Edukira joan

Bizkaia zubia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 43°19′23″N 3°01′01″W / 43.3231°N 3.0169°W / 43.3231; -3.0169
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizkaia Zubia» orritik birbideratua)

Bizkaia zubia
Bizkaiko Zubia
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kultura ondasuna
Getxoko eremu berezia
[[]]
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaPortugalete
Koordenatuak43°19′23″N 3°01′01″W / 43.3231°N 3.0169°W / 43.3231; -3.0169
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza 1887
Irekiera 1893ko uztailaren 28a
Suntsiketa 1937ko ekainaren 17a
Berrirekitzea 1941eko ekainaren 19a
Inaugurazioa1893
JabeaBilboko Portuko Agintaritza
Arkitektura
ArkitektoaAlberto Palacio
EraikitzaileaFerdinand Arnodin
Egitura ingeniaritzaFerdinand Arnodin
Materiala(k)burdina
Dimentsioak45 (altuera) × 160 (arkurik luzeena) m
Gurutzatzen duNerbioi
Gizateriaren ondarea
Irizpidea(i) eta (ii)
Erreferentzia1217
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-ematea2006 (XXX. bilkura)
BICRI-51-0005163
291
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Bizkaia zubia[1] Bizkaiko transbordadore zubi bat da, Bilboko itsasadarraren bi ertzak batzen dituena: Portugalete ezkerreko ertzean, eta Getxoko Areeta auzoa eskuinekoan. 1887 eta 1893 artean eraiki zen,[2] ekimen pribatu baten ondorioz. 1893ko uztailaren 28an ireki zen, mota horretako munduko zubien artean lehenengoa.[3] Euskal Herriaren industrializazioaren adibide bat da. Bilboko itsasadarrean dagoen itsasontzi trafikoa ahalbidetzen du; eta, era berean, Portugalete eta Getxo batzen ditu.

Bizkaia zubia (gaztelaniaz: Puente Vizcaya) izen ofiziala duen arren, ohikoak dira beste izen batzuk, hala nola Zubi esekia (gaztelaniaz: Puente colgante).[4] Batzen dituen bi herrien izenak direla eta, Getxoko zubia edo Portugaleteko zubia izenak ere erabili izan dira.

2006ko uztailaren 13an UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen.[5] Euskal Herriko eraikin indibidual bakarra da kategoria horretan; eta, Espainiako Erresuman gizateriaren ondare diren eraikin guztien artean, Industria Iraultzari lotuta dagoen bakarra. UNESCOren arabera, adibidea izan zen munduan eraiki ziren beste antzeko zubiak egiterako garaian, eta altzairuzko kableen erabilerak arkitektura metalikoan Industria Iraultzako eraikinik interesgarrienen artean dago.[6]

Bidaiei dagokionez, 2018an 3.464.810 bidaiari garraiatu zituen.[7]

Bilboko itsasadarraren planoa 1731n. Argi ikusten da bertan hareak sortzen dituen arazoak, ibaiaren nabigazioa ukatuz. Portugalete nukleo txiki bat zen garaiotan, eta Areeta hondartza handi bat zen. Gobela ibaiak bertan isurtzen zituen urak. Plano honetan ikusten da urak birbideratu eta itsasadarra zuzentzeko egindako lehen lanen proposamenak.

Industria Iraultza hasi arte Portugalete Bizkaiko hiri garrantzitsu bat zen, baina biztanleria handirik gabekoa. Bilboko itsasadarraren sarrera izateak izaera garrantzitsua eman zion historian zehar. Gaur egun bere aurrean duen Getxoko Areeta auzoa ez zen oraindik existitzen, eta hareazko barra handi bat sortzen zen batzuetan aurrean itsasoratzen zen Gobela ibaiaren urek zekartzaten sedimentuak zirela eta. Garai hartan ibaiak Kresaltzu izena zuen[8].

