Alberto Handia
Alberto Handia (latinez: Albertus Magnus; Lauingen, Bavaria, 1193/1206 - Kolonia, 1280ko azaroaren 15a) alemaniar teologo, filosofo, apaiz eta apezpiku katolikoa izan zen. Teologian, geografian eta filosofian aditua izan zen; kimikaren arloan ere izen handia izan zuen eta, oro har, Erdi Aroko zientzietan oso trebaturik zegoen. Hori zela eta, doctor universalis eta doctor expertus ezizenak eman zitzaizkion. Haren apaltasuna eta pobrezia nabarmentzekoak ziren. Elizako doktore izendaturik dago.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bolonian hasi zen Legeak ikasten; Venezia jarraitu eta Paduan amaitu zituen ikasketak. Bertan Jordan Saxoniakoa domingotarra ezagutu zuen, eta haren lanarekin liluraturik gelditu zen. Hori zela eta, 1224an Predikatzaileen Ordenan sartu zen. Horren ostean, Kolonia, Hildesheim, Friburgo, Ratisbona, Estrasburgo eta Parisko Sorbonan teologia irakaslea izan zen; azken unibertsitate horretan San Tomas Akinokoa izan zuen ikasle[1].
Parisko Unibertsitatean antzinako testuak, bereziki Aristotelesenak, itzuli eta sailkatu zituen; testuei bere oharrak ere erantsi zizkien. Lan entziklopediko handi honek bere dizipulu Tomas Akinokoaren lanerako oinarriak ezarri zituen. Botanikan eta alkimian ere lan egin zuen, eta aipatzekoa da artsenikoaren aurkikuntza 1250ean. Geografiaren eta astronomiaren arloan, oso argudio sendoak erabilita, Lurra biribila zela esan zuen.
1249 Koloniako Unibertsitateko errektore izendatu zuten, 1254 Alemaniako domingotarren probintziala, eta 1260an Ratisbonako apezpiku; bi urteren buruan apezpikutza utzi zuen[2], elizbarrutiak zituen arazo batzuk konpondu ostean. Urbano IV.a aita santuak onartu egin zuen haren ukoa, eta Würzburgeko komentura itzuli zen. 1263an Gregorio X.a aita santuak Zortzigarren Gurutzada Alemania eta Bohemian predikatzeko agindu zion. 1274an Lyongo II. kontzilioan parte hartu zuen[1].
Kolonian hil zen 1280an, eta bertako San Andres elizaren kriptan hobiraturik dago. 1622an beatifikatu zuten, eta 1931an, Pio XI.a aita santuak Elizako doktore izendatu zuen; kanonizatzearen parekoa da. Jaia azaroaren 15ean ospatzen da.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jakinduria zabalekoa, peripatetismoa eta zenbait neoplatonikoren ideiak sartu zituen bere irakaspenean, Aristotelesen arabiar iruzkingileak eta autore juduak ezagutaraziz eta kritikatuz. Ez zuen, alabaina, elementu hain desberdinen benetako sintesia lortu, ezta teologia eta filosofia adostu ere.
Obra nagusiak Summa de creaturis (1245 inguruan), Summa theologica (burutugabea, 1270 inguruan), De unitate intellectus contra Averroistas. Ikertzaile ausarta izan zen gainera, kimika alorrean zenbait lan utzi zituelarik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/12/8 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b San Alberto Magno Dominicos.org
- ↑ San Alberto Magno Biografiasyvidas.com