Esparta
Esparta[1] (dorieraz Σπάρτα, atikoz Σπρατη, Spartē) edo Lazedemonia[2] (grezieraz: Λακεδαιμονία) Antzinako Greziako hiri estatu bat zen, Peloponesoko penintsularen hegoaldean, Lakoniako lurraldean, Eurotas ibaiaren ertzean, Egeo itsasotik 40 km-ra. Lakoniako hiriburua izan zen, eta greziar polis garrantzitsuenetarikoa, Atenasekin eta Tebasekin batera.
Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mizenastar garaian, akaiarrak bizi izan ziren Lakonian, eta Homeroren elezaharrean Menelao zen Espartako erregea. K.a. IX. mendean sortu zuten doriarrek Espartako hiria, Lakonian zituzten lau herrigune bateratu ondoren. Hasieratik gutiziatu zituzten espartarrek Meseniako lur emankorrak; gerra luze baten ondorioz, nagusitu ziren lurralde hartan (K.a. 735-715), eta meseniarrak esklabo bihurtu zituzten.
K.a. VII. mendearen erdialdean, gerretan menderatutako herrien bizkar bizi zen aristokrazia militar baten inguruan antolatu zen Espartako estatua, eta horrela egituratu zen antzinateko gizarte mota berezienetako bat.
Espartako gizarte eredua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Betiko gorde nahi izan zen gizarte molde baten babesa eskaintzen zuten Espartako erakundeek (Likurgok taxutuak, espartarren beren esanetan): espartarren artean ez zen klase bereizketarik, denak berdinak ziren legeen aurrean (grekoz homoioi). Militarrak ziren, eta mendekoek eginiko lanez bizi ziren. Ilotek (grekoz heilôtoi) edo estatuko esklaboek lantzen zituzten ordokietako lurrak, eta urteko zerga ordaindu behar izaten zieten espartarrei. Demografia kontrolatzearren, sakaila lazgarriak egiten zituzten espartarrek iloten artean.
Ugariago ziren periekoak (grekoz perioikoi) edo mendian eta kostaldean bizi zirenak. Merkatariak eta langileak ziren (espartarrek ezin zuten inola ere horrelako lanetan jardun), nolabaiteko autonomia zuten beren herrietan, baina zergak ordaindu behar izaten zituzten eta ez zuten inolako politika eskubiderik Espartan.
Erregetzari, aristokraziaren gobernuari eta errepublikari dagozkion egiturak biltzen zituen Espartako konstituzio edo lege nagusiak. Ekonomian, oligarkia bat gailentzen zen beste guztien artetik. Bi errege zituzten espartarrek (diarkia), baina eginkizun militar eta erlijiozkoetara mugatzen ziren gehienetan. Zaharren Kontseiluaren (grekoz gerusia) esku zegoen aginte politikoa. Bi erregeek eta 60 urtetik gorako hogeita zortzi gizonek osatzen zuten kontseilua. Bost begirale nagusi (grekoz ephoros) hautatzen zituen urtero Zaharren Kontseiluak, herri bizitza, gazteen heziketa eta hiritarren eta erregeen portaera zaintzearren. 30 urtetik gorako hiritar guztiek osatzen zuten Herri Batzarra (grekoz apella), baina ez zuen inolako indarrik: begirale nagusiak eta Kontseilu Zaharreko batzordekideak baizik ez zitezkeen bertan mintza. Ahozko onarpen-multzoen ozentasuna neurtutakoan hartzen ziren erabakiak.
Espartako gizarte militarrean erabat ezabatzen zuen estatuak gizabanakoa. Jaioberria zaharren kontseiluko kideen aurrera eramaten zuten gurasoek: eri edo elbarri sumatzen bazuten mendi malkarretatik behera amiltzen zuten. Zazpi urte zituela hartzen zuen estatuak haurra, eta hogei urte bete arte zailtzen zuten hiri eta armadako ohitura gogorren arabera. Hogei eta hogeita hamar urteen bitartean, guda lanetan jarduten zuen gazteak, kriptia izeneko proba bat gainditu ondoren: hiritik kanpo bizi behar zuen gazteak bi urtez, basa-piztien legera, eta nahi bezainbat ilota hil zitzakeen. Mutilen antzeko heziketa jasotzen zuten neskek.
