Abdelsalam Majali
Itxura
Abdelsalam al-Majali (Al Karak, 1925eko otsailaren 18a - Amman, 2023ko urtarrilaren 3a) jordaniar sendagile eta politikaria izan zen. Jordaniako lehen ministroa izan zen 1993tik 1995era eta 1997tik 1998ra.
Medikuntza ikasi zuen Damaskoko Unibertsitatean eta laringologian espezializatu zen Londresen. 1960tik 1969ra Jordaniako armadako zerbitzu medikoen zuzendaria izan zen. Ondoren, Osasun ministroa (1969-1971) eta Jordaniako Unibertsitateko presidentea (1971-1976 eta 1980-1989) izan zen.
1993ko maiatzean lehen ministro izendatu zuten eta 1994an Israelekin bake-ituna sinatu zuen. 1995eko urtarrilean ordezkatu zuten, baina 1997ko irailetik 1998ko otsailera lehen ministro izan zen berriro.