Edukira joan

Bi euskal kazetariren hilketa Burkina Fason

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bi euskal kazetariren hilketa Burkina Fason
Motagertaera
Data2021eko apirilaren 26a
HerrialdeaBurkina Faso
Pertsona hilak2

Bi euskal kazetari, David Beriain eta Roberto Fraile, 2021eko apirilaren 26an Burkina Fason desagertu ziren. Bi kazetariak dokumental bat egiten ari ziren gobernuz kanpoko erakunde batekin. Dokumentalaren gaia Burkina Fasoko parke naturaletako isileko ehizari buruzkoa zen. Hurrengo egunean, apirilaren 27an, Espainiako Atzerri ministro Arancha González Laiak esan zuen talde armatu batek eginiko eraso batean hil egin zituztela. Euskal herritarrekin batera beste bi pertsona desagertu ziren: irlandar bat eta Burkina Fasoko segurtasun indarretako kide bat.[1]

Bi kazetariak dokumental bat egiten ari ziren gobernuz kanpoko erakunde batekin, Burkina Fasoko parke naturaletako isileko ehizari buruz. Biak 40 bat laguneko talde batean zihoazen, eta 15:30ak aldera galdu zuten talde hori, Burkina Fasoren eta Beninen arteko parke natural batean, «leku arriskutsu batean», Gonzalez Laiaren hitzetan, «terroristak, isileko ehiztariak eta bidelapurrak» ibiltzen direla inguru horietan.[1]

Kazetariak talde handi batean zihoazten: bi pick-up ibilgailu eta hogei inguruko motozikleta. Taldean legez kanpoko ehizaren kontrako patruila batekin zihoazen, militarrak eta kazetariak zeuden. Bi euskal hiritarrak dron bat ari ziren prestatzen erasoa gertatu zenean.[2] [3]

Burkina Fasoko hedabideek adierazitakoaren arabera, erasoaren ondorioz, patruilan zihoazen hiru lagun zauritu ziren, eta arma eta material ugari lapurtu zieten: bi metrailadore, drone bat, hamabi motozikleta eta abar. Baina, horretaz gain, lau lagun ere desagertu ziren erasoak sorturiko anabasan: Beriain, Fraile, espedizioko kide irlandar bat eta Burkina Fasoko segurtasun indarretako kide bat.

Orduan gertatu zenaz ez dago informazio garbirik. Burkina Fasoko hedabide batzuen arabera, erasotzaileek hiru europarrak bahitu zituzten, eta gatibu zituztelarik hil zituzten. Beste batzuen arabera, aldiz, erasoa gertatu zen lekuan bertan zauriturik suertatu ziren, eta zauri horien ondorioz hil ziren. Hasieran, Espainiako albiste agentziek esan zuten ez zegoela irlandarraren inguruko informaziorik, baina, haren gorpua ere agertu zen bi euskal kazetarien hilotzekin batera.

Lehenengo egunetan egileen inguruan ere ez zen egon informazio zehatzik. Oso eremu gatazkatsua zen, eta, Gonzalez Laia ministroaren esanetan, «terroristak, isileko ehiztariak eta bidelapurrak» ibiltzen ziren inguruan. Edonola ere, Burkina Fasoko Gobernuko Komunikazio ministro eta bozeramaile Ousseni Tambourak «terroristei» egotzi zien erasoaren ardura, «haien nortasuna oraindik zehaztu ez bada ere». Tambourak esan zuenez, inguruak miatu zituzten egileak aurkitzeko xedez.

Luma eta kamera eskuan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kazetari elkarte ugarik protesta egin zuten hilketa horien aurka. Kazetarien Euskal Elkargoa eta Euskal Kazetarien Elkartea batera agertu ziren hilketak salatzeko, eta adierazi zuten Beriain eta Fraile «luma eta kamera eskuetan zituztela» hil zirela, «Afrikako herrialde horretako isileko ehizaren mundu iluna salatzen eta jakinarazten saiatzen ari ziren bitartean».

Hilketen egileak talde jihadistak edo isilpeko ehiztariak izan, kazetarien elkarteek argi zuten «interes ekonomiko handiak» zeudela talde horien atzean, eta, azken finean, horiexek izan zirela Beriain eta Fraile hil izanaren arrazoia: «Horrek ideia batean berresten gaitu; alegia, informaziorik eta salaketa kazetaritzarik gabe ez dagoela askatasunik».

Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak nahigabea adierazi zuen hilketengatik: «Gaurkoa egun beltza da duintzen zuten lanbidearentzat». APIA Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteak, EITB taldeak eta beste elkarte eta hedabide batzuek ere bat egin zuten doluan.

Kazetariek ez ezik, eragile politikoek ere atsekabea adierazi zuten albistea jakindakoan. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «gaitzespenik erabatekoena» agertu zuen gertatutakoaren inguruan. Nafarroako Gobernuak ere doluminak bidali zizkien bi kazetarien senideei, eta esan zuen Espainiako Gobernuarekin harremanetan zegoela Beriainen gorpua ekar zezaten. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza zuten indar politiko guztiek ere atsekabea azaldu zuten; gehienek, sare sozialetan hedatutako mezuen bidez.

Europako Batasunaren Kanpo Politikarako ordezkari Josep Borrellek erasoa deitoratu zuen, eta «terroristei» leporatu zien gertatutakoa. Espainiako Gobernuko zenbait kidek ere, Pedro Sanchez presidentea haien artean, doluminak helarazi zizkieten hildakoen senitartekoei, eta, adibidez, Gizarte Eskubideetarako ministro Ione Belarrak deitoratu egin zuen «giza eskubideekin konprometiturik zeuden bi kazetari ausart galdu izana».

Barakaldoko alkate Amaia del Campok bereziki gogoan izan zituen Fraile herrikidearen lagun eta senideak.[4]

Euskal kazetariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]