Industria Iraultzarekin, ordea, dena aldatu zen. Geroz eta barku gehiagok hartu zuten itsasadarreko bidea eta, aldi berean, Portugalete eta Areeta garatzen hasi ziren. Hasiera batean Portugalete zen garapen turistikoa eta burgesa emateko lekurik aproposena. 1861an Bilbotik Portugaletera zihoan errepidea ireki zen, eguneroko zerbitzu azkar bat emanez bi guneen artean[9]. 1872an Bilboko burgesiaren topalekua "itsas-bainuak hartzeko" Portugalete zen. 1876an 3.000 turista iritsi ziren bertara, eta beste 800 inguru Santurtzira. Herriguneak berak ematen zituen zerbitzuak interesgarriak ziren, Areetak eman zitzakeenekin alderatuta.[10]

Madozen Desamortizazioaren ondorioz[11] Bilboko alkate eta Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadore izan zen[12] Máximo Agirreren familiak lursail handia erosi zuen Udondotik gaur egungo Avanzada hiribidea dagoen lekuraino[8]. Biarritzeko ereduari jarraituz, lurra partzelatu zuen, Gobela ibaiaren ibilgua aldatu zuen Asua ibaiaren bukaeraraino, eta Areetako inguru guztia turismorako leku bilakatu zuen. Hainbat bainuetxe ireki ziren garai horretan, Baños de Mar Bilbainos bezalakoak; ondoren, Agirretarren bainuetxea egon zen lekuan, Club Marítimo del Abra ere ireki zen, burgesiaren topaleku bilakatuz Areeta eta Getxo[11]. Areeta Bilboko hondartza gisa ikusten zen garaiotan, Bilboko burgesiaren udako gune gisa[11]; Getxok, bitartean, Ereaga hondartza bultzatzen zuen. Garai horretakoa da ere Algortako kasinoa, eta Ereaga inguruan dauden hainbat hotel eta bainuetxe.[8]

1872an Agirre familiak Amadeo Savoiakoa gonbidatu zuen Areetara, eta bertan lursail bat eskaini zion, bainuetxearen ondoan, promozio turistikoa egiteko asmoz. Getxoko Udal Artxiboak jasotzen duenez, egoera ez zen Biarritzekoa, Donibane Lohizunekoa edo Arcachongoa bezala, oraindik:

« Bere Gorentasunak Kantauri itsasoko hiru bainu portuak bisitatu ditu[oh 2] eta ikusi ahal izan du naturak atzerriko portuek baino baldintza hobeak eman badizkie ere, [...] nazioaren harrotasunerako mingarria bada ere ez daude beste haien erosotasun eta ikusgarritasun mailan, eta horrela azaltzen dela familia dirudunek Biarritz, Donibane Lohizune edo Arcadon [sic] nahiago izatea uda bertan emate... portu haiek aberastuz Espainiako portuen ordez. »

[13][oh 1]


1881ean tranbia iritsi zen Areetara; eta 1887an, trena.[14] Espainiako errege familiak ireki zuen tren zerbitzua.[8] Urte berean Maria Kristina Habsburgokoak Evaristo Txurruka kaiaren azken harria jarri zuen Portugaleten. Urte bat beranduago, 1888ko irailaren 24an Bilbotik Portugaletera doan trenbidea ireki zuen José Canalejas ministroak.[15] Oro har, Bilboko itsasadarrak zuen estuario natural itxura guztiz aldatu zen 1885erako, urak bideratu, egon zitezkeen harea-sarrerak murriztu eta hainbat eremu zuzenduz.[16]

Egoera horretan, bi nukleo berri daude, garaiko burgesiak bainutegitzat dituenak, eta beharrezkoa egiten da bi aldeak batuko dituen zubi bat eraikitzea. Areetako eta Portugaleteko bainutegiak lotzea zen helburua, orain jende asko egun pasa edo ordu batzuk pasatzera joaten zelako alde batera edo bestera, trenaren eraikuntzarekin.[17] Une horretan, gaur egun ere mantentzen den barku zerbitzuak lotzen ditu bi aldeak. Zubi bat eraikitzeak, baina, arazo bat du, industrializazioak berak ezarritako muga batekin: ezin da itsasadarrean gora egiten duten itsasontzien ibilbidea eten. Aldi hartan, Bilbo zen Espainiako portu guztietatik trafiko gehien zuena: urtean 4.301 itsasontzi igarotzen ziren Bilboko itsasadarretik.[18]

Era berean, gizarte industrial horrek Modernismo izeneko mugimendu artistikoa du gustuko garai horretan. Aldi historiko horretan, Gustave Eiffel bere dorrea eraikitzen ari zen Frantzian, eta estilo arkitektoniko hori, zein metalaren erabilera gurutzatua, abangoardia da gizarte industrialetan.[3]

