Estado Novo (Brasil)
Estado Novo | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
1937 – 1945 | |||||||
Diktadura | |||||||
| |||||||
Geografia | |||||||
Hiriburua | Rio de Janeiro | ||||||
Biztanleria | 41.236.315 | ||||||
Azalera | 8.515.767 km² | ||||||
Ekonomia | |||||||
Dirua | Real (1930-1942) Cruzeiro (1942-1946) | ||||||
Kultura | |||||||
Hizkuntza(k) | Portugesa | ||||||
Historia | |||||||
Hasiera | 1937ko azaroak 10 | ||||||
Getúlio Vargasen kargugabetzea | 1945eko urriak 29 | ||||||
|
Estado Novo Brasilgo historiako garai bat da, 1937 eta 1945 bitartekoa, herrialdea Getúlio Vargasen erregimen autoritarioaren azpian egon zena.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Mundu Gerran Estatu Batuen inbertsioek hartu zuten Britainia Handikoen lekua Brasilen. Ekonomiaren zabalkundeak industriaren hazkundea eragin zuen; nekazaritzak, aldiz, esportazioko nekazaritzaren mende segitu zuen. 1920 ondoko urteetan militarismoa nagusitu zen ostera, eta matxinadak izan ziren hainbat estatutan; agerian geratu zen, baita ere, alde handiak zeudela lurraldean eskualde batzuetatik besteetara. Brasilgo hurrengo lehendakariak Minas Gerais estatuko mineiroen eta São Pauloko paulisten artean txandakatu ziren.
Depresio Handiak gogor astindu zituen Brasilgo merkataritza eta finantzak, eta defizita eragin zuen ekonomian eta ondoeza gizartean. 1930. urteko hauteskundeetan, Minas Gerais, Paraiba eta Rio Grandeko gobernadoreek azkeneko estatu horretakoa aukeratu zuten hautagai, Getúlio Vargas, Sao Pauloko hautagaiari aurre egiteko. Hegoaldean abere hazkuntza zen bizibide nagusia, eta lurralde ekonomian aurreratu samar bati zegokion lekua eskatzen zuen, indarra hartzen hasia zen Brasil hartan. Aliantza galtzaile atera zen, baina, militarren laguntzaz, Vargasek lortu zuen aginpidea.
Gobernuaren autoritarismoak eta estatu batzuen uzkurkeriak gerra zibila eragin zuten Sao Paulon 1932an. 1934ko konstituzioak estatuen aginpidea murriztu zuen, eta administrazio zentralarena sendotu. Boto eskubidea onartu zien emakumeei, eta ukatu, berriz, analfabetoei. Parlamentu bidezko ordezkaritza korporatiboa sartu zuen, garai hartan ohikoa zen bezala.
1937an Vargasek Legebiltzarra desegin zuen ezkerrak irabaz ez zezan, eta diktadura zentralista ezarri: Estado Novo. Carlos Prestesen alderdi komunista modu sistematikoan zapaldu zuen eta, aldi berean, gizarte politika populista eta nazionalista egin zuen. Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuen aliatua izan zelarik, Vargasek 1945 arte iraun zuen aginpidean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017/01/02 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.