Clostridium tetani
Clostridium tetani | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Bacillati |
Filuma | Bacillota |
Klasea | Clostridia |
Ordena | Eubacteriales |
Familia | Clostridiaceae |
Generoa | Clostridium |
Espeziea | Clostridium tetani Flügge, 1881
|
Datu orokorrak | |
Gaixotasuna | Tetanosa |
Gram tindaketa | Grampositibo |
Clostridium tetani Clostridium generoko bakterio espeziea da. Esporak sortzen dituen bakterio anaerobio hau tetanos gaitzaren eragilea da. 1884an Arthur Nicolaier-ek bakterioaren toxina isolatu eta bere eragin kaltegarria frogatu zuen, eta 1889an Kitasato Shibasaburok gaixo baten laginetik estreinakoz isolatu zuen bakterio patogenoa.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Clostridium tetani bazilo anaerobio hertsia da, eta bakterioaren muturrean endosporak sortzen ditu, baziloa deformatzen dutenak (baziloak buruaren antzeko egitura baitu). Mugikorra da eta proteolitikoa (aminoazidoen hartzidura burutzen du).
Bakterio honen endosporak erresistentzia handikoak dira (beroarekiko, lehortearekiko, antiseptikoekiko...) eta edonon daude, bereziki lurrean [1]
Exotoxina indartsua ekoizten du, nerbio-sistemari eraso egiten diona: neurotoxina horrek azetilkolinaren askapena eta gihar-uzkurdura eragozten du, paralisi muskularra eraginez.
Patogenia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tetanosa garapen bidean dauden herrialdeetan ohikoa da, toki horietan txertaturik gabeko pertsona asko baitaude. Urtero mundu osoan 500.000 pertsona inguru gaitz honek jota hiltzen dira.
Mikrobio patogenoaren sarrera-atea larruazala da: zauri sakonak, erredurak eta -orokorrean- edozein "zulo dermikoa" egokiak dira bakterioa organismoan sartzeko. Zauriaren sakontasunak behar duen ingurugiro anaerobioa bermatzen dio mikrobioari.
Organismoaren barruan bakterioak bere zoritxarreko toxina ekoizten du, sistema neuro-muskularrari eraso egiten diona.
Tetanos-kontrako txertoa dago, oso eraginkorra dena,[2] toxina indargabetuaz (toxoidez) egina. Gaitza harrapatu dutenei, aldiz, seroterapia egiten zaie, giza-immunoglobulina antitetanikoa emanez.[3].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Madigan M; Martinko J (editors).. Brock Biology of Microorganisms. 11th ed.. Prentice Hall, 2005.
- ↑ (Ingelesez) Hamborsky J, Kroger A, Wolfe S. (2015). Epidemiology and Prevention of Vaccine-Preventable Diseases. (13. argitaraldia) Centers for Disease Control and Prevention (CDC).
- ↑ Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 238 orr.