Benguelako itsaslasterra
Benguelako itsaslasterra[1] ozeano-itsaslaster hotz eta azkar bat da, 200 eta 300 kilometro bitarteko zabalerakoa. Hegoafrikako kostaldetik abiatu eta Afrikako mendebaldeko kostaldearen paralelo doa iparralderantz: Namibiako eta Angolako kostaren aurretik igaro ondoren, ipar-mendebalderantz egiten du Hegoaldeko itsaslaster ekuatorial epelarekin bat egiteko. Itsaslaster ekuatorial hori Itsaslaster Zirkunpolar Antartikora itzultzen da Brasilgo itsaslaster epelaren bidez, eta hala ixten da Hego Atlantikoko zirkulazio ozeanikoaren zirkuitua. Beraz, Benguelako itsaslasterra Hego Atlantikoko ur-zirkulazioaren mendebaldeko atala eratzen du.
Afrikako mendebaldeko kostaren ondoko ur sakon eta hotzek elikatzen dute itsaslasterra azaleratzean. Alisioak ipar-mendebalderantz desbideratzen dira Lurraren errotazioa dela-eta (Coriolis efektua), eta, haize horiek azaleko urak mendebalderantz bultzatzen dituztenean, haien lekua hartzen dute hondo abisaleko ur sakon eta hotzek.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Benguelako itsaslasterraren ur hotzek topo egiten dute Agulhasko itsaslasterrarekin Esperantza Oneko lurmuturraren inguruan, eta elkartze horren ondorioa itsasgune mantenugaitan aberats bat da, itsas bizi oparokoa. Bi itsaslasterren elkargune hori, Eskeletoen Kosta izena duena, bestalde, meteorologikoki oso nahasia da, eta ekaitzak eta zurrunbiloak ugari izaten dira. Namibiako kostaren partean, berriz, Benguelako itsaslasterraren ur hotzek antizikloi bat elikatzen dute, Namibiako kostaldeari klima desertikoa ematen diona, ur hotza nekezago lurruntzen baita ur epela baino. Hala ere, Benguelako itsaslasterrak eragin positiboa du eskualdeko ekonomian, itsas hondotik azaleratzen den ur hotzak berekin eramaten baitu planktona, eta, ondorioz, oso itsasgune aberatsa da arrantzarako (sardinak eta antxoak, besteak beste).
El Niño fenomenoaren antzeko bat gertatzen da Afrikako kostaldean, Benguelako itsaslasterra elikatzen duen iturria aldi baterako eteten duena. Hala ere, Amerikako kideko fenomenoak baino intentsitate txikiagoa du, baita maiztasun txikiagoa ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2012-10-18). 172. araua: Itsaslasterren izenak, itsasgune batzuen izenak eta Antartikako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-10).