Edukira joan

Haitiko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kristobal Kolon Hispaniolan lurreratzen 1492an.

Haitiko historia europarren kolonizazioaren hasten da.

Europarren iritsiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonek 1492. urtean aurkitu eta Hispaniola deitu zuen uhartea espainiarren lehen kolonia eta Hego Amerika aztertzeko abiaburu bihurtu zen. Espainiarrek uhartearen ekialdean hartu zuten bizileku; Kaiman uharteetako frantses piratek, berriz, mendebala hartu zuten eta 1644an Port-de-Paix sortu; 1697an (Rijswijk-eko hitzarmena) espainiarrek frantsesei utzi zieten mendebala, handik aurrera Saint-Dominique izan zena.

Frantziar kolonia (1625–1789)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendean zehar, esklaboen lanari esker, frantses kolonietan aurreratuena izan zen Saint-Domingue (azukrea, kafea, kakaoa eta kotoia esportatzen zen); esklaboak, ordea, matxinatu egin ziren (Toussaint Louverture), 1804. urtean independentzia erdietsi eta uharteari jatorriko arawak indiarren izen frantsestua eman zioten: Haïti.

Esklabotzaren aurkako altxamendu bakarra izan zen estatu berri baten sorrera ekarri zuena. Gainera, esklabotza bera ezeztatu eta zuriak ez zirenen agintea ekarriko zuen bakarra izan zen. Haitiko Iraultzaren ikertzaileen arabera Mundu Atlantikoan arrazismoaren aurkako momentu historiko definitorioa izan zen.

Independentzia eta gatazka politikoa (1789-1957)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Handik aurrera ez zen gobernu egonkorrik ezartzerik lortu (hilketak eta matxinadak), Jean Pierre Boyerren 1814-43 urte bitarteko agintaldia kenduta. Boyer kargutik kenarazi ondoren hilketak eta militarren estatu kolpe ugari izan ziren bata bestearen ondotik. XX. mendearen hasieran Estatu Batuek zenbait lehentasun eskuratu zituzten (militarrak eta salerosketakoak), eta 1915. urtean, zuzenbidea ezartzeko aitzakiaz baliatuta mendean hartu zuten herria, 1945 arte.

1950ean, Paul Eugène Magloireren estatu kolpea izan zen, eta haren kontrako oposizioan aurretik ministro ere izan zen François Duvalier (“Papa Doc”) sendagile doktorea nabarmendu zen.

Duvalier aroa (1957-1986)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magloire lehendakaria agintetik kendu ondoren, presidente hautatu zuten Duvalier 1956an, eta hurrengo urtean hautatu zuten lehendakari. Berehala, oposizioaren buruzagi gehienak egotzi zituen herrialdetik, eta konstituzioa egokitu zuen aginte pertsonal osoa legeztatzeko. Duvalier ingurune intelektual batetik irtena zen, Les Griots egunkari nazionalista argitaratzen zuen taldearekin loturak zituen, baina vudua sakonki ezagutzen zuen eta sinesmen honekin lotutako Tontons-macoutes deituriko polizia beldurgarria eratu zuen, oposizio arrasto txikienak ere desegiteko. Duvalierrek bere burua hil arteko lehendakari izendatu zuen.

Duvalier hil zenean (1971) bere seme Jean-Claude (“Baby Doc”) utzi zuen, bizitza osorako hau ere, lehendakari karguan. Duvaliertarren diktadurapean Haitiko arazo ekonomikoak, zapalkuntza politikoa eta ustelkeria areagotu egin ziren. 1980. urtetik aurrera ekonomiak behea jo zuen eta herritarren haserreak eraginda Duvalier erbestera joan zen (1986).

Demokrazia ahula (1986-)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala ere, behin baino gehiagotan izan dira estatu kolpe saioak Haitin Duvalier diktadorearen jarraitzaile ohiek gidatuak. 1990. urtean egin ziren hauteskundeak erabakigarriak izan ziren, Haitiko aurreneko hauteskunde benetan demokratikoak izan baitziren. Jean-Bertrand Aristide irten zen garaile, herria alde baitzuen: botoen % 67 lortu zuen. Duvalierzaleek, Roger Lafontant buru, azken ahalegin odoltsu bat egin zuten arren agintea iristeko, 1991ko otsailean izendatu zuten Aristide presidente.

