Edukira joan

Mongolen Inperioa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Mongoliar Inperioa» orritik birbideratua)

Mongolen Inperioa
Ikh Mongol Uls
1206 – 1294
Hautazko monarkia
Timuridoen dinastiako bandera

Timuridoen dinastiako armarria

Inperioaren hedapena
Geografia
HiriburuaAvarga
Karakorum
Dadu (egungo Beijing)
Azalera33.000.000 km2 km²
Kultura
Hizkuntza(k)persiera
ErlijioaTengrismo, gero budismo, islam, kristautasuna eta besteak
Historia
Aurrekoa
Mongolen khamag
Ondorengoak
Txagatai khanerria
Urrezko Horda
Ilkhanerri
Yuan dinastia
Iparraldeko Yuan dinastia

Mongolen Inperioa[1] (mongolieraz: Монголын Эзэнт Гүрэн, Mongolyn Ezent Güren edo Их Mонгол улс, Ikh Mongol Uls) XIII. eta XIV. mendeetako inperioa izan zen, Ekialdeko Europatik Japoniako itsasoraino hedatzen zena. Menpeko lurrak ondoan izan dituen historiako inperiorik handiena izan da[2].

Gengis Khanek sortu zuen inperioa, egungo Mongoliako tribu mongol eta turkiarrak batu eta bere burua mongol guztien buruzagi izendatu zuenean (1206), eta inbasioen bidez zabaldu zen. Hedapen handienean, Danubiotik Japoniako itsasoraino eta Artikotik Kanbodiaraino hedatzen zen, 33,000,000 km²-ko azalera (munduko lur zabaleraren %22) eta 100 milioi biztanle zituela. Konkisten ostean lortu zen bake erlatiboaren azpian (Pax Mongolica), Mendebaldea eta Ekialdea lurrez lotuta geratu ziren, eta ideia eta ondasun andana trukatu eta sakabanatu ziren bereizitako bi mundu horien artean.

Nolanahi ere, ondorengotza zela eta 1260-1264 bitartean inperioa zatitzen hasi zen. Urrezko Horda eta Txagatai khanerria, de facto, estatu independente bezala aritu ziren, Kublai Khan Khan Handia onartzeari muzin eginda. Kublai Khanaren heriotzaren garairako, Mongolen Inperioa lau zatitan zegoen bereizita. Adar nagusia Txinan kokatu zen. Khanak enperadore bilakatu ziren, Yuan dinastia osatuz eta hiriburua Karakorum hiri tradizionaletik egungo Beijing hirira eramanez. Mendebaldeko hiru khanerriek 1304ko bake hitzarmenaren ondoren subiranotzat hartzen bazuten ere eta zergak eta laguntza bidaltzen bazizkieten ere, nork bere interesak eta helburuak zituen, estatu independente gisa. Azkenean Txinan mongolen agintea 1368an amaitu zen, nahiz eta Borjigin leinuak XVII. mendera arte segi zuen Mongolian.

Inperioaren aurreko garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. mendetik aurrera Liao dinastiak kontrolatu zituen Mongolia, Txina iparraldea eta Mantxuria eskualdea. 1125 urtean Junchen herriak Jin dinastia sortu zuen eta Liao dinastiaren lurrak eskuratu nahi izan zituen. "Urrezko erregeak" izenarekin izendatu zituzten agintariak eta mongolen Khamag konfederazioak erasoa jo zuenean ongi eutsi zioten. Khabul Khan zen mongolen buruzagia, Genghis Khanen birraitona.

Garai hartan mongolen lurraldea bost leinu nomadak osatzen zuten, Keraitek, Khamag mongolek, Naimanek, Merdidek eta Tatarrek. Jin agintariek beraien artean istiluak sortarazi zituzten, mongolen eta tatarren artean batez ere. Tatarrek Khabulen ondorengoa zen Ambaghai Khana traizionatu eta exekutatu egin zuten. Mongolek 1143. urtean jurchenak erasotu zituzten berriz baina garaituak izan ziren. 1147an jurchenek politika aldatu eta mongolekin bake ituna sinatu zuten. Horren ondoren mongolek Tatarrak erasotu zituzten baina Jin eta Tatarren artean osaturiko armadak garaitu egin zituen.

Mongoliako lautadak hotzak badira ere, XIII. mendean klima epeldu egin zen. Zelaiak berdetu egin ziren eta elikagaiez gain gerra zalditeria asko handitu zen. Honetan oinarrituko zen Mongolen inperioaren zabalkunde azkarra. Bertako poni arraza bat garatu zen, mongoliar zaldia. Gaur egun ere Mongolian zaldiek berebiziko garrrantzi ekonomiko zein kulturala dute.

Sakontzeko, irakurri: «Gengis Khan»
Gengis Khan.

Boterea eskuratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Temüjin izeneko gerlaria agintari mongol baten semea zen. Kerait leinuko Toghrul Khanaren alboan azkar egin zuen gora Temüjinek. Garai hartako mongoliar buruzagi indartsuena Kurtait zen, txinatarrek ere Wang ("erregea") deitzen zioten. Temüjinek desafioa jo zion eta garaitu egin zuen. Mongolen errege bihurtu zen orduan eta Gengis Khan izena hartu zuen. Bere aliatu handienak Wang Khan bera eta Temüjinen anaietako bat Jamukha bihurtu ziren[3].

Temujinek, bere baimenik gabe garaituriko etsaien gaiak hartzea debekatu zuen eta gerlariei eta beren familiei emateko politika hobestu zuen, dena aristokratek jasotzearen aurrean. Honek arazo ugari sortarazi zizkion bere familiakoen artean eta jeneralen artean, baina gerlarien leialtasuna irabazi zuen[3]. Oraindik aurkari zituen gainerako leinuak menperatu zituen 1203 eta 1205 artean eta 1206an Kurultai asanbladan Mongoliako khagan enperadore izendatua izan zen[3]. Ordutik aurrera mongol izenak mongoleraz hitzegiten zuten eta Gengis Khanen menpe zeuden leinu guztiak izendatzeko erabili zen.

Antolakuntza arau berritzaileak ezarri zituen bere armadan. Hamarnakako banaketak egin zituen:

  • arban (10 gerlari)
  • zuun (100 gerlari)
  • mingghan (1.000 gerlari)
  • tumen (10.000 gerlari)

Kheshig, guadia inperiala, sortu zuen eta eguneko zaintzaileak (khorchin torghuds) eta gauekoak (khevtuul torghuds) bereiztu zituen[4]. Bere alde agertu zirenak postu garrantzitsutan ezarri eta etxalde oparoak eman zizkien, baita klase beherenekoak baziren ere.

Legedi berria ezarri zuen, Ikh Zasag edo Yassa izenekoa. Nomaden eguneroko bizimoduan eta politikan arau berriak ezarri zituen horrela. Emakumeen salerosketa debekatu zuen, mongoliarren arteko lapurreta eta istiluak ere bai, eta azkenik animaliak hazteko garaian ehiza ere debekatu zuen.

Shigi-Khuthugh anaia adoptatua epaile goren izendatu zuen eta inperioaren zenbakiak neurtzeko agindua eman zion. Familia, elikadura eta armada arautzeaz gain erlijio askatasuna eta etxeko zein nazioarteko merkataritza sustatzeko legeak ere ezarri zituen. Behartsuei eta elizgizonei zergak kendu zizkien. Literatura sustatu zuen eta horretarako uigurren idazkera ezarri zuen. Tatatunga uigurrari beren semeei hezkuntza emateko agindu zion[5].

