Edukira joan

Flandria

Koordenatuak: 51°00′N 4°30′E / 51°N 4.5°E / 51; 4.5
Wikipedia, Entziklopedia askea
Flandes» orritik birbideratua)
Flandria
Vlaanderen
Txantiloi:Herrialde info Belgika, Frantzia, Herbehereak
Administrazioa
Estatua Belgika
HiriburuaBrusela
Geografia
Koordenatuak51°00′N 4°30′E / 51°N 4.5°E / 51; 4.5
Azalera13.522 km²
Demografia
Dentsitatea478,63 bizt/km²
GentilizioaFlandriar, flandestar, flamenko[1]
Informazio gehigarria
Hizkuntza ofizialakNederlandera
www.vlaanderen.be

Flandria[2] (nederlanderaz: Vlaanderen; frantsesez: Flandre; alemanez: Flandern) —izen historiko gisa Flandes ere erabil daiteke[2]Belgika osatzen duten eskualdeetako bat da, Valonia eta Bruselarekin batera. 13.522 kilometro koadroko eremua hartzen du eta 2016ko urtarrilaren 1ean 6.471.996 lagun bizi ziren bertan[3].

Sakontzeko, irakurri: «Flandriako konderria»

Neolitoan biztanleak izan arren, erromatarren eskutik iritsi dira Flandesen historiaz idatziriko lehen testuak. Herri zeltak bizi ziren bertan K.a. I. mendean, Zesarrek lur haiek beretzat hartu zituenean. K. o. I. mendean Belgica Secunda probintzia erromatarreko zatia izan zen. Erromako Inperioaren mugan egon zen betiere, eta III. mendearen bukaeran izan ziren herri frankoen lehen eraso bortitzak: bertako zelta erromatartuak hegoalderantz bultzatu zituzten eta V. mendearen hasieran finkatu zen lurralde haietan franko-germaniar latindu gabeen eta erromatartuko galiarren arteko muga, gaur egungo flandriaren eta waloien artekoa gutxi gorabehera. Iparraldeko franko haiek dira gaurko neerlandarrak (flandriarrak eta herbeherearrak).

Merovingiarren garaian (V.-VII. mendeak) flandriar konderri txikiak sortu ziren eta karolingiarren garaian (VIII.-IX. mendeak) indartu ziren konderri haiek. IX. mendean gogortu ziren herri normandiarren erasoak eta frankoek muga herri bat ipini zuten Flandesen. X.-XVI. mendeen artean garrantzi handia izan zuen Flandriako konderriak bai industrian eta baita merkataritzan ere, eta areago politikan.

Brujas eta Sluis izan ziren Flandriako konderriaren lehen gune (Municipium Flandrese), 862an Mendebaldeko Frantziaren zergapeko gisa sortua. X. mendean, Balduin III.ak industria, batez ere ehungintza, bultzatu zuen eta enperadorearen esku zeuden Ganteko feudoa eta beste zenbait lurralde erosi zituen. Antzinako konderria, batzuetan Frantziako Erresumaren eta bestetan Germaniako Erromatar Inperio Santuaren mende egon zen. 1191-1246 bitartean, Hainauteko konderriari lotua egon zen. Balduin IX.ak (1194-1205) Lehen Gurutzadan parte hartu zuen eta Konstantinoplako Inperio Latindarreko errege izan zen. Frantziak konderria bere eskumenean jartzeko egin zituen ahaleginak hutsean utzi zituen Eduardo III.a Ingalaterrakoak.

1385ean Flandriako konderriak eta Borgoinako dukerriak bat egin zuten ezkontza bidez; 1477an Austriako Etxearen eta 1566an Espainiaren eskuetara igaro ziren. 1659. eta 1713. urteen artean, frantsesek eskualde batzuk hartu zituzten, eta Flandes frantsesa eratu zen. Gainerakoa frantsesek hartu zuten 1794ean. 1815ean, Vienako Batzarraren bidez, Herbehereetako Erresuma Batuaren parte izan zen 1830 arte; orduan Belgikaren mendera igaro zen.

Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan oso gatazka garrantzitsuak izan ziren lurralde horietan, eta kalte handiak izan zituzten. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eskualdeak izugarrizko aldaketa jasan zuen: XIX. mendean nekazal eskualde izatetik, eskualde oparoa izatera pasa zen. Hezkuntza, giro soziala eta emankortasun handia aldaketaren ardatzak ziren.

Iparralde eta ekialdean Herbehereekin du muga, mendebaldean Frantziako Nord-Pas-de-Calais eskualdearekin eta Ipar itsasoarekin, eta hegoaldean Valoniarekin. Flandriako zabaldia, Artoisko muinoen eta Eskalda ibaiaren bokalearen artean hedatzen dena, lurralde laua da oso. Klima heze samarra da (600-800 mm, euria urte osoan banatua), uda freskoak eta neguak ez oso hotzak, itsaso hurbilaren eraginak epeldu egiten dituelako.

Bi eskualde nagusi bereizten dira, oro har: Itsasaldeko Flandes eta Barnealdeko Flandes. Ipar itsasoaren erasoari aurre eginiko zerrenda mehar batean (15 km) luzatzen da Itsasaldeko Flandes. Mendeetan zehar gizakiak egituratu eta sendoturiko hondartza aldeetan portu guztiz garrantzitsuak eraiki dira bertan (Zeebrugge, Ostende). Barnealdeko Flandes kostaldekoa baino garaixeagoa da; batez beste 150 metroko muinoak zabaltzen dira. Historian zehar ehungintzari loturiko hiri txikiak daude Barnealdeko Flandesen (Roubaix, Tournai, Gante). Yser, Leie eta Eskalda ibaiek gurutzatzen dute, mantso, Barnealdeko Flandes. Gisa berekoak dira Anberes, Brabante eta Linburgoko herrialdeak.

