Elena Ferrante
Elena Ferrante | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Napoli, 1943ko apirilaren 5a (81 urte) |
Herrialdea | Italia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera Napoliera |
Jarduerak | |
Jarduerak | eleberrigilea, gidoilaria eta itzultzailea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Izengoitia(k) | Elena Ferrante |
Genero artistikoa | saiakera |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
elenaferrante.com | |
Elena Ferrante (Napoli, 1943ko apirilaren 5a) italiar idazle bat da. Estatu Batuetako Time astekariak munduko 100 pertsonarik eragintsuenen artean sartu zuen 2016. urtean.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso iritzi zabaldua da Elena Ferrante, berez, goitizen bat dela; izan ere, oso informazio gutxi dago idazle honi buruz. Zenbaiten teoria da Domenico Starnone idazle eta gidoilaria izan daitekeela, edo Goffredo Fofi kazetari eta literatura-kritikaria; beste susmo bat da Anita Raja itzultzaile eta Domenico Starnoneren emaztea dela goitizenaren atzean ezkutatzen den idazlea.[2] Hipotesi hau asko indartu zen 2016an, Sole24ore egunkariak argitaratutako artikulu baten ondorioz, zeinean Ferranteren liburuak plazaratzen dituen argitaletxearen diru-mugimenduak erabili baitziren tesi hori oinarritzeko.[3]Artikulu hau oso kritikatua izan zen literatura-munduan pribatutasunaren kontrako erasoa izateagatik. Urte berean, 2016ko abenduan Espainiako El Mundo egunkarian Tommaso Debenedetti kazetariak idazlearekin ustez egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen, zeinetan Ferrantek onartu egiten baitzuen Raja zela; baina Ferranteren argitaratzaileek berehala gezurtatu zuten albiste hori.[4] Dena dela, beste hainbat lekutan Anita Rajaren izena atera ondoren, askok uste dute egiazki bera dela Elena Ferrante goitizena erabiltzen duen pertsona.
Eleberriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idazle honek argitaratu zuen lehen eleberria L'amore molesto (1992) izan zen, hainbat literatura-saria irabazi zuena eta Mario Martonek zuzendutako film batera eraman eta Canneseko zinemaldiaren 48. edizioan lehiatu zena. Hurrengo liburua, I giorni dell'abbandono (2002) Viareggio Sariko finalista izan zen, eta Veneziako zinemaldira aurkeztu zen beste film bat bihurtu zen Roberto Faenza zine-zuzendariaren eskutik. La frantumaglia izenburua duen liburuan (2003), Ferrantek bere idazle esperientzia jasotzen du.
2006an, La figlia oscura izeneko eleberria argitaratu zuen; baina haren literatura-lanik ezagunenak 2011tik aurrera argitaratu ditu, L'amica geniale tetralogiako lehen liburukiarekin; euskaraz, Adiskide paregabea izenburuarekin argitaratu du Igela argitaletxeak 2015ean, Fernando Reyren itzulpenarekin[5]. Bigarren liburukia Storia del nuovo cognome (2012) da (euskaraz, Abizen berriaren historia, Igela argitaletxea, Fernando Rey itzultzailea)[6]; hirugarrena, berriz, Storia di chi fugge, 2013an argitaratua (euskaraz, Ihesi doana eta gelditzen dena, Igela argit., Miren Iriarteren itzulpena)[7]. Sorta honetako azken liburukia 2014an argitaratu zuen Storia della bambina perduta izenburuaz; euskaraz, Ume galduaren historia (Igela, 2016), F. Reyren itzulpena[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ http://time.com/collection/2016-time-100/
- ↑ El Mundo egunkaria. Anita Raja, la mujer que seguramente sea Elena Ferrante. (Noiz kontsultatua: 2016ko urriak 4).
- ↑ Claudio Gatti. (2016ko urriak 2). «Ecco la vera identità di Elena Ferrante» Il Sole-24 Ore.
- ↑ La notizia giornale.
- ↑ http://www.igela.eus/?product=adiskide-paregabea
- ↑ http://www.igela.eus/?product=abizen-berriaren-historia
- ↑ http://www.igela.eus/?product=ihesi-doana-eta-gelditzen-dena
- ↑ http://www.igela.eus/?product=ume-galduaren-historioa[Betiko hautsitako esteka]
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Elena Ferrante |