Inperioaren zabalkundea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gengis Khanek inguruan herrialde indartsuak zituen. Hego-ekialdean jurchenen Jin dinastia eta Mendebaldeko Xia dinastia eta hego-mendebaldean Tibeteko inperioa eta Kara-Kitai khanerria[6]. Orduan mendebaldera jotzea erabaki zuen, Errusiako lautada zabalak eskuratu gaur egungo Ukrainaraino iritsiz, eta bide batez Erdialdeko Asia guztia menperatuz.

Gengis Khan 1227ko abuztuaren 18an hil zen. Ordurako Mongolen Inperioa Kaspiar itsasotik Ozeano Bareraino iristen zen, Erromatarren Inperioak edo Musulmandarren kalifatoak beren gorenean zeudenean zuten lurraldearen azaleraren bikoitza bere esku zuela. Inperioa bere semeen eta gertuko familiaren artean banatu zuen eta hauek aristokraziarekin batera klase agintaria bihurtu ziren. Gengis Khanek bere hirugarren semea zen Ogedei izendatu zuen bere ondorengo enperadore. Mongolen ohiturei jarraiki Gengis Khan ezkutuko hobi batean lurperatua izan zen.

Sakontzeko, irakurri: «Ogedei»
Ogedei.

1229an Kurultai asanbladak enperadore izendatu artean Ogedeik Tolui anai gaztearekin batera agindu zuen[6].

Hegoalderako zabalkundea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogedeiren aurreneko ekintzak inperioaren mutur biak kontrolatzea izan zen, alde batetik mendebaldeko estepak baxkirrak garaituz[7] eta ekialdean Mantxuriaren gaineko kontrola berrezarriz. Ondoren txinatarrei egin zien eraso eta Ogedeik berak gidatu zuen Jin dinastiaren aurkako erasoa. 1232an Wanyan Shouxu enperadorearen hiriburua zen Kaifeng setiatu eta konkistatu zuen[8]. Enperadoreak Chaizoura egin zuen ihes eta 1234an hau ere eskuratzean Jin dinastiaren inperioa bertan behera erori zen. Ogedeik orduan hiru armada osatu zituen Kochu eta Koten semeak eta Tangut generala buru zutenak eta Song dinastiaren laguntzarekin Txina hegoaldea inbaditu zuen[9]. Han txinatar eta khitan ugarik hartu zuten parte mongolen armadan, Jin dinastia garaitzea baitzuten helburu komun. Lu Han tumen bat eta hiru khitan tumen eratu ziren, tumen bakoitzak 10.000 soldadu zituen.

Ekialdean Koreako penintsula menperatzen saiatu zen. Gojong erregea errenditu egin zen mongoliarren aurrean baina ondoren matxinatu eta mongoliarrek ezarritako darughachi zaintzaileak erail zituen. Ondoren bere gortea Gaeseongetik Ganghwa uhartera aldatu zuen. Bitartean mongoliarrak Song dinastiaren lurrak bereganatu nahiean zebiltzan Txinan eta Yangtze eta Sichuan eskuratu bazituzten ere 1239an Song generalek berreskuratu zituzten. Txinan Ogedeiren Kochu semea hil zen eta mongolek atzera egitea erabaki zuten.

Mendebalderako zabalkundea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldean Ogedeiren Chormaqan generalak Khwarezmiar Inperioaren azken sha garaitu zuen, Jalal ad-Din Mingburnu, eta Persia hegoaldean zeuden erreinu txikiek berehala onartu zuten mongolek ezarritako menpekotasuna[10].

Gengis Khanen biloba batek, Batu Khanek, Urrezko Hordaren buru zenak, mendebaldean Kaspiar itsasoa inguratu eta aurrera jarraitu zuen. 1237an Riazan parera iristi ziren mongolak, Kieveko Rusaren lehen printzerria zen hau. Hiru eguneko setioaren ondoren hiria eskuratu eta izugarrizko sarraskia egin zuten, biztanle guztiak hilez. Ondoren Vladimir-Suzdalgo Printzerriaren armada suntsitu zuten Sit ibaiaren borrokan[11] eta 1238an Alaniako Maghas hiriburua eskuratu zuten. 1240. urterako Kieveko Rus guztia mongoliarren esku zegoen, iparraldeko hiri bakan batzuk ezik. Batu Khanen armada iparraldean eta Chormaqanen tropak hegoaldean izanda Georgiako eta Armeniako nobleek errenditzea beste aukerarik ez zuten izan[11]. Baturen eta Güyük-en (Ogedeiren semea) eta Büri-ren Txagatairen biloba) artean tentsioa nabaria zen, Baturen garaipen oturuntzan nabarmen handitu zena, baina Ogedei bizi zen artean hauek ez zuten Baturen aurka egiteko modurik.

Europa inbaditzeari ekin zioten orduan. Iparraldetik Polonia erasotu zuten baina poloniarrez, moraviarrez eta kristau ordenetako soldaduez osaturiko armadak Legnican geldiarazi zituen. Armadaren beste adar batek Hungaria erasotu zuen, eta hungariarrez, kroaziarrez eta tenplarioez osaturiko armadak kale egin zuen 1241eko apirilaren 11n Sajo ibaian. Viena eta Albania iparraldera jarraitzekotan zirela Ogedeiren heriotzaren berria iritsi zen. Mongoliarren ohiturari jarraituz enperadore berria aukeratzeko Kurultai asanblada berria egin beharra zegoen eta Batuk eta bere armadak Europatik atera behar izan zuten[3]. Batu Khanek 1242an Sarai hirian ezarri zuen bere lurraldearen hiriburua, Volga ibaiaren ertzean.

Karakorum hiriburua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogedeik 1235 urtean Mongoliarren hiriburua fundatu zuen, Karakorum, Mongolia erdialdeko Orkhon haranean. Mongolek ez zuten aurretik hiribururik izan, nomadak baitziren, baina inperioa hainbeste zabaldu zenez administrazio zentral baten beharra ikusi zen. Persia eta Txinatik hiria eraikiko zuten artisau ugari ekarri zituen. Nekazaritza handirik egiteko aukerarik ez zuen ordea eta merkataritza bideak bertara erakarri behar izan zituen Ogedeik. Horretarako erlijio guztietako tenpluak eraiki zituen bere jauregi harresituaren inguruan. Abeltzaintzarako ordea egokia zen, mendietatik jeisten ziren urei esker zelai zabalak berdetzen baitziren eta haize hotzek eltxoak uxatzen zituzten gainera[12].

Ez zen inoiz hiri handia izango ordea, gehienez ere 10.000 biztanletako populaziora iritsiko zen[12].

Heriotzaren ondorengo botere borrokak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kurultaia ospatu bitartean Ogedeiren alarguna zen Tögerenek hartu zuen inperioaren ardura. Gortean zituen bere aliatuei boterea eman zien eta khitan eta musulman ofizialak jazarri zituen. Jauregiak, katedralak eta egitura zibil ugari eraiki zituen erlijioa eta hezkuntza sustatu asmoz[13]. Mongol aristokrata gehienak Güyük semearen alde jarri zituen baina mendebaldean Urrezko Hordaren buru zen Batu Khanek uko egin zion Kurultaira joateari, mongolen inperioak berarekiko zuen ezinikusia baretu artean. Egoera honek lau urte iraun zituen eta inperioaren batasuna nabarmen desorekatu zen[13].

