Ahozko euskal literatura
Ahozko euskal literatura (edo, oso gutxitan erabiltzen den forma, euskarazko ahozko literatura) oroimenean oinarritzen den eta ahoz aho transmititzen den euskal literatura mota da.
Hizkuntza guztietan, funtzio poetiko guztia ahozko jardunean gauzatzen da hizkuntza idatziaren aurretiko garaietan; beraz, ahozko literatura idatzizkoa baino lehenagokoa da, eta, gizakia gizaki denetik, denbora gehien-gehienean ahozkoa izan da literatura guztia. Gainera, idatzizko literatura hasi eta gero ere, ahozko literaturak existitzen jarraitzen du hizkuntza guztietan, abestietan bereziki.
Ahozko euskal literaturako tradizionalean sortuak dira herri-kantuak, kopla zaharrak, erromantzeak (baladak), ipuinak, bertsoak... Eta gaur egun ere sortzen direnetakoak dira bertsoak eta euskal abestiak.
Baladak (erromantzeak)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gertaeren berri kontatzean oinarritzen dira, eta, literaturako generoen artean, epika deritzon sailean sartzen dira. Oroimena izan dute oinarri; horregatik, metrikaz eta errimaz kantatzen dira, memorian gordetzea errazago izan dadin. Naturako irudiak erabiltzen dira lehen bi lerroetan, normalean. Edukiari edo historiari begiratuz, honela sailka ditzakegu:
- Eredu epikoa: XV. - XVI. mendeetakoa. Gaitzat hartzen dituzte Erdi Aroaren bukaerako gudak, jauntxoen ekintzak eta bizi-giroa, eta banderizoak (dorretxeetan bizi ziren jauntxoen alde borrokatzen ziren soldaduak). Eredu horretakoak ditugu Beotibarko gudua, Bereterretxen khantoria eta Alostorrea.
- Eredu epiko-lirikoa: XVII. mendekoa. Guduak eta maitasuna dituzte kontagai, eta ezin dira garaiko kronikatzat hartu, ez baitira oso zehatzak. Adibideak: Neska ontziratua, Peru gurea.
- Eredu lirikoa: XVIII. mendekoa. Gaiak sinbolopean emanak datoz, eta elkarrizketa bidez agertzen dira. Amodioa dute ia gai bakartzat, eta gehienak Ipar Euskal Herrian bildu dira: Maitia, nun zira, Oreina bilakatu neska[1] eta abar.
Adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ahetzeko anderea.[2]
- Aldaztorrea.[3]
- Alostorrea.[4]
- Amoros baztertua.
- Ana Juanixe.
- Anderea gorarik.
- Andre Emilia.
- Arrosa xuriaren azpian.
- Atharratzeko gazteluko kantua.
- Bereterretxen khantoria[5]
- Bretainiako kantorea (edo "Salinasgoa Konde")
- Brodatzen ari nintzen (ikus Neska ontziratua).
- Egun bereko alarguntsa (gai aldetik Juan de Flores baladaren antzekoa).
- Ene mutilik tipiena.
- Errege Jan.
- Errodrigo Zarate.
- Frantziako anderea.
- Isabelatxu, (ikus Neska ontziratua, Brodatzen ari nintzen).
- Jaun Baruak
- Juan de Flores (gai aldetik Egun bereko alarguntsa baladaren antzekoa).
- Judu Herratua.
- Lantzarena.
- Leixibatxo (Ulises senarra bere sorterrira itzuli zeneko Odisearen pasartearekin konparatu izan dute).
- Musde Sarri.
- Neska ontziratua[6] (ikus Brodatzen ari nintzen, Isabelatxu).
- Neska soldadua.[7]
- Peru Gurea.
- San Martin.
- Testamentua (Izar ederrak argi egiten dau...").
- Ura isuririk (Europan zehar ezagun den Orein zuriaren baladaren euskal bertsioa).
- Urrutiako anderea. (edo "Hauzeko anderia")
- Urtsua.
Eresiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eresiak Erdi Aroko euskal hileta-kantak ziren. Ezagutzen diren batzuk:
- Milia Lasturkoren eresia (XV. mendea)
- Errodrigo Zaratekoaren eresia (XV. mendea)
- Pedro Abendañoren kanta (1443)
- Martin Bañezen eresia (1464)
- Ahetzeko anderearen kanta (1425)
Kopla zaharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Usadio zaharretan oinarrituak, egiteko soziala dute, zenbait ospakizunetan abestekoak direlako; Santa Ageda, Urte zahar eta berrian, Olentzeron... Berezitasunak:
- Formula edo klixe jakin batzuei jarraitzen diete: hasierako agurra, santuaren edo jaiaren aipamena.
- Baladetan bezala, naturaren aipamen ugari.
- Bertsoetan bezala, eskemak ere uzten dio lekua bat-batekotasunari. Adibidez, Santa Agedan, beti koplez gain, bakarlariak beste zenbait inprobisa ditzake. Gainera, neurri handia eta txikia bereizten dira, zortziko txikia kopla txiki bikoitza baino ez delarik.
Oles egiteko kantak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haur kantak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurrei zuzendutako kantak dira. Batzuetan haurrek beren jolasetan abesten dituzte, baina beste askotan helduek kantatzen dizkiete haurrei. Sarritan kantu hauen hitzak errazak eta errepikakorrak izaten dira, haurrek errazago ulertu eta ikas ditzaten.
Ahozko literaturaren funtzioetako bat komunitatearen jakintzaren transmisioa da eta haur kantetan helburu hori are eta nabarmenagoa da: haurrei tokiko kultura eta ohiturak helarazi eta gizarteratzeko erabili izan dira haur kantak.[8] Adibidez, Azkoitian jasotako kanta hau:
Ez da gauza erreza
kirikiriken, kirikiriken
ez da gauza erreza
ama gezurtatzen
Kirikirikendu dana jakiten du
Kirikiriko zer dan badaki
kirikiriko kokoko dan-dana esaten (d)io (bis)
Mutilak burrukan
kirikiriken, kirikiriken
mutilak burrukan
egiten badute
Azkoitiko herrian bertan beste aldaera bat ere jaso da 80 urte inguruko gizonezko baten ahotan, non leloak honela dioen:
Kirikirikendu dana jakiten du
Kirikiriki zer dan badaki
kirikiriko kokoko txiki(e)nak esaten (d)io (bis)
Haur kantetan (eta hau, orokorrean, ahozkotasunaren ezaugarrietako bat da) abesti berberaren aldaera ezberdinak aurkitzea oso ohikoa da. Askotan, herri batetik bestera, edo baita herrian bertan ere, abestiaren hitzak edo doinua aldatu egin daitezke.
Euskal haur kanta asko tradiziotik jasoak dira; belaunaldiz belaunaldi, ahozko transmisioa dela medio, gaurdaino iritsi dira. Kantu hauetako asko gordeta gelditu dira Resurreccion Maria Azkueren Cancionero Popular Vasco (1918), Aita Donostiaren Euskal Eres-Sorta. Cancionero Popular Vasco (1922) edo Ahotsak proiektua[9] bezalako lanei esker. Gainera hainbat musikarik eta taldek argitaratu dituzte kantu hauen bertsioak.
Azken hamarkadetan kanta berri ugari sortu dira euskaraz haurrentzat. Sortzaile hauetan esanguratsuenetarikoa Imanol Urbieta izan da.
Jolas egiteko kantak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurrek beren artean edo helduek haurrekin jolas egiteko erabiltzen dituzten abestiak dira. Ahozko literaturan, kantagintza eta jolasa eskutik helduta doaz sarritan. Joko musikatuetan abesti errimadunek, musikak eta mugimendu erritmikoek bat egiten dute, eta ahoz aho hedatutako melodia malgu aldakorrak buruz ikasteko aukera ematen diote haurrari. Zenbait haur-abesti izaera sinpleko joko erritmikoei (korroak, sokasaltoa, pilota, etab.) lotuta daude. Erritmoa duen edozer oso motibatzailea eta erakargarria egiten zaio haurrari eta psikomotrizitatea, sormena, irudimena etab. lantzeko oso aproposak dira.
