Chrysler Building
Chrysler Building | |
---|---|
AEBko Leku Historikoa | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak |
Estatua | New York |
Ameriketako Estatu Batuetako hiri | New York |
Borough | Manhattan |
Neighborhood of Manhattan | Midtown Manhattan |
Koordenatuak | 40°45′05″N 73°58′33″W / 40.751431°N 73.975719°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1928 - 1930 |
Eraikuntzaren hasiera | 1928ko irailaren 19a |
Inaugurazioa | 1931ko maiatzaren 27a |
Jabea | Signa Holding GmbH (en) Tishman Speyer (en) Abu Dhabi Investment Council (en) Q123917142 |
Komisarioa | Walter Chrysler |
Izenaren jatorria | Chrysler |
Erabilera | Bulegoa |
Arkitektura | |
Arkitektoa | William Van Alen (en) |
Materiala(k) | adreilua, beira, Granitoa, kareharria eta altzairua |
Estiloa | Art Décoa |
Dimentsioak | height to occupied floor: 252,3 () m gehienezko altuera: 318,9 () m altuera arkitektoniko: 282 () m |
Solairuak | 77 |
Azalera | 111.201 m² |
32 | |
Ondarea | |
AEBko Leku Historikoa | 76001237 |
Webgune ofiziala | |
Chrysler Building New Yorkeko Art Déco estiloko etxe orratz bat da. Manhattanen dago, 42. kalearen eta Lexington Hiribidearen gurutzaduran.
319 metroko garaiera du, eta denbora-epe labur batez munduko eraikinik altuena izan zen, 1931n Empire State Building eraikinak gainditua izan zen arte. Dena den, oraindik ere Chrysler eraikina munduko altuena da, adreiluz egindakoen artean.[1]
Chrysler Building Art Déco estiloko arkitekturaren adibide klasiko bat da, eta gaur egungo arkitekto askoren iritziz New Yorkeko eraikinik onenetako bat da.[2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]William Van Alen arkitektoak diseinatu zuen Chrysler Building, Chrysler Corporationen egoitza izateko.
Eraikinaren lehenbiziko harria 1928ko irailaren 19an jarri zuten, eta garai hartan New Yorken lehia gogotsua zegoen, munduko etxe orratzik altuena nork eraikiko. Chrysler Building lastertasun harrigarriz eraiki bazen ere (aste bakoitzeko lau solairu egiten zituzten, batez beste), ez zen langilerik hil etxe orratz honen eraikuntza-prozesu osoan zehar.
Eraikina oraindik bukatu gabe zegoela, norgehiagokan zebilkion proiektu batek, 40 Wall Streetekoak, antzeko garaiera zeukan, eta bere diseinatzaileak, H. Craig Severance-k, garaiera handitu zion, eta jarraian publikoki aldarrikatu zuen berea zela munduko eraikinik altuena (aipamen horretan ezin ziren sartu bizitoki ez ziren egiturak, hala nola Eiffel Dorrea). Erronka horri erantzuteko, Van Alenek bere eraikinari 56,3 metroko orratz bat gehitzeko baimena lortu zuen, eta isilpean muntatu zuen, eraikinaren barrenean.
Chrysler Building 1930eko maiatzaren 28an bukatu zuten eraikitzen, eta goialdean ipinitako orratzaren altuera gehigarriari esker, Chrysler eraikinak aurrea hartu ahal izan zion 40 Wall Streeteko eraikinari, eta horrela munduko eraikinik altuena bihurtu zen, bai eta munduko egiturarik altuena ere, Eiffel Dorreari gaina harturik. Chrysler Building 305 metroko garaiera gainditu zuen gizakiak sorturiko lehenbiziko egitura izan zen.
Dena den, publikoarentzat ireki zenetik urtebete ere igaro ez zenean, Chryslerri Empire State eraikinak kendu zion eraikinik altuena izatearen ohore hori.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Chrysler eraikina Art Déco estiloko arkitekturaren maisulantzat hartzen da. Eraikinaren apaindura-elementu guztiz bereizgarriek inspirazio-iturri dituzte garai hartan Chrysler autoek erabiltzen zituzten ekipamendu-piezak. Horrela, adibidez, 61. solairuko izkinak arrano-buruekin apainduta daude; hain zuzen ere, 1929ko Chrysler auto baten kapoteko apainduren erreplikak. 31. solairuan, izkinetako apaindurak dira 1929ko Chrysler auto baten erradiadore-tapen erreplikak.
Eraikinaren egitura nagusia altzairuzkoa da. Paretak adreiluzkoak dira, eta fatxada metalezko xaflaz estalita dago.
Chrysler eraikina 1976an "National Historic Landmark" izendatu zuten (eraikin, toki, egitura, objektu edo distritu bati Estatu Batuetako Gobernuak ematen dion izendapena, duen balio historikoa aintzat harturik).
Koroaren apaindura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Chrysler eraikina ezaguterraza eta ezaguna da, halaber, gailurrean daukan nolabaiteko koroa koskadun edo mailakatuarengatik. Elkarren gain ezarritako zazpi arkuz osatua dago. Arku horiek atzeraguneen bitartez mailakatuta daude, bata bestearen atzean paratuta, eta arku bakoitzean triangelu-formako leihoak txertatuta daude, arkuaren lerrokadura biribilduari jarraitzen diotenak eta gorago daukaten hurrengo arku txikiagorako trantsizioa nabarmenarazten dutenak.