Gengis Khanen anai gazteenak, Temügek, tronua eskuratu nahi izan zuenean Güyük Karakorumen babestu zen. Temügek 1246an Kurultairako deia egin zuen eta Batuk bertaratzea erabaki zuen. Kurultaian Güyük izan zen aukeratua, ordurako gaixorik eta alkoholizaturik bazegoen ere Europan eta Mantxurian egindako kanpainek prestigio nahikoa emana ziotelako. Kurultai honetara inperio guztiko mongol agintariak ezezik atzerritarrak ere etorri ziren, tartean Inozentzio IV.a aita santuak bidalitako Giovanni da Pian del Carpini frantziskotar apaiza ere bazen bertan[5].

Güyükek ustelkeriaren aurkako urratsak eman zituen, amaren politikak baino aitarenak jarraituko zituela esanez. Töregenek ezarritako ofizial guztiak kanporatu zituen, Arghun zaharra ezik, eta Txagatai Khanerriko burua ere aldatu zuen, Qara Hülëgü kendu eta lehengusua zen Yesü Möngke ezarriz[8]. Bere inguruan uigurrak, naimanak eta Txinan aitari lagundu zioten Han ofizialak ezarri zituen.

Korean hainbat operazio militar egin zituen, Song dinastiari ere oldartu zitzaion eta mendebaldean Iraken ere sartu zen. Inperio osoko errolda egiteko agindua ere eman zuen. Persian aliatuak izan zituen asasinoek menpekotasunik ez zioten onartu Güyüki. Honek orduan Persiako agintari mongolak erail eta bere aitaren lagunik onena zen Eljigidei ezarri zuen tropen buruzagi. Asasinoen gotorlekuak konkistatu zituen[14] eta bide batez abbastarrak ere bai, islamiar munduaren erdigunea, gaur egungo Irak eta Iran.

1248an armada erraldoia osatu eta Karakorumetik mendebalderantz abiatu zen, ongi ezagutzen ez den arrazoiren bat medio. Ikerlari batzuen ustetan bere jaioterria berreskuratu nahi zuen, Emyl, beste batzuen ustetan Eljigideirekin bat egin nahi zuen eta hirugarren hipotesia Errusian zegoen Batu Khanen aurkako eraso sorpresa bat antolatzea izan liteke[8]. Gengis Khanen Tolui semearen emazteak Baturi abisua eman zion baina bi armadek topo egin aurretik Güyük gaixorik hil zen Xinjiang inguruan, dirudienez pozoinduta.

Mongol inperioaren zabalkundea Mongke Khan hiltzean.

Güyüken alargunak, Oghul Qaimish-ek, hartu zuen inperioaren ardura baina ez zuen amaginarrebaren gogortasunik eta Khoja eta Naku semeek eta beste printze batzuek aurre egiten ziotenez Batu Khanek 1250an bere lurraldean Kurultai bat antolatzea erabaki zuen. Mongoliatik kanpora izanda Ogedeiren ondorengoek eta Txagatai familiek uko egin zioten Batu Khanen deialdiari. Kurultaiak Batu berari eskeini zion enperadore kargua baina honek uko egin zuen eta Möngke proposatu zuen, Gengis Khanen biloba, Tolui semearen oinordekoa. Horretarako Möngke bera Mongoliara bidali zuen bere Baturen anaien babesean, lejitimitate osoa izan zezan[15]. Baina ez zituzten Ogedei eta Txagatai familiak konbentzitu, haien ustez Ogedeiren ondorengo batek izan behar baitzuen Khan handia. Möngkeren amak eta haren lehengusu Berkek azkenean kurultaia antolatu zuten eta 1251eko uztailaren 1ean Möngke enperadore bihurtu zen. Honek botere aldaketa ekarri zuen, Ogedeiren familiatik Toluiren familiara pasa baitzen[15].

Ogeideren ondorengoen hautagaia Shiremun zen, eta honek Möngkeren jauregi aldakorra erasotzea erabaki zuen. Möngkeren belatz zaindariak ordea honen berri izan zuen eta enperadoreak ikerketak burutu ondoren epaiketak egin eta mongolen elite postuetako kide ugari errudun zirela erabaki ondoren exekutatu egin zituen. Beste askok herbesteratzea onartu zuten, estimazioen arabera 77 eta 300 artean izan ziren alde egin zutenak. Ogedei eta Txagatai familien ondasunak konfiskatu eta bere inguruan Toluiren ondorengoak bakarrik ezarri zituen[15].

Aurrekoen norabidea jarraituz berrikuntza ugari egin zituen. Alkoholismoa debekatu zuen eta kanpoko erlijio eta arte estiloekin tolerantea izan zen. Atzerritarrei beren tenploak eraikitzeko baimena eman zien eta monasterio budistak, meskitak eta elizak eraiki ziren Karakorum hiriburuan. Txinatar, europar eta persiar arkitektura estiloak azaldu ziren hirian, eta denen adierazgarri zilarrezko zuhaitz handi bat eraiki zen, Guillaume Boucher paristarrak egindakoa. Gobernuan txinatar ugari bazituen ere administrari mongol eta musulmanen eskutan utzi zituen ardura nagusiak eta hauek ekonomia erreforma handia egin zuten gobernuaren gastuak hobeto kontrolatu ahal izateko. 1252an inperioaren errolda egiteko agindua eman zuen eta 1258an amaitu zen errolda ipar-mendebaldeko muturrean zegoen Novgorod kontatu ondoren[16].

Inperioaren kontrolari dagokionez anaia bik hartu zuten ardura nagusia, Kublaik mongolen kontrolpeko Txinan eta Hulaguk Persian. Txina hegoaldeko Dali erresumako Duan Xingzhi erregeak mongolak erasotu zituen eta Kublaik erantzun egin zuen erresuma eskuratuz, bai eta Yunan eskualde guztia ere. Qoridai generalak bestalde Tibeteko kontrola mantendu zuen monasterioak menpean edukiz. 1258an Vietnam iparraldeko Đại Việt erresuma konkistatzen ere saiatu ziren mongolak, baina ez zuten lortu[8].

Mendebaldean Hulaguren armadak 1257rako Persiako gotorleku guztiak konkistatu zituen. 500 urtetan zehar islamiarren boterearen erdigunea Bagdad izan bazen ere, garai hartan boterearekiko barne banaketa ugari zituen eta mongolek arazo handirik gabe setiatu eta harpilatu zuten hiria. Abbastar Kalifa-herria haustearekin batera Hulaguk gainerako musulmanekiko bidea ireki zuen eta Siriara jo zuen. Ayyubtarren dinastiak agintzen zuen bertan eta An-Nasir Yusuf sultanak uko egin zion Hulaguren aurrean agertzeari, baina dagoeneko bi hamarkada lehenago mongolen menpekotsuna onartua zuen. Aliatua izan arren 1260 urtean Hulaguk Alepo konkistatu zuen eta ondoren Damasko[17]. Damasko egoitza gisa hartuta Hulaguk eraso berriak egin zituen eta Mediterraneoaren ekialdeko ertzean zeuden hainbat erresuma konkistatu zituen; Ziliziako armeniarrak, Rûmgo Sultanerria, eta Antiokia eta Tripoli erresuma kristauak. Erresistentzia azaldu zuten hiriak harpilatu zituen eta biztanleria masakratua izan zen[15]. Gurutzadetan bete betean sartu zen horrela. Hulaguk Ilkhanerria ezarri zuen Persia eta Ekialde Hurbileko lurralde guzti hauetan.