Euskal musika garaikidean oso ezagunak dira adibidez Imanol Urbieta eta Takolo, Pirritx eta Porrotxen abestiak. Adibide modura, Euskal Herrian, honako abesti hauek oso ezagunak dira jolas egiterako garaian:
SOKA SALTON
"Saltoka, saltoka
nabil ni gustora,
salto eta salto
bat sartu arte.
Sartu dadila .........
ta biok elkarrekin
salto eta salto
bat irten arte.
Eman ezazu buelta,
ta irten zaitez."
ZUBIRI ZUBIRI
"Zubiri-zubiri
nunguari-nunguari,
nungo alkate zerade?
Prantzia'ko erregearen
seme-alabak gerade.
Onen urrena zubi ontatik
pasatzen dana
emen geldituko dala
emen geldituko dala."
Sehaska-kantak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sehaska-kantak edo lo-kantak haurrei lo harrarazteko abesten zaizkien erritmo geldoko kantak dira. Munduko kultura guztiek dituzte lo kanta propioak, tokiko egitura erritmikoetara eta beren folkloreko melodietara egokituak. Musika bilduma askotan, lo-kantak haurrentzako kanten atalean agertzen dira, nahiz eta badituzten berezitasun batzuk eta konpositoreek sehaska-kantetan beti arreta berezia jarri izan duten. Konpositore klasikoek ere sortu izan dituzte sehaska-kantak, besteak beste, Frédéric Chopin, Franz Liszt edo Maurice Ravel-ek. Euskal musikari garaikideen artean, adibidez, Xabier Leteren Sehaska kanta edo Imanol Larzabalek Mikel Arregiren hitzekin egindako Haur Kanta II-III oso ezagunak dira.
Zenbait lekutan sehaska-kantak esan beharrean bestelako izandapenak ere erabiltzen dituzte: dringili-dranguak (sehaskaren mugimenduak sortzen duen soinuaren onomatopeiatik datorren hitza), uauatxuak (uaua, haur hizkeran haurra), obaobatxuak (oba oba, sehaska-kantetan loa edo haurra esan nahi duen hitza) edo maroak (goxoa), adibidez.[12][13]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sehaska-kanten xede nagusia haurrari maitasuna eta segurtasuna helaraztea da. Kantu hauek musikalitate berezia dute, melodiak errepikakorrak, erritmo motelekoak, monotonoak... izan ohi dira. Hitzetan ere onomatopeiak, hiztegi bereziak eta abar erabiltzen dira sarritan (aurretik aipatutako Oba oba edo Uaua adibidez). Lo hitzak berak ere, errepikatuz, soinu lasaigarria du. Kantu hauek abestuz, eta sehaska edo besoen kulunka mugimenduaren laguntzarekin, haurrari loak hartzen lagunduko dion efektu hipnotikoa, lasaigarria lortzea da helburua.[14][15] Honako adibide hauetan aipatutako berezitasunak ikus daitezke:
"Ttunkurrunku, ttunkurrunku, ttunkurrunkuttuna;
ttunkurrunkuttun, kuttun, kuttun, kurrun, kuttuna.
Lo, lo, ttun, kurrun, kuttuna."
"Buba buba ñiñaño
Haurra duxu mimiño..."
Sehaska-kantetan agertzen diren gaiak ezberdinak izan daitezke. Ahozko tradiziotik datozenez, sarritan, abesti batek aldaera ugari izan ditzake, bai hitzei bai doinuari dagokionez. Batzuetan, ia erabat onomatopeiaz osaturiko kantak, zentzu argirik gabeko esaldiak, loturarik ez duten estrofak agertzen dira. Dena den, badaude abesti ezberdinetan sarri errepikatzen diren gaiak. Hauek dira garrantzitsuenetariko batzuk:[16]
- Haurraren loa eskatzen dutenak modu ezberdinetan: haurrari loaren ordainetan zerbait eskainiz (normalean goxokiren bat), lo har dezan erregutuz, lo egiten ez badu mamuren bat etorriko zaiola esanez... Adibidez: Santa loa, Haurra egizu lotxoa, Aurra egizu lo ta lo...
