Zinema musikala
Zinema musikala, filmaren argumentuan musika eta dantzak sartzen dituen zinema generoa da. Hollywoodek egindako musika-zinemaren sorreraren oinarria New Yorkeko antzerkiaren erreforma da[1]. Ez dago beste generorik hau bezain amerikarra denik, ezta westerna bera ere[2]. Alde batetik, genero honen sorrerak zinema heldutasun teknikora hel zedila lortu zuen, eta beste alde batetik, momentu horretara arte teknikoki existitzen ez zen generoa indartzea lortu zuen.
1929ko krisi ekonomikoaren Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, zinema ikusleek produktu iheskor edo alaiak eskatzeko joera zuten; beren bizitza errealeko sufrimendua edo tristura leuntzeko produktuak, alegia[2]. Antidoto hauen sailean, batez ere, zinema musikala aurkitzen da. Aukera askotan, kritikak genero eraginkorrena bezala identifikatu du zinema, efektu terapeutikoa edo konpentsatzailea bilatzen dutenentzat, barre egiteko, dantzatzeko edota abesteko aukera ematen duelako.
Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinema musikalak 30eko hamarkadatik aurrera jo zuen goia. Hollywoodek nagusitasun eztabaidaezina izan du genero honetan. Genero honen hasieretan, zatiak garapen narratiboarekiko konexio asko mantendu gabe sortzen ziren, hunkitzeko helburuarekin. Hala ere, bere heldutasunera heltzerakoan, generoa estilizatu zen, elementuak gehiago kateatuz.
Alan Croslanden The jazz Singer (1927) izan zen generoari benetako hasiera eman ziona[3]. Film harta agertu zen musika lehen aldiz, baina oraindik ez zegoen elkarrizketarik. Warner anaiek ekoiztu zuten. Hurrengo urtean beste film musikal bat ekoiztu zuten, The Singing Fool (1928). Bi film horietako aktore eta kantaria Al Jonson zen.
Genero horretako filmak zuzendu zituen lehen zuzendarietako bat zen Rouben Mamouliani. Generoa oraindik hastapenetan zegoela estrenatu zuen Applause (1929), Paramount-ek ekoiztuta. Geroago beste lan ugari ekarri zuen, besteak beste Love Me Tonight (1932).
1930ean ehun film musikal ekoiztu zituen Hollywoodek. 1931n eta 1932an motelaldi bat izan ondoren, film musikalek berpizkunde bat izan zuten 1933tik aurrera, besteak beste Busby Berkeley zuzendariari esker. Haren film ezagunak dira, esate baterako 42nd Street (1933) edota Gold Diggers of 1933 (1933). Zuzendari honek hainbat berrikuntza ekarri zizkion generoari, besteak beste plano motak, koreografia motak edota koreografien geometria.
Hamarkada berean produzitu zuten film musikalen artean ospetsuenetako bat izan The Wizard of Oz (1939), Victor Flemingena eta Judy Garlandek antzeztua[4][5].
Zinema musikal amerikarraren bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]30eko hamarkada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinema musikalaren jaiotza, soinua zineman agertzearen aldiberekoa da. Izan ere, zinemako ikusleek pantailan entzun zituzten lehenbiziko konpasak musikalak eta kantuak dira. Al Jonson-en ahotsa izan zen pantailetatik entzun zen lehenetakoa, The Jazz Singer filman. Warner Bros izan zen lehenengo musikala abiarazi zuen konpainia, eta soinuaren indartze-prozeduraren aurretiazko jabea.
Bestalde, soinua zineman agertu zen une historikoan, bazirudien musikala une gorenenera heldu zela, alderdi guztietan. 1929eko Wall Street-eko kraxa gertatu zenean, herrialdeko ekonomia minduta geratu zen. Edonola ere, musikalaren booma izugarria izan zenez, bere lehen urteetan inflazio handia izan zuen. Generoaren biziraupena arriskuan jarri zen, baina, Warner Bros-en firmen kalitateari esker salbatu zen[6].
Era klasikoan, musikaletako izarrak Hollywoodeko pertsonalitate ospetsuenen artean zeuden, nabarmenki Fred Astaire eta Ginger Rogersek osatutako bikotea, Top Hat (1935) bezalako filmeen protagonista.
40ko hamarkada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1939. urtetik aurrera Metro-Goldwin-Mayer bihurtu zen zinema musikalaren produktore nagusia, eta erabat aberastu zen. Busby Berkeley bezalako zinema zuzendariaren etorrerarekin eta The Wizard of Oz bezalako klasikoen sorrerarekin.
Garai hartan erabat finkatu zen zinema musikala, 30eko hamarkadako arrakastaren ondoren. Hasteko, askatasun artistiko tekniko handia lortu zuten, istorioen aniztasunaren eta aurrerapen teknikoen laguntzarekin. Garai hartako musikalak finkatuagoak zeuden, egin beharrak askoz ere argiago zeuden, eta aukera artistiko gehiagoren bila abiatu ziren. Produktoreek musikalak potentzial handia zuela ikusi zuten eta hurrengo fasera eramatea erabaki zuten[6].