Ipar-mendebaldean bitartean Baturen anaia gaztea Berke bihurtu zen haren ondorengo. Urrezko Hordaren buruzagi bihurtuta zigor espedizioak bideratu zituen Ukrainara, Bielorrusiara, Lituaniara eta Poloniara. Mongolen inperioaren mendebaldean iparraldearen eta hegoaldearen artean bereizketa sortzen hasi zen, Batu uste baitzuen Hulaguren aurreranzko maniobra Urrezko Hordaren eragina gutxitzeko estrategia izan zitekeela[15].

Txina aldean ekintza militarrak oso arrakastatsuak ziren baina denboran luzeak izaten ziren eta udako berotik ihesi Mongoliara itzultzea ohitura zuten arren ezinezkoa gertatzen zitzaien bueltako ibilbidea burutzea. Hainbat izurritek erasotu zuten mongolen armada eta Möngke bera ere izurrite baten erruz hil zen 1259ko abuztuaren 11n.

Mongoliarren gerra zibila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hulaguren 1260. urteko kanpaina Ekialde Hurbilean.

Möngke hiltzerakoan inperioaren mutur guztietako armadek beren kanpainak bertan behera utzi behar izan zuten Kurultai berri baterako deia jaso baitzuten.

Hulaguk Bagdad eta Damasko eskuratuta, musulmanen boterearen erdigunea Egiptoko mamelukoen eskutan gelditu zen[14]. Hulaguk 10.000 gerlari utzi zituen Sirian eta Jerusalem eta Gazarako bidea hartu zuen, Egiptora iritsi nahian[14], baina Möngkeren heriotzaren berri izan eta honek ere kanpaina bertan behera utzi behar izan zuen. Kitbuqa generalaren agindupean armada txiki bat utzi zuen Damaskon baina 1260an Egiptoko mamelukoek Akre kristauarekin bat egin eta erraz gainditu zituzten. Mongolak ez ziren berriz hain urrutira iritsiko.

Kublaik Txinan izan zuen heriotzaren berri, baina honek kanpainarekin jarraitzea erabaki zuen. Ariq Böke anaia gazteak beste bien faltan eta hiriburuan bera bakarrik zegoela aprobetxatuz kurultaia deitu eta bere burua enperadore izendatu zuen. Kublaik orduan Kaipingen (Txina hegoaldean) bere kurultai propioa egin zuen eta bera ere enperadore izendatua izan zen, Kublai Khan. Txina eta Mantxuriako lider militarrek bigarrenaren alde egin zuten.

Ariq Böke eta Kublairen artean gerra zibila sortu zen orduan. Txinan zeuden Ariq Bökeren aldekoak beherala garaitu zituen Kublaik. Txagatai familiaren laguntzaren bila Kublaik Abishka bidali zuen baina Ariq Bökek bidean harrapatu eta exekutatu egin zuen[13]. Kublaik orduan Txinatik zihoazen merkatal bideak itxi zituen eta gosea zabaldu zen Mongolian. Karakorum errenditu egin zen eta Ariq Bökek ihes egin zuen. 1261ean Ariq Bökek hiriburua berreskuratu zuen[13].

Mendebaldean Hulagu Kublairi leial izan zitzaion baina iparraldeko Urrezko Hordarekin mesfidantzak handitzen hasi ziren. Berkek Georgiako erresumaren matxinada lagundu zuen Hulaguren kontra eta mamelukoak ere lagundu zituen. Berke bera Ariq Bökeren alde ere jarri zen. Hulagu 1264ko otsailaren 8an hil zen[18]. Berkek egoeraz aprobetxatu nahi izan zuen Hulaguren Ilkhanerriaz jabetzeko baina harako bidean hil zen. 1264ko abuztuaren 21ean Ariq Böke errenditu egin zen eta Kublaik bere aldekoak jarri zituen mendebaldeko buruzagi, ilkhanerrian Abaqa, Hulaguren semea, eta Urrezko Hordan Möngke Temür, Baturen biloba. Abaqak frantsesekin bat egin zuen Egiptoko mamelukoak borrokatzeko.

Kublai Khan.

1273an Xiangyang erori zenean mongolek Song dinastiaren menpeko Txina guztia eskuratu zuten. 1271ean Kublaik Txinan dinastia berria ezarri zuen, Yuan dinastia, mongolen dinastia, eta Txinako enperadore bihurtu zen bera. Mongolen hiriburu berria Dadun ezarri zuen, gerora Beijing izango zen tokian. Mongoliar askok ez zuten ongi ikusi joera berria, txinatar kulturari atxikiegi zegoela zioten[19]. Song familia inperiala 1276an errenditu zitzaion Yuan armadari.

Kublai Khanek inperioa berriztu zuen, akademiak, bulegoak, merkataritza kaiak eta ubideak eraiki eta artea eta zientziak sustatu zituen. Mongolen idatzien arabera 20.166 eskola publiko eraiki zituen bere erregetzan.

Inperioa zabaltzeari ere ekin zion, Hegoalderantz Burma (Myanmar) eta Đại Việt (Vietnam iparraldea) eta Champa (Vietnam hegoaldea) hartu nahi izan zituen baina Đại Việt konkistatzeko ez zen gai izan. Ekialdean Sakhalin uhartea ere erasotu zuen.

Inperioaren zatiketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kublai Khan 1294an hil zen eta Temür Khan bilobak hartu zuen oinordetza. Kublairen politika jarraitu zuen. Toluiden familiakoen artean gerra zibil berria sortu zen eta honek inperioa nabarmen ahuldu zuen, lau zatitan banatzeraino. Alde batetik Yuan dinastia, Txinan, eta bestetik mendebaldeko hiru khanerriak; Urrezko Horda, Txatagai khanerria eta Ilkhanerria. Ilkhanerriak Yuan gorteari leiala izaten jarraitu zuen eta Txatagaik ere bakeak egin zituen Yuan dinastiarekin. Mende oso bateko konkista eta gerra zibilen ondoren 1304an Pax Mongolica sinatu zuten lau khanerriek eta nolabaiteko bake garaia iritsi zen inperiora, baina dagoeneko lau erresumek independenteki jarraitu zuten beren bidea. Txina eta Ilkhanerriaren artean merkatalbideak ireki ziren garai bateko Zetaren Bidean zehar. 1297 eta 1303 artean Thailandia erasotu zuen Temürrek mongoliarren hegoaldeko zabalkundeari amaiera emanez.

Inperioaren gainbeheraren faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leinuen arteko lehiak eta ondorengotza krisiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Khan handi eta indartsua zegoen garaietan inperioa kohesionaturik egon zen, batez ere Gengis Khanen garaian, baina inperioak iraun zuen artean hainbat familien arteko lehiak azaldu ziren, ogedeitarren eta toluitarren artekoak adibidez, eta barne borroka horiek ahuldu egiten zuten jatorrizko egitura asanblearioa[20]. Egitura honek Khan handi berria aukeratzeko kurultaietan parte hartzera behartzen zituen khan guztiak eta kanpainak bertan behera utzi behar izaten ziren. Hori gertatu zen adibidez mendebaldeko kanpainetan, hala Europa konkistatzeko nola Ekialde Hurbileko kanpainetan.