J. W. Morseren zubi esekiaren diseinua, New Yorken East River gurutzatzeko pentsatua.

Bizkaia Zubia mota honetan eraiki zen lehenengoa izan bazen ere[19], izan ziren antzeko proiektuak aurretik munduan zehar. Nabarmena da New Yorken J. W. Morse arkitektoak Brooklyn eta Manhattan batzeko 24 urte lehenago argitaratu zuen zubi eskegiaren planoa. Hiru erraileko sistema bat proposatu zuen, eta bi pisuko transbordadore bat. Behean animaliak eta ibilgailuak joango ziren, goian pertsonak. Zubiak 140 oineko altuera izango zuen (42,67 metro). Kotxeak 160 oineko luzera (48,76 metro) eta 40 oineko zabalera (12,19 metro). Egunero 75.000 pertsona eta 5.760 zaldi eta kotxe eramateko aukera eskaintzen zuen zubi honek. Zutabeak ez ziren burdinazkoak, baizik eta harrizkoak.[20] Eraikitzeko baimena lortuta, 1870ean ireki asmo zuten.[8]

Alberto Palacio ingeniari eta arkitektoak hainbat proiektu garatu zituen Bilboko itsasadarraren bi eremuak batzeko. Aldizkari tekniko espezializatuak ezagutzen zituen, eta egindako proposamen batzuk jada martxan zeuden beste herrialde batzuetan. Bere proiektu ziren beste bi zubi ere eraikitzear zeuden Bilbon, 1893an irekitzeko asmoz. Lehena Erandio eta Barakaldon "Desertu" deritzon gunean egin nahi zuen. Bere planaren arabera, urpean instalatutako errail sistema baten gainean altuera handian jarritako tren moduko bat egongo zen. Trena uraren gainean geratuko zen, eta alderik alde mugituko zen behean dauden bideak erabilita.[21]

Diseinatu zuen bigarren zubia Bilbon eraikitzeko pentsatuta zegoen, Arriaga antzokia eta Bilbo-Naxa geltokia batuko zituen, Isabel II.a zubia eta Mesedeetako zubia dauden eremuak estaliz. 225 metroko luzera izango zuen, eta Zazpikaleak itsasadarretik 'urrunduko' zituen. Zubiaren gainean eraikin handi bat egotea proposatzen zuen, kristalez estalitako galeria batekin. Garaiko egunkari batek jaso zuenez, «Bilboko neguko egun euritsuetatik babestu eta negozio gune garrantzitsua izango zen, euriak gogaitu gabe paseatu nahiko zuten bilbotarrentzat».[21]

Bi proiektu horiek ez ziren egin, baina 1885ean jada Bizkaia Zubia izango zenaren lehen kalkuluekin hasita zegoela uste da.[22] Tarte horretan Portugalete eta Areeta lotzeko beste hainbat proposamen egin zituen Palaciok: zubi birakari bat, lurrazpiko tunel bat, altuera handiko zubi bat edo lehen aipatutako urazpiko trenbidea kasu.[23] Dena delakoarekin, proiektua bera 1887ko azaroaren 5ean onetsi zen Bilbon, 9 orrialde zituen patente eskaera baten bidez. Bitxikeria gisa, egun eta ordu berean, Ferdinand Arnodin Dupont ingeniari eta eraikitzaileak patente berbera aurkeztu zuen Parisen.[24] Bi proiektuak ia berdinak dira, eta horrek susmoak eragin ditu bi arkitektoek izan zuten elkarlanari buruz. Arnodinek hurrengo urteetan hainbat zubi eraiki zituen munduan zehar, gehienak Bizkaia Zubiaren antza handiarekin.[22][25]

1888an lehen marrazkiak argitaratu ziren prentsan. Hasierako marrazkien eta ondoren eraiki zenaren artean diferentziak daude. Arnodinek zubian erabili ziren tortsio kableak asmatu zituen, eta aldaketa nabarmenak bere ekarpenagatik direla uste da gaur egun. Palaciok eta Arnodinek elkarrekin lan egiten zutela ondorioztatzen da ikusitako aldaketa horiek kontuan izanda.[22]