Arthur Freed-ek hainbat berrikuntza ekarri zizkion generoari. Ordura artekoa zaharkitzen ari zen, eta nahiko errepikakorra bihurtua zen.
50eko hamarkada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]50eko hamarkadan, generorik arrakastatsuena bihurtu zen; zinema produktore guztiek genero honetara bideratu zuten beren lana, esklusiboki. Generoa berritzen hasi zen, kaleetara hedatu zen, populazioa gero eta larrituagoa zegoelako arazo sozialak zirela-eta. Aurreko urteetan bezala, musikalen eskaintza inoiz baino zabalagoa bihurtu zen. Garai hartakoak dira zinemaren historiako zenbait klasiko: An American in Paris (1951), Singin' in the Rain (1952), Calamity Jane (1953), A Star is Born (1954), The King and I (1956), edota Gigi (1958).
Generoa artistikoki eta teknikoki erabat menderatu zuen kantuen eta dantzaren arteko koordinazioa sortu zen. Horrez gain, Arthur Freed industriako produktore nagusi eta boteretsuenetakoa bihurtu zen garai hartan. Cyd Charisse zuzendariak zenbait film arrakastatsu egin zituen, adibidez; Silk Stockings edota The Broadway Melody[6].
60ko hamarkada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]60ko hamarkadatik aurrera generoaren gainbehera hasi zen. Lehengo aldaketa erradikalak sortu ziren istorioetan: komediazko musikalak eta erromantikoak alde batera utzi eta gai serioagoak eta dramatikoagoak lantzen hasi ziren. Ikusleak gero eta zorrotzagoak bihurtu ziren, eta produkzio handiagoak, musikal kantitate handiagoa eta aktore famatu eta hobeak eskatu zituzten. Gainera, ordura arte generoan elkar koordinatzen ziren diziplinak, dantza eta kantua, banandu egin ziren, eta bananduta egon ziren 2000. urtera arte. Tarte horretan, kantua diziplina nagusi bihurtu zen. Garai hartan West Side Story (1961), My Fair Lady (1964) , Mary Poppins (1964), Oliver! (1968) edota Funny Girl (1968) bezalako pelikulak agertu ziren[6]. The Sound of Music (1965) filmak arrakasta itzela lortu zuen. Halaber, Frantziako Les Parapluis de Cherbourg (1964) filmak ere utzi zuen arrastoa.
Hamarkadaren bukaeran, ordea, film musikal askok porrot egin zuten, sarrera gutxi saltzea lortu zutelako.
70eko harmarkada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Generoaren arrakastak behera egin zuen nabarmen. Ikusleek zaharkitutzat jotzen zuten. Kantuak eta dantzak bananduta jarraitu zuten baina kasu honetan, dantzak garrantzi handiagoa hartzen zuen. Genero klasikoa galbidean zegoen. Nahiz eta musikala alde batera geratu, ez zen guztiz desagertu. Fiddler on the Roof (1971) eta Cabaret (1972), Jesus Christ Superstar (1973), The Rocky Horror Picture Show (1975), Grease (1978) edota Hair (1979) bezalako film famatuak ekoiztu zituzten[6].
80ko eta 90eko hamarkadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]80ko hamarkadan berriro ere hasi ziren zenbait film musikal ekoizten. Garai haietakoak dira The Blues Brothers (1980), Fame (1980), Annie (1982), Monty Python's The Meaning of Life (1983) edota Footloose (1984).
Horrez gain, animoziozko film askotan erabili ziren musikalaren generoko osagaiak, batez ere Disney etxearen ekoizpenetan. Horien artean daude Disneyren Aladdin (1992), The Hunchback of Notre Dame (1996) eta Pocahontas (1995). The Lion King (1994) izan zen arrakastatsuena, eta hortik sortu zen gerora Broadwayen ikusgai dagoen musikal ospetsua.
XXI. Mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Motelaldi luze baten ondoren, film musikalak gehiago ekoizten hasi ziren berriz. Chicago (2002) filma Film onenaren Oscar Saria irabazten zuen lehen musikal filma izan zen 1960ko hamarkada ondoren. 2000tik egin duten zinema musikal-ekoizpen handienetako bat izan da[7]. La La Land (2016) filmak sei Oscar irabazi zituen, Zuzendari onenaren saria barne.[8]. Oscar sariak lortu zituzten beste musikal batzuk Moulin Rouge! (2001), Dreamgirls (2006) edo Les Misérables (2012) izan ziren.
Garai hontako joeretako bat abeslari edo talde ospetsu baten abestietan oinarritutako musikalak dira, jukebox musical deiturikoak, adibide nabarmenena Mamma Mia! (2008) izanik.
2008an, EiTBko film musikal bat sortu zen, Go!azen izenburupean. Euskal Herrian euskaraz dagoen film musikal bakarra da gaur egun.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Filmei musika gehitzen zaie, protagonistari trebezia artistiko eta dantzagarria emateko. Dekoratuak distiratsuak dira eta jantziak koloretsuak. Normalean genero hau istorio melodramatiko edo dramatiko eta erromantiko edo komediarekin erlazionatzen da, horregatik oso ohikoa da beste genero batzuekiko konexioa[9]. Fantastikotasunaren forma bat bezala ere ikus daiteke musikala, hitzaren adiera guztietan: harrigarria eta aparta dena irudikatzen du, musikalean inplizitua dirudien izaera bozkariozkoa dauka gehienetan, sinestezina dena zerbait berezkoa balitz bezala baiesten du eta mundu posibleak sortzen ditu.