Konkistaturiko kulturen asimilazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nomada izaera zuen herriak eremu berriak eskuratu ahala zibilizazio eta kultura berriak barneratzen eta asimilatzen joan zen. Mongol nomaden eta sedentarioen arteko banaketa sortu zen[20] eta mongolen artean elite batek ez zituen berrikuntzak ongi hartu, adibidez txinatarren kultura, eta barnean istiluak sortu ziren.

Eredu militar zaharkitua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mongoliako estepetako eremu zabaletan garaitezinak ziren. Mongolen arrakasta bere zalditerian oinarritzen zen. Mendialdeko eremuetan ordea arazo gehiago zituzten. Esate baterako Afganistango hiriak eta errepideak kontrolatzen bazituzten ere mendialdea menperatzea asko kostatu zitzaien.

Itsasoa ere ez zuten menperatzen. Eraso guztiak lurrez egiten zituzten eta honek arazo handiak ekarri zizkien Japoniara iristeko edota Itsaso Beltza eta Mediterraneo inguruak konkistatzeko.

Hain eremu zabalean hainbat frontetan aldi berean borrokan ibiltzeko gerlari kopurua ez zen nahikoa. Zaldun abilak gutxi ziren toki bakoitzean, eta zaldi indartsuak ere bai. Baina desabantaila militar handiena bolboraren erabilerak ekarri zuen, zalditeriaren garrantzia nabarmen jeitsi baitzuen.

Nekazaritzaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzak garapen handia izan zuen eta abeltzaintzarako eremuak asko gutxitu ziren. Horren ondorioz mongoliar zaldien kopurua nabarmen jeisti zen.

Khanerrien bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ilkhanerria»
Mongolen inperioaren banaketa 1300 inguruan:
Horia: Urrezko Horda
Morea: Ilkhanerria
Grisa: Txagatai Khanerria
Berdea: Yuan dinastia

1295ean Ghazan bihurtu zen Ilkhanerriko errege eta islama hartu zuen erlijio gisa. Persia islamizanaztu zen orduan eta garapen kultural eta zientifikoa asko sustatu zituen[21]. Yuan dinastiako Temürrekin harreman onak zituen eta tributoa ordaintzen zion, eta gainerako khanak ere bide hori hartzera animatu zituen. Horrela Urrezko Hordarekin eta Txagatai khanerriarekin zituen muga arazoetan Yuan dinastiaren laguntza lortu zuen, bai eta Egiptoko mamelukoen aurkako gerran ere.

Ghazan 1304an hil zen eta Öljeitü bihurtu zen hurrengo khana. Xiismoa bihurtu zuen Ilkhanerriko erlijio ofiziala, aurrez Öljeitü bera kristaua, budista eta musulman sunia izan bazen ere. 1316an hil zen eta Abu Sa'id Bahadur semea bihurtu zen khan berria. Azken hau ondorengorik gabe hil zen 1335ean eta mongolen boterea ahuldu egin zen, Persia anarkia politiko batean murgilduz. Gerra jauntxo persiarrak indartu egin ziren eta sorturiko kaosa baliatuz georgiarrek mongolak kanporatu, uigurrek estatu independentea sortu eta mamelukoek Zilizia eskuratu zuten[22]. Hau izan zen Ilkanherriaren amaiera. Egoera aprobetxatuz Tamerlan turkiar-mongolak lurraldea konkistatu eta Timurtar inperioa ezarri zuen[23].

Urrezko Horda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urrezko Horda 1389. urtean.
Sakontzeko, irakurri: «Urrezko Horda»

Toqtaï 1291 urtean Urrezko Hordako khagana bihurtu zen, Nogai Khan generalak sustatuta, eta Toqtaïk Krimea eman zion oparitan. Estatu txontxongiloa izan behar bazuen ere Nogai eta Toqtaïren arteko lehia sortu zen. Bestalde errusiar printzeen boterea handitzen ari zela ikusita Toqtaïk 1293an Tudan anaia bidali zuen hamalau hiri errusiar handienak suntsitzera. Toqtaï 1312an hil zen eta Uzbeg Khan izan zen haren tokia hartu zuena. Islama hartu zuen honek ere eta musulmanak ez zien mongolak jazarri zituen, Yuan dinastiaren eragina erabat ezabatuz. Sultan titulua eskuratu zuen eta Urrezko Hordaren boterea luzaroen mantendu zuen khagana izan zen. 1341ean hil zen eta anaiek heredatu zuen tronua.

Jani Beg sultanak Krimean genovarren esku zegoen Kaffa hiria setiatu zuen 1343an eta 1345ean baina Izurri Beltza azaldu zen bere tropetan. Jani Begek izurriz hildako gorpuak katapultatu zituen hiri barnera. Hiriak eutsi zion erasoari, baina handik itzulitako genovarrek izurria ekarri zuten Europara[24]. 1357an Jani Beg eraila izan zen eta ekintza honek ezegonkortasun politiko handia eragin zuen, 1378 artean 25 khan izan ziren agintean. Bitarte horretan Urrezko Hordak mendebaldeko lurralde guztiak galdu zituen, Bielorrusia, Ukraina, Polonia eta Lituania.

Urrezko Horda 1419an amaitu zen. Ulugh Muhammad ofizialki Khana bazen ere Volga ibaiaren ingurua baino ez zuen kontrolatzen. Europa ekialde guztia bateratu egin zen eta Lituaniako Dukerri Handia eratu zen[25]. Urrezko Hordaren hegoaldea berriz timurtarrek eskuratu zuten.

Txagatai khanerria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Txagatai Khanerria»
Tamerlanek XIV. mendean Ilkhanerria, Urrezko Horda eta Txagatai khanerria konkistatu eta Timurtar inperioa ezarri zuen.

Txagatai khanerrian Duwa zen khana, baina de facto agintzen zuena Kaidu zen, hau izan baitzen khana hautagai gisa aurkeztu eta tronuan ezarri zuena[26]. Kaidu Ogedeiren etxekoa zen eta Ariq Bökeren alde jokatu zuenez Kublai Khanen aurka aritu zen. Ondoren Temür eta haren aliatua zen Ghazan ere sarritan erasotu zituen, 1301 urtean hil zen arte[27]. Duwak orduan boterearen kontrola eskuratu zuen eta Kaiduren semeak aurka egin bazion ere Temürren laguntzari esker ogedeitarrak garaitu zituen. Duwa 1307an hil zen eta hurrengo urteetan aldaketa handiak izan ziren tronuan, Könchek, Taliqu eta Kebek izan ziren khan 1309an Duwaren semea zen Esen Buqa I.a khan bihurtu zen arte. Honek gogor ekin zion Yuan-Ilkhanerriaren aurkako borrokari. 1318an hil zenean Kebek anaiak berreskuratu zuen tronua eta bake aldia iritsi zen.

1327an Tarmashirinek India eta Ilkhanerria inbaditzeko saiakerak egin zituen eta 1331ean Txagataiko Khan aukeratua izan zen. Islama onartu zuen eta Ala-ad-din izena hartu zuen. Noble mongolek ez zuten ongi ikusi aldaketa eta 1343 artean txagatai khanek elkarren artean borrokatu zuten. Khanerria zati ugaritan desegin zen eta azkenean Tamerlanek konkistatu zuen.

