Etxe-txolarre
Etxe-txolarre | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Passeridae |
Generoa | Passer |
Espeziea | Passer domesticus Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Habitat | baso, Sastrakadi, hezegune eta larre-belardi |
Zabalera | 239 mm |
Kumaldiaren tamaina | 2 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Etxe-txolarrea (Passer domesticus) passeridae familiako hegazti paseriforme bat da, jatorriz ia Eurasia osokoa, gizakiaren laguntzaz ia mundu osora zabaldua.[1] Izan ere, gizakiarekin erlazionatzen jakin izan du, eta, horregatik, egun hegaztirik hedatuenetakoa da.
Izen arruntak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz, erdaretan bezala, izen arrunt ugari ditu. Euskara baturako, etxe txolarre edo etxe-txolarre hartu da,[2] baina euskalkiz euskalki, anitz dira: artatxori, burrigoi, burringoi, burrugoi, eletxori, eliza-txori, eliz txori, erretxori, etxe-txori, errota-txori, etxaxori, etxe-sori, etxe-xori, etxolar, gala-txori, galar-txori, galtxori, garraio, gurrigoi, gurringoi, itxe-txori, karatxori, karrato, kurloe, kurloi, kurriloe, lastatxori, murruxori, murrutxori, ormatxori, pareta-txori, pareta-xori, parra-txori, parra-xori, patxi-zarra, torratxori, torre-txori, torrotxori, torrutxori, ttau, ttau-ttau, txao, txau, txau-txau, txoarre, txolarre, txori arre, xoarre, xori.[3]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegazti txiki bezain sendoa da; burua proportzionalki nahiko handia du eta moko gogorra. Hegaldi traketsa duela esaten da eta lumadi ugariak ordenarik gabekoa dirudi askotan.
Kolore arreak nagusi dira, eme eta gazteetan apalak, baina ar helduek kontraste handiagoa dute. Bizkarrazldea marroi iluna dute, marra beltzez betea, eta sabelalde grisa. Arrek bularraldetik mokoraino orban beltz bat dute, udan nabariagoa, eta buru-gain grisa (ezaugarri horrengatik txolarre ilunarekin erraz desberdin daiteke). Emeek eta gazteek zerrenda superziliar marroi argia izaten dute askotan[4].
Dimorfismo sexuala lumetan ez ezik, tamainan ere dago: arren hegalak batez beste 76,2 mm luze dira ditu eta emeenak, aldiz, 74,3 mm . Pisuari dagokionez, batez besteko balioa 27,59 g da.
Kantua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxe-txolarrea espezie iskanbilatsua da, batez ere taldeka biltzen denean. Horrelakoetan kantu monosilabiko tipikoa egiten du, txip-txip edo txirr-r-r modukoa. Ugalketa-garaian soinu horien bariazioak egiten ditu.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Agian jatorria Mesopotamia ingurukoa du: hor, azken glaziazioan bertan babestuta geratu omen ziren. Gainera, bertan nekazaritza sortu zenez, gaur arte dirauen gizakiaren eta etxe-txolarrearen arteko harremanari hasiera eman zitzaion [5]. Erlazio horrek hedapena erraztu zion, eta egun Palearktikoan (Europa, Afrikako iparraldea, Asiako mendebaldea, Siberia, Txinako iparraldea eta Japonian), Ekialdeko eskualdean (Asia tropikalean) eta eskualde etiopiarrean (Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Arabiako hegoaldean) aurki daiteke[6]. Horrez gain, itsas mailatik 4.500 metroraino hedatuta dago[7]. Horren ondorioz, banaketa handiena duen hegaztia da, itxura osoz.
Etxe-txolarrea hegazti sedentarioa da, urte osoan gizakiarengandik gertu bizi dena. Halere, ez dago argi benetako migraziorik egiten duen. Izan ere, ale batzuek Gibraltar edota Pirinioak zeharkatzen dituztela ikusi da, baina ez da argitu benetako migrazioak diren ala sakabanatze mugimendu soilak[8].
Hiri handietako erdiguneetan bizi diren txolarre helduak ez dira ia mugitzen haien kolonia inguruetatik. Ordea, hiri hazi haietako periferietan eta herri txikietan bizi direnak hiritartu gabeko guneetara hurbiltzen dira egunean zehar, elikagai bila batez ere (Bernis, 1989).
