Edukira joan

Amparo Poch y Gascón

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amparo Poch y Gascón

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAmparo Poch y Gascón
JaiotzaZaragoza1902ko urriaren 15a
Herrialdea Espainia
BizilekuaZaragoza
Madril
Nimes
Tolosa Okzitania
HeriotzaTolosa Okzitania1968ko apirilaren 15a (65 urte)
Familia
AitaJosé Poch Segura
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmedikua, aktibista, kazetaria, sindikalista, ginekologoa eta anarkista
Enplegatzailea(k)osasun ministerio
hôpital Joseph-Ducuing (en) Itzuli
Izengoitia(k)Doctora de educación sanatario
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaMujeres Libres

Amparo Poch y Gascón ( Zaragoza, 1902ko urriaren 15a - Toulouse, Frantzia, 1968ko apirilaren 15a ) idazle eta mediku aktibista antifaxista eta libertarioa izan zen; 1936an, Lucía Sánchez Saornil eta Mercedes Comaposadarekin batera, Mujeres Libres aldizkaria sortu zuen. [1]

Zaragoza (1902-1934)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ramón Pignatelli kaleko 57. etxea. Amparo Poch etxe horretan bizi izan zen 1916ra arte.
Zaragozako udal erregistroaren orria, 1924koa. Amparo Poch Madre Rafols kaleko 8an bizi zen
Zaragozako antzinako Sangenis zubigileen kuartela. Bertan, José Poch Segurak teniente zerbitzua egin zuen .

José Poch Seguraren eta Simona Gascón Cuarteroren lehen alaba,[2][3] Santiagoko parrokian bataiatu zuten 1902ko urriaren 18an María de los Desamparados y del Pilar izenekin. Beste dokumentu batzuetan María del Pilar Amparo gisa agertzen da.[2] Lau neba-arreba izan zituen, José María (1904), Fernando (1906) Josefina (1912) eta Pilar (1912).[4] Familia, 1916ra arte, Zaragozako Pignatelli kaleko 57.ean bizi izan zen. 1916an, José Pochek zubigileen teniente-gradua eskuratu eta Madre Rafols kaleko 8. zenbakian zegoen Sangenis Kuarteleko etxebizitza batean bizi izateko eskubidea lortu zuen. Amparo Pochek emakume eta umeentzako kontsulta txiki bat izan zuen helbide horretan. 1932ko azaroaren 28an Gil Comín Gargallorekin ezkontza zibila egin zuen Zaragozan. Orduan, Gilek 33 urte zituen eta banketxeko ofizial gisa lan egiten zuen. Filosofia eta Letretan, Arte Ederretan eta Zuzenbidean lizentziatua zen. Ezkontzak iraupen laburra izan zuen.[2]

Hogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, Amparo Pochen bikote sentimentala Manuel Zambruno Barrera idazle, poeta eta CNTren metaleko sindikatuko kidea izan zen. Zambrunok 1936ko uztailean La Montaña Kuartelaren aurkako erasoan parte hartu zuen. Prentsa konfederaleko editorea eta Madrilgo gerra-fronteetako berriemailea izan zen.[2]

1940ko eta 1960ko hamarkaden artean, bere bikotekide sentimentala Francisco Sabater izan zen.

Zaragozako Medikuntza Fakultate zaharra. Bertan Amparo Pochek Medikuntza ikasi zuen 1922 eta 1929 artean.

Amparo Pochek aitari Medikuntza ikasteko baimena eskatu zionean, hark "ez direla emakume batentzako ikasketa egokiak" erantzun zion.[2]

Irakasle-ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitaren kontrako jarrera zela eta, Magisteritza ikasi zuen Zaragozako Maistren Goi-mailako Eskola Normalean 1917 eta 1922 artean. Aparteko sariarekin lizentziatu zen Zientzia atalean.

Medikuntza-ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1922an, bere benetako bokazioari jarraituz, Zaragozako Medikuntza Eskolan hasi zen ikasten.

Hainbat artikulutan, gizonek "emakume jakintsuarekin" izaten zuten mespretxuzko eta errespetu gabeko jarrera salatu zuen. Era berean, unibertsitateko irakasleek eta klaustroek adierazten zuten axolagabekeria kritikatu zuen.

1929an lizentziatu zen ikasgai guztietan (28 ikasgai) ohorezko matrikula lortuz. Bere promozioan 97 gizon eta 2 emakume graduatu ziren.[4]

Medikuntzako espediente akademikoa
Gaia Titulazioa
Fisika Orokorra Ohorezko matrikula
Kimika orokorra Ohorezko matrikula
Mineralogia eta Botanika Ohorezko matrikula
Zoologia orokorra Ohorezko matrikula
Anatomia eta Enbriologia Deskribatzailea I Ohorezko matrikula
Histologia eta Histokimia normalak Ohorezko matrikula
Teknika anatomikoa I Ohorezko matrikula
Anatomia eta Enbriologia Deskribatzailea II Ohorezko matrikula
Teknika anatomikoa II Ohorezko matrikula
Giza fisiologia teorikoa eta esperimentala Ohorezko matrikula
Patologia orokorra eta haren klinika Ohorezko matrikula
Terapia Ohorezko matrikula
Anatomia patologikoa Ohorezko matrikula
Patologia kirurgikoa I Ohorezko matrikula
Patologia medikoa I Ohorezko matrikula
Obstetrizia eta Ginekologia I Ohorezko matrikula
Anatomia topografikoa Ohorezko matrikula
Oftalmologia eta haren klinika Ohorezko matrikula
Patologia Kirurgikoa II Ohorezko matrikula
Patologia Medikoa II Ohorezko matrikula
Obstetrizia eta Ginekologia II Ohorezko matrikula
Haurtzaroko gaixotasunen ikastaroa Ohorezko matrikula
Otorinolaringologia Ohorezko matrikula
Patologia Kirurgikoa III Ohorezko matrikula
Patologia Medikoa III Ohorezko matrikula
Higiene publikoa eta Bakteriologia praktikak Ohorezko matrikula
Lege Medikuntza eta Toxikologia Ohorezko matrikula
Dermatologia Ohorezko matrikula

