Edukira joan

Boletus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Boletus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaBoletales
FamiliaBoletaceae
SubfamiliaBoletoideae
Generoa Boletus
L., 1753

Boletus onddo basidiomikotoen genero bat da zeinak 300 espezie barneratzen dituen gaur egun. Genero hau Boletaceae familian kokatzen da, Boletales ordenaren barruan eta Agaricomycetes klasean. Boletaceae familiako genero tipoa da. Familia honetako onddoak pileo eta estipedunak dira eta himenoforoa poroduna izaten da gehienetan. Gainera himenoforoa erraz banatzen da pileotik[1]. Ekologiari dagokiola ektomikorrizikoak dira [2] eta mundu osoan zehar agertzen dira[3].

Euskal Herrian perretxikotarako afizio handia dago eta  Boletus generoko onddoak oso apreziatuak izaten dira sukaldaritzan. Besteak beste onddo beltza  Boletus aereus, onddo zuria Boletus edulis eta onddo kaskabeltza Boletus pinophilus dira jasotzen diren espezie ugarienetarikoak.


Ezaugarri makroskopikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boletus generoko onddoek begi bistaz ikusgarriak diren fruitu gorputzak garatzen dituzte, hauek izaten direlarik guk jaten ditugunak. Fruitu gorputzak handiak eta konpaktuak izaten dira eta pileoa, estipea eta himenoforo poroduna daukate. Haragia sendoa da baina erraz usteltzen da eta askotan airearekin kontaktuan egoterakoan pigmentuak oxidatu egiten dira eta kolore aldaketa beha daiteke. Estipeari dagokiola, zentrala izaten da eta leuna, ezkatakara edo erretikulatua izan daiteke[4].

Pileoa

Tamaina eta forma oso aldakorrekoa da, onddo espezie berdinean ere garapen fasearen arabera ezberdina izan daitekeelarik. Formari dagokiola, hasieran hemisferikoa izaten da eta heldutasunean lau-ahurra. Trinkotasuna ere aldakorra izaten da heldutasun mailaren arabera, gaztetan konpaktua izaten da eta heldutasunean biguna eta esponjotsua. Gehienetan glabroa da[3].

Himenoforoa

Haragiaren kolorea ezaugarri oso garrantzitsua izaten da Boletus-ak ezberdintzerako orduan nahiz eta hezetasun mailaren arabera basidiokarpoaren kolorea aldatzen den. Deshidratazio egoeretan kolorea apaldu egiten da.

Boletus espezie asko moztu edo igurztean pigmentuen oxidazioa ematen da eta ondorioz haragiak kolore urdina hartzen du[5]. Baina kolore aldaketa ez da Boletus guztietan ematen, adibidez Boletus edulis zuri mantenduko da.

Haragiaren usaina ez da oso karakteristikoa izaten nahiz eta espezie batzuk usan bereizgarria daukaten, adibidez Boletus satanas-en ale helduek usain desatsegina daukate[4].

Estipea

Zentrala da eta tamaina aldakorrekoa, espezie batzuetan estipearen diametroa pileoarena baino handiagoa izaten adibidez onddoak gazteak direnean (B. edulis eta B. aereus). Estipearen forma ez da ezaugarri konstante bat izaten nahiz eta askotan klabiformea den. Konsistentziari dagokiola fibrotsua izaten da eta ez hutsa.

Estipearen apaindurak oso garrantzitsuak dira ezaugarri taxonomiko moduan (leuna, puntuduna, eskamotsua, erretikulatua...)[4]

Ezaugarri mikroskopikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Himenoforoan elementu ezberdinak daude sailkapen taxonomikoa egiteko baliagarriak izan daitezkeneak. Genero honetako onddoen basidioei dagokienez, forma klabiformea daukate eta normalean lau esterigma aurkezten dituzte, nahiz eta batzuetan bi esterigma edo bakarra izan dezaketen, B. edulis moduan. Hortaz, ez dira taxonomikoki oso erabilgarriak.

Basidioetatik esporak sortzen dira eta forma zein tamaina aldakorrekoak dira, gehienetan fusiformeak izanik eta sargune subhilarra aurkezten dute. Oro har pareta lodi samarra eta leuna izaten dute eta kolore okre-marroia daukate. Hau dela eta Boletus-en espora-jalkina marroi-oliba kolorekoa izaten da.

