Edukira joan

Burkina Fasoko geografia

Koordenatuak: 13°N 2°W / 13°N 2°W / 13; -2
Wikipedia, Entziklopedia askea
Burkina Fasoko geografia
Osoa 274.200 km²
Lehorra 273.800 km²
Ura 400 km²
Latitudea 13°0' N
Longitudea 2°0' W
Mugak
Benin 386 km
Boli Kosta 545 km
Ghana 602 km
Mali 1.325 km
Niger 622 km
Togo 131 km
Muturreko garaierak
Puntu beherena 200 m (Mouhoun ibaia)
Puntu gorena 749 m (Tenakourou mendia)
Burkina Fasoko topografia

Burkina Faso (lehenago Volta Garaia) Sahelgo herrialde itsasgabea da. Saharako basamortuaren eta Gineako golkoaren artean hedatzen da, Niger ibaiaren bihurgune handiaren hegoaldean.

Mendebaldeko Afrikako estatu itsasgabea da, ipar latitudeko 9° eta 15° artean, eta 6°W eta 3°E longitudeen artean dagoena. Ipar-mendebaldean eta iparraldean Malirekin du muga, ekialdean Nigerrekin, hego-ekialdean Beninekin, hegoaldean Togo eta Ghanarekin, eta hego-mendebaldean Boli Kostarekin.

Eskualde naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez besteko altuera 400 metrokoa da, eta punturik garaienetik baxuenera dagoen aldea ez da 600 metro baino handiagoa. Oso herrialde laua da, beraz. Bi paisaia mota daude:

  • Herrialdearen zatirik handiena penezabaldi hedatu bat da, erliebe leun eta ondulatua eratzen duena, muino bakan batzuekin. Horiek kanbriaurreko mendigune baten azken arrastoak dira.
  • Hego-mendebaldea hareharrizko mendigune bat da. Han dago Tenakourou mendia (749 metro), Burkinako gailurrik gorena. Mendigunea inguratuz amildegi handiak daude (garaienak 150 metro ingurukoak dira).

Herrialde idorra izan arren, nahiko ibai-sare handia du, hegoaldean batez ere. Hiru arro nagusi daude:

  • Volta ibaiarena da arrorik handiena, 178.000 kilometro koadro, herrialdearen erdialdean, hegoaldean eta mendebaldean. Izan ere, Voltaren hiru adar nagusiak Burkina Fason jaiotzen dira: Mouhoun (lehen Volta Beltza), Nakanbé (lehen Volta Zuria) eta Nazinon (lehen Volta Gorria); hortik dator herrialdearen lehengo izena: Volta Garaia. Hiruetatik Mouhoun da urte osoan zehar ura eramaten duen bakarra.
  • Niger ibaiaren arroak herrialdearen % 27a hartzen du (72.000 kilometro koadro), ipar-ekialdean eta ekialdean. Ibaiadar nagusiak Beli, Gorouol, Goudebo eta Dargol dira, baino urtaroen araberako errekak dira, eta urtean 4-6 hilabetez baino ez dute urik eramaten. Hala ere uholde arriskua izaten da.
  • Komoé ibaia, herrialdearen hego-mendebaldean. Urte osoan eramaten du ura.

Aipagarriak dira Tingrela, Bam, Dem aintzirak eta Oursi , Beli, Yomboli eta Markoye urmael handiak. Karfiguélako ur-jauziak ere turismogune garrantzitsuak dira.

Klimak Köppen sailkapenaren arabera.

Klima tropikala da, bi urtarorekin: urtaro euritsua (maiatz edo ekainetik irailera) eta urtaro lehorra. Zenbat eta hegoalderago, urtaro euritsua luzeagoa da: urteko prezipitazioa 600 mm baino txikiagoa da iparraldean, eta 900 mm ingurukoa hegoaldean. Urtaro lehorrean harmattana da haize nagusia. Köppen klima sailkapenaren arabera, sabanako klima (Aw) da hegoaldean, estepako klima beroa (BSh) erdialde-iparraldean, eta basamortuko klima beroa (BWh) iparralde muturreko Sahel eskualdean.

Datu orokorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena: Mendebaldeko Afrika, Ghanaren iparraldean

Koordenatu geografikoak: 13°N 2°W / 13°N 2°W / 13; -2

Azalera:

  • osoa: 274.200 km²
  • lehorra: 273.800 km²
  • ura: 400 km²

Herrialdearen mugak:

denetara: 3.193 km

Erresuma mugakideak:

Itsasbazterra: 0 km (itsasgabea)

Lurraldea: gehiena zabaldi ondulatua, muinoak mendebaldean eta hego-ekialdean.[1]

Muturreko garaierak:

Baliabide naturalak: manganesoa, kareharria, marmola; urre, fosfato, apar harri eta gatz hobi txikiak.[1]

Lurren erabilera: (2005)

  • lur landuak: %17.66
  • uzta iraunkorrak: %0.22
  • beste: %82.12

Lur ureztatua: (2003) 250 km²

Ur baliabide berriztagarriak: (2001) 17.5 m³

Ur kontsumoa (etxeko-ura/industria-ura/nekazal-ura): (2000)

  • denetara: 0.8 km³/urte (%13/%1/%86)
  • per capita: 60 m³/urte

Arrisku naturalak: Maiz lehorteak eta uholdeak.[1][2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Burkina Faso. The World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2020-2-7).
  2. eitb.eus: 2009ko uholdeen bideoa[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]