Zaragozako Medikuntza Eskolan graduatu zen bigarren emakumea izan zen. 1929ko irailaren 21ean 1928-1929 ikasturteko Ezohiko Lizentzia Sariaren oposizioetan parte hartu zuen 6 gizonekin batera. Azterketako zozketan, Likido zefalorrakideoko azterketaren balio diagnostikoa gaia suertatu zen. Epaimahaiak aho batez eman zion promozio hartako ezohiko saria Amparo Pochi.[2]

Gerra zibilaren ondoren, bere aita Amparoren txosten akademiko osoa ezabatzen saiatu zen. Zaragozako Maistren Goi-mailako Eskola Normaleko Artxiboan Amparo Poch agertzen da 60 zenbakiarekin 1916-1917 ikasturteko 5.824. liburuko aurkibidean. Hala ere, zenbaki horri dagokion txostena desagertu egin zen eta bere datuen orria ere falta zen.[4]

Zaragozako Sendagileen Elkargo Ofizialean ere, Amparo Pochen dokumentazio gehiena desagertu zen; fitxa bakarra gorde zen, eta hari esker jakin dugu 1934ra arte, hau da, Madrilera joan zen arte Sendagileen Elkargoaren idazkariorde izan zela.[4]

1923-1924 ikasturtean Zaragozako Merkataritza Eskolak emandako Medikuntzarako Alemana ikasgaian ohorezko matrikula lortu zuen.[4]

1923an Amor bere nobela laburra argitaratu zen. Protagonista, Amor Solís (Amparoren alter egoa), langileen borrokaren eta garaiko pistolerismoaren artean mugilduta dagoen margolaria da. [3] Neurri batean, nobela autobiografikoa da, eta bere ideial eta usteak ezagutzeko parada ematen du. Ideia eta balore anarkistek, hala nola, errebeldiak eta inkonformismoak, ikasleen artean izan zuten eragina agerian uzten du.

Hitzaurrea bere senar Gil Comín Gargallorena da, zeinekin 1932ko azaroaren 28an Zaragozan ezkontza zibila egin zuen.[2]

Madre Rafols kaleko 8. zenbakiko etxea. Poch etxe horretan bizi izan zen 1916tik aurrera. Bertan, mediku kontsulta-gela jarri zuen 1929an.

1929ko irailean, 26 urte zituela, Medikuntza ikasketak amaitu zituen. Lizentziaren Ezohiko Saria lortu zuen 1929ko irailaren 26an.

1929ko urriaren 3an, Zaragozako Sendagileen Elkargoan izena eman zuen.

César Augusto etorbideko 76. etxea (antzinako Cerdán kalea, 30). Amparo Poch 1930ean bizi zen etxe horretan. Gela batean bere mediku kontsulta ezarri zuen.

Etxean bertan, barruko gela batean, jarri zuen bere kontsulta gela. Hasieran, Madre Rafols kaleko 8. zenbakian; geroago, Zaragozako Cerdán kaleko 30.ean (gaur egun César Augusto etorbidea, 76).[2]

La Voz de Aragón egunkarian jarri zituen iragarkiek zera zioten:

Emakumeentzako eta umeentzako mediku-kontsultategia.

Kontsulta-orduak, hiruretatik seietara.

Emakume langileentzako arreta berezia, hamabietatik ordu batera arte.

La Voz de Aragón, 1929ko urriaren 13a.[2]

Amparo Poch Gascónek emakumeentzako eta umeentzako kontsultategia Cerdan kalera, 30.era (2. solairua), eraman du.

Kontsulta-orduak, hiruretatik seietara.

Emakume langileentzako arreta berezia, hamabietatik ordu batera arte.

La Voz de Aragón, 1930eko apirilaren 30a.[2]

1932an Zaragozako Torre Nueva kalean, 40-42.ean, bizi zen.

Gaixotasunen prebentzioan eta osasunaren sustapenean lan egin zuen. Emakume langileentzako osasun-heziketa programak abian jarri zituen eta haurren osasungintzan lan handia egin zuen garaiko hilkortasun tasa altuak murrizteko.

1931ko abenduan, emakumeek haurdunaldian eta edoskitzaroan kontuan izan behar dituzten zainketak azaltzeko Cartilla de Consejos a las Madres (Amentzako aholku-liburuxka) argitaratu zuen. Liburuxka hau Borobio doktorearen II. lehiaketan saritua izan zen, haurren babesaz eginiko dibulgazio lan pedagogikoagatik.[4]

Ogino kontrazepzio metodoa ezagutzera emateko asmoz, Ogino Taldea sortu eta zuzendu zuen.[4]

1932an La vida sexual de la mujer (Emakumearen sexualitatea) ikerketa-lana idatzi eta Valentziako Cuadernos de Cultura (Kultura kaierak) aldizkarian argitaratu zuen. Bere analisietan hezkuntza, higienea, ugalketa organoak, haurdunaldiaren erregulazioa eta sexu gaixotasunak jorratzen dira.[4]

1934ko maiatzaren 3an Zaragozako Sendagileen Elkargoa utzi eta Madrilera joan zen bizitzera.

Madril (1934-1936)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrilen, Kale Nagusian, 71n, eta Hermosilla kalean, 74an, bizi izan zen.[2]

1935eko urrian emakumeentzako eta umeentzako klinika mediko bat ireki zuen Libertad kalean, 34an, Madrilgo Puente de Vallecas auzoan.

Osasun Sindikatu Bakarraren kide izanik, CNTko Medikuen Mutualitate Medikoaren kontsultako arretaz arduratu zen .[4]

Mujeres Libres aldizkariaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936an, Lucía Sánchez Saornil eta Mercedes Comaposadarekin batera, Mujeres Libres aldizkaria (Emakume Askeak) sortu zuen. Federación Mujeres Libres (Mujeres Libres Federazioa) erakundearen komunikabidea zen eta xedea emakume langileak askatzea zuen.[2] Emakumeentzako aldizkaria zen, emakumeek idatzia. Gizonen lankidetzari betoa jarri zioten; haiekin batera lan egin zuen gizon bakarra Baltasar Lobo artista ezaguna izan zen, aldizkariaren marrazkilari eta maketagilea.