Palaciok, berriz, garaipen arkutzat irudikatzen zuen zubia:[3]

« Gure itsasadarraren sarrerari emango dion ikuspegi elegante eta handiaz gain [...] bidaiariaren begitara Bilboko meatzaritza zonaldearen aberastasunaren eta bertan dagoen bizimodu gorenaren eta jarduera industrialaren froga konstantea izango da.[oh 3] »


Proiektua aurkeztu ondoren, finantzaketa bilatzen hasi ziren. Enpresa pribatu bat sortu zen, M. A. Palacio y Cía izenekoa, obraren gastuak bete ahal izateko 1890ko apirilaren 7an.[22] Akziodun nagusia Santos López de Letona indianoa izan zen. López de Letona, Mexikotik bueltatutako negozio-gizona, teknologia aurrerapenen zalea zen. Boinas La Encartadaren jabea zen, baita ondoren Galdakaoko Firestone enpresa izan zenarena, eta Bilbotik Galdakaora zihoan lehen telefono kablea ere instalatu zuen.[26]

Bilboren industrializazioaren ezaugarri nagusia burdina bazen ere, zubi honetan behar ziren kable eta egiturak sortzeko, Arnodinek Châteauneuf-sur-Loiren zuen enpresaren babesa behar zen. 1885ean Bizkaian Bessemer prozesua erabiltzen zuen lehen altzairua atera zen, baina ez zegoen tortsio kableak egiteko behar zen teknologiarik.[3]

Enpresa sortu eta hiru egunera Portugaleten zulaketak egiten hasi ziren. Hasierako plana obra urtebetean bukatzea zen eta 286.636 pezeta zen bere aurrekontua[22]. Hala ere, Arnodin eta Palaciok gatazka bizi dute proiektu osoan zehar. Palaciok berak kontratuan proiektua eraldatzeko eskumena sartu zuen, eta bere proposamen guztiek zailtasunak gehitzen zituzten. Une batean, adibidez, alde bakoitzean jatetxe bana eraikitzea proposatu zuen, igogailu sistema bat, edo galeria bat, pisuak aldatuz eta metalezko estrukturaren kalkulu guztiak apurtuz. Euren gatazka hain handia da, Parisen Victor Contamin ingeniariaren laguntza behar dutela dituzten eztabaidak epaitu eta soluzio bat aurkitzeko. Contaminek jatorrizko planoak ikusita, hainbat atal indartu behar direla ebatzi zuen.[22]

Eraikuntzaren zifrak[22]
Aurrekontua286.636 pezeta
Torlojuak21.041
Errematxeak10.629
Altzairuzko kableak88.248 kg
Altzairu laminatua728.447 kg
Dorreen masa~100.000 kg bakoitzak
Langetaren masa~400.000 kg
Kostea amaieran808.911,6 pezeta

1892ko urtarrilaren 22an langeta muntatzeko prest zegoen Bordelen, itsasontzi batek ekartzeko zain. 42.117 kilogramo ziren, eta beste 25.000 kilogramo pieza ezberdin. Areetan beste 67.575 kilogramo material zeuden lotuak izateko prest, eta inguruetan jarritako lantegietan beste 170.000 kilogramo. Arnodinek diru gehiago eskatu zuen, atzerapenak zirela eta zituen gastuak ordaintzeko.[3]

1892ko martxoaren 12an, eta berriro ere ekaina, uztaila eta abuztuan, Achille Brüll ingeniari ospetsuak beste lau txosten egin zituen hasierako kalkuluetan zuzenketak sartuz. Segurtasun elementu guztiak indartzea proposatu zuen, hasierako plana garestituz.[22]

1893ko apirilean motorraren probak hasi ziren. Hasiera batean ondoko plazan ezarri nahi zen elementu hori, baina, azkenean, egituran bertan txertatu zuten kontrolerako kaseta. Etxetxo hori eraikinaren barruan egon zen mende batez. Urte horretako maiatzaren 30ean Arnodinek eraikuntza bukatutzat eman zuen, falta ziren piezak Bordeletik atera bezain pronto.[3][22] Hasieran eraikitako barkua, metalez eta zurez egina zen.[27] 1893ko ekainean Arnodin Portugaletera iritsi zen, proiektuaren amaiera ikusteko.[22] Garaiko egunkarietan ageri denez, ez zen langilerik hil lanek iraun zuten denbora guztian.[23]