"Aurra, egizu lo ta lo,
Nik emanengo bi koko,
Bat orain eta bestia gero,
Arratsaldian txokolatia."
"Santa Loa Santa Loa,
gure aurrari emazu loa:
gaubean gau guzikoa,
egunez ordubikoa."
- Helduak haurrarekiko sentitzen duen maitasuna adierazten dutenak. Adibidez: Itsasoa laño dago...
"Itsasoa laino dago
Baionako Barraraino:
Nik zu zaitut maiteago
Txoriak bere umeak baino!"
- Amaren eta familiaren arazoez, tristurez eta abarrez hitzegiten dutenak. Sehaska kantak normalean oso haur txikiei abesten zaizkienez, umeek lo har dezaten garrantzitsuena doinua, helduaren gertutasuna, ahotsa da eta ez hitzek esaten dutena. Horregatik, hitzak, sarritan amaren espresio bide bihurtu dira, bere sentimenduak, arazoak, etab. kanporatzeko modu bat. Sehaska-kantetan ama abandonatuen penak, familiako arazoak, arazo ekonomiko eta sozialak... agertzen dira. Garaiko amen bizi-baldintza gogorra islatzen dute. Adibidez: Haurtxo txikia, Loa loa txuntxurun berde...
"Haurtxo txikia negarrez dago,
ama emaiozu titia;
aita gaixtua tabernan dago
pikaro jokalaria."
Bertsolaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bat-bateko bertsolaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- XX. mendearen hasieran, bertsolaritza gutxietsi egiten zen.
- Hizkuntza aldetik nahasia, erdarakadaz josia, taberna eta sagardotegietan askotxo zurrupatu ondoren kantatua.
- Moral aldetik ere oso eredugarriak ez ziren bertsoak.
- Eusko Ikaskuntzak 1930ean egindako biltzar batean, Manuel Lekuonak hitzaldi gogoangarria egin zuen, ahozko literaturaren ezaugarriak goraipatuz. Egitura aztertu zuen, eta ondorengo ezaugarri hauek laudatu:
- Forma aldetiko perfekzioa
- Irudien mugimendu azkarra
- Elipsi hunkigarriak
- Lokailurik eza
- Denbora eta logika berezia
- Logikaz gaindiko loturak
- Erritmoa
- Mezu nagusia bertsoaren amaieran
- Lau, bost, bederatzi errimako bertsoak
- Bertsolariak sagardotegietatik atera eta aretoetan sartu zituen Euskaltzaleak izena zuen talde batek. 1935ean egin ziren Euskal Herriko lehen bertsolari txapelketak. Gerra garaiko eta gerraondo luzeko ezaldiaren ostean, 1960tik aurrera, Euskaltzaindiak antolatu zituen. 1986az geroztik, Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu.
Bertsolaritzaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Entzuleria homogeneoko eta oihartzun sozial apaleko bertsolaritza (1960-1979): Azpillaga, Jon Lopategi, Xalbador...
- Entzuleria anizkuneko bertsogintza (1980- ??)
- Berrikuntza aroa (1980-1990): Estrategia politiko kontrajarrietan banatzen dira entzuleak. Txapelketak dira euskarri nagusi. Xabier Amuriza
- Bertsomaniaren aroa (1991-1993): Hitzetik hortzera programak eta euskarazko irratiek gorakada izugarria ematen diote bertsolaritzari. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Jon Sarasua, Xabier Euzkitze, Anjel Mari Peñagarikano...
- Bertsomaniaren osteko belaunaldiak (1994-2003): gehienak bertso-eskoletan ibiliak- Unai Iturriaga, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jon Martin, Sustrai Colina, Amets Arzallus...
- Etorkizunera begira: bertsolaritzak iraun dezan arazorik larriena euskara onaren biziraupena bera da.
Bertsopaperak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paperean idatziriko bertsoak dira, honela, iraupenerako bermea eskaintzen zaio eta. Bat-bateko bertsolari ospetsuei egindako enkargu gaiztoak dira gehienak, gertaera bitxi baten berri emateko, norbait iraintzeko eta ondoren, ferietan saltzeko. Jakingarriak.