1936ko maiatzean kaleratu zen aldizkariaren lehen zenbakia. Editorialak honela zioen:

"(...) emakumearen gizarte-ekimena bideratzea, errealitateari buruzko ikuspegi berria izan dezan eta bere sentsibilitatea eta pentsaera gizonezkoen akatsez kutsatu ez dadin. Zeren eta gizonezkoen akatsak dira, gure ustez, harreman eta bizikidetzari buruzko egungo kontzeptu guztiak, ez dugulako onartzen emakumeak inolako erantzukizunik izan duenik bilakaera historikoan, zeinean ez den inoiz aktore izan, ezpada lekuko behartu eta babesgabea. (...) ez dugu bat ere interesik iragana gogora ekartzeko, gure xedea oraina eraiki eta etorkizunari aurre egitea da, ziur baikaude gizateriak emakumearengan duela bere gordailu gorena, aurrekaririk gabeko balioa, berezkoa duen izaeraren legeari esker munduko panorama osoa aldatzeko gai dena. Ziur gaude milaka emakumek beren ahotsa ezagutuko dutela hemen, eta laster gure ondoan izango ditugula fabrika, soro eta unibertsitateetan noraezean dabiltzan hainbat emakume gazte, beren kezkak ekintzetara bideratzeko modua bilatzeko gogoz." Mujeres libres. 1. zk. 1936ko maiatza. Madril.[2]

Formazio libertarioaren eremuan heziketa eta lanbide prestakuntza nahitaezkoak ziren emakume langileen eskubideak eskuratzeko. Helburua emakumeak esklabotzatik, ezjakintasunetik eta sexu-menpekotasunetik emantzipatzea zen.[4]

Gerra zibila (1936-1939)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra zibilean eta erbestera joan arte, Amparo Pochek lan nekaezina egin zuen hainbat alderditan, frontean eta atzeguardian: Osasun eta Gizarte-laguntza Ministerioan, osasun arloan eta ume errefuxiatuen arretan; eta dibulgatzaile gisa, hitzaldietan, Mujeres Libres aldizkaritik edo Casal de la Dona Treballadoran.

CNTko Osasun Sindikatu Bakarreko kide gisa, Amparo Pochek parte hartu zuen inprobisatutako instalazio sanitarioak sortzen eta antolatzen konfiskatutako zenbait eraikinetan. CNTk Recoletos frontoian sortu zuen odol ospitalean ere lan egin zuen.

1936ko uztailaren 25ean Amparo Poch Partido Sindicalista alderdiaren Ángel Pestaña Erregimentuko 9. Batailoian sartu zen. Batailoia 1.486 milizianok osatzen zuten; haietatik 83 emakumeak ziren. Miliziano guztien eguneko soldata 10 pezetakoa zen. Amparo Pochek osasun zerbitzuetan lan egiten zuen mediku miliziano gisa.

1936ko abuztuaren 26ko agindu batek Amparo Poch Instrukzio Publikoko Ministerioak sortutako Errepublikaren Defendatzaileen Umezurtzak Babesteko Batzordeko kide izendatu zuen. Garai hartan CNTren Castilla Libre (Gaztela askea) egunkarian kolaboratu zuen eta bertan "Bombas de mano" (Esku-bonbak) izeneko atal poetikoa zuzendu zuen.

Osasun Ministerioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936 eta 1937 artean Osasun Ministerioan lan egin zuen, Federica Montsenyrekin batera, Gizarte Laguntzako zuzendari gisa.[4]

Gerra zibila zela eta, 500 haur Mexikon errefuxiatzeko bidaia antolatu zuen.

1937ko martxoaren 16an, beste espedizio bat zuzendu zuen; bidaia honetan, umeak Frantziara eraman zituzten.

1937ko martxoaren 17an Ciudad de Cádiz itsasontzian Errusiara joan ziren umeen irteera antolatu zuen.

Hogares infantiles (Umeen etxeak) proiektua zuzendu zuen. Proiektu horri esker, antzinako aterpeak eta umezurztegiak ordezkatu ziren eta Errepublikaren umezurtzei etxea eskaini zitzaien.

Anarkistek gero eta desadostasun handiagoak izan zituzten komunistekin Stalinek trotskisten eta anarkosindikalisten aurka bultzaturiko politikarengatik. Bartzelonan, 1937ko maiatzean, komunisten eta anarkosindikalisten arteko konfrontazio armatua gertatu zen, 500 hildako eta 1000 zauritu inguru eragin zituena. Gatazkak hainbat ondorio ekarri zituen: POUMaren ilegalizazioa eta haren idazkari nagusi Andreu Ninen hilketa; konkista iraultzaile ugariren galera eta Aragoiko zenbait kolektibitateren deuseztatzea, eta azkenik, Largo Caballeroren gobernuko CNTko lau ministroen kolaborazioa maiatzean bertan amaitzea. Amparo Pochi 1937ko ekainaren 3an gobernuko kargua utzi arazi zioten.[2]

Mujeres Libres

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrileko Mujeres Libres eta Bartzelonako Grupo Cultural Femenino (Emakumezkoaren Kultur Elkartea) taldeek 1936ko irailean bat egin zuten Agrupación de Mujeres Libres (Emakume Askeen Elkartea) sortuz. Bartzelonan, elkarteak jantoki kolektiboak sortu zituen, erizaintza eta haurtzaintza ikastaroak antolatu zituen, eta elikagaiak bidali zituen Madrilera, memento hartan matxinatuen indarrek setiaturik baitzuten.

Emakume Askeen Elkarteak Emakumeentzako Gidari Eskola sortu zuen emakumeek atzeguardian laguntzeko aukera izan zezaten. Horrez gain, emakumeak tranbia gidari gisa trebatzeko ikastaroak ere antolatu zituen.