Urte horretako uztailaren 28an ireki zen ofizialki. Lehenago, bazkari bat eskaini zen Areetako hotel batean eta Algortako San Nikolas elizako parrokoak bedeinkatu zuen zubia. Irekiera egunean hainbeste jende pilatu zen ezen gau erdira arte eduki behar izan zuten martxan herritarrak alde batetik bestera igaro zitezen.[28] Astebete geroago Elisabet II.a Borboikoak Portugalete bisitatu zuen. Obrarekin txundituta, sei bidaia egin zituen jarraian.[28]

Eraikuntza lan horretan Arnodinek ikasitakoak beste zubi batzuetan erabili zuen. Bere enpresak, hurrengo urtetan, beste sei zubi eraiki zituen teknologia bera erabilita: Bizerte/Brest artean (1898), Rouenen (1899), Rochefort le Mantrouko zubia (1900), Nantes (1903), Marseilla (1903) eta Newporteko zubi esekia (1906). Rochefort le Mantrou eta Newportekoak dira zutik dirauten bakarrak.[29]

Espainiako Gerra Zibila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Bilboko gudua (1937)»

Bizkaia Zubia lau urtez bakarrik egon da erabili gabe, Espainiako Gerra Zibilaren eraginez.[30] 1937ko ekainaren 15ean, tropa frankistek Bilbo hartu baino bost egun lehenago, Algorta eta Plentzia hartu zituzten.[31] Hurrengo egunean, Areetara iritsi zirenean, Eusko Gudarosteak Getxoko kableak dinamitatu zituen, zubiaren goiko alde guztia itsasadarrera botaz. Oraindik ere hainbat tropa zeuden Areetan, baina Portugaletera iristea ekidin nahi zuten. Modu horretan, zubiaren erabileraz gain, itsasadarrarena ere blokeatu zuten.[3][31] Honela jaso zuen Juan Manuel Díaz Gálligo medikuak bere egunerokoan:[31]

« Lauretan neskak esnatu gaitu, esateko militarrak Bilbon zeudela[oh 4] eta bera bere ahizparekin batera Zugaztietara zihoala. Ordu erdira, hiru leherketak etxea presaka uztera behartu gaituzte. Kalean esan digute miliziek Bizkaia zubia hondoratu dutela, eta hala da, zutabeak bakarrik geratu dira; Areetan eraikin batzuk sutan daude. Egun osoa tunelean pasatu dugu eta etxera lotara joan gara ordu batzuk, eta zerbait prestatu dugu jateko hurrengo egunerako.[oh 5] »


Itsasadarraren dragatzea bi egunera hasi zen, baina zubia bi urtez egon zen berreraikuntza planik gabe,[30] harik eta 1939an José Juan Aracili lana enkargatu zioten arte. Hainbat kalkulu egin ostean, elementu batzuk kendu eta beste batzuk jartzea erabaki zuen. Hasierako egitura eta muntaketa teknikak errespetatu baziren ere, sistema aldatu zen, baita lotzeko erabiltzen zena ere.[3]

Ondoren egindako aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zubia eraiki zenetik beste hainbat aldaketa izan ditu, Espainiako Gerra Zibilean izandakoez gain. Hasteko, haren motorrak aldatu dira, sistema ezberdinak erabilita. Gaur egun 12 motorreko sistema bat du, hasierako motor handiaren ordez. Horrek makinaren etxola kentzeko modua eman zuen. Alde batetik bestera doan barkutxoa ere aldatu da denborarekin. Hasierako zurezko, metalezko eta lonazko ibilgailuaren ordez, aluminio eta material sintetikoz osatutako beste bat dago gaur egun. Gaur egungo ibilgailuak 60 tonako kamioiak jaso ditzake bere gainean.[3]

1995ean ehun urterako kontzesioa amaitu zen, eta arduradunak aldatu ziren, hamar urterako hasiera batean, beste hogei urterako ondoren. Kotxea aldatu zen eta itxaron guneak eraiki ziren bi aldeetan. Bi igogailu eraiki zituzten eta goiko aldea bisitagarri egin zuten, turismoarentzat erakargarriago.[27]

