Edukira joan

Biodibertsitate

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bioaniztasun» orritik birbideratua)

Biodibertsitate-mailarik handiena tropikoetako ekosistemek dute: Oihan tropikal euritsuek (irudian) eta koralezko arrezifeek

Biodibertsitatea, bioaniztasuna edo dibertsitate biologikoa ekosistema batean, bioma batean edo planeta oso batean bizi-formek duten aniztasun-maila da. Askotan, kontzeptu hau erabiltzen da sistema biologikoen osasuna neurtzeko. Bereizkuntza naturalaren eta izaki motek irauteko dituzten mekanismo genetikoen ondorioz, Lurra bizitza dibertsitate handikoa da; eta dibertsitate hori ezinbestekoa da, bizia izango bada, eta ezin ordezkatuzkoa da, hura galtzeak hondamena baidakar. Biodibertsitatea ez da berdin banatzen Lurrean; badira eremu batzuk, tropikoak batez ere, bizi-moten dibertsitatearen aldetik goi-mailakoak direnak.

Tasun hau bizitzaren antolamenduaren maila guztietan agertzen da, zeluletatik ekosistemetaraino, eta funtsezkoa da izaki bizien funtzionamendurako. Dibertsitateari esker, bizitzak erreakzionatzeko eta egokitzeko gaitasuna du, Lurrean maila askotan izaten diren aldaketak gertatzen direnean. Baldin eta, adibidez, landare-mota bakarra balego Lurrean (gauza jakina denez, landareek oxigenoa sortzen dute, eta, beraz, gizakia landareen mende dago), eta mota horretako landare guztiak berdinak balira genetikaren aldetik, gizakien eta izaki bizi gehienen bizitza landare-mota bakar horren mende legoke. Baldin eta izurri batek edo klima-aldaketa batek landare-mota horretan eraginen bat izan eta suntsituko balu, oxigenoaren sintesia ere desagertu egingo litzateke, eta gizakia ere harekin batera galduko litzateke; milaka landare-mota egoteak esan nahi du oxigenoa sintetizatzeko «erantzukizuna» landare-mota asko eta askoren artean dagoela banatua, eta, beraz, haietako batek huts eginez gero, ez dagoela arriskurik gizakiarentzat. Gainera, izaki mota bakoitzaren barnean, multzo osoa eratzen duen banako bakoitza desberdina da genetikaren aldetik, eta, beraz, zeinek bere sentikortasuna du gaixotasun, giro-aldaketa, eta abarren aurrean.

Biodibertsitatearen banaketa, Lurrean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Koralezko arrezifeen biodibertsitatearen erakusgarri bat

Bereizkuntza naturalaz eratuz joan den gure mundu biologiko honetan, beti-batekotasunak erasoaren kontrako ahultasuna esan nahi du, eta ez dakigu ekosistema mugitzen duen mekanismoa noiz hasiko den huts egiten, ekosistema eratzen duten osagai guztiak, izaki motak alegia, osotasun horretatik bereizten badira. Biodibertsitatea ez da beti berdina Lur osoan, arrazoi askorengatik, eta ekosistemak desberdinak izaten dira, halaber, izaki-moten aberastasunari dagokionez.

Biodibertsitate-maila handiena tropikoko ekosistemek dute, oihan tropikaleko biomak edo koralezko uharriek, nahiz eta, oraingoz, ez da gertaera horren zergatia azaltzen duen arrazoirik aurkitu. Oro har, biodibertsitateari dagokionez, aberatsagoak dira tropikoko eremuetako ekosistemak eremu hotz edo epeletakoak baino; izaki bizi multzo askok gero eta dibertsitate-maila handiagoa dute poloetatik ekuatorera hurbildu ahala.

Amazoniako oihan tropikaleko hektarea batek ehunka zuhaitz-mota izan ditzake -Iquitosko (Peru) hektarea batek ditu marka guztiak: 300 zuhaitz-mota hektarea batean-, hainbesteraino non nekez aurki baitaitezke landare-mota bereko bi ale; Euskal Herrian, adibidez, baso-hektarea batek zuhaitz mota gutxi batzuk baizik ez ditu, hamabira ere iristen ez dela. Lurrean diren 9.000tik gora hegazti-espezieen ia herena Amazonian dago; 250.000 landare-espezieetatik, 170.000 (% 68) tropikoetan eta azpitropikoetan daude; Kolonbia, Ekuador eta Peruko landaredian, 40.000 espezietik gora daude, Lurrean ezagutzen diren landare guztien seirena, alegia, Lurraren eremuaren % 2an bilduta. 12 orduko lanaldian, biologo batek 429 tximeleta-espezie harrapatu zituen Brasilgo sartaldean: Europa osoan 380 dira, Afrikako iparraldeko Mediterraneoko kostaldea barne. Panamako zuhaitz bakar batean 48 inurri-espezie aurkitu dira, eta hektarea batean, 18.000 kakalardo-espezie; kopuru horiek argi erakusten dute tropikoetako oihanaren galerak zer kalte ekar ditzakeen.