Amparo Pochek Mujeres Libres aldizkarian honako ekarpen hauek egin zituen beste batzuen artean:

  • El recién nacido (Jaioberria), lehen arreta eta haurren zaintzarako gida.
  • El Sanatorio del Optimismo (Baikortasunaren Erietxea). Bertan, Salud Alegre doktore andreak (Osasun Alaia doktore andrea) eta beste pertsonaia batzuek errealitatearen deskribapena egiten dute, hainbat elementu ironiko eta digresio surrealista baliatuz. Testuak Amparok berak eginiko marrazkiekin ilustraturik daude.
  • Proyecto para la creación de una fábrica de bodas en serie (Churros auténticos) (Ezkontzak seriean ekoizteko fabrika bat sortzeko proiektua - Bene-benetako txurroak). Bikote libertarioek eskuragarri zuten ezkontza agiria kritikatu egiten zuen, arbuiatzen baitzuen beren bizitza borondatez batzeko baimen tradizionala.
  • ¡Oooooh! ¡Ginebra! (O! Geneva!). Nazioen Elkartearen jarrera arbitrarioa kritikatu zuen.
  • Miasmas ministeriales (Ministerio-miasmak). 1936 eta 1937 artean Gizarte Laguntzako zuzendari gisa Osasun Ministerioan bizi izan zuen esperientziaren kontakizuna.
  • Un viaje de placer (Plazerezko bidaia). Osasun doktore andreak Martera bidaltzen du Buen Humor Doktore jauna (Umore On Doktorea).
  • La raza esforzada del aval (Bermearen arraza saiatua). Kontu hutsala izan zitekeena, bermearen politikaren ondorioz, gauzatu ezina bihur daiteke.
  • Canción breve del miliciano muerto (Miliziano erailaren kantu laburra) poema. Mediku miliziano gisa lanean ari zela idatzi zuen, bere soldata, soldadu soil bati zegokiona, 10 pezetakoa zelarik.
  • El niño asesinado (Romance pequeñito) (Ume eraila - Erromantze txikitxoa) poema. Haur errefuxiatuei eskainia. Gerratik eta gosetik salbatzeko atzerrira eraman zituzten haurren espedizioen arduradun gisa lanean ari zela idatzia.
  • La casa rota (Etxe hautsia) poema. Etxeen gaineko bonbardaketak deskribatzen ditu. [4]

Casal de la Dona Treballadora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amparo Poch 1937ko azaroaren 3an Bartzelonara joan zen bizitzera. 1937ko udazkenetik aurrera, hiri horretako Casal de la Dona Treballadora-ko (Emakume Langilearen Etxea) zuzendaria izan zen. Bertan, hainbat programa kultural, profesional eta sozial antolatzen ziren emakume langileak zenbait arlotan trebatzeko.[4] Horrez gain, gerra-kanpainako ospitaleen antolaketan eta haurren eta errefuxiatuen zaintzan parte hartu zuen.

Casal de la Dona Treballadoraren kartelak honela zioen:

Lagun hori:

Gerra irabazten lagundu nahi duzu?

Zeure burua prestatu nahi duzu faxismoaren aurkako borrokan eraginkorra izateko?

Gutxieneko kultura eskuratu nahi duzu?

Lanbide batean trebatu nahi duzu?

Eman izena Casal de la Dona Treballadoran, Pi y Margall 96an, eta aukeratu gehien interesatzen zaizun klase edo ikastaroa honen atzealdean duzun planean daudenen artean.

Hau da Emakume Langilearen Etxeak emakumearen berehalako prestakuntzarako garatzen duen lan-plana:

Oinarrizko klaseak (Analfabetoak eta hiru gradu): irakurketa, idazketa, Aritmetika, Geografia, Gramatika, fenomeno naturalak.

Oinarrizko hezkuntzaren klase osagarriak: Historia Unibertsala, Frantsesa, Ingelesa, Errusiera, Mekanografia, Takigrafia.

Klase osagarri profesionalak: erizainak, haurtzainak (ospitaleetan eta leku egokietan egin beharreko praktikekin), peritutzak (Mekanika, Elektrizitatea, Merkataritza), Jantzigintza, Nekazaritza eta Abikultura nozioak, dagozkien praktikekin.

Gizarte prestakuntza: Antolaketa sindikaleko ikastaroak, Soziologia, Ekonomia nozioak,

Kultura orokorrean sakontzeko asteroko hitzaldiak.[2]

Casal de la Dona Treballadora Gorte Katalanen Kaleko etxebizitza batean zegoen, 622. zenbakian. 1937ko urrian helbidea aldatu zuen Pi y Margall kalera, 96. Amparo Pochen zuzendaritzapean, 150 ikasletik 911ra pasa zen. Ikastaroak irizpide pedagogiko modernoekin ematen ziren:

... ikasgaian bat egingo dute hitzaldiak eta praktikak. Hitzaldiari esker, ikasleak ikasi beharreko gaiaren ikuspegi orokorra izango du. Praktikan, ordea, gertutik ezagutuko du liburuetan ikasi duena.[2]

Klaseak doakoak ziren. Casalean sartu ahal izateko ikaslearen ideologiak eta kide zen erakundeak edo alderdiak ez zuten garrantzirik; ahalegintzeko eta ikasteko borondatea baino ez zitzaion eskatzen.

Azkenik, dibulgazio-lan nekaezina egiten segitu zuen zuen: erizainentzako ikastaroak eman zituen haurtzaintzaz eta ospitale praktikez, defentsa pasiboari eta osasun orientazioari buruzko hitzaldiak ere eman zituen, hainbat mitin eta konferentziatan parte hartu zuen, ume errefuxiatuen koloniak ikuskatzeko bidaiatu zen.[4]

Bartzelonan, Amparo Pochek salbamendu-brigadeei zuzendutako prestakuntza programa bat zuzendu zuen. Bertan, Amparok brigadei asfixia, trauma, hemorragia eta odol transfusioei buruzko argibideak eman zizkien.

Ume errefuxiatuentzako koloniak eta baserri eskolak koordinatu zituen eta bere plan pedagogikoak garatu zituen. [5]

Frantziako erbestea (1939-1968)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak (1939-1945)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amparo Pochek 1939ko otsailaren hasieran muga zeharkatu zuen Camprodon-Prats de Molló-tik. Prats de Mollón egon zen 1939ko irailera arte.

