Lurpeko burdinbidea
- Artikulu hau ezkutuko ibilbide-sareari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Underground Railroad».
Lurpeko burdinbidea (ingelesez: Underground Railroad) XIX. mendean Hegoaldeko Estatu Batuetako plantazioetatik Iparraldeko estatuetara edo Kanadara afroamerikar esklabo iheslariei laguntzeko antolatu zen ezkutuko ibilbide sarea izan zen.
Sare honen izendapenaren arrazoia, ezkutuko jarduera zenez, esklabo jabe eta ehiztariak ez ohartzeko asmoz, antolatzaileek burdinbideari buruzko metaforak erabiltzean datza. Adibidez, gidariak edota makinariak Hegoaldeko estatuetan esklabo iheslariei ihes egiten laguntzen zieten pertsonak jasotzen zuten izendapena zen. Gidariek esklabo iheslariei mozorroak, mapak, non babestu eta lo egin, eta batzuetan ihes egiten ere laguntzen zieten. Gidari hauek borondate irmo eta kastako gizaseme ausartak izan ohi ziren, garai hartan Hegoaldeko estatuetan esklabo iheslariak ezkutatu edo haiei ihes egiten laguntzea oso delitu larria baitzen, maiz heriotzarekin zigortua.
Bestelako izendapenak honakoak ziren: bidaiariak = esklaboak, errailak = ihesbideak , geltokiak = gordeleku edo babeslekuak, Geltoki Nagusia antolakuntzaren egoitza nagusia, eta helmuga Iparraldeko estatuak edo Kanada.
Ezkutuko jarduera zenez, maiz lurpeko burdinbideko kideak elkarren artean ezizenez bakarrik ezagutzen ziren, betiere haietako baten bat atzeman eta gainontzekoen nortasuna aitortuko balu, guztien segurtasuna kinka larrian jarriko bailuke. Era berean, gidariek esklabo iheslariei been nortasuna nahiz sarearen izatearen berri sekretupean izateko zin eginarazten zieten.
Berharbada, lurpeko burdinbideko kiderik ezagunena Harriet Tubman, ezizenez Esklaboen Moises, abolizionista izan zen. Maryland estatuko plantazio batean esklabo gisa jaio eta 1848an Iparraldera ihes egitea lortu zuen. Orduan, lurpeko burdinbidera gidari lanak egiteko elkartu eta hurrengo urteetan zehar Hegoaldeko estatuetara 19 aldiz ezkutukako joan-etorriko gidari lanak burutu zituen, guztira ehundaka esklaboei Iparraldera ihes egiten lagunduz. Esklabistek Tubman bizirik ala hilik atzemateagatik diru-saria ipintzera ere iritsi ziren, baina Tubmanek bere gidari lanetan buru-belarri jarraitu zuen.
Behin AEBetako Gerra Zibila (1861-1865) amaitu eta esklabotza herrialde guztiak ofizialki ezeztatzean, lurpeko burdinbidea ere desegin egin zen. Gerra garaian ere, lurpeko burdinbideko kideek ordurako zuten beren eskarmentu eta lurraldeei buruzko ezagutzari esker, Iparraldeko Armadari lagundu zioten.
Lurpeko burdinbidearen urte luzeetako ezkutuko lanak milaka esklabo askatu eta iritzi publikoan kausa abolizionista hedatzea eragin zuen.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- A study of the Underground Railroad. (Ingelesez)