Georges Clemenceau
Georges Benjamin Clemenceau (Mouilleron-en-Pareds, 1841eko irailaren 28a - Paris, 1929ko azaroaren 24a) mediku, kazetari eta politikari frantziarra izan zen. Bi agintaldi ezberdinetan zehar Frantziako Errepublikako Lehen Ministroa izan zen (1906-1909 eta 1917-1920). Bere garaian eta bereziki Lehen Mundu Gerra jazo zenean izandako paper erabakigarriari esker "le Tigre" (Tigrea) eta "le Père-la-Victoire" (Aita Garaipena) ezizenak bereganatu zituen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Medikua zen baina politikan parte hartu zuen bigarren inperioa erori zenean (1870eko irailaren 4). Erradikalen alderdiko diputatu hautatu zuten 1871n; ezker muturreko talde bateko partaide bihurtu zen 1876an eta hainbat ministro kendu zuen aginpidetik (Gambetta, 1882; Ferry, 1885).
Ezkerreko ideiak irmo zituenaren garaiko pasarte honetan, argi ikusten da zein zen kolonialismoaz zituen ideiak:
« | Goi-mailako arrazak! Behe-mailako arrazak! Erraz esaten da. Ni neu ez nator bat baieztapen horrekin, inondik ere, Alemaniako jakintsuek, arraza frantziarra alemaniarra bezain ona ez delako frogak emanda, gerran Frantzia garaitu behar zela zientifikoki frogatu zutenetik.
Ez dago goi-mailako nazio esaten zaien horiek behe-mailako nazio esaten zaien horien gainean duten inolako eskubiderik.(...) Ez gaitezen saia, bada, indarkeria zibilizazioaren izenez mozorrotzen, ez dezagun eskubideez hitz egin, ezta betebeharrez ere. Iragartzen duzuen konkista abusu bat besterik ez da, zibilizazio zientifikoak garatu gabeko zibilizazioen gainean egin nahi duena, eta helburua da bertako gizakiak esplotatzea eta euren indar guztia erabiltzea zibilizatzera omen datorren onurarako. Zuk (Jules Ferry) goresten duzun menderakuntza gehiegikeria baino ez da; zibilizazio zientifikoaren indarra baliatzen du, zibilizazio primitiboen aurka, gizakia bereganatzeko, torturatzeko eta haren indarrak ahitzeko, bere burua zibilitzatzailetzat agertzen duenaren mesedetan. |
» |
Georges Clemenceau, Frantziako Diputatuen Ganberari, 1885eko uztailean.
Panamako iskanbilan esku hartu eta ingelesen aldeko agentetzat jo zuten; 1893ko hauteskundeak galdu zituen, eta ez zen 1898ra arte Frantziara itzuli (Dreyfusen alde).
Senatari bihurtu zen 1902an eta Kontseiluburu eta Barne Ministro, berriz, 1906an. Elizaren eta Estatuaren banaketaren alde agertu zen. Gogor erantzun zien Pas-de-Calaisko meatzariei eta sozialisten etsaigoa jaso zuen. Berriz ere oposizioan zela, 1913an L´homme libre egunkaria sortu zuen (L´homme enchaîné izena jarri ziona Lehen Mundu Gerra hasi zen zentsura salatzearren). 1917an, Poincarék gobernuburu izendatu eta aliatuen gudarostearen burua Foch mariskal frantsesa izatea lortu zuen Clemenceauk. Versaillesko Bakea negoziatu ondoren (1919), errepublikako lehendakaritzarako hauteskundeak galdu zituen (1920).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Georges Clemenceau |
- Parisko Clemenceau museoa (Frantsesez)(Ingelesez)