Edukira joan

Varroa destructor

Wikipedia, Entziklopedia askea
Varroa destructor
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaArachnida
OrdenaMesostigmata
FamiliaVarroidae
GeneroaVarroa
Espeziea Varroa destructor
[[Denis Anderson, John W. H. Trueman|]], 2000
Datu orokorrak
Ostalariaerle arrunt eta Apis cerana
Luzera1,1 mm eta 0,8 mm
Gaixotasunavarroosis (en) Itzuli
Genomaren kokapenametazoa.ensembl.org…

Varroa destructor barroa mota bat da, hots, akaro bizkarroi bat, Apis cerana eta Apis mellifera erleez elikatzen dena. Akaro horrek eragindako gaixotasunari barroasi esaten zaio, eta erle eztigileak gaur egun duen gaixotasun nagusia da.[1] Mundu osoko erlezaintzari eragiten dio.

Barroa ohiko parasitoa izan da Asian dagoen erle mota batentzat (Apis cerana). XX. mendearen erdialdean, ordea, Errusiako ekialdean, erlezaintzan erabili ohi diren erleak (Apis mellifera) Asiakoarekin kontaktua izaten hasi ziren, eta parasitoa espezie batetik bestera pasatu zen. Hala, mundu osora zabalduta dago orain.

1986an Euskal Herrian sartu zen eta izugarrizko triskantzak egin zituen eta egiten ditu oraindik erleen artean. Harrezkero ez dago Apis mellifera espezieko erle basatirik gure artean, erlezainek zainduak izan ezik. Akaro honen aurkako urteroko tratamenduek mantentzen dituzte bizirik erleak.[2][3]

Barroa erle-kolonietan baino ezin da ugaldu. Erle-larbei erasotzen die, eta gantzak xurgatuta ahuldu egiten du. Prozesu horretan, akaroak ARN birusak zabaltzen ditu erlearengan, hala nola hegal motxen birusa. Barroa erlauntzean asko zabaltzen bada erle-kolonia osoa hil dezake. Erlezaintzan kalte ekonomiko handiena eragiten duen parasitoa da barroa.

Deskribapen fisikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Varroa destructor heldua gorri iluna da, eta forma zapala du; 1 eta 1,8 mm luze eta 1,5 eta 2 mm arteko zabalera du; zortzi hanka ditu.

Ugalketa, infekzioa eta erlauntzaren heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barroa hamar eguneko zikloetan ugaltzen da. Emea erle larba dagoen gelaxkan sartzen da. Erleek gelaxka estaltzen duten bezain laster, barroak arrautzak jartzen ditu (lehenbizikoa arra eta ondorengoak emeak). Arrautza horietatik barroa gazteak ateratzen dira, eta arrak arrebak estaltzen ditu. Tarte horretan, gelaxkatik jaio egiten da erlea, eta barroa eme gazteak beste gelaxka baten bila hasten dira; hala, zikloa berriz abiatzen da. Barroa helduak erlearen gantzak xurgatzen ditu elikatzeko, eta zauriak eragiten dizkio erleari. Erasotako erleek infekziorako joera handiagoa dute. Erleen lerro genetiko batzuk izan ezik (Errusiakoak edo Magrebekoak, adibidez), munduko erlezaintzan nagusi den espezieko erleak, Apis mellifera-k, ia ez du zereginik parasito horien aurka (Errusiako erlearen kasuan, seguru asko joan deneko berrehun urtean parasitoarekin kontaktuan denez, akaroei zailagoa zaie erle mota horretan ugaltzea).[4] Asiako Apis cerana erlea milaka urtean bizi da barroarekin, eta parasitoaren aurkako garbiketa-estrategiak garatu ditu. Horiei esker, koloniaren bizitza ez dago arriskuan.

Astez aste, barroaren kopurua biderkatu egiten da, eta, udazkena iristen denerako, erle kolonia guztia suntsitu dezake.

Hedapenaren datak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Identifikazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain dela gutxi arte uste zuten Varroa destructor estu lotuta zegoela Varroa jacobsoni delakoarekin. Bi espezieak dira A. cerana Asiako erlearen bizkarroiak. Hala ere, Anthonie Cornelis Oudemansek 1904an V. jacobsoni gisa deskribaturiko espeziea ez da erle eztigileari erasotzen dion espezie bera. Erle eztigilera, ziurrenik, Filipinetan egin zuen jauzi lehen aldiz 1960ko hamarkadaren hasieran, non A. mellifera inportatua A. cerana kolonia infektatuekin kontaktuan jarriko baitzen. 2000. urtera arte, zientzialariek ez zuten V. destructor espezie bereizi gisa identifikatu. Urte horretan, Andersonek eta Truemanek identifikazio hori egin, eta aurrez zegoen nahasmena zuzendu zuten literatura zientifikoan.[5]

Kontrola eta prebentzio neurriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borroka kimikoa, mekanikoa eta genetikoa erabiltzen dira barroari aurre egiteko[6], baina oraingoz ez dago erabat eraginkorra den metodorik.

Borroka kimikoak bi arazo nagusi ditu: hondakinak uzten ditu eztian, eta parasitoa erresistentziak garatzen ari da, eta, ondorioz, gero eta eraginkortasun txikiagoa du. Badira kimiko naturalak; besteak beste, azido oxalikoa eta timola.

Borroka mekanikoan, besteak beste, erlamando habien maneiua dago. Barroak maiteago ditu erlamando gelaxkak, eta horiek sakrifikatuta infestazioaren ehunekoa apaldu egin daiteke.

Borroka genetikoan, berriz, barroari gogor egiten dioten erleak hautatzen dira. Adibidez, barroari hankekin eta ahoarekin ekiten dioten erleak, hau da, barroari jazartzen zaizkionak (ingelesez, grooming egiten dutenak).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Jon, Otaolaurretxi. (1990-06-01). «Erlauntzetako barroasia, desagertuko ote?» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).
  2. a b Aizpurua, Martxel. (2020). «Erleekin solasean» www.buruxkak.eus (UEU) ISBN 978-84-8438-706-0. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  3. Aizpurua, Martxel. (2023). «Erletxo, erletxo, nagusia hil da» www.ueu.eus (UEU) (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  4. «Search Content» Science News.
  5. D. L. Anderson; J. W. H. Trueman. (2000). «Varroa jacobsoni (Acari: Varroidae) is more than one species» Experimental and Applied Acarology 24 (3): 165–189.  doi:10.1023/A:1006456720416. PMID 11108385..
  6. «Low Varroa Growth (LVG) – Honey Bee Research Centre» hbrc.ca (Noiz kontsultatua: 2022-11-28).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]