2011n kolorea aldatu zen, lehenago zuen beltzetik, «Somorrostro gorri»ra, Euskal Herriko hainbat eskultura eta eraikinek duten koloreari jarraituz,[32] polemika nabarmenarekin.[27] Azken aldiz 2016an aldatu zen barkuaren kolore eta estetika.[33]

Bizkaia Zubia erakusleiho gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaia Zubia erabilia izan da hainbat alditan erakusleiho gisa, bai protestatan zein publizitate helburuekin. 1977ko abuztuaren 5ean muntatzaileen grebak bi hilabete baino gehiago zeramaten protestan. Hainbat langile Zubiaren goiko pasabidera igo eta pankarta bat eskegi zuten "asanblada gure antolakuntza da. Hirurogeita hamar egun greban" leloarekin. Ikurrina bat eta bandera gorria jarri zuten goian.[34]

2016ko apirilaren 19an Doctor Deseo musika taldeak Igual y diferente. Una mirada distinta diskoa Bizkaia Zubian aurkeztu zuen, eta euren abeslaria den Francis Díez zubitik eskegi zen[35]

Gizateriaren Ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003an Eusko Jaurlaritzak Ondare izendapena eman zion, eta Espainiako Kultura Intereseko Ondasun gisa sailkatu zen. 2004an aurreko urteetan egindako berrikuntzen ondorioz Archival España saria jaso zuen.[36] 2006ko uztailaren 12an UNESCOk Vilniusen egindako bileran Gizateriaren Ondare izendatu zuen. Euskal Herriko lehen eraikin indibiduala izan zen izendapen hori lortzen, eta Espainiako lehen eraikin industriala.[27]

UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatzeko dituen irizpideen arabera, balio tekniko sortzailea, bere forma eta funtzioaren arteko oreka eta ekarpen estetikoa baloratu zituen. Berrikuntza teknologikoa ere garrantzitsutzat jo zituzten, trenbideen teknologia zubietara aplikatuz lehen aldiz, mundu osoan zehar eraiki ziren beste sistema batzuentzat adibide izanik.[3]

Bizkaia Zubiaren irudi panoramikoa.
Bizkaia Zubiaren irudi panoramikoa.

Areetako eta Portugaleteko muturretan Bizkaibus zerbitzua hornitzen dituzten bost geraleku daude. Hurrengo lineak geralekuetatik pasatzen dira:

Areetan:


Portugaleten:



Egituran esekita dagoen ontzi batek alde batetik besterako bidea egiten du, oinezkoak eta ibilgailuak eramanez. Era horretan, itsasontziek Bilboko itsasadarra zeharkatu dezakete inolako oztoporik gabe. 164 m luze da eta ontzi esekiak zortzi auto eta hainbat oinezko garraia ditzake. 8 minutuero dabil, urte osoan 05:00 eta 22:00 artean, eta Bilbo Handiko garraio sistemaren barnean.

Goiko aldean oinez pasa ahal izateko bide bat ere badago, 50 metrora kokatua, gaur egun turistentzat irekita dagoena. Funtzionamenduan dagoen mota honetako munduko zubirik zaharrena da.

1912ko uztailaren 13an Bilbo, Getxo, Portugalete eta Santurtziko alkateak Areetako Club Marítimo del Abran Alejandro de la Sotarekin elkartu ziren Bilboko jaietan egin nahi zen hegazkin erakusketa antolatzeko asmoz. Abuztuaren 9an Portugaleteko alkateak dirua eskaini zuen egingo zen erakusketa ordaintzeko eta honakoa proposatu zuen: «hidroplanoak itsasadarretik sartuko dira Sestao arte, Bizkaia Zubiaren gainetik igaroz, eta bere azpitik igaroz itzuliko dira». Irailaren 1ean Jean Louis Conneau (André Beaumont ezizenez ezaguna) pilotuak erakusketa egin zuen, zubiaren azpitik igaroaz.[37]

2012ko martxoaren 17an Javier Conde eta Jon Salvador atletek maratoi oso bat egin zuten zubiaren goiko pasarelan zehar korrika eginez.[38]