Azkenik basidioen artean elementu antzuak kokatzea ohikoa izaten da, hauek zistidio izenarekin ezagutzen dira eta hezetasuna mantentzen laguntzen dute, esporen dispertsioan eta organo eskretatzaile modura ere funtzionatzen dute. Forma nahiko antzekoa izaten da Boletus guztietan eta hori dela eta ez dira ezaugarri taxonomiko moduan erabiltzen[4].

Banaketa eta ekologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar hemisferioan oso ohikoak dira Europan, Asian eta Ipar Amerikan. Aldiz, hego hemisferioan ez dira naturalki hazten, baina Afrika hegoaldean, Australian eta Zeelanda Berrian aurkitu daitezke izan ere bertako ekosistemetan sartu izan dira. Klima epeletan ohikoak dira eta klima mediterraneoarrean ere azaltzen dira.

Ektomikorrizak garatzen dituzte eta espezie batzuen kasuan nahiko espezifikoak izaten dira. Adibidez Boletus aereus espeziak Quercus espezieekin soilik sortuko dituzte. B.edulis-ek aldiz konifera eta hostozabalekin.

Lurzoruaren ezaugarriak ere garrantzitsuak dira Boletus-entzat. Lurzoru basofiloetan Boletus torosus, B. rubrosanguineus, B.satanas, B. radicans etb agertuko dira eta azidofiloetan adibidez B.edulis[4].

Fenologiaren aldetik, udaberri hasieratik negu hasierara emango dituzte fruitu gorputzak, euri kopuru eta maiztasunaren arabera arinago edo beranduago fruktifikatuko dutelarik. Udazkenean daukate tontorra gehienek nahiz eta uda euritsua izan bada, urtaro bukaeran onddoak ikus ditzakegu. B. aestivalis apur bat ezberdinagoa da izan ere gainerako Boletus-ak baino hilabete lehenago hasiko da fruktifikatzen, ekaina-uztaila inguruan hain zuzen ere[6].

Espezie jangarriak eta pozoitsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jangarriak diren Boletus espezieen artean kalitate handiko onddoak dira B.edulis eta B.aereus adibidez. Espezie batzuk soilik jan daitezke sukaldatu ostean, adibidez Boletus erythropus[2].

Onddo beltza Boletus aereus

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jateko oso apreziatua da eta gaztainondo, arte eta haritzak bezalako hostozabalek osaturiko basoetan agertzen da.

Pileoa kolore arre eta ilunekoa da, brontze ukituekin, ia beltza ere izan daitekelarik. Himenoforoak kolorea zuria izaten du gaztetan eta heldu ahala horitu egiten da. Haragia aldiz, kolore zurikoa da eta moztean ez da urdintzen.

Boletus aereus onddoa

Estipeari dagokiola, lodia eta mardula da, kolore marroi argikoa edo pileoaren kolore bedineko eta erretikulu marroia du[7].

Onddo kaskabeltza Boletus pinophilus

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso apreziatua da sukaldaritzan eta antzekotasun handia duen B.aereus-ekin konfunditu daiteke. Onddo kaskabeltzaren pileoa gorrixkagoa da eta urteekin poroek zein estipeak kolore marroia hartzen dute. B.edulis-ek aldiz, pileoa lirdingatsua izaten du.

Boletus pinophilus onddoa


Hostozabal zein konifero basoetan ohikoa izaten da[7].


Onddo zuria Boletus edulis

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Onddo zuriaren usaina oso atsegina da eta zaporea hurrek dutenaren antzekoa. Txapelaren kolorea marroi kolorekoa izaten da, kutikula distiratsua dauka eta egun hezeetan likatsua bihurtzen da. Hodien eta poroen kolorea berdina da, hasieran zuriak eta gero gris-horixkak, eta ez dira urdintzen ukitzean.

Estipearen oinarria gaztetan oso lodia izaten da, baina denborarekin zilindrikoa bihurtzen da. Zuria da eta orbain marroiak dauzka. Goiko aldean erretikulu ahula dauka.

Boletus edulis onddoa

Hostozabalez zein koniferez osaturiko basoetan agertzen da[7].

Udako onddo zuria Boletus aestivalis

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

B.edulis-ekiko antzekotasun oso handia dauka, baina udako onddo zuriaren pileoa apur bat gorritzen da eta kutikula sikua izaten da. Aldiz, B.edulis ez da gorritzen eta lirdingatsua da. Haragia zuria da ez zaio kolorea aldatzen.

Estipeari dagokiola sendoa eta zilindrikoa da, eta luzeera osoan kolore marroiko erretikulu ikusgarria izaten du.