- Iparragirre, Bilintx, Xenpelar, Txirrita, Enbeita... hauen bidez ezagutzen ditugu. Hala ere honek ez du bat-batekoan ibiltzen ez zirenik, frogarik ez dugula, baizik.
- XIX. mendean Anton Abadiak antolatutako lore jokoak bultzada handia izan ziren.
- Bertsolarien moldean idazten ziren, gero jendeak kantatzeko eginak ziren eta.
- J. M. Lekuonak ahozkoaren eta idazlearen estiloa kontrajartzen dituelarik, erdi-ahozkotasuna aipatzen du.
- XIX. mendearen bukaerako gai nagusiak hauek dira: foruen galera, euskal emigrazioa, euskara, euskaldunok elkartu beharra... Badira, orobat, kontaera soilak direnak (Pasaiako plazatik, Xenpelar).
- Herri kantu bihurtu dira.
Tradiziozko ipuinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ehiztari beltza edo Mateo Txistu
- Ttarttalo
- Arrasateko hesensugea
Alegiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alegiak, ikasketa morla bat duten kontakizun laburrak dira. Ikaskizun hau bertsotan egon ohi da errepikatua izan dadin. Orokorrean, protagonistak hitz egiten duten animaliak izaten dira. Gaur egun, Sarasolak honela ematen du alegiaren definizioa: “Ipuina edo elezaharra, gehienean hitz neurtuetan moldatua, pertsona gisa jokatzen diren animaliak edo gauzak agertzen direna eta ondoriotzat ikasbide edo irakaspen morala ematen duena” (Euskal hiztegia, 2007). Eta Xabier Altzibarrek berriz, Euskaltzaindiak argitaraturiko Literatura terminoen hiztegian (2008: 30), honela: “Alegiak kontakizunak dira, maizenik abereak dira protagonistak, eta irakastea dute helburu (bizitzako gauzak, ohitura onak eta abar). Kontakizunari aterabide morala darraio, bukaeran formulatua batzuetan (gazt. moraleja, fr. moralité)”.
Alegiek, zenbati jokabide etiko salatzen eta sustatzen dituzte. Pertsonaiei dagokionez, gutxi izaten dira eta normalean kontrako joera duten bi pertsonaia nabarmentzen dira Normalean ikaskizuna kontakizunaren amaieran agertu ohi da. Sustraiak ahozko literaturan dituzte eta askotan liburuetatik ahozko kulturarako saltoa eman dute. Gaur egun, alegiak liburuetan argitaratzen direnean, irudi erakargarriekin egiten ohi dira.
Honako hauek dira alegiak idatzi dituzten pertsonai ospetsuetako batzuk: Jean de La Fontaine (1621-1695), Tomás de Iriarte (1750-1791) eta Felix Maria Samaniego (1745-1801).
Adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erbia eta dortoka
- Inurria eta txirrita
- Artzain gezurtia
- Otsoa eta bildotsa
- Ur bila ari ziren igelak
- Azeria eta mahatsak
Kondairak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Izaro irlako fraile gaztea eta bere amorantea
- Errolan, Roland
- Leokadi
- Olentzero
- Mari, Anbotoko dama
- Hiru olatuak
- Gau illa edo Alostorrea
- Irarrazabalgo hormarteratua
Atsotitzak (emakume zaharren hitzak)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atsotitzak edo Esaera zaharrak herri-filosofiaren bilduma direla esan izan da. Ez dira atzo goizeko kontuak, Aristoteles Greziako filosofoak esana da "esaera zaharrak laburrak eta atseginak direlako gorde direla eta gordetzeko eran asmatu eta antolatuak izan direla".
Edukian, trinko eta aberatsak izaten dira: bizitzak, heriotzak, lanak, eguraldiak, izaerak eta abarrek dute isla atsotiz edo errefrauetan. Urte eta gizaldi askotako bizieraren eta pentsakeraren berria jasotzen dute, laburbildurik.
