Edukira joan

Iruzur fiskal

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Zerga-iruzurra» orritik birbideratua)

Iruzur fiskala edo zerga-iruzurra[1] zergen ordainketa saihesteko legez kanpoko ekintzak edo egingabekoak dira, aurrez pentsatuak, eta gehienetan dokumentuak faltsutuz edo horiek ez aurkezteagatik egiten direnak.

Zergadun batzuek epealdi batean lortutako errenta edo aberastasunagatik administrazioari, hau da, kasuan kasuko foru aldundiari eta udalari, ordaindu beharreko zergak ez ordaintzearen ondorioa da.

Iruzur fiskalen tipologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruzur fiskalak era askotakoak izan daitezke:

  • Zerga ihesa: diru sarrerak ezkutatzea (norberaren lurraldean edota kanpoko lurraldeetan, "paradisu fiskaletan") edo ondare gehikuntzak ez aitortzea.
  • Ezkutuko ekonomia: Ogasunarekin dituen betebeharretatik kanpo ari den jarduera ekonomikoa da. Jarduera ekonomikoaren zati hori ez da ageri estatistika ofizialetan eta ez da sartzen zirkuitu fiskaletan, ez haren protagonistak, ez haren emaitzak, ez baitira deklaratzen. Grezian itsua dela deklaratzen du herritar askok, Italian ia inork ez du egiten fakturarik zergak ez ordaintzeagatik eta Polonian ustezko nekazaritza ekologikoak sekulako booma izan du. Krisiaren zergatikoa eta ondorioa dira, aldi berean.
  • Zerga aitorpena egitean zerga kenkari faltsuak aplikatzea, faktura faltsuak aurkeztea...

Iruzur fiskalarekin zerikusia duten zenbait kontzeptu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • BEZa: Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) Europar Batasun osoan eta beste hainbat herrialdetan ezartzen da. Kontsumoaren gaineko zeharkako zerga da, ondasunen erosketa edo zerbitzu profesionalak jasotzen dituena eta azken kontsumitzaileek jasaten dutena.

BEZak produkzioaren kate-maila guztiak zergapetzen ditu (enpresariak BEZa jasaten du egiten dituen erosketetan eta gero salmentetan jasanarazten du) eta prozedura hori azken kontsumitzailearekin bukatzen da, benetan kontsumitzaileak ordaintzen baitu.

  • TASA: Erakunde publiko batek erabiltzaile bati onura zuzena ekarriko dion zerbitzu publiko edo jarduera bat emateagatik ordainetan ematen den dirua da. Eta zergak, administrazio publikoek zergapekoei eskatzen dizkieten ordainketak dira eta haien kontura ez da inolako onura zuzenik jasotzen.
  • OFFSHOREa: Offshoreak zenbait abantaila dakar lurralde bateko enpresa batek beste lurralde batean jarduera ekonomiko bat jartzeko (besteak beste, eskulan merkeagoa, zerga ordainketa txikiagoa eta lan araudi arinagoa).
  • Paradisu fiskala bertan bizi edo kokatuta ez dauden herritar eta enpresei zerga-sistema bereziak ezartzen dizkien lurralde edo estatua da, non herritarrek eta enpresek beren helbidea jartzen baitute lege ondorioetarako. Erabatekoak edo oso nabarmenak diren zergen murrizketak izaten dira abantaila ohikoenak.

Ezkutuko ekonomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkutuko ekonomiak era askotako izenak ditu, zenbait ñabardurarekin: ekonomia murgildua, irregularra, beltza, lurpekoa… Jarduera ekonomikoaren zati hori ez da ageri estatistika ofizialetan eta ez da sartzen zirkuitu fiskaletan, zeren, ez haren protagonistak (enpresaburuak, langileak), ez haren emaitzak (produkzioak, kostuak, mozkinak…), ez baitira deklaratzen.