Boletus aestivalis onddoa

Hostozabalez osatutako basoetan agertzen da, nahiz eta noizbehinka konifero-basoetan ere azaltzen den[7].


Onddo hankagorria Boletus erythropus  

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jateko ona da nahiz eta ondo sukaldatu egin behar den izan ere, osagai toxikoak dauzka eta gordinik ez jatea gomendatzen da. Usain gutxi dauka baina zapore goxoa.

Pileoa lehorra da eta kolore marroi-ilun edo marroi-beltzekoa. Poroen kolorea aldiz, gorri-purpura izaten da tuboak horiak izan arren eta poro tamaina nahiko txikia da. Haragiak airearekin kontaktuan jartzean kolore urdina hartzen du.

Estipea zilindrikoa da, oinarrirantz zabaltzen delarik. Horia da eta pikor gorrixkak ditu eta ukitzean erraz urdintzen/iluntzen da. Hankaren beheko aldean kolore gorri-ardotsua duen B. queletii eta txapel gorria daukan B. dupainii espeziekin konfunditu daiteke.

Boletus erythropus onddoa

Hostozabal erorkorrez osatutako basoetan zein hosto-iraunkorrekoetan aurki daiteke[7].

Queletii onddoa Boletus queletii

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da oso apreziatua jateko eta denbora luzean sukaldatu beharra dago. Usain goxo eta zapore azido samarra dauka.

Himenoforoaren tutuak kolore horikoak dira eta poroak hasieran gorri-horixkak izaten dira gero odol-kolorekoak bilakatzen direlarik. Poroen tamaina nahiko txikia da eta ukitu bezain laster urdintzen dira.

Estipeari dagokiola, laua eta erretikulurik gabekoa eta zilindrikoa da. Goiko parteak kolore hori bizia dauka eta beheko aldean erremolatxa-gorri kolore bereizgarria hartzen du.

Boletus queletii onddoa

Hostozabal eta konifero basoetan ohikoa da[7].


Satan onddoa Boletus satanas

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian ezagutzen den Boletus espezie toxikoa da.Usan desatsegina daukan onddoa da, digestio aparatuan arazoak sortzen dituelarik, ez da oso ohikoa izaten basoetan.

Kutikula leuna gris edo zuri zikina edota berde-oliba kolorekoa da. Hodiak hasieran horiak dira eta zahartzerakoan hori berdeak. Poroak hasieran horiak izaten dira ere baina heldutasunean kolore laranja gorriak edo odol kolorekoak, ukitzerakoan urdindu egiten dira. Estipea motza eta oso zabaldua da, gaztea denean tonu horixka du eta erdialdea gorria, zahartzerakoan kolore gorria nagusitzen da eta sare gorri batez apaindua azaltzen da. Mamia zuria da tonu horiekin eta ebakitzean apur bat urdintzen da.

Boletus satanas onddoa

Uda-udazkenean fruktifikatzen du hostozabaleko basoetan, bereziki Quercus generoko zuhaitzekin elkartuta dago[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Hibbett, David S.; Binder, Manfred; Bischoff, Joseph F.; Blackwell, Meredith; Cannon, Paul F.; Eriksson, Ove E.; Huhndorf, Sabine; James, Timothy et al. (2007-05-01) «A higher-level phylogenetic classification of the Fungi» Mycological Research (5): 509–547 doi:10.1016/j.mycres.2007.03.004 ISSN 0953-7562.
  2. Botánica (2a. ed. argitaraldia) McGraw-Hill 2004 ISBN 8448606094 PMC 503371633.
  3. 1907-1986., Alexopoulos, Constantine John, (1996) Introductory mycology (4th ed. argitaraldia) Wiley ISBN 0471522295 PMC 33012821.
  4. Antonio., Munoz, Jose (2005) Boletus s.l. : excl. Xerocomus : Strobilomycetaceae, Gyroporaceae, Gyrodontaceae, Suillaceae, Boletaceae (2d edition. argitaraldia) Edizioni Candusso ISBN 8890105763 PMC 68890686.
  5. 1925-, Webster, John, (2007) Introduction to fungi (3rd ed. argitaraldia) Cambridge University Press ISBN 0521807395 PMC 74942051.
  6. Guía de Setas y Hongos de Navarra.
  7. Luis., Albizu, José (D.L. 2009) Setas de la comarca de Urola Kosta "guía para conocer las características de los hongos e identificar las distintas especies de la comarca" Ayuntamiento de Zarautz ISBN 9788493574369 PMC 733769932.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]