Edukira joan

Urkolore

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bidaia mendatean zehar (関山行旅圖) Dai Jin (1388-1462.)
Itsasoko langileak liburuan ilustrazioa, Victor Hugo idazlearen urkolorea.

Urkolorea[1][2] marrazteko eta margotzeko metodoa da, tinta txinatarra (edo beste kolore bakar bat) uretan nahastu eta pintzelaz aplikatzean datzana, eta akuarelak baino tonu lodiagoak lortzen dituena. Obra bera izendatzeko ere erabiltzen da.

Urkolore teknikari esker, gama kromatiko zabala erabil daiteke oinarri-kolore bakarretik abiatuta (normalean beltza edo sepia, edo kolore okre eta berdexkak), eta difuminazioen bidez, baita degradatuak egiteko ere.

Ez da nahastu behar urmargo (akuarela) eta akuaforte teknikekin.

Teknika honen jatorria Txinan VI. mendean dago, eta Song dinastiako (960-1279) paisaiak oso ospetsuak dira. Gero, Korea, Japonia (X. mendea) eta Viet Namera hedatu zen. Tinta beltzez eta urez margoturiko teknika txinatarra, shui-mo hua izenekoa (txinera tradizionalez 水墨畫, txinera sinplifikatuz 水墨画, euskaraz "ur-tinta margoa"), Japoniara iritsi zenean sumi-e izendatu zen (japonieraz 墨絵), eta Muromachi Aroan (1336-1573) margo teknika nagusia bihurtu zen.

Europan, teknika hau batez ere Pizkundetik aurrera hasi zen praktikatzen, orduan paperaren kalitatea eta lodiera nabarmen hobetu baitziren. 1437an Cennino Cenniniren pintura-tratatuan idatziz agertu zen. Erabili duten margolari ospetsu batzuk dira Guercino, Rembrandt eta Claude Lorrain.

Normalean pintzelaz aplikatzen da. Teknika honen zailtasuna eta edertasuna tinta behar bezala diluitzeko eta marrazkian gama ezberdinak islatzeko trebetasunaren araberakoak dira, argi biziaren eta erabateko ilunaren artean aldatuz. Hasteko, zati distiratsuena margotu behar da, eta ilunaren aldera joan, geruzak bata bestearen gainean jartzen baitira. Akuarela teknikarekin batera, paperak garrantzia du, lodiera nahikoa izan behar baitu, hezetasunarekin ez zimurtzeko. Baina kartoiaren gainean ere margotu daiteke, baita mihise edo taularen gainean ere.

Hainbat urkolore metodo daude:

  • kolorea diluitu erabili aurretik;
  • papera busti, eta gero kolore bat jarri, zuzenean paperaren gainean diluituko dena;
  • kolorea paperaren gainean jarri, eta berriro landu, urez betetako pintzel batez.

Horien arabera, emaitzak oso ezberdinak izan daitezke.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Zehazki eta Harluxet hiztegietan (noiz kontsultatua: 2024-10-22)
  2. Euskalterm, Hiztegi terminologikoa, 2003 (noiz kontsultatua: 2024-10-22)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]