1939ko irailaren 11n, Nimeseko Gard departamentuko prefekturak Frantzian bizitzeko baimena eman zion, baina lan egitea debekatu zion. Nimesen bizi izan zen, 1943 arte, Victor Hugo Boulevarrean, 26an. Bere bikotekidea Francisco Sabater zen. Ekonomia beltzean aritu ziren txartelak eta zapiak margotzen, brodatzen, rafiazko poltsak egiten eta gutun-azalak tolesten. Kapelak ekoizten zituen tailer klandestino batean ere lan egin zuen.

Bere adiskide Gloria Pradesi 1943. urte inguruan idatzitako gutunean honela zioen:

Egunero-egunero, igande eta jai, lan egiten dut gauerdira arte edo goizeko ordu bata arte, bizirauteko ez baitugu izan, lehen egunetik, ahalegin horren emaitza besterik. Ondo ulertuko duzu zelakoa den kontua, ikusten ez den kate bat bezalakoa, baina nire mugimendu guztiak mugatzen dituena.[2]

1943ko urtarrilean, nazien aurka borrokatzeaz susmagarri ziren hainbat errefuxiatu espainiarren sarekada izan zen Frantzia osoan. Bere bikotekide Francisco Sabater atxilotu eta Miramasen kokatutako Atzerriko Langile Talde batean sartu zuten 1944ko abuztuan Frantzia askatu arte.

Tolosa (1945-1968)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945aren amaieran Amparo Poch eta Francisco Sabater Tolosara joan ziren bizitzera. 250.000 biztanle baino ez zuen hiri hartan, 1946an, 17.794 errefuxiatu espainiar bizi ziren.

Jonquières kaleko 44. zenbakian bizi izan zen eta bertan mediku kontsulta klandestino bat zabaldu zuen. Espainiako Errefuxiatuen Estatutu Juridikoa ezartzean, bere lan egoera normalizatu egin zen. Handik aurrera, medikuntza praktikatu ahal izan zuen eta Espainiako gaixoak artatu.

Amparo Pochek Medikuntza Orokorreko eta Ginekologiako kontsulten ardura hartu zuen Pargaminieres kaleko Gurutze Gorriaren anbulatorioan. Horrez gain, San Andrés klinikan Tomás zirujau doktore frantsesarekin kolaboratu zuen.

Erbesteko CNTk antolatu zituen korrespondentzia bidezko doako tailerretan Amparo Pochek Haurtzaintza, Giza Anatomia eta Fisiologia ikastaroak zuzendu zituen.

Tolosako Varsovia Ospitaleko Dispensarioan lan egin zuen.

Amparo Pochek SIA-Solidaridad Internacional Antifascista (Faxismoaren aurkako Nazioarteko Elkartasuna) erakundearen Tolosako Batzorde Nazionalean Espainiako sekzioaren zerbitzuan jarraitu zuen, laguntza medikoa ematen.

Francisco Sabater bikotekidea larriki gaixotu zen eta Valentziara itzuli zen.

1965ean burmuineko minbizia diagnostikatu zioten. Handik aurrera, ospitaleratzeak eta hobekuntza aldiak tartekatu behar izan zituen.

1966. urte aldera, Zaragozara itzultzen eta bere familiarekin elkartzen saiatu zen. Ordurako, gurasoak hilik zeuden, baina ahizpek honela esan zioten:

Ez dute berriro ikusi nahi etxera ahalkeizuna baino ekarri ez duena, aski egiten dute haien meza eta otoitzetan haren alde arren eskatuz![2]

Heriotza (1968)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasunak gainbehera fisikoa, buruko nahasmena eta izaeraren garraztea ekarri zituen. Ramón Valencia eta emazteak zaindu zuten bere azken egunetan. 1968ko apirilaren 15ean hil zen Tolosan.

1968ko apirilaren 18an, Espainiako 200 erbesteratu baino gehiago elkartu ziren Blagnaceko Cornebarrieu hilerrian egindako hiletan.

Bere testamentua, José Sanjuanek eta Ramón Valentziak lekuko gisa sinatua, desagertu zen. SIA (Nazioarteko Elkartasun Antifaxista) batzordeak bere gauzak banatu zituen behartsuen artean. Dokumentuak eta liburuak SIAren Batzorde Nazionalaren esku geratu ziren.

Hil zenean, 16 franko eta 29 zentimo baino ez zuen Aurrezki Kutxako kontuan.

Tolosako Espoir egunkariak ondokoa argitaratu zuen:

(...) Faxismoaren garaipena onartu nahi ez izateagatik Espainia utzi behar izan genuen guztion penak bizi izan zituen, ... Bere azken egoitzara lagundu zioten Alderdi politiko eta erakunde guztietako gizon eta emakume asko, bere bizimodu eredugarri eta sufritua, mediku gisa gehien behar zutenei emana, ezagutzen zutenak.[2]

Amparo Pochen pentsaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gerraren aurkako mitinaren kartela. Amparo Poch War Resisters Erakundearen Espainiako Emakumeen Ataleko presidente gisa parte hartzekoa zen. 1936ko uztailaren 18an, Bartzelonako Plaza Monumentalean egitekoa zen, baina ez zen ospatu altxamendu militarraren ondorioz.

1936ko otsailean Fronte Popularrak irabazi ondoren, bakezale talde batek Gerraren Aurkako Liga Hispanikoa sortu zuen, WRI ( War-Resisters International) erakundearen Espainiako atala. Honako hauek osatu zuten taldea: Amparo Poch, presidente gisa, Fernando Oca del Valle idazkari eta José Brocca irakaslea WRI Kontseiluko ordezkari gisa. Beste ordezkari batzuk Juan Grediaga, Mariano Solá eta David Alonso Fresno izan ziren.[2] [5]

Aditzera eman dezagun lehenbailehen: gure kontzientziak erabat arbuiatzen du gerra; gure bihotzak ezin du, ezein kasutan, indarkeria arrazoizkotzat eta bidezkotzat hartu. Ez dago gertakaririk gerraren kontra ditugun uste sendoak zalantzan jarri ditzakeenik, eta orain ere, lehen bezala, uste dugu gerla bat bera ere ez dela noblea, edo zuzena, edo ona, den-denek, itxuraz arrazoi ondraduengatik egiten direnek ere, baitute benetako motibo bakarra: boterea. Boterea, hau da, zer edo zer konkistatzea, izan daitekeena, abagunearen arabera, lurralde bat, gobernu bat, familia baten entronizazioa eta abar, eta abar. Eta kontua bada ideal baten alde borrokatzea, talde garailearen bizi-arauak ahalik eta gizabanako gehienei inposatzea. Horra egia. 1937[2]