Biodibertsitatearen garrantzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaki biziek eginkizun bat dute biosferaren sistema osoaren barnean; etxeko euli batek zer «baliagarritasun» duen jakitea guretzat zaila izateak ez du esan nahi baliagarritasunik ez duenik, zertarako balio duen ez dakigula baizik; izan ere, izaki-mota batzuk desagertzeak edo urritzeak hondamen handia ekarri du, bai ekonomiaren aldetik ere, eta horrek garbi adierazten du naturako sistemen oreka oso konplexua dela, eta askotan hauskorra gainera.

Bada hori argitzen duen adibide bat Kaliforniako kostaldean, hainbat animalia- eta landare-espezie tartean direla. Itsas hondo arrain ugarikoan, Macrocystis izeneko itsas belar erraldoi batzuk dira nagusi; baso handiak eratzen dituzte itsaspean, eta haiek dira eremu horretako biodibertsitate handiaren ardatza, haiei esker arrain ugaritasun handia baitago, bertako arrantzaleen harrapakin; arrantzale horiek orobat harrapatzen dute laparen antza duen soinbera handi bat, garrantzi handiko industria bat sorrarazi duena bazter haietan. Itsas igarabak erruz jaten ditu soinbera horiek, eta baita itsas trikuak ere. Trikuek, bestalde, Macrocystis sasiak jaten dituzte. Arrantzaleak igarabak saldoan hiltzen hasi ziren, haiekin lehian baitzebiltzan (igarabek soinberak jaten zituzten), eta ia-ia desagerrarazi ere egin zituzten; horren ondorioz, trikuak ugaritu egin ziren, Macrocystis basoak suntsitu zituzten, eta soinberak eta arrainak desagertzen hasi ziren. Ekosistema hura ez zen lehengoratu, harik eta igarabek txikizio aurretikako kopurua iritsi ez zuten arte, orduan hasi baitziren igarabak itsas trikuak berriz jaten. Igaraba zen aldez aurretik nekez ikus zitekeen oreka ekologiko hauskor haren giltzarria. Era horretako ezin konta ahala adibide aipa daitezke, izaki bizi guztiak bizirik iraunaraztearen premiaren argigarri.

Bada kontuan hartu beharreko beste alderdi bat: izaki mota askok osasunaren eta industriaren aldetik gizakiarentzat mesedegarri diren gai kimikoak dituzte. Tropikoko oihaneko landareak, milioika urteko bilakaeran, gaixotasun asko eta asko sendatzeko gai kimikoak sortu dituzten farmazia modukoak dira. Gai horietako batzuk ezagunak dira jadanik, eta ustiatuak izan dira, baina beste asko eta asko, oraindik ezagutzen ez diren ahalmenak dituztenak, bere horretan daude agian egunen batean desagertu egingo diren landare ezezagunetan. Estatu Batuetan, farmazietan prestatzen dituzten sendagai guztien laurden batek landareetan du oinarria, eta farmazia-produkzio osoaren % 40 izaki bizietatik dator. Adibidez, aspirina sendagai ezaguna, zeinaren osagai nagusia sahatsaren azaletik ateratako azido salizilikoa baita; baina beste adibide asko ere badira.

Biodibertsitatearen jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez bakarrik izaki-moten dibertsitatea, baita mota baten barruan banako desberdinena ere, hainbesterainokoa da, non ugalketa asexualeko kasu ohiz kanpokoak izan ezik, esan baitaiteke ia-ia ez daudela bi banako genetikaren aldetik berdinak direnik. Horren azalpena material genetikoan eta sexu ugalketan parte hartzen duten mekanismoetan aurkitu behar da. Izaki-mota bakoitzak oso informazio-kopuru handia du bere material genetikoan (DNA). Gene-kopurua aldakorra da; 1.000 bat gene daude bakterioetan, 10.000 onddo batzuetan, eta 400.000 landare loredun askotan eta animalietan. Gene horiek izaki biziaren zelula bakoitzean daude, helize bikoitz baten itxura duten kateetan antolatuta, milioika eta milioika nukleotido-pare dituztela. Gene-egitura horien aldatzeko ahalmenak ez du mugarik.

Giza zibilizazioaren mehatxua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Nola iristen dira espezie inbaditzaileak ekosistema berrietara?
Deforestazioa Europan.
Deforestazioa Bolivian.

Mendebaldeko gizakiaren zibilizazio industriala da gaur egun arriskurik handiena gure planetaren biodibertsitaterako. Izan ere, zeharka edo zuzenean hainbat ekosistemaren oreka aldatu du zibilizazio horrek, eta are bizkorrago azken hamarkadotan. Adituen ustez, honela jarraituz gero, espezie guztien % 20 suntsituko ditugu hurrengo 30 urtean.

