Pausanias (geografoa)
- Artikulu hau geografoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pausanias».
Pausanias (geografoa) | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Asia, 110 (egutegi gregorianoa) |
Heriotza | Sicily (en) , 180 (egutegi gregorianoa) (69/70 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, geografoa eta bidaia idazlea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Pausanias (antzinako grezieraz: Παυσανίας, Pausanías; c. 110 – c. 180) greziar bidaiari, geografo eta historialaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Badirudi Lidiakoa zela (Asia Txikia), beharbada bere idazlanetan behin baino gehiagotan aipatzen duen Magnesia Sipilokoan jaioa. K. o. II. mendean bizi izan zen. Grezian, Mazedonian, Italian eta Asia zein Afrikako lur batzuetan zehar bidaiatu zen.
Marko Aurelioren garaian lan garrantzizko bat idatzi zuen, Greziako deskribapena (antzinako grezieran Ἑλλάδος περιήγησις, Hellados Periegesis)[1], hamar liburukitan; obra honek oso xeheki aipatzen ditu arte-monumentuak eta haiekin erlazionatutako elezaharrak. Bidaietan ikusi eta ikertutakoa batzen du. Garai modernoetako aurkikuntza arkeologikoek haren oharren zehaztasuna bermatu dute.
Beste meritu batzuen artean, Platonen hilobia aurkitu izana egotzi zaio, honek sortu zuen Akademian, Atenas zaharraren kanpoaldean.
Literatur balio handirik ez izan arren, balio handiko iturria da Antzinako Greziaren topografia, monumentuak eta lekuan lekuko gurtzei buruzko informazio historikoari dagokionez.
Osorik iritsi da guganaino, eta lehen turismo-gidatzat hartua da. Atenasen egin zuen egotaldia kontatzen du, eta Olinpiar Jokoak, doriar tenpluak eta Greziar mitologia deskribatzen ditu.
XVIII. mendean bidaiari europarrek, batez ere britainiar eta alemanek, Greziara bidaiatzen hasi eta zibilizazio hura berraurkitzen dutenean, gida gisa erabiltzen dute Pausaniasen liburua. Honi esker, Olinpiaren, Delfosen eta oro har Greziako aztarnategi nagusien kokalekua aurkitu zen.
Besteak beste, gainera, Itsaso Hila aztertzen lehena izan zen, eta izena eman ziona.
Greziako deskribapena idazlana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziako deskribapena liburuak honako lurralde hauei eskainiak dira, hurrenez hurren:
- I. liburua: Atika eta Megara
- II. liburua: Korinto, Argolida, bai eta Egina eta inguruko islak
- III. liburua: Lazedemonia
- IV. liburua: Mesenia
- V. liburua: Elide eta Olinpia
- VI. liburua: Elide (bigarren zatia)
- VII. liburua: Akaia
- VIII. liburua: Arkadia
- IX. liburua: Beozia
- X. liburua: Fozida eta Lokrida
Pausaniasen deskribapenek bi alde nagusi izaten dituzte: batetik, leku fisikoen eta monumentuen deskribapenak daude, bidean barrena begiz ikusten eta deskribatzen dituenak. Bestetik, ordea, badira istorioak, historiak, mitoak ere, deskribapen horien edergarri eta osagarri elezaharrak eta pasarte historikoak nahasiz[2].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Pausanias (geografoa) - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2021-04-12).
- ↑ Jauregi, Joannes. «Pausanias, mitoaren geografo» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-12).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Greziaren deskribapena: aurkibidea. Testua gehienbat itzulpen automatikoz eginda dago.
- (Frantsesez) Pausanias. Jatorrizko obra osoa eta frantses itzulpena.
- (Ingelesez) Testua Perseus Projectean.
- Jatorrizko grezierazko testua ingelesezko oharrekin eta loturak Perseus Project-ean.
- (Gaztelaniaz) Pausaniasen lanean lekukotutako fitonimo batzuez
- (Gaztelaniaz) Juan Pablo Sánchez Hernández, "La patria de Pausanias (Notas de lectura a Paus. V, 13, 7): Magnesia del Sípilo y Esmirna".
- (Gaztelaniaz) Juan Pablo Sánchez Hernández, "Pausanias, la transformación del Oriente heleno y la crisis de la República romana (Notas A Paus. VIII, 27, 1)", Myrtia, 23, 2008, 121-134. or.. Kontsulta: 2013-12-30.