Yuan dinastia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Yuan dinastia»

Temür 1307an hil zen. Kaiduren aurka borrokan garaipenak lortu zituen Külüg Khan bihurtu zen haren oinordekoa. Budismoa sustatu zuen Txinan. 1311 urtean hil zen eta Ayurbarwada Buyantu Khan izan zen aukeratua tronurako. Honek Konfuzioren printzipioak ezarri zituen mongolen administrazio sisteman. 1320an hil zen eta 1316an idatzita utzi zuen Shidebala Gegeen Khan semea izango zela ondorengo khana. Honek bi hamarkadatako egoera politiko istilutsua ekarri zuen, 1323ko Shibidalaren erailketarekin hasi eta 1328ko gerra zibilarekin jarraitu zuena. Bi hiriburuen arteko gerra izenaz ezagutzen da, Khanbaliq hiriaren (gaur egungo Pekin) eta Xanadu udako hiriburuaren arteko gerra izan zen. Ez zen arazo ideologikoa izan, familien arteko botere lehiak eragindakoa baizik[28]. Pekindarrak izan ziren garaileak, baina hainbat urte behar izan ziren garaituak errenditu eta normaltasun politikora itzultzeko.

Europan Izurri Beltzak egindako sarraskiak Txinara iritsiko ziren beldurrez merkatal bide guztiak itxi ziren eta honek mongolen boterea nabarmen ahuldu zuen. Ming errebeldearen matxinadaren ondorioz 1368an mongolek euren jatorrira itzuli behar izan zuten, Mongoliara[29].

Antolakuntza militarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mongolen zalditeria mongoldar arkuak aldean dituztela.

1206an mongolen tropak zenbatekoak ziren eztabaidagai bada ere, gutxienez 105.000 gerlarik osatzen zutela estimatzen da[30]. Antolakuntza sinplea baina oso eraginkorra zen, Gengis Khanek ezarri zuena. Sistema hamartarra zuen oinarri, talde hauetan banatua: arban (10 gerlari), zuun (100 gerlari), mingghan (1.000 gerlari) eta tumen (10.000 gerlari)[15].

Mongolen gerlari ezagunenak zaldi gaineko arkulariak ziren, baina hauetaz gain lantzariak ere abilak ziren eta konkistaturiko lurretan zeuden talentu militarrak barneratzeko gaitasuna ere izan zuten mongolek. Txinatar injeniari eta bonbardatzaileak katapultak eraikitzen trebeak zirela ikusita, mongolek asko erabili zituzten setioetan. Sarritan setiaturiko hiriaren inguruan aurkitzen zituzten baliabideak erabiltzen zituzten katapultak eraikitzeko, tresna erraldoi hauek eramaten ibili beharrik gabe[15].

Mongolek etsaiek baino armadura arinagoa eramaten zuten baina antolamendu hobea, mugikortasun handiagoa eta azkartasuna ematen zien horrek. Gerlari bakoitzak hainbat zaldi eramaten zituen, zaldi nekatuak aldatu ahal izateko, eta armadaren ornidura sareekiko independentzia zuen hein handi batean.

Mongolen armada azkar mugitzen zen. Distantzia luzeak egiteko gai ziren baita neguan ere, ibai izoztuak autobide gisa erabiltzen baitzitutzen. Ibaiak oso ongi kontrolatzen zituzten, honen adibide gau bakarrean hazita zegoen Soja ibaia 30.000 zaldunek gurutzatu zutenekoa. Ez zuten ordea itsasoan flotarik erabili gerrarako, salbuespenen bat ezik. Mediterraneo ekialdeko konkista guztiak lurrez egin zituzten, itsasoak kortsarioen eta mamelukoen esku zeuden eta[3].

Kanpaina militar guztiak ongi planifikatzen ziren, aurrez lurraldea ezagutuz eta etsaiaren inguruko informazio garrantzitsua eskuratuz. Antolakuntza bikain horrek hainbat frontetan aldi berean borrokatzeko gaitasuna ematen zien. 60 urte arteko edozein gizonezko izan zitekeen hautatua armadarako eta leinuetan ohore handiko lana zen[15].

Mongolen gizartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gengis Khanek ezarritako Yassa legediak arautzen zuen gizartea[31]. Lege hausteak zigor gogorrak ekartzen zituen eta hiriak ere suntsitu izan ziren agindu zehatzak ez betetzeagatik.

Yassa legearen baitan buruzagiak eta generalak meritokrazia bidez hautatzen ziren[29] eta inperioa gobernatzeko parlamento itxurako asanblada ez-demokratiko bat zegoen, Kurultaia. Kurultai honetan buruzagi mongolak Khan Handiarekin elkartzen ziren inperio barneko edo kanpoko auzietaz eztabaidatzeko. Khan berria aukeratzeko ere Kurultaia deitzen zen eta buruzagi handi guztiek bildu beharra zuten, abian zituzten jarduerak bertan behera utzita.

Genghis Kanek nazio zigilua sortu zuen, Mongolian alfabeto idatzia sustatu zuen, uigurrerazko idazkera hain zuzen ere, eta irakasle, legelari eta artistak zerga ordaintzetik libre utzi zituen.

Mongolek Erdialdeko Asiako musulmanak Txinako administrazioan sartu zituzten eta Han txinatarrak berdin Erdialdeko Asian. Helburua bertako jauntxoen boterea murriztea zen eta aldi berean inperioari osotasun bat ematea[32].

Ghazan budismotik islamera bihurtzen agertzen duen persiar miniatura, Jami' al-tawarikh (Historia unibertsala) liburuan agertzen dena.

Mongolak erlijioarekiko oso toleranteak izan ziren eta beren inperioan budismoa, kristautasuna, manikeismoa eta islama oso hedaturik zeuden[33]. Gengis Khanek erlijio askatasuna bermatuko zuen instituzio bat eratu zuen eta erlijioburuak zergak ordaintzetik aske utzi zituen.

Mongolen jatorrizko izaera nomadaren eraginez tenplo gutxi zeuden hasieran baina Ögedeik mongolentzako hiriburua Karakorumen finkatu zuenean eraikuntza lan handiak abiatu zituen[12]. Garai hartan xamanismoa, tengrismoa eta budismoa ziren erlijio nagusiak.

Denborak aurrera egin ahala eskualde bakoitzak populazioaren erlijio nagusia hobetsi zuen, Ekialdean budismoa eta xamanismoa eta mendebaldean islama.

Mongolen oinarrizko jarduera ekonomikoak abeltzaintza eta nekazaritza ziren. Zekaleak eta tea ekoizten zituzten eta baita zeta ere[29].

Bost abere hazten zituzten: zaldiak, behiak, gameluak, ardiak eta ahuntzak. Esnetarako eta larrutarako hazten zituzten bereziki eta abereok klima hotzera eta ur eta elikagai eskasiara moldaturik zeuden. Zaldiak ziren abere preziatuenak, arrazaz txikiak baina distantzia luzeak nekatu gabe egiteko gai zirenak. Zaldiak jabearekin batera hobiratzen zituzten beste munduan ere elkarrekin jarrai zezaten. Behiak eta gameluak kargatarako erabiltzen zituzten eta ardiak eta ahuntzak esnetarako, haragitarako eta artilea eskuratzeko. Hainbat artairen ardi eta ahuntzek batera bidaiatzen zuten[34].