Formari dagokionez, bi ezaugarri nabarmen behintzat badira:
Laburrak izaten dira. Ideiak nabarmenago geratzen dira era labur eta trinkoan emanda. Gainera, gogoratzeko, memorian gordetzeko aproposak dira esaldi laburrak.
- Memoriari laguntzeko, hoskidetasuna (errima), erritmoa, kontrastea, paralelismoa, korrelazioa eta beste baliabide literario batzuk erabiltzen dituzte. Dena den, baliabideak ez dira nahitaezko, eta baliabide bat baino gehiago ere erabil daitezke, hala nola atsotiz honetan: "Amorezko ezkontza, dolorezko bizitza". Hor, hoskidetasunaz gain, paralelismoa ere badago. Hona hemen batzuk, erakusgai:
- Hoskidetasuna: Bukaera berdinak lotura logiko baten ildoan jartzen gaitu.
- "Abenduko eguna, argitu orduko iluna da"
- "Egik on, eztakiala non"
- "Kalean uso, etxean otso"
- "Balego eta balitz, elkarren atzetik dabiltz"
- Korrelazioa: Nola (ko)... hala (ko) horiek kausalitatearen aitorpen dira:
- "Nolako bizitza, halako heriotza"
- "Nola soinu, hala dantza"
- "Nolako zura, halako ezpala"
- "Zenbat buru, hainbat aburu"
- Kontrastea: Ideak nabarmenago ageri zaizkigu kontrastean:
- "Erraz irabazia, erraz xahutu"
- "Errementariaren etxean, zotza burduntzi"
- "Ardo gozoak lau begi eta oinik ez"
- "Beleak zozoari ipurbeltz"
- "Batek mila eta milak batere ez"
Igarkizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Igarkizunak esanahia ezkutuan duten esaldiak dira. Euskaraz, beste hainbat izen ere ematen zaie: asmakari, asmaketa, asmakizun, papaita, pipitaki-papataki...
Igarkizunak enigmatikoak izan behar dira, hau da, mintzatzaileak besteari joko edo erronka gisa ipiniak. Igarkizunen ezaugarri nagusia zehaztugabetasuna da, eta, horregatik, pragmatikarentzat bereziki interesgarriak dira. Igarkizunen funtsezko bi baliabideak aldez aurreko ustea eta inplikazioa dira.
Igarkizunek, hasiera edo sarbidea emateko edo formulatzeko modu jakin batzuk dituzte. Hona hemen batzuk, Azkueren bildumatik aterata: "Zer dala eta zer dala, beti handitzen joan eta halata ere lekutik higitzen ez dana?", "Pipitaki papataki, nik baitakit gauza bat, kenduaz hazi eta gehituten dena" (zuloa), "Ezetz igarri ...", "Ez duzula igartzen, urtearen hasieran gizen-gizen jaio eta guenean argal-argal hilten dana" (egutegia), "Puntan punta bi, atzean zulo bi, artaziak dira ta ezetz igarri". "Gelatxu ta gelatxu, gelarik adina damatxu" (lainoa); "Iturriratekoan etxera so eta etxeratekoan iturrira" (ipurdia); "Beti lehorretan eta beti bustirik" (mihia). Igarkizun batzuek erantzuna barruan ematen dute, baina beste itxura batekin. Beste batzuek ingurumariak azaltzen dituzte, hortik abiatuta asmatzeko zer den.
Xabier Etxanizen Igarkizunak obra da eremu honetan ezagunena.
Igarkizun motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru igarkizun mota desberdin daude:
- Igarkizun lagungarriak: erreferentearen arau eta deskribapenak errespetatzen dira.
- Literalak: igarkizuna asmatzeko beharrezko den informazio guztia eskaintzen dute.
- Inplikatzaileak: informazio garrantzitsuena eskaintzen dute.
- Igarkizun ez-lagungarriak: engainatzeko asmorik ez dago.
- Metaforikoak
- Pertsonifikatzaileak
- Mistoak
- Igarkizun nahasgarriak: eskainitako datuek ez dituzte arauak errespetatzen.