Teknika eta ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikala zinema soinudunarekin batera jaio zen. Bi hauek sortu zirenean Amerikako Estatu Batuak ez ziren oraindik sartu Depresio Handiaren garaian, nahiz eta honen arrastoak agertzen hasi. Warner Bros zineman soinua sartzen hasi zen, porrot ekonomikoa saihesteko. Hots, premia teknologiko-ekonomiko baten ondorioa zen, premia artistikoa baino gehiago. Nahiz eta hasieran hesi linguistikoek errezeloak sortu ikuskizun zinematografikoen aurrean, eta estudioek eta aretoek eskatuko zituzketen kostu altuen beldur izan, Warner Brosek krisialdia saihestea lortu zuen azkenean, prozedura berriaren merkaturatzeak eraginda. Warner anaiek arriskua hartzea erabaki zuten, eta erantzun ezin hobea jaso zuten. Entzuleek atzerriko hizkuntzak abestien bitartez onartuko zituztela baloratu zuten.
Esan beharra dago, soinua irudiarekin sinkronizaturik zegoen zinemak ez zuela ezer berririk suposatzen 1926an. Frantzian eta Amerikako Estatu Batuetan Edison eta Páthek jadanik aurreikusi zuten aukera hau, baina ez zuten lortu komertzializatzea, produktoreek ez baitzuten beharrezkoa ikusten haien merkantzia garestituko zuen zerbait planteatzea. 1894an Edisonek Kinetofonoa sortu zuen, non irudia diskoz grabaturiko soinu banda batera moldatzen zen, hau da, Warner Brosek hasierako pelikuletan moldatzeko erabiltzen zuen sistema, eta Vitaphone izendatua[6].
Lehenengo pelikula soinuduna Alan Croslanden Don Juan (1926) pelikula izan zen. Arrakasta monumentala izan zuen, eta ez zen denbora asko pasatu lehenengo musikala, The Jazz Singer (1927) estreinatu zen arte. Pelikulan Al Jolson aktoreak parte hartu zuen eta zenbait abesti ezagun kantatu zituen, Mammy dialogoaren zatiak esate baterako.
Film ospetsuenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira genero honetako film ospetsuenetako batzuk[5]:
Amerikako Estatu Batuak:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Jazz Singer (1927)
- The Wizard of Oz (1939)
- Singin' in the Rain (1952)
- A Star Is Born (1954)
- West Side Story (1961)
- Mary Poppins (1964)
- The Sound of Music (1965)
- Cabaret (1972)
- Grease (1978)
- Annie (1982)
- Dirty Dancing (1987)
- Beauty and the Beast (1991)
- Sister Act (1992)
- The Lion King (1994)
- Evita (1996)
- Moulin Rouge! (2001)
- Chicago (2002)
- Dreamgirls (2006)
- La La Land (2016)
- The Greatest Showman (2017)
Erresuma Batuak:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Oliver! (1968)
- Monty Python's The Meaning of Life (1983)
- The Commitments (1991)
- Mamma Mia! (2008)
- Les Misérables (2012)
- Sweeney Todd (2007)
- Bohemian Rhapsody (2018)
Frantzia:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- French Cancan (1954)
- Les Parapluies de Cherbourg (1964)
- Les Demoiselles de Rochefort (1967)
- On connaît la chanson (1998)
- Huit femmes (2002)
- Un monstre à Paris (2011)
- La Danseuse (2016)
Espainian:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Un rayo de luz (1960)
- Un, dos, tres, al escondite inglés (1969)
- El otro lado de la cama (2002)
- Chico y Rita (2011)
- La llamada (2017)
Beste herrialde batzuk:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Pinel, Vincent. (2009-02). Los Géneros Cinematográficos: Géneros, Escuelas, Movimientos Y Corrientes en El Cine. Ediciones Robinbook ISBN 9788496924451. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ a b Estatu Batuetako zinema musikala. E.P.E. Donostia Kultura 2013 ISBN 9788489668942. PMC 907506623. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) El cine musical americano | CinemaNet. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ Andreazurita. (2010-02-15). «andreaZurita: CINE MUSICAL» andreaZurita (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ a b Juan,, Munsó Cabús,. Diccionario del cine musical. (Primera edición. argitaraldia) ISBN 9788415360261. PMC 875214713. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ a b c d e f El Cine : enciclopedia Salvat del 7º arte. Salvat 1978-1980 ISBN 8434539179. PMC 804893702. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Muñoz, Alicia. (2017-03-14). «[Top 5 Musicales del Siglo XXI»] Moobys (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ «Cine y música (I): Origen y auge del cine musical clásico en 13 películas» MagaZinema 2017-01-15 (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
- ↑ (Ingelesez) «HISTORIA DEL CINE MUSICAL» prezi.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).