentzia zuen helburu, eta ideologia marxista-leninista zeukan. 1963tik 1970 arte 200 indarkeriazko ekintza baino gehiago burutu zituen, zortzi pertsona hilez eta askoz gehiago zaurituz [1] [2]. Bere ekintza ospetsuena Pierre Laporte Quebeceko Lan Ministroaren bahiketa eta erailketa izan zen, 1970ean. Erakunde eta politikari ugarik "erakunde terrorista"tzat jo zuten [3]. Bere agerpena bat etorri zen Quebeceko nazionalismoaren gorakadarekin, XX. mendeko 60ko hamarkadan.
Helburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]FLQ-k "inperialismo anglo-saxoia"ren aurkako matxinada bati deitzen zuen bere adierazpenetan. Bere xede nagusiak Quebeceko independentzia Kanadatik eta errepublika sozialista baten ezarpena ziren, langile frankofonoz osatua. Argelia, Vietnam edo Kubaren borrokak eredu bihurtu ziren FLQ-rentzat, eragin nabarmena izanik bere ideologian.
Ezkerreko ikasle zein irakasle frankofono askoren artean sostengu handia eskuratu zuen Fronteak. Pierre Laporteren hilketa, baina, mugarri bat izan zen taldearen historian, eta harrezkero bere jarraitzaileen kopurua nabarmen murriztu zen.
Testuinguru politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebec Kanadako hamar probintzietako bat da. Quebeceko herritarrak frankofonoak dira nagusiki, Kanadako gainontzeko lurraldekoak anglofonoak diren bitartean. Kultura erlijiosoari dagokionez quebecetarrak katolikoak dira, eta Kanadako gainontzeko biztanleak protestanteak.
Arlo politikoan Quebeceko nazionalismoa XX. mendeko 60ko hamarkadan garatzen da. Aldarrikapen linguistikoek antolakuntza politikoa eskatzen zutelakoan, abertzale quebectarrek Mouvement Souveraineté-Association herri-mugimendua sortu zuten 1960ean, 1968an alderdi politiko abertzale bat bihurtzen dena (Alderdi Quebecarra). Kontzientzia nazionalaren garatze-prozesuan ere garrantzia handia izan zuen Charles de Gaulle presidente frantziarraren bisitak (1967an), bere "Vive le Québec libre!" (Gora Quebec Askatuta!) ospetsua bota zuenean.
Quebeceko testuinguru partikularrak hainbat arrazoi eman zituen talde independentista armatu horrek bere agerpena egin zezan probintziako panorama politikoan, 60ko hamarkadaren hasieran. Gizarte mailan, Quebeceko langileen lan baldintza txarrak, angloparlanteen eta frankofonoen arteko garai hartako desoreka ekonomikoa (anglofonoen aldekoa) eta langabezia tasaren igoera dira, besteak beste, zenbait langile, autonomo eta intelektual frankofonok matxinatzeko bultzatu zituzten arrazoietako batzuk.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taldea 1963an sortu zuten Independentzia Nazionalerako Elkartea (Rassemblement pour l'Independence Nationale) izeneko erakundearen militante batzuek. Hasiera batean independentziaren aldeko ekintza zuzenak egitearen aldekoak ziren (ikur "kolonial"en aurkako atentatuak, sabotajeak...) pertsonen aurkako eraso zuzenak saihestuz. Baina denboraren poderioz azken hauetan ere zentratu ziren. Gabriel Hudon, Raymond Villeneuve, Charles Gagnon eta Georges Schoeters ziren taldearen sortzaileetako batzuk.
1963ko martxoan Frontearen ekintzaile batzuek molotov koktelak Kanadako hiru kuartel militarren aurka jaurti zituzten, zazpi urte baino gehiago iraungo zuen indarkeriazko ziklo bati irekiera emanez. Hurrengo urteetan Kanadako erakunde militarrak, poliziak, komunikabide eta enpresa anglofonoak eta enpresaburu "traidoreak" bere helburu bihurtu ziren [4]. Georges Schoeters, Frontearen buruzagietako bat, atxilotua izan zen 1963an eta hamar urteko kartzela zigorrera kondenatu.
Lehenengo hildakoa laster etorri zen, 1963ko apirilaren 21ean, Montrealgo Kanado armadaren kuartel baten aurkako bonba baten ondorioz.
Hasierako urte horietan erakundearen kide batzuk gerrilaren tekniketan trebatu ziren Jordanian, Palestinaren Askapenerako Erakundearen (PAE) aldetik laguntza jasoz.
1969an Montrealgo burtsaren aurkako atentatua burutu zuen FLQ-k, 27 zauritu eta txikizio handia bertan eraginez.
1970eko urrian oihartzun handia izan zuten bi bahiketa gauzatu zituen: James Cross-ena, merkataritza komisionatu britainiarrarena, eta Pierre Laporterena, Quebeceko lan ministroarena. Hauek askatzeko Fronteak preso independentista guztien (23 une hartan) askatasuna eta manifestu politiko baten irakurketa exijitu zituen, baina Kanadako Gobernuak salbuespen egoera (War Measures Act) Quebecen ezarriz erantzun zuen. FLQ-k Laporte erail zuen, eta Kanadako Gobernuak 400 atxiloketa baino gehiago eta milaka miaketa egin zituen, James Cross.en askapena ere lortuz.
1970eko gertaerek Quebeceko independentzia lortzeko indarkeriazko bideari gizarte babesaren galera nabarmena ekarri zioten. Era berean, helburu bera lortzeko politika egin nahi zuen alderdi bati (Alderdi Quebectarrari) sostengu handia eman zioten Quebeceko herritarrek. Honek, FLQ-ren buruzagi askoren atxiloketek eta ihesaldiek eta beste kide batzuen adierazpen berriek (indarkeriari uko eginez) taldearen desagerpena ekarri zuten 1970ko hamarkadaren erdialdean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Torrance, Judy. Public Violence in Canada. 1988, 37 orr.
- ↑ Kelly, Stephen R. (1995). "The FLQ, A Canadian Insurgency" PDF National Defense University, National War College: 17 – via Defense Technical Information Center
- ↑ Reich, Walter. Origins of Terrorism. 1998, 88 orr.
- ↑ Separatist Group Hits at Army Montreal Gazette, March 9, 1963