Faial uhartea
Faial uhartea | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Cabeço Gordo (en) |
Mota | uharte |
Azalera | 173 km² |
Geografia | |
Koordenatuak | 38°34′37″N 28°42′10″W / 38.5769°N 28.7028°W |
UTC ordua | UTC−01:00 |
Honen parte da | Azoreetako artxipelagoa |
Kokapena | Ozeano Atlantikoa |
Estatu burujabe | Portugal |
Portugalgo eskualde autonomoa | Azoreak |
Ur-gorputza | Ozeano Atlantikoa |
Leku geografikoa | Azoreak |
Faial uhartea Azoreetako (Portugal) erdialdeko uhartea da, 173 km²-ko azalera daukana eta 2001ean 14.875 biztanle zituena. “Ilha Azul” (Uharte urdina) ezizena ematen zaio.
Kontzejuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontzeju bakarra dauka, Horta.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uharte bolkanikoa da eta Europako plakan mendebaldeen dagoen uhartea kontsideratzen da, izan ere mendebalderago dauden Flores eta Corvo Amerikako plakan baitaude.
Honako eskualde hauek ditu uharteak:
- Caldeira sumendi multzoa: Caldeira kaldera ia zirkularra da, 2.000 metrotako diametroduna, eta hegoaldean uharteko punturik garaiena dauka, Cabeço Gordo (1.043 m).
- Pedro Miguel grabena: Uhartearen ipar-ekialdeko faila sistema da.
- Horta plataforma: Hego-mendebaldeko lautada da, kono batzuk ere badituen arren. Bertan dago uharteko eremu urbanizatua.
- Capelo sumendi multzoa: Egitura berriena da, azken erupzioa 1957 eta 1958 artean gertatu zen. Bertan dago Capelinhos sumendi ezaguna.
2007an Faial uharteko Natura Parkea ezarri zuen Azoreetako gobernuak. 13 eremu hartzen ditu bere barnean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1375-1377ko Atlas katalanean aipatu zen lehen aldiz Insula de La Ventura izenarekin baina Diogo de Teive izan zen benetako aurkitzailea 1451ean. 1460ko nabigazio kartek Ilha de São Luis izena ematen zioten. Frai Pedrok (Isabel infantaren konfesoreak) Josse van Huerter noble flandriarrari kontatu zion zilar ugari zegoela uhartean eta honek 15 gizon hartu eta 1465ean iritsi zen Faialera. Janaria agortu eta zilarrik ez zuten aurkitu, ondorioz lagunak haserretu eta Van Huerterrek berriz Flandriara egin zuen ihes. Bi urte beranduago itzuli zen, baina uhartea kriminalak gordetzeko kartzela bihurtu zuten eta bera kapitain nagusi izendatu zuten. Asentamendu hark Vila de Horta izena hartu zuen, kapitainaren izena hartuz.
Flandiarren asentamendu hura handituz joan zen. Urte batzuk beranduago uharteari Faial izena jarri zioten, bertan oso ugaria zen Myrica faya (Kanarietako pagoa) zuhaitza dela eta.
1583an espainiarrek Azoreak okupatu zituzten eta hurrengo urteetan uharteak pirata frantses eta ingelesen erasoak jasan zituen, 1589 eta 1597 artean bereziki. 1672an Cabeço Gordo sumendiaren erupzioak biztanle ugari Brasilera joatea eragin zuen.
XVIII mendean faialdarrek gotorleku ugari eraiki zituzten uhartea defendatzeko, hogei bat gutxi gorabehera, batzuk kostaldeko uharte txikietan ere bai. 1876an Hortako kaia babesteko moila eraiki zen eta honi esker Atlantikoa zeharkatzen zuten ontzi handiak beratar iritsi eta uharteko ekonomiak gorakada ezagutu zuen. Hurrengo urteetan ozeanoa zeharkatzen duten kableen egoitza nagusietako bat ere bihurtu zen. Azoreetako kontsul estatubatuarra zen John Bass Dabney izan zen aldaketa guzti hauen bultzatzailea.
1919an Atlantiar Ozeanoa gurutzatu zuen lehen hegazkinak bertan hartu zuen lurra. Hala ere uhartearen jarduera ekonomiko nagusiak nekazaritza eta baleen ehiza izaten jarraitu zuten. 1957an beste erupzio bat izan zuen Cabeço Gordo sumendiak. Nekazal lurrak estali zituen eta biztanle askok Estatu Batuetara egin zuten alde. Balearen ehizari ere arazoak srtu zitzaizkion animalien eskubideen aldeko joerak zirela eta.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Cabeço Gordo sumendiaren kaldera.
-
Capelinhos sumendia.
-
Cabeço dos Trinta, uhartearen erdialdean.
-
Faial Natura Parkea, Morro de Castelo Branco.
-
Praia do Almoxarife hondartza.