Zer egingo dugu Munduaren zeruertzean bere belak berriz ere puzten dituen gerra-imintzioaren aurrean? Egun ezin da inor atzeguardian geratu. (...) Oraingo honetan ez du balio ezkutaketan jolasteak, hegazkinak isekaz baitabiltza burrunbaka beraiek sorturiko hodeien atzean; eta mikrobioek distantzia handitan egiten dute hegan, eta gas berriek arropa, maskara eta azala zeharkatzen dituzte. Orain ezin da inor atzeguardian geratu. (...) Ez kasurik egin ereserki nazionalei, ez eta betebehar aberkoi faltsuez hitz egiten dizueten hitz burrunbatsuei ere; baizik eta beste ahots gozo eta sakon horri, bihotzean bertan sortzen den eta izaki eta gauza guztiak maitatzeko agindu ukiezina irakatsi digunari. (...) Etxe zabalak eta ondo argituak behar dira, bada; zubiak, errepideak eta burdinbideak; kanoirik gabeko itsasontziak, gizonak, suntsitu ordez, elkartu egiten dituztenak. Tiempos Nuevos. 1935eko ekainaren 1a.[4]

Maitasun librearen aldekoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pochek bikoteak ezkontza-paperik edo agiririk gabe elkartzea defendatu zuen. Era berean, maitasunik egon ezean, banantzearen edo dibortzioaren aldekoa zen .

Amparo Pochek ezkontzan eta prostituzioan oinarritutako sexu moral bikoitzari eraso zion, eta emakumearen sexu askatasuna eta plazera izateko eskubidea defendatu zituen. Halaber, maitasun askearen aldekoa zen, monogamiaren printzipioa baztertzen zuen, haren ustez, kapitalismoarekin eta jabetza pribatuarekin oso lotuta baitzegoen:

Kapitalismoaren tramankulu zapaltzaile osoak monogamia eta bere sexu-kodeak defendatzen ditu, oso ondo baitaki benetako Iraultzarik ez dela izango euskarri boteretsu horiek eraitsi ezean. Gizon-emakumeen bikotea, jabetza pribatua, kapitalismoa. Horra hor hiru harri elkarri eusten diotenak. (...) Ezinbestekoa da gizarteak maitasun-batasun forma guztiak bete-betean aitortzea; hor dago arazoaren benetako irtenbide iraultzaile eta askatzailea. (...) Ohituraz, hainbat arau konbentzional finkatu ditugu, eta orain Naturaren lege aldaezinak direla uste dugu. Pedro Ribelles Plaren El matrimonio libre liburuko hitzaurrean. Valentzia 1937.[4]

Emakumeok!, gizon sasijainkoaren atzetik itsuturik zabiltzatenok!, zuen gogo guztia gizona harrapatzeko ahaleginean jarrita duzuen emakumeok!: ebatzi al zenezakete ustez konponezina den ARAZO HAU?: Demagun gizonak mediku gisa jarduten duela, eta gaueko ordu txikietan deitzen diotela, eta, aldi berean, umea edo emaztea gaixorik duela...; nor artatuko du gure gizonak? Pipitaki, papataki... (...) Nik ez dakit nola konponduko lukeen arazoa Concepción Arenal handiak, kargu ofizialak bete zituenak, Nazioarteko Biltzarretan miretsiak izan ziren hainbat liburu idatzi zituenak, (...) katedretara gizonez mozorrotuta joan zen Concepción handiak. Nik ez dakit nola konponduko luketen Concha Espinak, Sofia Casanovak, Dautschakoff andereñoak, Errusiar Inperioan katedra ofizial bat bete zuen eta Moskuko Unibertsitateko Institutu Histologikoko Klaustroko kide izan zen lehen emakumeak; Henry Petersonek, Danimarkan jardun zuen lehen emakume abokatuak; XII. mendean Bolonian eta Palermon izan ziren emakume zirujau eta medikuek, eta gaur egun Errusian, Suedian eta, batez ere, Estatu Batuetan direnek, non lau mila emakume mediku baino gehiago dauden, haietako batzuk ospitale zuzendari Filadelfian, Bostonen edo Chicagon; Errusian seiehun baino gehiago dira; Ingalaterran ere ez dira hirurehun baino gutxiago...

Ateneo Científico Escolar. 1923.[6]

Maitasunaren deskribapen poetiko eta sutsuez beteriko Elogio del amor libre (Maitasun askearen gorespena) artikulua idatzi zuen:

Nik ez dut Etxerik. "Haratago" zabalean maitatu nahi dut, inongo harresik hersten ez eta ezein berekoikeriak mugatzen ez duen hartan.

Nire bihotza haragizko arrosa bat da. Orri bakoitzean samurtasun bat eta antsietate bat ditu. Ez moztu!

Hegoak dauzkat ikerketa eta lanaren eskualdeetan gora egiteko. Ez moztu!

Nire eskuak, palmen antzera, zabalik daude, laztan txanpon kontaezinak biltzeko. Ez kateatu!

Sortu eredu berria; gatza eman Bizitzari; kolorea eta garra musu desorekatuei. Maita ezazu, hitz egin, lan egin. Ulertu ezazu, lagundu, kontsolatu.

Ikas ezazu desagertzen eta zure presentzia ikusezina bihurtzen; eta 'ni' askearen balioa ezagutzen. Deus ere ez duena; ez diruagatik, ez bakeagatik, ez lasaitasunagatik...

Maitasun librea!

(...) Nik ez dut Etxerik, atzapar ulertezin eta gupidagabea bailitzan tira egiten dizunik; ezta Zuzenbidea ere, mugatu eta ukatu egiten zaituena.

Baina badut, ene maitea, gurdi bat lorez eta zeruertzaz betea, zuk begiratzen didazunean Eguzkia gurpilez gurpil etzaten den tokia. Musu ematen didazunean.

(...)