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxe-txolarrearen eta gizakiaren arteko harremana estua da, habitataren hautaketan argi ikusten denez: gizakia urte osoan bizi den inguruei lotuta dago, are gehiago abereak inguruan badaude[9]. Bestela, hezegune, baso eta sastrakadietan nekez ibiltzen da.
Habia zuloetan edo adaburuetan eraikitzen du. Zuloetan egiten duenean, irekia izaten da, baina adarren artean egiten duenean, itxia, zulo bakar batekin.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie orojale eta oportunista da, hau da, aurkitzen duen ia gehienaz elika daiteke, baina belarrak eta ornogabeak hobesten ditu[10]. Dena dela, hiri handien periferietan eta herri txikietan bizi diren etxe-txolarreak inguruko hiritartu gabeko guneetan bazkatzen dira, eta eremu horien araberakoa izaten da hegaztion dieta. Horrela, hirietako txolarreek parkeetako belarrak eta zuhaitzetako fruituak edo haziak jaten dituzte batik bat, baina landa inguruetakoek zekale aleak eta hondakinak.
Ugalketa eta ontogenia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugalketa aroa apiriletik uztaila artekoa da; alabaina, araldia urte osoan zehar da. 1etik 9ra arrautza bitartean erruten dituzte, eta urtean zehar 1-5 errunaldi egoten dira. Inkubazioak 11-19 egun dirau eta arrek zein emeek hartzen dute parte. Txitak jaiotakoan, 13-16 egunez bazkatzen dituzte eta gero habia uzten dute.
Bizimodua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxe-txolarrea espezie taldekoi eta monogamoa da eta bikoteak bizitza osoan iraun dezake. Hala eta guztiz ere, poliginia maiz ikusten da, hau da, arrak beste eme batzuekin ikusten dira[11]. Bikoteak 6 eta 20 bikote artekoak izaten diren kolonietan biltzen dira.
Espezieen arteko elkarrekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batzuetan, etxe-txolarreak eta landa-txolarreak (Passer montanus) habi eta elikagaiengatik lehian ibiltzen dira. Horrelakoetan, etxe-txolarrea oldarkor agertzen da (landa-txolarreak hiltzera ere irits daiteke) eta landa-txolarrea ingurune traketsagoetara bidaltzen du[12]. Habi kutxengatik, kaskabeltz handiarekin (Parus major) ere lehian ikusi izan da, bai eta arratoiekin ere, zuloengatik[13]. Inoiz, etxe-txolarreak eta txolarre ilunak (Passer hispaniolensis) talde beretan ikusi izan dira.
Etxe-txolarrearen hainbat espezieren harrapakinak dira: habietan arratoiak, eskulapioren eta eskailera sugeak, soro muxarrak, etxe-saguak, lepitzulia eta mika; gainontzean hontz zuriak, urubiak, eskinosoak, mozoloak, mirotz urdina, zuhaitz belatza...
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxe-txolarrearen azpiespezieak bi multzotan banatzen dira:
- domesticus multzoa
- indicus multzoa
- Passer domesticus hyrcanus, Zarudni eta Kudashev, 1916
- Passer domesticus bactrianus, Zarudni eta Kudashev, 1916
- Passer domesticus parkini, Whistler, 1920
- Passer domesticus indicus, Jardine and Selby, 1831
- Passer domesticus hufufae, Ticehurst and Cheeseman, 1924
- Passer domesticus rufidorsalis, Brehm, 1855
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ Barrows, Walter B.. (1889). «The English Sparrow (Passer domesticus) in North America, Especially in its Relations to Agriculture» United States Department of Agriculture, Division of Economic Ornithology and Mammalology Bulletin (Washington: Government Printing Office) (1).
- ↑ Hala dator Elhuyar eta Zehazki gaztelania-euskara hiztegietan, bai eta Euskalterm terminologia bankuan ere.
- ↑ Plazido MUXIKA BERRONDO: Diccionario castellano-vasco, Mensajero, 1965.
- ↑ Cramp, 1988; Mullarney et al, 2010
- ↑ Murgui, 2011
- ↑ Cramp eta Perrins, 1994; Hudde, 1997; Murgui, 2011
- ↑ Summers eta Smith, 2009
- ↑ Snow et al, 1955; Bernis, 1989; Frias et al, 2009
- ↑ Bernis, 1989
- ↑ Cramp eta Perrins, 1994; Hudde, 1997
- ↑ Veiga, 1992
- ↑ Cordero eta Senar, 1990
- ↑ Faus eta Vericad, 1985; Barba et al, 1995