Charles Maurice de Talleyrand-Périgord
Charles-Maurice de Talleyrand-Périgord (Paris, 1754ko otsailaren 2a - Paris, 1838ko maiatzaren 17a), ezagunagoa Talleyrand gisa, frantses politikaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Talleyrand-Périgordeko kondearen semea zen. Herren geratu zen haurtzaroan izandako istripu baten ondoren, eta gudarostean sarrerarik ez zuelarik, seminarioan sartu zen, bokaziorik ez zuen arren. Apaiztu ondoren, goi-karguak izan zituen, aristokrata zelako eta, Autungo apezpiku egin eta gero (1788), kleroaren ordezkari izendatu zuten, 1789ko Estatu Orokorretarako.
Ideia berrien alde jokatu zuen hasieratik: biltzar bakar baten beharra aldarrikatu zuen, konstituzio berriaren alde egin zuen eta Elizaren ondasunak estatuaren eskuetara igarotzearen alde mintzatu zen. Kleroaren konstituzio zibila aldarrikatu ondoren (1790), konstituzioaren aldeko apaizen buruzagi bihurtu zen eta Autungo apezpiku-kargua utzi zuen. Pio VI.a aita santuak kondenatu egin zuen horregatik eta Eliza utzi zuen.
Diplomazia-lanetan hasi zen ondoren eta Ingalaterrara bidali zuten, britainiarren neutraltasuna lortzeko. 1792an, Orléansgo dukearen aldeko lanetan ari zelako salaketa egin zioten, eta Ingalaterran eta Estatu Batuetan babestu zen handik aurrera.
Robespierre hil ondoren (1794), Frantziara itzuli eta Kanpo Harremanetarako ministro izendatu zuten. Kargu berean segitu zuen 1799an, Napoleon Bonapartek estatu-kolpea jo ondoren eta Eliza Katolikoarekiko konkordatua negoziatu zuen. Titulu asko jaso zuen Napoleongandik hurrengo urteetan: besteak beste, Bénéventeko printze titulua. 1807an, kargu guztiak kendu zizkion Napoleonek, haren kanpo-politika onartzen ez zuelako, eta 1809an Napoleonen aurka saiatu zen, baina alferrik.
1814an, Napoleonen agintaldia amaitu ondoren, politika-mundura itzuli zen eta kanpo-arazoetako ardura hartu zuen gobernu berrian. Vienako Batzarrean parte hartu zuen eta aliatuak zatitzen saiatu zen. Ahalegin haiek hutsean geratu ziren Napoleonen estatu-kolpearen ondoren (1815ko apirila), eta gerokoan monarkia berriro ezartzearen alde gogotik jardun arren, baztertu egin zuten erregezale muturrekoek. Enbaxadore aritu zen Londresko konferentzian 1830etik 1831ra bitartean.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charles Maurice de Talleyrand-Périgord |