2018an, zubiak 125 urte betetzen dituela, Zubia Pastorala herri antzerkia estreinatu da. Gidoia Aitor Etxebarriarena da (Lekeitio, 1959) eta Iñaki Aurrekoetxea bertsolariak (Bilbo, 1970), koplatan jarri du. Emakume itxura hartuko du zubiak eta Nahikari Yuberok interpretatuko du haren pertsonifikazioa. 250 lagun baino gehiago bildu dira proiektuan partaide gisa.[39][40][41]

Beste transbordadore zubi batzuk munduan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaikoa da zutik dirauen lehenengoa mundu mailan eraikitze urteari dagokionez. Rochefortekoa (Frantzia, 1900), Duluthekoa (AEB, 1905), Newportekoa (Gales, 1906), Alemaniako Ostenekoa (1909) eta Rendsburgekoa (1913), Middlesbroughkoa (Ingalaterra, 1911) eta Buenos Aireseko Dock Sudekoa (Argentina, 1914) dira beste adibide bikainak.

Argazki galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Jatorrizko testua, gaztelaniaz: «Su Majestad que acaba de visitar los tres principales puertos de baños de mar del mar Cantábrico, ha observado que mientras la naturaleza les ha dotado de condiciones mejores que los de los puertos extranjeros, de mayor nombradía, se nota con dolor para el orgullo nacional que no se hallan aún a la altura de aquellos en comodidades y distracciones y que así se esplica que una gran parte de nuestras familias mas acomodadas vayan a veranear a Biarritz, San Juan de Luz y Arcadon [sic] etc... enriqueciendo aquellos puertos en perjuicio de los puertos españoles.»
  2. Donostia, Santander eta Bilbo-Areetaz ari da testua
  3. Jatorrizko testua, gaztelaniaz: «a parte del elegante y grandioso aspecto que daría a la entrada de nuestra ría (...) sería una prueba constante y evidente a los ojos del viajero de la actividad industrial y de la extraordinaria vida que tiene la riquísima zona minera de Bilbao»
  4. Datu hau zurrumurru bat da. Tropa frankistak Bilbon egun batzuk geroago sartu ziren.
  5. Jatorrizko testua, gaztelaniaz: «A las 4 nos despierta la chica [17] para decirnos que los militares estaban en Bilbao y ella marchaba a La Arboleda [18] con su hermana. A la media hora, 3 grandes detonaciones nos obligan a dejar la casa precipitadamente. Nos enteramos en la calle de que las milicias han hundido el puente Vizcaya y en efecto solo quedan las columnas; unos edificios arden en Las Arenas. Pasamos el día en el túnel y subimos a dormir a casa unas horas y preparamos algo para comer al día siguiente.»