Altzairu herdoilgaitzezko estaldurak ildoetan antolaturiko erliebea agertzen du. Metala "Enduro KA-2" motakoa da, Krupp-ek Alemanian garatua eta "Nirosta" izenarekin merkaturatua (alemanez osaturiko akronimo bat, "nichtrostender Stahl" hitzekin osatua, eta "altzairu herdoilgaitz" esan nahi duena).
Behatokia eta transmisioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikina publikoarentzat ireki zenean, behatoki publiko bat zeukan 71. solairuan, baina geroago, 1945ean, itxi egin zen. "Cloud Club" izeneko klub pribatu bat zegoen 66. solairutik 68.era bitartekoetan, baina 1970eko hamarkadaren bukaera aldera itxi zen.
Eraikinaren goi-goiko solairuak estuak dira, eta sabai baxu eta maldadunak dauzkate. Solairu horiek diseinu hori daukate eraikinak kanpoaldean daukan itxuraren ondorioz, eta bakarrik balio dute irrati-transmisioetarako igorgailuak eta bestelako ekipamendu mekanikoa eta elektrikoa bertan instalatzeko. Iraganean zenbait emisorak erabili zuten Chrysler eraikina, baina gero Empire State eraikinera aldatu ziren, eta gaur egun Chrysler eraikina ez du ezein emisora komertzialek erabiltzen.
Argiztapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goiko orratzean eta apainduren artean bi argiztapen-ekipamendu daude: alde batetik, "V" hizkiaren itxurako argiztagailuak, eraikinaren altzairuan bertan atxikita daudenak, eta, bestetik, geroago jarritako lanparak, eraikinerantz zuzenduriko masta batzuetan kokatuak. Sistema horri esker, eraikinaren goiko aldea kolore ezberdin askoz argizta daiteke, kasuan kasuko ospakizunaren arabera. Argiztagailu horiek Charles Londner elektrizistak eta bere lan-taldeak instalatu zuten, eraikina egiten ari ziren garaian.
Eraikinarekiko zaletasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun ere, Chrysler eraikina New Yorkeko biztanleek gogokoen dituztenetako bat da. 2005eko udan, New Yorkeko Skyscraper Museum delako museoak —etxe orratzen museoak, alegia— ehun arkitekto, eraikitzaile, kritikari, ingeniari, historialari eta adituri eskatu zien New Yorkeko 25 dorreren artetik gogokoen zituzten hamarrak aukeratzeko. Chrysler eraikinak lortu zuen lehen posizioa.
Chrysler eraikinaren itxura guztiz bereizgarria inspirazio-iturri suertatu da munduan zehar egin diren beste zenbait etxe orratzetarako.
Chrysler eraikina filmetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Chrysler eraikina filme askotan agertu izan da.
Adibidez, "Deep Impact" (1998) filmean ikusten da nola urezko olatu izugarri batek etxe orratz hori inguratzen duen eta ikusten da, halaber, nola 61. solairuko behatokian jendea dagoen, eraikinaren beste alderantz ihes egin nahian.
"Armageddon" filmearen eszena zirraragarri batean ere protagonismoa ematen zaio Chrysler eraikinari, bertan ikusten baita nola meteorito batek dorrea jo eta bere goialde oso-osoa lurreraino eraisten duen, hondamendi ikaragarria eraginez.
Beste filme batean ("Fantastic Four: Rise of the Silver Surfer") agertzen da nola Johnny Storm Manhattanen zehar Silver Surfer harrapatu nahian doalarik, Silver Surferrek bere hegaldian Chrysler eraikina alde batetik besteraino zeharkatzen duen.
Steven Spielbergen "A.I.: Artificial Intelligence" filmearen bukaera aldera, ikusten da nola Chrysler eraikina erabat urperatuta dagoen, estralurtarren espaziontzia Manhattanen hondakin urperatuen artetik pasatzen den bitartean.
Spiderman filmean, Spiderman Chrysler eraikinaren gargola bateraino igotzen da, bere ahaide kutun baten hilketarengatik negar egitera.
Aurrekoa 40 Wall Street |
Ameriketako Estatu Batuetako eraikinik garaiena 1930 - 1931 |
Ondorengoa Empire State Building |
Aurrekoa 40 Wall Street |
Munduko eraikinik garaiena 1930 - 1931 |
Ondorengoa Empire State Building |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «History of Measuring Tall Buildings» web.archive.org 2012-04-10 (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
- ↑ «Chrysler eraikineko 44.solairuan egin du lan Esti Manzaneque bilbotarrak» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- «Chrysler eraikineko 44.solairuan egin du lan Esti Manzaneque bilbotarrak» EITB Euskal Irrati Telebista (2018-06-11,
- 300 eta 349 metro arteko etxe orratzak
- 1931n amaitutako eraikinak
- Art Déco etxe orratzak
- Manhattango Mugarri Historiko Nazionalak
- Manhattango leku turistikoak
- Manhattango bulego etxe orratzak
- Leku Historikoen Erregistro Nazionaleko eraikin eta egiturak Manhattanen
- New Yorkeko Eraikin Zerrendatuak Manhattanen