Dirua erabiltzen zuten eguneroko salerosketetarako. Bitxiak eta zetazko gaiak ere bazituzten baina kontu publikoetarako zilarrezko lingote txinatarrak gordetzen zituzten. Gengis Khanek hil aurretik papera txanpon gisa erabiltzeko baimena eman zuen, dagoeneko Txinan egiten zen bezala. Ogedeik paperezko dirua atera zuen, gordeta zituen zeta erreserbatan oinarriturikoa eta bilete zaharrak suntsitzeko departamentu bat ere sortu zuen. 1253an Möngkek Diru Arazoen Departamentua sortu zuen mongol nobleek emititzen zuten paperezko diruaren gainean kontrola ezartzeko. Oinarrizko unitate bat ezarri zuen sukhe-a, zilarrezko lingoteetan oinarritzen zena[27].

Yuan dinastiaren garaian Kublai Khanek paperezko dirua atera zuen zilarrean eta kobrean oinarriturikoak. Marco Polorentzat paperezko dirua izan zen Mongolengandik zoragarriena iruditu zitzaion aspektua. Paper hau egiteko masustondoaren azala erabiltzen zela idatzi zuen. Paperaren estandarizazioak inpostuak errazago kobratzea ekarri zion mongolen administrazioari, ez baitziren ondasunak edo hornidurak garraiatu behar. Paperezko diru honek chao izena hartu zuen eta Txinan asko orokortu zen erabilera.

Mongolieraz idatzitako lanik zaharrena Mongγol-un niγuča tobčiyan ("Mongolen historia sekretua") da, Gengis Khan 1227an hil baino beranduago errege familiarentzako idatzi zena. Gengis Khanen bizitza eta genealogia kontatzen da, bai eta Ogedei semearen erregealdia ere[35].

XIV. mende hasieran Jami' al-tawarikh ("Historia unibertsala") idatzi zen, munduaren historia azaltzen duena eta bertan Persia eta musulmanen historia azaltzen da eta baita persiarrek historian inguruko herriekin izandako harremanak ere, mongolak bereziki eta hauez gain turkiarrak, frankoak, juduak, txinatarrak, indiarrak...[36]

Arteak ere bazuen garrantzia mongolen gizartean. Erretratuak zaldiei egiten zitzaizkien ordea, ez zaldien jabeei.

Bitxikeria gisa aipatu behar da ezkribau mongolek erretxina eta landare pigmentuak nahastuz zuzentzeko likido bat asmatu zutela, agian historian dokumentatu den zaharrena izango da[37].

Posta zerbitzua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Öljaitü Ilkhan mongolak Filipe I.a Nafarroakoari bidalitako gutuna.

Yam izeneko sistema iraultzailea zuten mongolek. Ongi babestutako eskutitza, örtöö izenekoa[38], erabiltzen zuten inperio guztian zehar mezuak garraiatzeko[39]. Berrogei kilometroro posta zerbitzu bat izaten zuten, zaldiak aldatu edo hurrengo mezulariak erreleboa emateko. Horri esker mezuak egunero 125 kilometroko distantzia egiteko gai izaten ziren. Marka ikaragarria zen, 600 urte beranduago Pony Expressek baino hobetu ez zuena. Mezulariek paiza izeneko oholtxo bat zeramaten aldean eta hori erakustea nahikoa zen aldaketa egin ahal izateko. Khana Karakorumen hil zenean mezua 4-6 astetan iritsi ziren Batu Khanen eskuetara.

Gengis Khanek eta Ogedeik errepide-sare zabala eraiki zuten. Hauetako errepide batek Altai mendiak zeharkatzen zituen. Txagatai Khanerriari eta Urrezko Hordari errepide berriak eraikitzeko aginduak eman zizkioten inperio guztia sare zabal batek estali zezan.

Kublai Khanek Txinan ere posta zerbitzu zabala antolatu zuen, 1.400 posta geltoki, 50.000 zaldi, 8.400 idi, 6.700 mando, 4.000 gurdi eta 6.000 txalupak osatzen zutena[38].

Siberian eta Mantxuriak zakur-lerak erabili zituzten mongolek.

Bi elikagai multzo bereizten zituzten mongolek: "elikagai zuriak" eta "elikagai gorriak".

Elikagai zuriak esnekiak ziren, uda aldean asko kontsumitzen zirenak. Ohikoena behorraren esne hartzitua zen, airag izenekoa, oraindik ere kontsumitzen dena[40]. Esnearekin gazta eta jogurtak egiten zituzten.

Elikagai gorria haragia zen, neguko elikagaia zen. Animalia albo batera etzan eta aorta arteria mozten zioten odol guztia gorputz barruan gera zedin. Untxiak, oreinak, basurdeak, katagorriak eta marmotak ere ehizatzen zituzten. Udan ez zuten animaliarik hiltzen, baina animaliaren bat berez hiltzen bazen haragia xerratu eta lehortu egiten zuten. Negu partean ardiak eta ahuntzak zaintzen zituzten eta ospakizun garrantzitsuetan zaldia jaten zuten[41].

Likoreak inportatu egiten zituzten, arroz ardoa Txinatik eta mahatsez egindakoa Turkestan aldetik. Mendebaldetik elikagai berriak sartu ziren mongolen dietan, hala nola, fideoak, kardamomo espezia eta txitxirioak[42].

Mongolen yurta kanpalekua.

Mongolen etxebizitza tipikoa yurta zen, eta VI. mendetik gaur egunera ez da askorik aldatu[43]. Mongoliarrek gert esaten zioten, "etxea" esan nahi du. Nomadak izanik gertak beraiekin eramaten zituzten bidaian eta kanpalekua ezartzerakoan azkar eraikitzen zuten.

Tolestu daitekeen zurezko egitura zirkularra da eta sabaia zurezko 80 piezaz osaturik dago. Zurezko pieza hauek burdinezko eraztun zentral batetik horma zirkularraren ertzera kokatzen dira. Sabaiak itxura konikoa du prezipitazioak irristatu eta lurreraino erortzeko. Artilez egindako oihalak estaltzen du egitura guztia eta burdinezko eraztuna dagoen tokia irekita utzi daiteke barneko airea garbitu dadin.

Lurra aberatsek bakarrik estaltzen zuten alfonbrakin. Gertaren erdian sua egiten zen.

Zetaren Bidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zetaren Bidea»
Asiako merkataritza bideak Erdi Aroan. Mapan ikusten denez, bide nagusia Zetaren Bidea izan zen.

Mongolek beren sorlekuan ekoizpen handirik ez zutenez beti izan zuten merkatal bideekiko dependentzia handia. Horregatik gobernuek eta eliteek diru ugari inbertitzen zuten merkatal bideak eta jarduerak sustatzen[44]. Horren adibide nabarmena dugu veneziar merkatariekin izandako harremana, Marco Poloren familiarekin adibidez.

Möngke eta Temur enperadoreek genovarrei eta veneziarrei Kaffa eta Azof hirietaz jabetzen utzi zieten 1267an eta Urrezko Hordak merkatari alemaniarrei beren lurraldean ezartzen ere utzi zien, Errusiako printzerrietan barne, 1270. hamarkadan[45].

Inperioa handitu ahala merkatariek eta enbaxadoreek babes handia jaso zuten inperioan zehar bidaiatzeko eta Mediterraneoa eta Txina elkartzen zituen bideak garrantzia handia hartu zuen[33]. Zetaren Bidea deitu zen. Gaizkileen erasoen erruz galdutakoa Estatuko altxorrak ordaintzen zion bueltan merkatariari. Marco Polok ekialderanzko bidea egin zuen bezala Rabban Bar Sauma monje mongolak Beijingetik atera eta Frantziarainoko bidea egin zuen 1280-1294 inguruan. Ez ziren ohiko bidaiak ordea, merkatari bakoitzak ibilbide txiki bat egiten zuen puntu batetik bestera eta hasierako puntura itzutzen zen, bide guztiaren katebegi bat osatuz.