Bizitza gogaiturik dago Emakume-emaztearekin, astuna, lar betierekoa, hegoak galdu eta txiki gozoaren eta handi sotilaren plazera ahaztu duena; aspertuta dago Emakume-prostitutarekin, zeini ez baitzaio abere-sustrai hutsa baizik geratzen; aspertuta dago Emakume-bertutearekin, serioa, zuria, gatzbakoa, mutua... Sortu eredu berria; eman gatza Bizitzari; kolorea eta garra musu desorekatuei. Maita ezazu, hitz egin, lan egin. Ulertu ezazu, lagundu, kontsolatu.

Elogio del amor libre (Maitasun askearen gorespena). Mujeres Libres. 3. zk. 1936ko uztaila.[4]

Gizonek eta emakumeek aukeretan eta tratuan eskubide berak dituztela defendatu zuen.

Badirudi Zaragozako emakume ikasle gehien-gehienek ez dutela bigarrenetik, ikasletik, alegia, izena baino askoz gehiago. Baieztapen hori jende askoren gustukoa da, oraindik ere bizirik mantentzen baitituzte haien gogoan hainbat kondaira dekadente emakumeari buruz, hala nola, lurrean dituen misioez, bere gutxiagotasun intelektualaz eta inork ere ukatzen ez dituen misio horien bateraezintasunaz bi ideia txit duinekin: emakumearen giza independentziarekin eta, gizonen aurrean, nortasunez nortasun, boterez botere, izan behar duen berdintasunarekin. Emakume gutxik erantzuten diote gaurkoa baino biharkoagoa den ideal horri, agian beldurrez, jendearen ohitura eta aurreiritzietatik ausarki aldentzen den edozein pertsona kalbario bat sufritzera kondenatua izaten baita. Kalbario hori biderkatu egiten da emakumeen kasuan, kalifikazio zakar eta pentsamendu gaizto zaparrada bihurtzen da, emakumeari, amore eman dezan, eraso egiteko. Etsitzen ez badu, irainez eta herraz beteriko laino batean nahasirik aurkitzen da, txiste, karikatura eta barre-algara gaiztoez jipoitua, jendeak halako harrera egiten baitio 'emakume jakintsuari', halako emakume batek, benetan jakintsua denean, izango ez balitu bezala bere duintasun jasoa, nortasun errespetagarria eta sentimendu-emari sendoa. Ezaugarri horiek, agian, negar eginarazten dute emakumea zenbait adierazpenen aurrean: beren esanak, beharbada, zakarkeriaz baino egiteko gauza ez direnen adierazpen aurrean, alegia. La Voz de Aragón, 1927ko martxoaren 6a.[4]

Amatasuna ezin da aitzakia izan emakumearen eskubideak eta xedeak mozteko, gaitasun osoa baitu batzuei eta bestei eusteko haurdunaldiaren garairik gogorrena igaro ondoren; emakumea ama bada ezin dela besterik izan esatea, gizonari, aita izateagatik, bere intelektualtasunean eta pribilegioetan mugak eta murrizketak ezartzea bezain zentzugabea da. (...) Emakumeak ez du toleratua izan nahi, merezi duen arreta jaso baizik; berdina izan nahi du, ez menpeko.

La Voz de Aragón, 1928ko azaroaren 28a.[4]

Emakumeak, bizitza primitiboaren plazer xaloa erabat ahazturik zuenean, jakin zuen, errealitate ekonomikoari esker, Etxeak produkzio-lan guztietatik, bizirauteko eskubidea ematen duten lan publiko guztietatik kanpo uzten zuela. Biziraupena gizonaren bidez etortzen zitzaion, zeini bere zerbitzu pribatuak, baita sexualak ere, ematen zizkion; eta bere egoera berrian bilatu zuen babesa, betiere arduratuta gizonarekin lotzen zuten lokarriak sendotzeaz. Mujeres Libres. 3 zenbakia. 1936ko uztaila.[4]

Lehenengo erantzuna emakumearen lanak duen ordainketa eskasaren aitorpena eta salaketa da, lan hori gizonak egin duenaren kalitate berekoa bada ere. Errealitate hori elementu femeninoak jasaten duen gutxiespenaren alderdi bat besterik ez da, emakumea beti agertzen baita bigarren mailan, gizonaren aurrean eklipsatzera eta desagertzera kondenaturik.

La vida sexual de la mujer (Emakumearen bizitza sexuala). 1932ko martxoa.[4]

Moral burgesak senar-emazteak eurak ere kutsatzen ditu jabetzaren kontzeptuaz; horrela bada, gizonak "nire emaztea" esaten du, eta emakumeak "urliaren andrea" esanez aurkezten du bere burua, gizonak argi eta garbi duelarik zein diren emaztearen gainean dituen eskubide ugariak.

La vida sexual de la mujer (Emakumearen bizitza sexuala). 1932ko martxoa.[4]

Emakume berriak ezin du bere bizitza maitasunarekin bete. Bere burua hainbat jardueratan bilatu eta aurkitu behar du: aukeratutako lanbidean, bere ahalegin guztia eskaintzen dion ikasketetan, lantegian, fabrikan eta Unibertsitatean. Kliniketara joaten da, makinak diren inguruetara, motorren burrunba entzuten den industria-nabeetara eta zientziaren irrika nagusia den ikasgeletara; eta horretarako laburtu ditu enbarazu egiten zioten gona astun zabalak, eta baztertu ditu lehengo orrazkera neketsu eta gogaikarriak.