Gainera, iruzur fiskalaren ondorioek politika publikoei eragiten diete eta ondasunak birbanatzeko politika oztopatu. Hala, gogoan izan behar dugu iruzurrak erakundeek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak emateko ahalmena murrizten duela (hezkuntza, gizarte laguntzak, osasungintza, bekak, babes ofizialeko etxebizitzak…). Beraz, iruzur fiskalak gizartearentzat eragin negatiboa du eta bereziki baliabide ekonomiko gutxien duten herritarrengan!

Iruzur fiskala egitea zigortua dago eta egindako iruzurraren mailaren arabera zigor hauek ditugu:

  • 120.000 €tik gorakoak delitu fiskaltzat jotzen dira; hortik beherakoak administrazio arau-hausteak dira (alegia, ez administrazioak, ez epaile penalak zigortzen ez dituzten arau-hausteak).
  • Delitu fiskala egiteagatik urte bat eta bosten arteko kartzela zigorra dago, eta isuna egindako iruzurraren kopurua baino 6 aldiz handiagoa izan daiteke.


Iruzur fiskalaren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruzur fiskalak ekonomian eta gizartean ondorio asko ditu, ondorio nagusitzat hauek aipa ditzakegu.

  • Estatua ahuldu eta txirotu egiten du, zerbitzu publikoak kaltetuz eta hauei bideratzen zaizkien baliabideak gutxituz.
  • Herritar arruntek eutsi behar duten esfortzu fiskala handitzen du, baita PYMES-ek egin behar duten esfortzua.
  • Legegintzak ezarritako aberastasunaren banaketaren helburuak kaltetzen ditu
  • Lehia ez leial egoerak sortzen ditu zergak ordaintzen dituzten eta ez dituzten agente ekonomikoen artean.
  • Herritartasunak estatuarekin duen konfiantza izorratzen du.

Nahiz eta iruzur fiskalak ia herrialde guztietan sortzen dituen kalteak eta nahiz eta balore osoetan herrialde garatuetan gertatzen den tamaina handiena, efektu kaltegarrienak herrialde azpigaratuetan gertatzen dira. Oxfam Intermón-en ikerketa batek egindako estimazio baten arabera, garapen bidean dauden herrialdeek 100.000 miloi dolar ez dituzte jasotzen (herrialde hauen erdiak Afrikan daude). Hori enpresa handien iruzur eta gehiegikerien emaitza da.

Korporazio handien ihes-fiskalak pertsonen bizitza arriskuan jarri eta desberdintasunak ekiditeko estatuen gaitasuna ahultzen du.

Iruzur fiskala egiteko metodoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruzur fiskala dakarten metodoak daude; zuzenean diru ezkutatzean oinarritzen dira: beltzean lan egitea edo fakturak BEZik gabe egitea, jasotakoa baino diru gutxiago aitortzea, paradisu fiskaletara jotzea edo gauzak erdizka kobratzea.

Beste batzuetan ingeniaritza fiskal delakoa erabiltzen dute enpresek, legegintzak dituen hutsuneak erabiltzen dituzte, interpretazio hutsak eta herrialdeen legeria berezia (Suitza dugu adibidetzat).

Gero herritar edo talde ideologiko zenbaitek erresistentzia fiskala erakusten dute: batzuek protesta moduan estatuak zergak gaizki erabiltzen dituela pentsatzen dutelako, eta beste batzuek zergak ez ordaintzeagatik edo dirua aurrezteagatik.

Iruzur fiskala Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruzur Fiskalak egoera larria sortu du. Hego Euskal Herrian urtero 13.000 milioi euroko iruzurra gertatzen dela kalkulatu izan da. Gipuzkoak 2011n, adibidez, 312 milioi euroko iruzurra izan zuen, Bizkaiak 560 milioi eurokoa eta Arabak 96 milioikoa.

