Salvador Puig i Antich
Salvador Puig i Antich | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bartzelona, 1948ko maiatzaren 30a |
Herrialdea | Katalunia |
Heriotza | Bartzelona, 1974ko martxoaren 2a (25 urte) |
Hobiratze lekua | Montjuïceko hilerria |
Heriotza modua | heriotza zigorra: garrotea |
Hiltzailea | Antonio López Sierra (en) |
Familia | |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | La Salle Bonanova |
Hizkuntzak | katalana gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktibista eta politikaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Askapen Mugimendu Iberikoa |
salvadorpuigantich.info | |
Salvador Puig i Antich (Bartzelona, 1948ko maiatzaren 30a - ibidem, 1974ko martxoaren 2a) kataluniar anarkista izan zen, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan aritu zena. Militar Auzitegi batek epaitu ondoren, erregimen frankistak hil egin zuen, Bartzelonan bere bila zebiltzanean jazotako tiroteo batean hil zen Francisco Anguas Barragán polizia hil izana leporatuta. Erregimenak indarra erakutsi nahi zuen Carrero Blanco lehendakaria erail berri zuen unean[1].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Salvador Puig i Antich Bartzelonan jaio zen, 1948ko maiatzaren 30ean. Familia xume bateko sei anaia-arreben artean hirugarrena zen Salvador. Bere aita, Joaquín Puig, Acció Catalanako kide izandakoa zen Bigarren Errepublikaren garaian eta Frantziako Argelès-sur-Mereko kontzentrazio esparruan erbesteratua egon zen. Espainiara itzuli zenean, heriotza-zigorrera kondenatu zuten, baina azken uneko indultua jaso zuen. Horrela dio Imma Puigek, Salvadorren arreba zaharrenak:
« | En casa se respiraba el miedo. Mi padre no quería que nos metiéramos en política, pero por miedo a que nos pasara algo. Pero éramos antifranquistas y queríamos hacer algo contra ese régimen[1] | » |
Salvador La Salle Bonanova eskola erlijiosoan hasi zen ikasten eta diziplina faltagatik bota zuten handik, Mataró-ko Salesianoen barnetegian jarraitu zuelarik. 16 urtetatik aurrera, gaueko txandan aritu zen Maragall Institutuko Batxilergoko ikasketetan, bulego batean lan egiten zuen bitartean; garai hartan ezagutu zituen Movimiento Ibérico de Liberación (MIL) deiturikoan kide izango zituen Xavier Garriga i Oriol eta Solé Sugranyes anaiak.
Militantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1968ko Frantziako maiatzeko gertaerak eta 1969an izandako Enrique Ruano ikaslearen hilketa erabakigarriak izan ziren Salvador gazteak diktadura frankistaren aurka aktiboki borrokatzeko erabakia hartzeko orduan. Maragall Institutuko Ikasleen Batzordean hasi zen eta CCOOn izan zen bere lehen militantzia. Ideologikoki, berehala joan zen aldatzen anarkismo aldera.
Zientzia ekonomikoen karrera hasi zuen, baina soldadutzara joan behar izan zuen Eivissara, erizaintzan destinatu zutelarik. Lizentziatu ondoren, MILeko adar armatuan sartu zen, kapitalismoaren aurka borrokatzeko asmoz. MIL deritzenak ez dira ETA edota FRAP bezalakoak kontsideratzeen. Talde horrek ez zuen sekula FRAP edo ETAren kontsiderazioa izan, ez baitzuten bonbarik erabili edo segurtasun indarren aurkako ekintzarik egin.
1971n, zerbitzu militarra bukatu eta gero, Puig Antichek 23 urte zituen. Salvador eta bere taldekideak erraztasunez mugitu ziren borroka klandestinoan. Puig txoferra izan ohi zen taldearen ekintzetan -banku lapurretak gehienetan-. Lortutako dirua euren publikazio klandestinoak finantzatzeko erabiltzen zuten, CIA (Conspiración Internacional Anarquista) eta Mayo 37 argitaletxea sortu zituztelarik. Grebalariei laguntzeko eskaintza ere egin zuten, baina hauek lapurretatik zetorren dirua jasotzeko beldur izan ziren. Maiz joaten ziren Frantzia hegoaldera, CNTko militante ohiekin harremanak izateko.
1973ko martxoaren 2an, larri zaurituta irten zen Bartzelonako Banco Hispanoamericano-ko bulegari bat Salvador Puig Antich, Jean Marc Rouillant, José Luis Pons Llobert eta Jordi Solé Sugranyesek burututako lapurretan eta, une horretatik aurrera, poliziak talde berezi bat sortu zuen banda desartikulatzeko. Egoera berriak kezka eta kontraesana ekarri zuen MILera eta, 1973ko abuztuan Frantzian izandako bilera batean, taldekide gehienak disoluzioa erabaki zuten, ez baitzeuden taldearen norabidearekin ados. Puig Antich, Solé Sugranyes anaiek eta José Luis Ponsek, ordea, aurrera jarraitzea erabaki zuten.