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bizkaia Zubia webgunea
  2. (Gaztelaniaz) Puente Colgante: Historia. (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  3. a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) El Puente Vizcaya, nuevo Patrimonio de la Humanidad. Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  4. Bizkaiko Zubi Esekiak 120 urte bete ditu. Turismoa Euskadi 2013-08-01 (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  5. «Portugaleteko Bizkaia Zubia Gizateriaren Ondare izendatu du Unescok» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  6. (Ingelesez) Vizcaya Bridge. UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  7. Bizkaiko Garraio Partzuergoa. «Bizkaiko garraio publikoaren txostena» (PDF) (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  8. a b c d e Getxo, Memorias De. (2016-12-01). MEMORIAS DE GETXO: BAÑOS DE MAR BILBAINOS. (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  9. (Gaztelaniaz) Olga, MACÍAS MUÑOZ,. Portugalete: puerto de baños (1852-1902). (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  10. (Gaztelaniaz) Beascoechea, José María. «Bilbao población de baños. Promoción turística del Abra durante la segunda mitad del siglo XIX» Bidebarrieta (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  11. a b c III. Euskal Herriko Tokian Tokiko Historiazko Ihardunaldiak : hirien espazioa historian zehar = III Jornadas de Estudios Históricos Locales de Vasconia : el espacio urbano en la historia.. Eusko Ikaskuntza = Sociedad de Estudios Vascos 1993 ISBN 8487471498..
  12. Aguirre Ugarte, Máximo - Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  13. Getxoko Artxibategi Historiko Munizipala. 49. karpeta, 15. liburukia. 1872eko abuztuaren 11
  14. (Gaztelaniaz) Ferrocarril de Bilbao a Las Arenas y Plencia (Suburbanos de Bilbao). (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  15. (Gaztelaniaz) «Historia» Portugalete.com (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  16. (Ingelesez) Cearreta, Alejandro, María Jesús Irabien, eta Ana Pascual. «Human activities along the Basque coast during the last two centuries: geological perspective of recent anthropogenic impact on the coast and its environmental consequences». Oceanography and Marine Environment of the Basque Country. Elsevier Oceanography Series 70 (2004): 27-50.
  17. (Gaztelaniaz) Olga, Macías Muñoz. «Portugalete: puerto de baños (1852-1902)» Euskonews & Media 551 (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  18. (Gaztelaniaz) La Ilustración española y americana (Madril: Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes) 28 1888-07-30 (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  19. «Munduan Lehena» Portugaleteko Zubia (Eusko Jaurlaritza) 2005-05-30 (Noiz kontsultatua: 2017-09-02).
  20. (Ingelesez) Scientific American 102022 1869-05-29 (Noiz kontsultatua: 2017-09-02).
  21. a b (Gaztelaniaz) La Ilustración española y americana (Madril: Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes) 31 1893-08-22 (Noiz kontsultatua: 2017-09-03).
  22. a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) Pérez Trimiño, Alfredo. (2007). «Puente Vizcaya, de una idea en papel a una realidad en tierra firme» Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca (27) ISSN 1131-5350. (Noiz kontsultatua: 2017-09-03).
  23. a b Landaburu, Miguel. (2016-12-09). El puente Palacio en la ría de Bilbao. 1893. (Noiz kontsultatua: 2017-09-03)., 1893ko abuztuaren 28ko La Ilustración Artística egunkarian argitaratutakoaren transkripzioa.
  24. (Ingelesez) Patent US425724. (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  25. (Frantsesez) SAINT-ARRAIL, G. de. «Pont a transbordeur pour grands débouchés». Le Genie Civil, Revue Génerale des Industries Francaises y Étrangéres 23.15: 12.
  26. (Gaztelaniaz) Paliza Monduate, Maite. (2001). «Los indianos y la construcción del Ensanche de Bilbao» Kobie (Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia) X: 205-224. ISSN 0214-7971..
  27. a b c d (Gaztelaniaz) Martínez, Joaquín Cárcamo. Xabier Orue-Etxebarria, Estibaliz Apellaniz eta Pedro Pablo Gil-Crespo ed. «Patrimonio del hierro en Bizkaia: el legado de la industrialización en la arquitectura y la ingeniería. País Vasco, España.» Historia del hierro en Bizkaia y su entorno (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  28. a b «Puente Colgante: Inaugurazioa eta nazioarteko oihartzuna» Puente-Colgante.com (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  29. (Frantsesez) Ponts et viaducs (1820-1915). Planete TP.
  30. a b Puente Colgante: Espainiako Gerra Zibila. (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  31. a b c (Gaztelaniaz) Zubiaur Carreño, Fco Javier. (2016-03-06). «Vivencias de un médico de Portugalete en zona de guerra (junio - julio de 1937)» Zubiaurcarreno.com (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  32. «El pintado de los cables del Puente Colgante, un trabajo espectacular» El Correo 2011-10-17 (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  33. (Gaztelaniaz) «El Puente Colgante moderniza su barquilla con nuevos colores y publicidad» Deia (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  34. (Gaztelaniaz) «Nuevas negociaciones en el conflicto del montaje» El País 1977-08-06 (Noiz kontsultatua: 2017-09-18).
  35. Astiz, Iñigo. (2016-04-19). «Berdinari ezberdin begiratzea» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-09-18).
  36. (Gaztelaniaz) «El Puente Colgante declarado Patrimonio de la Humanidad» El País 2006-07-14 (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  37. Memorias de Getxo 2014-12-05 (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  38. (Gaztelaniaz) «El Puente Colgante de Bizkaia, icono de un pasado industrial» Rincones de Euskadi (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
  39. «Historia, zubiaren begietatik» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-12-16).
  40. «Bizkaia Zubiari omen herri antzerkiaren bidez» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-12-16).
  41. «Portugaleteko herri antzerkia: Zubia Pastorala» Dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]