Espainiako Estatuan 120.000 eurotik behera ez dago zerga deliturik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Plan Bateratua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 26an egindako osoko bilkuran, fiskalitateari buruzko eztabaida monografikoaren ondoren, 6. ebazpena onartu zuen. Ebazpen horren arabera, Eusko Legebiltzarrak beharrezkoa ikusten du “iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko batzorde bat sortzea. Hiru lurralde historikoen eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzearekin, Batzordearen ardura izango da Iruzurraren kontrako Borrokarako Plan Bateratua egitea, Zerga Koordinaziorako Organoaren barruan (ZKO)”. "Eusko Legebiltzarrak iritzi dio erakundeen arteko elkarlana indartu beharra dagoela iruzurraren kontrako borrokan. Horretarako, ekintza bateratuen programa erabiliko da, aukera emango duena martxan jarritako baliabideak eta neurriak aurkezteko, neurriok aldian behin aztertzeko, eta horien eraginkortasuna neurtzeko". Halaxe xedatu da aipatutako ebazpenean. Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Plan Bateratuak jarduerak eta emaitzak ebaluatzeko helburuak ezarriko ditu, kalterik egin gabe foru ogasunen ikuskatzeko plan berezi eta osagarriei. Zehazki ezartzen da aipatutako Plan Bateratua egingo dela bere irizpide orokorrak ezarriz eta foru aldundiek egin beharreko jarduera koordinatuak zehaztuz. Edozein kasutan, bere baitan hartuko ditu informazioa lortzeko ekimenak, prebentzio ekintzak eta arautzeko eta kobratzeko jardunak.

2013ko urriaren 14an sortu zen Batzordea, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren erabakiaren bidez. Haren xedea Euskal Autonomia Erkidegoko eta haren lurralde historikoetako erakundeak etengabe lankidetzan aritzea eta biltzea zen, iruzurraren kontrako hiru foru-ogasunetako borrokaren jarduketak are indar handiagoz koordinatzeko, jarduketak kuantifikatzeko metodologia homogeneizatzeko oinarriak ezartzeko, eta hiru foru-aldundietako plan bateratu bat onartzeko iruzurrari aurre egiteko. Legebiltzarraren ebazpenean xedatutakoaren arabera, Batzordeak hainbat funtzio ditu –Batzordearen barne funtzionamendurako erregelamenduan jasotakoak– besteak beste, " Iruzur fiskalaren kontrako Borrokarako Plan Bateratua egitea, planaren irizpide orokorrak eta hirurek egin beharreko jarduketa koordinatuak zehaztuz".

Iaz onartu zen 2014rako Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako lehenengo Plan Bateratua, hiru jarduketa-kategoria handitan egituratua dagoena. Batzordeak aho batez erabaki du 2014ko Plan Bateratuaren emaitzak oinarritzat hartuko direla Iruzurraren kontrako Borrokarako 2015erako Plan Bateratuko irizpide orokorrak eta forualdundiek gauzatu beharreko jarduketa koordinatuak ezartzeko. Horrela bada, 2014ko esperientziatik abiatuta hobetuko da 2015erako plana; alegia, eraginkortasun gutxiko alderdiak berbideratuko dira eta balioespenik handiena izan duten jarduketak indartuko. Ezer berririk ekarri duten jardunbide proposamenen artean bi nabarmenduko ditugu. Alde batetik, zergapekoek zergei buruzko foru-arauetan azken urteotan ezarritako betebehar berriak betetzen dituzten kontrolatzeko jardunbideak daude, lehen unetik araubide berria ondo aplikatzen den egiaztatzeko. Nabarmendu beharra dago, baita ere, negozioetako sistema informatikoen gaineko kontrola handitzeko konpromisoa, batez ere, azken kontsumitzaileei zuzenean zerbitzua edo ondasunak ematen dizkieten negozioenak; eta fakturazio-betebehar orokorrak betetzen diren kontrolatzekoa.

Foru-ogasun bakoitzeko Iruzurraren aurka Borrokatzeko edo Zerga Egiaztapenerako Planaren barruan jasoko dira, batetik, Iruzurraren kontrako Borrokarako Euskadiko Batzordeak adostutako jarduerak eta lehentasunak, eta, bestetik, foru-ogasun bakoitzak bereziki interesgarritzat jotzen dituen jarduera espezifikoak. Horrela bada, baliteke desberdintasunak egotea lurralde historikoetako plan espezifikoen eta Plan Bateratuaren artean, baina horrek ez du esan nahi funtsik ez dutenik.

