1280 arima
1.280 arima | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Jim Thompson (1964) |
Argitaratze-data | 1964 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Pop. 1280 |
Hizkuntza | ingelesa |
Argitaletxea | Gold Medal Books (en) |
Herrialdea | AEB |
Euskaraz | |
Izenburua | 1.280 arima |
Itzultzailea | Xabier Olarra |
Argitaratze-data | 2006 |
Bilduma | Sail beltza |
Orrialdeak | 294 |
ISBN | 978-84-87484-69-7 |
1.280 arima (ingelesez Pop. 1280) Jim Thompsonek (1906-1977) idatzitako eleberria da, 1964an lehendabiziz argitaratuta. Frantzian, Marcel Duhamelek, Série Noire de Gallimard nobela beltzen bildumaren zuzendariak, nobela hau aukeratu zuen bildumako 1000. liburua izan zedin. Bertrand Tavernier zuzendari frantziarrak zinemarako egokitu zuen Coup de Torchon izenpean 1981ean. Euskaraz Igela argitaletxeak kaleratu du.
Eleberri honen protagonista eta narratzailea Nick Corey da, Pottsville konderri atzeratuko sheriffa. Asmatutakoa bada ere, inondik inora AEBetako hegoaldean edo hego-ekialdean kokatuko litzateke, giroa eta jende portaera direla eta. Izan ere, nobela beltz edo lagun gogorren nobela gehienak hiriek sortutako miseriarekin lotzen diren arren, eleberri honek erakusten digu landak ere miserable samar izan daitekeela. Denborari dagokionez, iradokitzen da istorioa Errusiar Iraultzako inguruan (1917) garatzen dela.
Argumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sheriffaren narrazio fidagaitzaren azpian, herriko giroa eta pertsonaiak ikustarazten zaizkigu. Sheriffak berak, hastapenean, gibel handiko memelo hutsa ematen du, eta, lehenengo atal horietan, istorioak nobela beltza baino komedia dirudi. Orriek aurrera egin ahala, ordea, sheriffa oso bestelakoa, maltzurra baino maltzurragoa hain zuzen ere, izan daitekeela jakinaraziko zaigu.
Bilbearen hasiera sheriff izateko hauteskunde kanpainak pizten du. Daraman bizitza lasaia eta erosoa bukatu ez dadin, sheriffak mota guztietako amarru zikinak egingo ditu, baita hiltzea ere. Beti ere, oso arduratsu arituko da errua beste norbaiten gainean eror dadin. Azken finean, moralik gabeko ingurunean moralik gabeko pertsonaia bezala agertuko zaigu Nick Corey.
Pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nick Corey: protagonista. Potts Countyko sheriffa.
- Myra: Nick Coreyren emaztea. Amy Mansonekin ezkontzekotan zegoela, Myrak segada bat egin zion Nicki eta ezkontzera behartu.
- Lennie: Myraren neba atzeratua.
- Amy Manson: Nick Coreyren emaztegai ohia. Ezkontzekotan zeuden baina Nickek Myrarekin ezkondu behar izan zuen.
- Rose Hauck: Nick Coreyren maitalea.
- Tom Hauck: Rose Haucken senarra. Emaztea jipoitzen du sarritan.
- Ken Lacey: herri handi bateko sheriffa. Nick Coreyk aholkua eskatzen dio.
- Buck: Ken Lacey sheriffaren laguntzailea.
- Robert Lee Jefferson: burdindendaren jabea eta Konterriko fiskala.
- Curly eta Moose: putazainak.