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualdeko botere legegilea Flandriako parlamentuaren (nederlanderaz: Vlaams Parlement) esku dago. 124 kide dauzka; 118 Flandriako bost probintzietan hautatzen dira eta beste seiak, Bruselan.

Alderdia 1995-1999 1999-2004 2004-2009 2009-2014 2014-2019
Volksunie/VU-ID/N-VA 9 12 5 17 43
Christen-Democratisch en Vlaams 37 30 29 31 27
VLD/Open vld 27 27 25 22 19
SP/sp.a 26 20 22 19 18
Agalev/Berdeak! 7 12 7 7 10
Vlaams Blok/Vlaams Belang 17 22 29 19 6
Union des Francophones 1 1 1 1 1
Libertair, Direct, Democratisch - - 4 7 -
Spirit/Vl.Pro - - 2 - -
besteak - - - 1 -

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Probintzia Hiriburua Barrutiak Udalerriak Eremua (km²) Biztanleria
(2016-01-01)
1  Anberes (Antwerpen) Anberes (Antwerpen) Anberes, Mechelen, Turnhout 70 2.867 1.821.742
2  Linburgo (Limburg) Hasselt Hasselt, Maaseik, Tongeren 44 2.414 862.798
3  Ekialdeko Flandria (Oost-Vlaanderen) Gante (Gent) Aalst, Dendermonde, Eeklo, Gante, Oudenaarde, Sint-Niklaas 65 2.991 1.485.360
4  Flandriako Brabante (Vlaams-Brabant) Leuven Halle-Vilvoorde, Leuven 65 2.106 1.121.081
5  Mendebaldeko Flandria (West-Vlaanderen) Brujas (Brugge) Brujas, Diksmuide, Ypres, Kortrijk, Ostende, Roeselare, Tielt, Veurne 64 3.125 1.181.015

Flandriar nazionalismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Flandriar nazionalismo»

Flandriar mugimendua (nederlanderaz: Vlaamse Beweging) izeneko higikunde politikoak Flandriarentzat autogobernu handiagoa edo independentzia galdatu, eta bertako kultura —hizkuntza bereziki— babestu nahi du. Alderdi independentista nagusiak Vlaams Belang, eskuin muturrekoa eta xenofoboa, eta Nieuw-Vlaamse Alliantie, kontserbadorea, dira[4]. Christen-Democratisch en Vlaams alderdiko demokrata-kristauek, VLD-ko liberalek eta SLP-ko ezkertiarrek, berriz, antolakuntza konfederala nahi dute Belgikarako.

Bestalde, gaur egungo Flandria eskualdearen mugak eta Erdi Aroko Flandriako konderriarenak ez datoz bat; izan ere, azken horren barnean zeuden Westhoek lurraldea (egun Frantziako Nord departamenduan) eta Zeelandaren hegoaldea (Herbehereak)[5].

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, nekazaritza (ehun landareak) abere hazkuntza (ardi azienda), hari loturiko ehungintza (artilea eta lihoa) eta merkataritza (Ipar itsasoko portuak, Anberes batez ere, eta barnealdeko Erdi Aroko hiriak) izan dira ekonomiaren oinarriak. Mendebaldeko Europako iraganbideen eta, geroago, Britainia Handiaren eta Ameriketaren merkataritza bideen erdian zeudenez, berebiziko garrantzia hartu zuten Flandriako hiriek Behe Erdi Arotik aurrera.

Gaur egun, Belgikako eskualderik aberatsena da. Ekonomia ehungintzari eta merkataritzari lotzen zaio, eta esportazioak garrantzi handia du; izan ere, Flandriako biztanleko esportazio tasa munduko handiena da. Nekazaritza moldeak guztiz modernoak dira, eta nekazal produktu batzuek, gaztak, garagardoak, ospe handia dute. Industria garrantzitsua da (industria arina eta kimika industria), eta turismoa hiri nagusietan eta itsasertzean biltzen da.

Eraikuntza zibiletan (gazteluak, jauregiak, belfrie edo dorreak eta udaletxeak) iritsi zuen gorena Flandriako arkitekturak, erromanikoak (Tournaiko katedrala) eta gotikoak. XVI. mendetik aurrera hasi ziren Italiako Pizkundeko moldeak zabaltzen eta garrantzi berezia hartu zuen, ondoren, Flandriako barrokoak. Eskultore oso onak izan ziren XIII.-XVIII. mendeetan, baina margolariek famatu dute, batez ere, Flandesen izena: Jan van Eyck, Rogier van der Weyden, Hugo van der Goes, Jan Brueghel Zaharra, Peter Paul Rubens, Antoon van Dyck, Pieter-Jozef Verhaghen…). XV. mendeko musikari garrantzitsua izan zen Johannes Ockeghem. XVI. mendean ugari izan ziren Flandesen humanistak, matematikalariak eta lege gizonak. Bertako hizkuntza nederlandera da.

Udaberrian, txirrindularitza proba garrantzitsuak egiten dira: Flandrian Zehar, Gante-Wevelgem eta, ospetsuena, Flandriako Tourra.

Flandriar ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindiaren txostena Exonimiaz.
  2. a b Euskaltzaindiaren 154. araua: "Europako eskualde historiko-politiko nagusiak"
  3. a b c d e f Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman biz izeneko erreferentziarako
  4. Eskuin independentistak irabazi ditu Flandriako hauteskundeak. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-03-31).
  5. Lur entziklopedietatik hartua.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]