Jarraian, beraz, aipatu egingo ditugu Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Plan Bateratuaren irizpide orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek modu koordinatuan egin beharreko jarduerak. Hainbat taldetan banatu ditugu horiek guztiak, zerga-administrazioko erakundeek egin beharreko jardueren ezaugarrien arabera:

a) Informazioa lortzeko jarduerak; horrelako jardueratzat hartuko dira zergetan ondorioak izan ditzakeen informazioa lortu, normalizatu eta aztertzera zuzendutako jarduerak, zergak aplikatzeko prozeduren objektu izango diren zergadun behartuak eta horiek izango dituzten prozeduren garapena hobeto hautatze aldera.
b) Prebentzio jarduerak; horiek barne hartuko dituzte zergadun behartuek iruzurrezko jarduerak egin izana baino lehen antzeman eta saihestera zuzendutako jarduerak.
c) Arautu eta kobratzeko jarduerak; horrelako jardueratzat hartuko dira kudeaketa eta ikuskatze organoek zergadun behartuen zerga egoera egiaztatu, ikertu, eta beharrezkoa balitz arautzera zuzendutako jarduerak, baita bilketa organoek zergadun behartuek dituzten zorrak ordaintzea lortzeko garatutako jarduerak ere, borondatezko epean zein epe exekutiboan ordaintzeko.

Euskadiko Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Batzordea eta Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Plan Bateratuak

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoak (EZKO) 2013. Urtean Euskadiko Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Batzordea sortu zuen.

Euskadiko Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Batzordeak, beste eginkizun batzuen artean, urtero Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Plan Bateratu bat prestatzeko eginkizuna du.

Plan Bateratuak Foru Aldundiek gauzatu beharreko jarduketa koordinatuak ezartzen ditu, Iruzurraren kontrako Borrokarako Euskadiko Batzordean adostutako jarduerak.

Foru Ogasun bakoitzeko Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Planek edo Zerga Egiaztapenen Planek, batetik, Iruzurraren kontrako Borrokarako Euskadiko Batzordeak adostutako jarduerak eta lehentasunak ezartzen dituzte, eta, bestetik, foru-ogasun bakoitzak bereziki interesgarritzat jotzen dituen jarduera espezifikoak. Horrela bada, baliteke desberdintasunak egotea lurralde historikoetako plan espezifikoen eta Plan Bateratuaren artean.

Urtero, Iruzurraren kontrako Borrokarako Euskadiko Batzordeak, Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Plan Bateratutik urte horretan lortutako emaitzei buruzko txostena egiten du.

Bizkaiko Foru Ogasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailaren helburu nagusietako bat zerga-iruzurraren aurkako borroka da.

Hori dela eta, Bizkaiko Ogasun eta Finantzak Sailak 2009. urtean Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Batzordea sortu zuen.

Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Batzordea Foru Ogasuneko Zuzendariaren menpe dago eta organo espezializatua da, Ogasuneko zuzendari nagusia aholkatu eta hari lagunduko diona Bizkaiko Foru Ogasunak zerga-iruzurraren aurka eraman behar duen politika diseinatzen, prestatzen, haren ezarpena kontrolatzen eta politika horren emaitzen jarraipena egiten.

Urtero, Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Batzordeak Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen-proposamen bat onetsiko du, Bizkaiko Foru Ogasunaren Iruzurraren aurkako planak delako ekitaldirako izango dituen irizpide orokorrak publiko egiten dituena.

Ebazpen hori Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak onetsi behar du, eta, ondoren, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.

Ebazpenak lantzeko hiru jarduera-lerro ezartzen ditu: informazioa lortzeko jarduketak, prebentzio-jarduketak eta erregularizazio- eta kobrantza-jarduketak.

Informazioa lortzeko jarduketen helburua erregistro publiko eta pribatuetan dagoen informazioa eskuratzea da, Foru Ogasunak zergadunak aurkeztutako datuetako inkongruentziak detektatu ahal ditzan, eta, hala, erregularizazio- eta kobrantza-jarduketen hautaketa ona egin dezan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Herri-ogasuna Hiztegia] [2015]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]