La vida sexual de la mujer (Emakumearen bizitza sexuala). 1932ko martxoa.[4]

Amparo Pochek naturak aurrerapenaren izenean jasandako erasoakk salatu zituen. 1923an idatziriko artikulu batean tranbia baten bide bikoitza eraikitzeko eginiko zuhaitz-mozketa salatu zuen:

Nik ikusi dut nola desagertu diren horko zuhaitzak, kale bakarti honetako apaingarri eta bizitza zirenak. (...) Ez dezala nire lagun onak inolako kexarik entzun nire erruz. Nahiz eta nik haien heriotzagatik negar egin dudan, hainbesteraino sentitu dut, ezen nire bizitzan lehen aldiz mendekuaren desira sortu baita nigan. Mendeku hartu nahi nioke bide bikoitzari, nire lagun zuhaitza atzitu zidan bide bikoitzari. 'Ahalguztiduna' izan nahi nuke. Zuhaitz sendo, garai eta ugariak ernaraziko nituzke bidean bertan. Bota egingo lituzkete gizaldiaren aurrerabideak oztoporik izan ez dezan, baina mozturiko bakoitzeko bi jaioko lirateke bost minutura. Amore eman beharko lukete eta tranbia beste nonbaitera eraman. Orduan nik nire zuhaitza ekarriko nuke, berpiztaraziko nuke, berriro jarriko nuke nire balkoien ondoan, kaleko zuhaitz guztiak berpiztaraziko nituzke, eta orduan, ahalguztiduna izateari utziko nioke eta nire mendeku desira hura asetu egingo litzateke. Adiós a un árbol (Agur zuhaitz bati). La Voz de la Región, 1923ko uztailaren 23a.[4]

Hezkidetzaren defendatzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poch hezkuntzako maila guztietan hezkidetza ezartzearen alde agertu zen.

Baina har dezagun, arren, geldiune bat agerian uzteko gaurko hezkuntzaren behar bat, arrazionalki zuzendutako hezkidetzaren beharra, alegia. Eskolak banandu egiten ditu etxean, zineman, kalean, eta gero unibertsitatean, elkarrekin bizi diren haurrak. Gainera, banaketa hori institutu nazionaletara hedatu nahi izan zuten emakumeentzako institutuak sortzean. Horrela, egundoko kalte morala eragiten da, eta urratu egiten da haurrak hezkidetzarako duen eskubidea. La vida sexual de la mujer (Emakumearen bizitza sexuala). 1932ko martxoa.[4]

Zaragozako Amparo Poch Osasun Zentroa.
Amparo Poch-en biografia Zaragozako Amparo Poch Osasun Zentroan.
Zaragozako Amparo Poch kalea.
Zaragozako Amparo Poch Osasun Zentroaren inaugurazio plaka.
Amparo Pochi eskainitako plaka, Madre Rafols kaleko 8. zenbakian. Han emakume, haur eta neskentzako mediku kontsulta zuen.
  • 2002ko urriaren 15ean, bere jaiotzaren mendeurrenean, Felipe Pétriz Zaragozako Unibertsitateko errektoreak bere izena zuen plaka bat estalgabetu zuen Unibertsitateko Paraninfoaren geletako batean. [7]
  • Zaragozan bere izeneko kalea du.
  • Zaragozan, 26.000 biztanleri zerbitzu ematen dien Amparo Poch Osasun Zentroa inauguratu zen 2008ko otsailaren 14an.
  • 2018an, Zaragozako Udalak Amparo Poch omentzeko plaka jarri zuen Madre Rafols kaleko 8. zenbakian. Eraikin hartan bizi izan zen eta kontsulta izan zuen.
  • Rodrigo, Antonina (2002). 'Una Mujer Libre: Amparo Poch y Gascón: Médica Anarquista. Flor del Viento Ediciones. 300 or. ISBN 9788489644762
  • Rodrigo, Antonina (2002). Amparo Poch y Gascón. Textos de una médica libertaria. Incluye La vida sexual de la mujer: pubertad, noviazgo, matrimonio, Amor, Elogio del amor libre. Diputación de Zaragoza / Alcaraván. 293 or. ISBN 9788497030137
  • Poch y Gascón, Amparo (1922). Amor. 116 or. 
  • Poch y Gascón, Amparo (1932). La vida sexual de la mujer: pubertad, noviazgo, matrimonio. Cuadernos de Cultura. 44 or. 
  • Campos, Lola (2003). Mujeres aragonesas. Ibercaja. 222 or. 
  • Alicia Alted Vigil, Lucienne Domergue (2003). El exilio republicano español en Toulouse: 1939 - 1999. Presses Univ. du Mirail. 370 or. ISBN 9782858166473
  • De la Calle Velasco, Ma. Dolores (2006). Guerra Civil. Documentos y memoria. Universidad de Salamanca. 239 or. ISBN 9788478003983
  • Pagès, Pelai (2007). Cataluña en guerra y en revolución: 1936-1939. Ediciones Espuela de Plata. 405 or. ISBN 9788496133921
  • Ripol, Marc (2007). Las Rutas del exilio. Alhena Media. 165 or. ISBN 9788496434028
  • González Pérez, Teresa (2005). Femenino Plural. Idea. 139 or. ISBN 9788496570436
  • Ackelsberg, Martha A. (2005). Free Women of Spain: Anarchism and the Struggle for the Emancipation of Women. AK Press. 286 or. ISBN 9781902593968
  • Nash, Mary (1995). Defying male civilization: women in the Spanish Civil War. Arden Press. 261 or. ISBN 9780912869155

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. De la Fuente, Inmaculada (2002ko azaroaren 17a). «Reportaje: Mujeres. La voz de las mujeres silenciadas». EL PAÍS. 2016ko apirilaren 8an kontsultatua. .
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u Rodrigo García, Antonina (2002). Una mujer libre. Amparo Poch y Gascón, médica y anarquista. Flor del Viento Ediciones. 300 or. {{ISBN|84-89644-76-4}}. .
  3. a b «HISTORIA DE AMPARO POCH, UNA MUJER LIBRE | Antón Castro» antoncastro.blogia.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  4. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y Rodrigo García, Antonina (2002). Amparo Poch y Gascón. Textos de una médica libertaria. Diputación Provincial de Zaragoza. Servicio de Cultura. {{ISBN|84-9703-013-3}}.
  5. a b (Gaztelaniaz) SL, DiCom Medios. «Gran Enciclopedia Aragonesa Online» www.enciclopedia-aragonesa.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-18).
  6. Magallón Portolés, Carmen (1998). Pioneras Españolas en Las Ciencias: Las Mujeres Del Instituto Nacional de Física y Química. 104: CSIC-Dpto. de Publicaciones. 406 or.
  7. Macho-Stadler, Marta. «Amparo Poch y Gascón, la médica que enseñó educación sanitaria y sexual a las españolas». eldiario.es. 2021eko apirilaren 16an kontsultatua .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]