Urte bereko otsailean, ordea, Raoul Cédras jeneralak gidaturiko kolpe militar batek eraitsi zuen kargutik; ondoren, zapalkuntza politiko ikaragarria ekarri zuten militarrek. Amerikar Estatuen Organizazioak aurrena, eta NBEk gero, enbargoa jarri zioten Haitiri, eta milaka haitiarrek alde egin zuten.

Estatu Batuek esku hartuta, elkarrizketak egin ziren Aristide eta batzorde militarreko kideen artean; elkarrizketa horiek 1993an burutu ziren, Governor's Islandeko (New York) akordioetan. Haien arabera, erbestean zegoen presidenteak hartuko zuen berriz agintea. Haitiar militarrek, ordea, ez zuten beren hitza bete.

Zapalkuntzak bere horretan jarraitu zuen, ehunka biktima eraginez, eta demokraziaren itzuleraren kontra berariaz antolaturiko bortizkeria areagotu zen. Irtenbide baketsu baten ideia oro galdu zen. 1994ko irailaren 19an, nazioarteko gudaroste bat, amerikar marineez osatua gehienbat, iritsi zen Haitira, eta Aristidek berriz hartu zuen kargua.

1995eko hauteskundeetan, oposizioak boikot handia egin zuen. René Préval, Aristidek sorturiko Lavalas Organizazio politikoko kidea (OPL) bihurtu zen Haitiko presidente. Baina herrialdeak geldirik jarraitu zuen, krisi politikoaren larritasuna dela-eta: 1997ko ekaineko senatu, legebiltzar eta udal hauteskundeen bigarren itzuliaren ezabatzea, iruzur salaketak zirela-eta eta alderdi politiko guztiek atzera egin ondoren, salbu Jean-Bertrand Aristide presidente ohiarenak, lehen itzulian nagusitu zenak; ekainean Lehen Ministroak dimisioa eman zuen, eta postua hutsik geratu zen 1999ko urtarrila arte (Jacques-Édouard Alexis izendatu zuten postu horretarako); bortizkeria politikoa berriz gogortu zen.

Egoera horretan, geldiarazi egin zen nazioarteko laguntza, herria miserian itota zegoen artean. 1999an René Prévalek abian jarri zuen berriz ere hauteskunde prozesua, 1997ko hauteskunde eztabaidatuak ezerezten zituen dekretu-lege bat izenpetuz, eta urte amaierarako hauteskundeak iragarriz.

Oposizioak boikota egin zien 2001eko hauteskundeei, baina, hala ere, hauteskundeak egin ziren eta Aristidek irabazi zituen; hirugarren aldiz izendatu zuten Aristide lehendakari. 2004an Aristide kargutik kendu zuten, herrialde barneko krisi larriaren ondorioz. Borroka latzak izan ziren, eta azkenik, NBEko Kasko Urdinek okupatu zuten herrialdea. 2006an René Préval hautatu zuten lehendakari. Hala ere, borrokek eta hilketek aurrera jarraitu zuten.

2014ko urriaren 4an, bihotzekoak jota zendu zen Jean-Claude Duvalier Baby Doc, Haitiko diktadorea. 1971n hartu zuen «bizi osorako presidente» titulua, 19 urte baino ez zituela, François Duvalier Papa Doc aita hil zenean. 1986an kendu zuten agintetik, eta Frantzian hartu zuen babes. 2011n itzuli zen Haitira: giza eskubideen urraketa larrien ardura egozten zioten, baina berak guztia ukatu zuen epaiketan[1].

2015eko urtarrilaren 11ean, pobrezia eta ezegonkortasuna zeuden Haitin, lurrikara gertatu eta bost urtera Pobrezia eta ezegonkortasuna dira nagusi Haitin, lurrikaratik bost urtera. Berria 2015eko urtarrilaren 11a..

Urtarrilaren 12an, azken momentuko adostasuna lortu eta Michel Martelly Haitiko presidenteak urtea amaitu aurretik deituko zuela hauteskundeetara jakin zen Azken momentuko adostasuna. Berria 2015eko urtarrilaren 13a..

Urtarrilaren 14an jakin zenez, Martellyk ez zuen dekretu bidez aginduko[2]. Urtarrilaren 17an, lehen ministro kargua izendatu zuten Haitin Evans Paul[3].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]