Edukira joan

Hololinguistika

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hololinguistika (grezierazko όλος-hòlòs osotasuna + linguistika) edo Hizkuntza Esperientziaren Teoria Autoosatua Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx" hizkuntzalariak sortutako hizkuntzari buruzko diskurtso berria da, hizkuntzaren bizitzaren hatsarreak ez ezik, bizitzaren hizkuntzarenak zehazten omen dituena. 1970ko udan Nafarroan egindako ikerketa soziolinguistiko batekin hasi zen garatzen hololinguistika. Egileak 2002ko irailaren 25ean patentatu egin zuen jabetza industrial gisa.

Etika, psikologia eta soziologia osotasun zatiezina izan eta hololinguistikak guzti horiek hartzen dituen eremua ei denez, Txepetxen iritziz ezagutzaren arlo hau ez da ez ohiko soziolinguistika, ez hizkuntzalaritza, ez hizkuntzaren filosofia ez eta psikolinguistika ere; arlo hau bestelakoa da. "Hololinguistika" edo "Hizkuntza-Esperientziaren Teoria Autoosatua" (Teoría Autoconsistente de la Experiencia Lingüística gazteleraz) esaten dio Txepetxek.

Hololinguistikaren aztergaia, soziolinguistikarena ez bezala, bizia da, bere osotasunean (hòlòs). Ez da, beraz, hizkuntzaren biziaz bakarrik arduratzen, izadi osoaren biziaz baizik, hizkuntzak barne. Eta hortik, hizkuntzetatik abiatuta, giza bizitzaren garapena (psikologia, etika, soziologia) eta baliabideen ekoizpena (ekonomia), gizartearen antolaketa (politika) eta mundu sinboliko eta espiritualaren (kultura, erlijioa) garapena ziurtatzeko lain, izadiaren ("denaren") norabidea aztertzen du. Hori guztia hizkuntza bakoitzetik abiatuta, munduko hizkuntza guztien arteko harremanerantz, bakoitzaren era begiratuz eta aldeak onartuz, arrisku bizian dagoen gure planetaren hondamendia saihestearren.

Azken batean, hizkuntzen eta hizkuntza komunitateen arteko orekaren formulazioa baino gehiago den zerbait aurkezten omen du Txepetxen teoriak. Fisika kuantikoak, ekologiak, garapen kognitiboak edo garapen iraunkorrak bezala; adierazi egiten du zientziaren kontzientzia. Funtsean ekintzarako pentsamendua izan gura du.

Txepetxen teoria hizpide izan zuten orobat hainbat aldizkarik 1972tik 1999 arte: Príncipe de Viana gehigarria, Zeruko Argia, Jakin, Eguna, Jazten, Pamiela, Bat aldizkaria eta Zenbat Gara aldizkaria. Euskeran aurrenengo eta RIEVen ondoren, Txepetxen idazlan nagusien iruzkinek izan dute txokoa. Txepetxek, 1996an, "Un futuro para nuestro pasado liburuaren aurreko jarrera intelektuak" artikulua agertu zen Bat aldizkarian.

Txepetxen teoriak eragin nabarmena izan du Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten herri elkarteetan. Arrasate Euskaldun Dezagunen sorrera 1983an inspiratu ondoren, elkarteak berak Jazten aldizkaria argitaratu zuen Txepetxen ideietan oinarrituta 1989-1993 artean. Bitartean, 1991 urtean, Adorez eta Atseginez mintegia sortu zen Eskoriatzako Irakasle Eskolaren inguruan euskalgileak Txepetxen teorian trebatzeko, bai eta UEUn eta beste hainbat lekutan aurkezpenak egin zituzten. Irakasle Eskolatik sortua da orobat Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatea. Bertan Txepetxen hololinguistikak arrasto sakona utzi du eta gaur egun nabarmena da Garabide edo Sorguneak gisako ekimenetan.

Zenbat Gara elkartearen eta Kafe Antzokiaren gauzatzea etorri zen Bilbon 1994 urtean, non Txepetxek aholkulari lana betetzen zuen. Elkarte horrek Zenbat Gara aldizkaria argitaratu zuen 1998-2002 artean Txepetxen hololinguistikan oinarrituta. Bilbotar elkarte horretako Xamarrek, bestalde, hainbat urte daramatza hololinguistika dibulgatzen, esaterako, Orekan (2001) liburuaren bitartez. Ildo berekoa da Zenbat Garak argitaratutako Jon Sarasuaren Biziaren hizkuntzaz (1997) elkarrizketa liburua.

Iruñeko Jaso eta San Fermin ikastoletako guraso eta irakasleek 1995ean euskararen erabilera indartzeko egitasmoa abiatu zuten Txepetxen gidaritzapean.

Gisa berean aipatu behar da 1993-1996 artean, Euskal Herriko Unibertsitateak eskaini zuen Hizkuntza Plangintzarako Diploma. HPSek, HABEk, eta HAEEk bultzatuta, lehen aldiz izan zen soziolinguistika alorreko graduondoko bat unibertsitatean. Hiru ikasturteetan, Txepetx, hala nola, Joshua Fishman, William Mackey eta Robert Cooper jorratu zituzten. Etenaldi baten ondoren, 2000-2001 ikasturtean berriz eskaini zuten EHUk eta Eusko Ikaskuntzak, "HPSren bermearekin", hizkuntza plangintza graduondoko bat.

1993 urteko apirilean Jose Mari Larreak "Euskaldungo erroiztua: XIX eta XX. mendeak" doktore-tesia aurkeztu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 1994ko abenduaren 13an Jaione Apalategik "Eskola-erakuntza eta hololinguistika" doktore-tesia aurkeztu zuen EHUn. 1997ko ekainaren 2an irakurri zuen Xabier Erizek "Soziolinguistika historikoa eta hizkuntxa gutxituen historia: Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa (1863-1936)" doktore-tesia EHUn. Txepetxen idazlanek eta harekin izandako solasek asko lagundu omen zieten tesiaren burutzean.

Euskararen alorrean ardura ofiziala duten erakundeek ez dute Txepetxekin elkarlan iraunkorrik gauzatu: Euskaltzaindia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskararen Aholku Batzordea, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskararen Nafar Institutua, Euskararen Erakunde Publikoa, eta abar.

Txepetxen teoriak kristautasunean hartzen omen du elikagaia eta aspaldi ari zaio leporatzen jarrera sektario eta mesianikoa.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]