Palmiro Togliatti
Palmiro Togliatti (palˈmiro toʎˈʎatti ahoskatua; Genova, 1893ko martxoaren 26a - Jalta, Sobietar Batasuna, 1964ko abuztuaren 21a) italiar politikaria izan zen. Alderdi Sozialistako kide, eta Avanti aldizkari komunistako erredaktoreetako bat zen. Italiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen (1921). Faxismoa baino lehen, Sobietar Batasunera erbesteratu zen eta Komiterngo idazkari egin zuten (1937). 1937-1939 urteetan, komisario politikoa izan zen Espainiako Gerra Zibilean. 1944an, Italiara itzuli zen, eta sailik gabeko ministroa izan zen Badoglioren aginpidean (1944). 1944-1946 urteetan, halaber, ministro izan zen, hots, Bonomiren, Parriren eta De Gasperiren aginpidean. 1947. urtean, aginpideko gainerako komunistak bezala, kargutik kendu zuten, eta oposizio-buru bihurtu zen Togliatti. Alderdiaren barne-arazoei dagokienez, estalinizazioaren aurka agertu zen, eta Moskuren eta Pekinen arteko auzia piztu zenean, herrialde bakoitzeko Alderdi Komunisten erabakiak errespetatzearen alde agertu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Palmiro Togliatti |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.