Dozenaka mila urtean gizakiak egin duen bezala modu sostengagarrian eta naturarekin bat eginda makinarik gabe ehizatik, abeltzaintzatik eta nekazaritzatik nagusiki bizi diren gizakiek ia ez diote kalterik egiten ekosistemari. Zibilizazioak —eta bereziki Industria Iraultzaz geroztiko zibilizazio industrialak—, ordea, ingurumena aldatzeko ahalmen handia eta bizi-moten aniztasuna asko gutxitzea ekarri du, eta gutxitze horren ondorioz milaka animalia- eta landare-mota desagertu eta ekosistema asko suntsi daitezke datozen urteetan. Naturaren sistema askok ezin izango dituzte jasan gizakiak eragiten dizkieten aldaketak. Bestalde, naturan, askotan alor jakin batzuetan soilik, gizakiak duen eragin neurriz gainekoak kalte egiten die berari baliagarriak zaizkion izaki-motei —arrantza, basoak ustiatzea, larrugintza—; bestalde, gizakiaren eragin hori zuzenean da kaltegarria —intsektu jakin batzuk, narrastiak, (sugeak), ugaztunak (otsoa, azeria, hartza, tigrea)— edo zeharka da kaltegarria, baliabide komunak ustiatzerakoan lehiakide dituelako izaki-mota horiek, gehienetan arrantzaren alorrean —fokak, igarabak edo izurdeak—, baina baita nekazaritzan ere —belarjale batzuk, hala nola elefanteak—.

Biodibertsitatean eragin zuzena duten jardueratzat har daitezkeen horiez gainera, badira askoz eragin handiagoa duten beste jarduera batzuk ere. Nekazaritza industrialak edo abere hazkuntza industrialak, adibidez, lursail handiak hartzen ditu, eta eremu horietako animaliak eta landareak suntsitzea dakar, eremu horiek ustiatu ahal izateko. Basoak soiltzen dira larreak sortzeko, eta belardiak laborantzarako alor bihurtzen dira; basoa soiltzeak milaka animalia- eta landare-espezieen habitata suntsitzea dakar, eta orobat dakar baso hori leheneratzeko behar diren baldintzak ere desagertzea, onenean ere ehunka urte beharko baitituzte egonkortasuna hartzeko.

Badira biodibertsitatea gutxitzen duten beste eragile asko ere: energia fosilen erabilera, ur-ereduen aldaketa (urtegiak egitea, akuiferoak lehortzea, ibaiak bideratzea eta desbideratzea), izaki-mota exotikoak berariaz edo zeharka leku batetik bestera aldatzea, ibaiak, lurrak eta itsasoak kutsatzea.

Biodibertsitatea gordetzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaki bizi mota guztiek, eta haien aldaera genetikoek, bizilekutzat dituzten ekosistema guztietan, bizirik iraungo badute, behar-beharrezkoa da bizi-moten aniztasuna gordeko duen jarduera-multzo bat. Aipatu da gizakiak eragin erabakigarria duela biodibertsitatearen suntsiketan, eta aniztasun horren galerak zerikusi handia duela orobat ekonomia-jarduerekin; era berean, gizakiak bere esku du dibertsitatea gordetzeko estrategiak asmatzea, era honetako neurriak harturik, besteak beste: gune natural babestuak sortzea, izaki biziak babestea, zelula edo ehun ugaltzaileen bankuak lantzea, eta ingurunea arrazoiz ustiatzeko eta aldi berean eremu handiak aldatu gabe gordetzeko aukera emango duten bideak aurkitzea; alegia, lurraldea egoki eta zuzen antolatzea.

Biodibertsitate horri eusteko kezka zela eta, 1992an herri askok Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena sinatu zuten Rio de Janeiron, ekosistemak eta izaki motak babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko, gizadiaren garapenak ingurumena errespetatuko zuela ziurtatzeko, alegia. Bestalde, interes handiko habitat natural batzuk eta animalia- eta landare-mota batzuk definitu ziren, eta horiek gordetzeko kontrol bereziko erregimen bat izango zuten eremu bereziak izendatzeko premia ikusi zen. Hala eta guztiz ere, Ameriketako Estatu Batuek eta beste herri industrializatu batzuek ez zuten hitzarmen hori sinatu, beren enpresek ikerketa bioteknologikoan, zurgintzan eta, oro har, bizi-moten dibertsitate handiko eta bizi-maila apaleko herrietako baliabideak ustiatzeko zituzten interesak defendatu nahi baitzituzten. Erakunde ekologisten ustean, hitzarmen hori hutsa da edukiaren aldetik, ez baitu ezartzen ez babeserako laguntzarik, ez horretarako diru-kopururik, ez babestu beharreko eremurik, ez izaki-moten zerrendarik, eta abar.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]