1973ko irailaren 15ean, MILen azken lapurreta izan zen, Bellver de Cerdanyan, eta Guardia Zibilak Oriol Solé eta José Luis Pons hartu zituen atxilo, Jordi Solék Frantziako mugara iristea lortu zuen bitartean. Egun batzuk geroago, Ponsen neskalaguna eta Santi Soler hartu zituzten eta, honek irailaren 25ean El Funicular tabernan Xavier Garrigarekin geratuta zegoela aitortu zuen galdeketan. Horrela, Garriga atxilotzeko operatibo bat prestatu zuten eta, Puig i Antichen presentzia ez bazuten espero ere, biak harrapatu zituzten egun hartan. Garriga armarik gabe zegoen eta ez zuen erresistentziarik jarri. Salvadorrek, ordea, ez zuen amore ematen eta kolpeak eta indarkeriak izan ziren hura gerarazteko. Kommer pistola, 6,35 milimetrokoa, kargatuta harrapatu zioten, baina gauza ez zen hor geratu eta borrokak aurrera jarraitu zuen, 5 poliziek eta harrapatutakoak Girona kaleko 70. portalean sartu zirelarik. Une horretan entzun zen tiroa eta Garrigak alde egiteko aprobetxatu zuen, baina Rodríguez eta Algar poliziek harrapatu egin zuten. Portalean, berriz, tiroketa izan zen. Han jarraitzen zuten Puig Antich, Bocigas, Anguas eta Fernández Santorumek eta Puig Antich larri zaurituta geratu zen. 23 urteko polizia zen Francisco Anguas Barragán, berriz, hil egin zen, polizien esanetan, Puigek eginiko tiroen ondorioz.
Epaiketa eta exekuzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Puig i Antich kartzelan sartu zuten, Anguas Barragánen heriotza eragin zuten tiroen autore zen salaketapean. Gerra kontseilua egin zioten eta heriotza zigorra esleitu. Alderdi politiko, giza eskubideen aldeko elkarte edo atzerritar agintariek -Vatikanoa[2] edo Willy Brandt kantzelaria tarteko, Salvadorrentzako indultua eskatu zuten, Puig i Antichen abokatu, arreba eta emaztegaiak ez zuten nahikoa mobilizazio ikusi oposizioko alderdi eta sindikatuetan[3].
Bartzelonako Modelo kartzelaren 443. zeldan izan zuen azken gaua Salvadorrek eta, 1974ko martxoaren 2ko goizeko 09:20an, garrotez hil zuen Antonio López Sierra borreroak. Europako herrialde askotan antolatu ziren exekuzio haren aurkako protestak. Egun berean hil zuten era berean Tarragonan Georg Michael Welzel (alias Heinz Chez), zenbaitentzat atentzioa sakabanatzeko egina. Montjuïceko hilerrian eman zioten lur.
Zinea, literatura, antzerkia, pintura eta musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1974an, Salvador exekuzioaren zain zegoenean eta horren aldeko mobilizazioak indarrean zeudenean, Joan Mirók La esperanza del condenado a muerte seriea margotu zuen.
1977an, Els Joglars antzes taldeak La torna lana ekoiztu zuen, Heinz Chezen exekuzioa Puig Antichena ezkutatzeko maniobra bezala aurkeztuz. Horregatik egin zioten gerra kontseilua lan honi eta horrek adierazpen askatasunaren aldeko mugimendua indartu zuen.
Lluís Llachek I si canto trist tema dedikatu zion eta 1974an aterako zen diskoaren izenburua izango zen hura. Urte batzuk geroago, kantautoreak Salvador filmaren soinu bandan ere hartuko zuen parte.
1976an, Joan Isaac kantautoreak A Margalida tema egin zuen Puig Antich eta bere bikotekidea omenduz.
2001ean, Francesc Escribano kataluniar kazetariak Cuenta atrás. La historia de Salvador Puig Antich liburua idatzi zuen, Puig Antichen exekuziora arte eraman zuten ekintzak kontatuz.
2005ean, Loquillok El año que mataron a Salvador abestia dedikatu zion Mujeres en pie de guerra diskan.
2006an, Escribanoren liburuan oinarritutako gidoia erabiliz, Salvador filma estreinatu zuten, Daniel Brühlek interpretatuta eta Manuel Huergak zuzenduta.
Bai liburuak eta baita filmak ere, ez dute harrera ona izan MILeko militante ohien artean, Salvadorren militantzia kide horiek Puig Antichen pertsonaia eduki politikoz hustuta ikusten baitute, Jesús Irurre kartzelaria, kondenatu zuen epaile militarra edo polizia frankistaren kideak irudi duinez erakusten dituen bitartean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Katalanez) Salvador Puig Antich eta MIL
- Salvador (Puig Antich) filma filmaffinityn
- El año que mataron a Salvador, Loquilloren abestia Youtuben
- (Gaztelaniaz): Madrilgo Fiskaltzaren iriztiz José Utrera Molina ministro frankista izan zen Puig Antich hilaraztearen arduraduna.