- Engainagarriak
- Polisemikoak
- Paradoxikoak
Helburu pedagogikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Igarkizunak haur literaturak bereganatu dituen elementuetako bat dira. Batzuk, gainera, badirudi ez zeudela haurrei zuzenduta, baina haurrek bereganatu egin dituzte eta gaur egun haur literaturaren osagai garrantzitsuak bihurtu dira.
Herri bakoitzak bere folklorea du, eta elementu hauen bidez, bere jatorria, munduarekiko ikuspegia eta ohiturak azaldu daitezke.
Bestalde, hauek hizkuntza ezagutzen lagundu dezakete. Izan ere, literatura testu soil-soilak buruz ikastea, dramatizatzea eta errezitatzea, eta horretan, proposatutako ereduaren erritmoa, intonazioa eta ahoskera lantzeko baliagarri izan daitezke. Horregatik, esan daiteke, hizkuntzaren erabilpena dela garrantzitsuena literatura mota honetan: hitzak indarra hartzen du eta jostagai bilakatzen da. Honen ondorioz, adimen linguistikoa lantzeko baliagarria dela esan daiteke.
Hargatik, hezkuntzan igarkizunak entzutea eta ulertzea gomendagarria da, gozatzeko eta ikasteko iturri diren aldetik.
Bildumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal alorrean ez ditugu nahi adina igarkizun-zerrenda zein ikerketa. Lehenengo bildutako igarkizunak XIX. mendekoak dira. Hala ere, XX. mendean egon zen ekarpenik handiena.
- Argitaraturik ikusi ditugun lehen igarkizunak, François Cerquand-en “Legendes et récits populaires du Pays Basque” Frantziako 1874-1882 urteetako Bulletin de la société des sciences, lettres et arts de Pau aldizkarikoak dira. Hiru zerrenda eskaintzen ditu Cerquand-ek. Guztira 54 igarkizun.
- Antonio Machado Alvarez-ek, Antonio Machado eta Manuel Machado erdal poeta sonatuen aitak 1880an argitaratu zuen Colección de enigmas en forma de diccionario liburu mardulean euskal igarkizun-zerrenda bat dator.
- Julien Vinson-ek bere Le folk-lore du Pays Basque (1883) liburuan Cerquand-en eta Antonio Machadoren igarkizun zerrendak sartu zituen. Vinson-en zerrendan 78 igarkizun datoz.
- XX. mendean igarkizun banakak biltzen dituzten biltzaile ugari dago. Hor ditugu Federiko Garralda zaraitzuarra, Juan Carlos Guerra oñatiarra, Landerretxe lapurtarra. Biltzaile nagusia, ordea, Azkue izan zen. Berak bakarrik gainerako igarkizun biltzaile guztiak batera baino uzta joriagoa bildu zuen. Euskera aldizkarian, 1926. urtean, 186ko bilduma eskaini zuen Lekeitioko ikertzaileak.
Inauterietako antzerkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maskaradak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristautasunari loturiko jatorria duen antzerki herrikoia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marijesiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marijesiak Gernika eta inguruko herrietako tradizio bat da, non gizon eta emakume talde batek Jesusen jaiotzari buruzko bertsoak kantatzen dituzten gabon aurreko bederatzi egunetan. Erronda-kanta izeneko neguko tradizioen multzoan kokatzen da, Santa Ageda tradizioa bezala. Antzerki generoko ezaugarriak ere baditu. Marijesiak aztertu dituztenen artean, Resurreccion Maria Azkue dago tradizio honetako 90 kanta bilduz.
Pastoralak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pastorala Zuberoan ospatzen den herri-antzerkia da, kanpoan, herriko plazan, hartarako nahita jarrita dagoen antzeztoki edo triate baten gainean ematen dena. Antzezpena, hasieratik amaiera arte bertsoz kantatzen da, Zuberoako euskaran.
Duela gutxi arte, edo herriko gizonezkoek bakarrik, edo, gutxiagotan, herriko emakumezkoek bakarrik antzezten zuten, baina azken urte hauetan gizon-emakumeek parte hartzen dute haietan. Antzerki emanaldia, berez, süjet edo pertsonaia nagusi baten bizitzan oinarritzen da eta gaiztoen eta onen arteko borroka baten arabera egituratua da.