Ezkontza nahitaezkoa zen espartarren artean, baita guda garaian ere. Hirurogei urte bete arte, hiritar guztiek egon behar zuten borrokarako prest eta aldiro aldiro egin behar izaten zituzten jardun militarrak. Mahai berera biltzen ziren hiritarrak otorduak egiteko; salda beltza (odoletan egositako eltzekaria) zuten jangaia, urria eta berbera beti, jendea umetan lapurretara bultzatzearren. Lapurrak ez zuen inoren mesprezurik jasotzen; bai, ordea, zigor fisiko bat, lapurretan harrapatzen bazuten.
Musikari, dantzari eta abeslari trebeak ziren. K.a. VII. mendean, koru liriko handiak zituzten, eta Alkman, Tirteo, Terpandro eta Thaletas doriar musika maisua, besteak beste, hartu zituzten tarteko.
Espartarrak, greziarren artean nagusi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. VI. mendearen erdialdean iraungi zen distira hura guztia. Kilon begiralearen garaian (K.a. 556), egoera hura gogortu zuen Espartako oligarkiak: gizarte mailako bilakaera oro geldiarazi, itsas harreman guztiak eten, eta xenofobia areagotu zen. Arkadia eta Argos menderatu ondoren, Antzinako Greziako indar militar nagusia bilakatu zen Esparta k. a. VI. mendearen bukaeran, Peloponesoko hiriek osaturiko batasuna bere mendean zuela. Ondorengo urteetan, handia izan zen Espartaren eragin militarra Grezia osoan. Hala ere, sorgor besteen arazoen aurrean, bazter xamar geratu ziren espartarrak greziarren eta persiarren arteko gerretan (Mediar Gerrak).
K.a. 464-458. urteetan, Meseniako iloten matxinada bat zapaldu zuten espartarrek, Atenasek lagunduta. Ondorengo urteetan, ordea, Atenasko inperialismoaren aurka jokatu zuen Espartak: Beozia, Etolia eta beste hainbat hirirekin batu ondoren, Atenasko armada garaitu zuten espartarrek Peloponesoko Gerran (K.a. 431-404). Garaipen horri esker, hirietako oligarkia gobernuak indartu ziren Grezian, Espartak hala nahita.
Atenas, Korinto, Tebas eta Argosko hiriek osaturiko armada garaitu ondoren (Koroneako gudua, K.a. 394), Greziako beste hirien artetik gailendu zen Espartako hiria. Persiarrekin lorturiko bake hitzarmenak (Antalkidasen bakea, K.a. 384) sendotu zuen espartarren nagusigoa.
Gainbehera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 369an, Tebasko hiriak, Epaminondas gidari, espartarrak menderatu eta betiko galdu zen Espartako nagusigo militarra (Leuktrako eta Mantineako guduak, K.a. 371 eta 370. urteetan). Arkadiako hirien federakuntzak eta Meseniako hiri askatu berriak zokoratu zuten Esparta, Lakoniako gainerako hirietatik bazter utzita. Espartak ez zuen mazedoniarren aurkako borrokan parte hartu.
K.a. V. mendean hasi eta garaipen militarrei esker atzeratu zen gainbehera, erabatekoa izan zen K.a. III. mendean. Espartako gizarte egitura berdinzalea guztiz apurtua zen harrezkero: ehunka gutxi batzuk baizik ez ziren espartar familiak, lurren banaketak berdinen arteko klase bereizketa nabariak salatzen zituen, eta hiri sistema ustelduta zegoen. Agis IV.a (K.a. 240. urtean hila) eta Kleomene III.a (K.a. 236-219) erregeek Likurgoren legeak berrezarri nahi izan zituzten, baina alferrik: begiraleak aurka izan zituzten beti, eta lurrak ez ziren berdintasunez banatu. Kanpo politikan, bestalde, muzin egin zion Espartak Greziako batasunari eta erromatarrekin bat egin zuen Akaiar Ligaren kontra.
Sellasiako gudua galdu ondoren (K.a. 222), Makanidas eta Nabis tiranoen mende egon zen Esparta. K.a. 192. urtean etoliarrak sartu ziren Espartan; Filopoimenek Akaiar Ligan sartu zuen. Erromaren mendean geratu ondoren, hiri askeei zegozkien eskubideak jaso zituen K.a. 146. urtean.
Barbaroek bipildu zuten Erromatar Inperioaren azkeneko urteetan, eta 1249. urtean, Mistrako hiria sortu zenean, utzi zuten Espartako hiria azkeneko biztanleek. 1834. urtean jaso zen Esparta hiri modernoa, antzinako Espartaren hegoaldean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2006-1-27). Antzinateko hirien euskarazko izenak. .
- ↑ Euskaltzaindia. (2004/XII/16). 142. araua: Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak. Bilbo.