XIV. mendean mongolen inperioa desegin zenean mendebaldearen eta ekialdearen arteko lotura hautsi egin zen. Bizantziar Inperioaren merkatal bideek leinu turkiarretan izan zuten amaiera (gerora Otomandar Inperioa sortuko zen) eta ekialdean Yuan dinastia erori zenean Ming dinastia berriak isolamendu ekonomikoa bultzatu zuen[46].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Mongol Egungo Euskararen Hiztegia
  2. Unoki, Ko. Mergers, Acquisitions and Global Empires. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2016-11-28).
  3. a b c d e Morgan, David O.. (1989-06-01). «The Mongols and the eastern Mediterranean» Mediterranean Historical Review 4 (1): 198–211.  doi:10.1080/09518968908569567. ISSN 0951-8967. (Noiz kontsultatua: 2020-04-26).
  4. Ratchnevsky, Paul. (1993). Genghis Khan: His Life and Legacy. Wiley-Blackwell ISBN 978-0-631-18949-7..
  5. a b Weatherford, Jack. (2004). Genghis Khan and the Making of the Modern World. New York, NY: Three Rivers Press. ISBN 978-0-609-80964-8..
  6. a b Man, John. (2004). Genghis Khan: Life, Death, and Resurrection. New York: Thomas Dunne Books., 116 or..
  7. Saunders, John Joseph. (2001). The history of the Mongol conquests. Philadelphia: University of Pennsylvania Press. ISBN 978-0-8122-1766-7..
  8. a b c d Atwood, Christopher Pratt. (2004). Encyclopedia of Mongolia and the Mongol empire. New York, NY : Facts On File (Noiz kontsultatua: 2020-04-26).
  9. Rossabi, Morris. (1983). China Among Equals: The Middle Kingdom and Its Neighbors, 10th–14th Centuries. Berkeley, CA: University of California Press. ISBN 978-0-520-04383-1..
  10. Amitai, Reuven. (1995). Mongols and Mamluks : the Mamluk-Īlkhānid War, 1260-1281. Cambridge [England] ; New York, NY, USA : Cambridge University Press (Noiz kontsultatua: 2020-04-26).
  11. a b Timothy May. (2008). Chormaqan. .
  12. a b c «Karakorum» Ancient History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  13. a b c d Jackson, Peter. (1978). The dissolution of the Mongol Empire. Central Asiatic Journal. XXXII:, 208–351 or..
  14. a b c (Gaztelaniaz) Carvajal, Guillermo. (2016-06-16). «Cuando los mongoles irrumpieron en las Cruzadas y sufrieron su primera derrota en la Historia» La Brújula Verde (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  15. a b c d e f g h Morgan, David. (2007). The Mongols (2. edizioa). Malden, MA; Oxford, UK; Carlton, Victoria, Australia: Blackwell Publishing ISBN 978-1-4051-3539-9..
  16. Allsen, Thomas T.. (1987). Mongol Imperialism: The Policies of the Grand Qan Möngke in China, Russia, and the Islamic Lands, 1251–1259. University of California Press ISBN 978-0-520-05527-8..
  17. «WebCite query result» www.webcitation.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  18. Barthold.. Turkestan Down to the Mongol Invasion. 446.
  19. Man, John. (2007). Kublai Khan: from Xanadu to superpower.. Bantam Books ISBN 978-0-553-81718-8..
  20. a b (Gaztelaniaz) Marino, Alejo. (2018-09-20). «IMPERIO MONGOL | Historia, origen, organización y expansión» Historiando (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  21. Allsen, Thomas T.. (2004). Culture and conquest in Mongol Eurasia.. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-60270-9..
  22. G., Ghazarian, Jacob. (2000). The Armenian kingdom in Cilicia during the Crusades : the integration of Cilician Armenians with the Latins, 1080–1393. Richmond: Curzon, 159-161 or. ISBN 978-0-7007-1418-6..
  23. Hannah, Ian Campbell. (1900). A brief history of eastern Asia. London, Unwin (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  24. «Decameron Web | Plague» www.brown.edu (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  25. «Битва на Синіх Водах. Як Україна звільнилася від Золотої Орди» Історична правда (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  26. Michal Biran. (1997). Qaidu and the Rise of the Independent Mongol State in Central Asia.. The Curzon Press ISBN 0-7007-0631-3..
  27. a b Weatherford, Jack.. (2010). The Secret History of the Mongol Queens. Broadway Paperbacks, New York..
  28. David M. Robinson. Empire's Twilight: Northeast Asia Under the Mongols. , 40 or..
  29. a b c (Gaztelaniaz) «Imperio mongol - ¿Qué fue?, historia, organización, caída y emperadores» Enciclopedia de Historia 2019-02-04 (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  30. (Ingelesez) Rogers, Clifford J.; France, John; DeVries, Kelly. (2010-11-18). Journal of Medieval Military History. Boydell & Brewer, Limited ISBN 978-1-84383-596-7. (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  31. «Imperio mongol - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  32. Buell, Paul D.. (1979). Sino-Khitan Administration in Mongol Bukhara. Journal of Asian History. 13 (2):, 137-138 or..
  33. a b «Imperio Mongol: origen, religión, economía y características» www.caracteristicas.co (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  34. Atwood, Christopher P.. (2004). The Encyclopedia of Mongolia and the Mongol Empire. 1 vol. New York: Facts on File.
  35. Igor de Rachewiltz. The Secret History of the Mongols: A Mongolian Epic Chronicle of the Thirteenth Century. Brill: Leiden, Herbehereak.
  36. «JĀMEʿ AL-TAWĀRIḴ – Encyclopaedia Iranica» www.iranicaonline.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  37. Hull, Mary. (1998). The Mongol empire. San Diego, CA : Lucent Books (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  38. a b «The Postal System within the Mongol Empire and China : History of Information» www.historyofinformation.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  39. Chambers, James. (1979). The Devil's Horsemen Atheneum. ISBN 0-689-10942-3..
  40. «Airag - Fermented Mare's Milk - Mongolian Beverage» www.mongolfood.info (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  41. Amitai-Preiss, Reuven, and David O. Morgan, eds.. (1999). The Mongol Empire and its Legacy.. Leiden: Brill,, 200-222 or..
  42. Atwood, Christopher P.. (2004). "Daily Food in the Mongol Empire." The Encyclopedia of The Mongols and the Mongolian Empire. 1 vols. New York: Facts on File.
  43. (Ingelesez) Society, National Geographic. (2017-07-12). «yurt» National Geographic Society (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  44. Enkhbold, Enerelt. (2019-10-02). «The role of the ortoq in the Mongol Empire in forming business partnerships» Central Asian Survey 38 (4): 531–547.  doi:10.1080/02634937.2019.1652799. ISSN 0263-4937. (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  45. Enkhbold, Enerelt. (2019-10-02). «The role of the ortoq in the Mongol Empire in forming business partnerships» Central Asian Survey 38 (4): 531–547.  doi:10.1080/02634937.2019.1652799. ISSN 0263-4937. (Noiz kontsultatua: 2021-12-29).
  46. Guoli Liu. Chinese Foreign Policy in Transition. , 364 or..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]