Seguru aski Erdi Aroko antzerkian du jatorria, nahiz eta lehen idazkiak XVII. mendekoak izan. Horrek adierazten du ahozko literaturan garrantzi handiko adierazpidea zela. Lehenagoko aipamenak dauden arren, zalantzarik gabe datatutako pastoralik zaharrena "Sainte Elisabeth de Portugal" da, 1750ean Eskiulan antzeztu zena.[17]
Urtero Zuberoako herri bati egokitzen zaio udan pastorala bi alditan antzeztea.
Ahozko literaturak idatzizko literatura garaikidean izan duen oihartzuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Badago Euskal literatura garaikidearen musikalari eta idazleak erabiltzen dituztela antzinako baladak. Hurrengoak dira batzuk
- Bernardo Atxaga. Idazlea. Adibidez, Ana Jaunixe-ren balada Henry Bengoa Inventarium-en agertzen da
- Benito Lertxundi. Musikalari
- Mikel Laboa. Musikalari
- Ruper Ordorika. Musikalari
- Imanol
- Olatz Zugasti
- Kirmen Uribe. Baladak, bertso zaharrak eta kostaldeko kantak biltzen ditu Portukoplak (Elkar, 2006) bilduman. Mikel Urdangarin abeslariak kantatzen ditu batzuk, esate baterako, "Txatxamatxalinatxu" izeneko kanta.
- Mariasun Landa 'Azken balada' ahozko tradiziotik jasota 'Oreina bilakatu neska' eta Pierre Lafittek 1965ean argitaratu zuen 'Gure Herria' aldizkarian,egungo haurrei egokituako lana, neska protagonistaren ikuspuntutik (Erein, 2016).
Ahozko literaturak musika garaikidean izan duen oihartzuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Jon Juaristi. "La balada vasca de la muchacha ciervo", ASJU, 1987
- ↑ Ahetzeko anderea
- ↑ Aldaztorrea. R.M. Azkuek jasoa
- ↑ Alostorrea
- ↑ Bereterretxen khantoria
- ↑ Jon Kortazar. "Neska ontziratua baladaren inguruan"
- ↑ (Gaztelaniaz) Koldo Biguri, «El tema del cambio de sexo en la literatura vasca de tradición oral», Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum, (I) ASJU 14 (1991).
- ↑ Paya, Xabier. (PDF) Ahozko Euskal Literaturaren Antologia. , 131-135 or..
- ↑ Ahotsak. .
- ↑ Saltoka, saltoka. (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Cancionero vasco - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
- ↑ Azkue, Resurrección Mª. (1968). Cancionero Popular Vasco. La Gran Enciclopedia Vasca, 213-255 or..
- ↑ Kantutik jolasera. Udako Euskal Unibertsitatea, 15 or. ISBN 84-86967-86-4..
- ↑ Iguerabide Sarasola, Juan Cruz. (2003). «Haur poesia eta ahozko tradizioa» Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca (18): 39-50..
- ↑ Borda, Itxaro. (2016-01-31). «Baionako Barraraino» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-11-02).
- ↑ Arcocha Mendinueta, Elorri. (2017). «Lo kantak: nanas, entre pervivencia y olvido» Ankulegi (21): 93-101..
- ↑ Jean-Louis DAVANT: Pastoralaren historiaz (I/II) Euskonews.com
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Koldo Biguri, Joseba Lakarra eta Blanca Urgell: Euskal baladak azterketa eta antologia. (Bi ale) 1983. Hordago.
- Jon Kortazar Neska ontziratua[Betiko hautsitako esteka].
- Juan Mari Lekuona, Ahozko euskal literatura 1982, Erein.
- Juan Mari Lekuona, Ikaskuntzak Euskal Literaturaz (1974-1996) 1998, Deustuko Unibertsitatea.
- (Gaztelaniaz) Antonio Zavala, Euskal erromantzeak / Romancero vasco Auspoa. Sendoa ISBN: 84-89080-68-2