Edukira joan

Eskuin Autonomoen Espainiako Konfederazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Confederación Española de Derechas Autónomas
Idazkari nagusiaJosé María Gil-Robles
Sorrera1933
Desegitea1937
Ideologia politikoaerregezaletasuna, kontserbatismoa, katolizismoa

Confederación Española de Derechas Autónomas edo laburtuta CEDA, euskaraz Eskuin Autonomoen Espainiar Konfederakundea espainiar eskuineko alderdi katolikoen koalizioa izan zen.

Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, 1933ko otsaileko Biltzarrean sortua, Acción Católica mugimenduaren barnean jaio zen. El Debate egunkariaren zuzendaria zen Ángel Herrera Oria kardinalak bultzatu zuen eskuinaldeko zenbait alderdi txiki uztartuz.

Muina "erlijioa, jabegoa eta familia" babesteko 1931n sortutako Acción Popular ("Acción Nacionalista" 1932ra arte) delako alderdia izan zen. Horri Espainiako estatuko probintzietan sorturiko hautagai zerrenda eskuindarrak batu zitzaizkion.

Gil-Robles buru, CEDAk 1933ko azaroaren 19ko hauteskundeak irabazi zituen, tradizionalistek eta, zenbait tokitan, Lerrouxen jarraitzaile erradikalek lagunduta. Gobernu atzerakoia izan zen; langileriaren aurkako neurriak hartu eta diktadura garaiko agintarientzat amnistia eman zuen, eta militarrei eskua libre uzten zien. 1934an, gobernu eskuindarrak eta militarrek Asturiasko iraultza-saioa zapaldu eta aurre egin behar izan zioten Kataluniako Generalitateari. Errepublikaren aurkako asmoak gero eta ageriago uzten ari zelarik CEDA, eskuineko eta ezkerreko errepublikazaleak aurka jarri zitzaizkion.

Errepublikaren azken bi urteetan, eskuin muturreko jarrerak nagusituz joan ziren alderdian arian-arian; Frente Popularrak 1936ko otsaileko hauteskundeak irabazi ondoren, zerikusi handia izan zuen CEDAk Franco jeneralaren matxinadaren prestakuntzan. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, matxinoekin bat egin eta 1937an CEDA alderdia desegin, eta buruzagi asko Falange Españolaren (F.E.T. y de las J.O.N.S.) sailetara igaro ziren. CEDAk ez zuen indar handirik izan Euskal Herrian.

CEDAren programa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horra pasarte esanguratsu bat:

« Marxismoaren kontrako koalizioko hautagaiek argi eta garbi defendatuko dute (1931-12-9ko) Konstituzioko eta legezko aginduak berehala indargabetu behar direla, kasuan-kasuan dagozkion bideetatik, sozializazio-helburu laikoetan oinarritzen baitira eta, egiaz, Espainiako gizartearen ondare moral neurrigabea eta aberastasun material jada ahitua suntsitzea baitute xede. »

—CEDAren programa, 1933ko urrikoa.


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]