Hugo Chávez
Hugo Rafael Chávez Frías (Sabaneta, Barinas, 1954ko uztailaren 28a - Caracas, 2013ko martxoaren 5a) venezuelar militar eta politikaria izan zen. 1999ko otsailaren 2tik 2013ko martxoaren 5ean hil zen arte Venezuelako 53. presidentea izan zen[1].
Bere mugimendu politikoan, Simón Bolívar El Libertador (Askatzailea) heroi nazionalaren irudia erabiliz, sozialismo demokratikoa eta Hego Amerikaren integrazioa egin ditu bere programaren ardatz, horren ondorioz AEBen inperialismoaren, neoliberalismo ekonomikoaren eta globalizazioaren aurkako aurpegi ezaguna bihurtuz.
Ibilbide politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Venezuelako armadako ofiziala zela, 1992an Carlos Andrés Pérez presidentearen kontrako estatu kolpean buruzagi izan zen Chávez. Estatu kolpeak ez zuen bere helburua lortu, eta kartzelatik igaro ondoren, Chávezek Bosgarren Errepublikaren Mugimendua (MVR, gaztelaniaz) ezkerreko alderdia sortu zuen. 1998ko hauteskundeak irabazi zituen bozen %60 baino gehiagorekin, Venezuelako gehiengo pobrearen zerbitzuan lan eginen zuela aginduta.
Bere gobernua babesten zuten alderdi politikoek ordura arteko politikariak boteretik baztertzea lortu zuten. Konstituzio berri bat onartu zen eta Venezuelako Errepublika zena, Venezuelako Errepublika Bolibartarra bihurtu zen. Bolivar Misioak garatu zituen, Venezuelako auzune eta herrixka pobreetan osasun eta hezkuntza beharrak asetzeko helburuarekin. Nazioarteko Diru Funtsa eta Mundu Bankuaren politika neoliberalak gaitzetsi zituen eta Hego Amerikako nazioen integrazioan urratsak eman zituen, aldi berean Ameriketako Estatu Batuen atzerri politikaren kontra zuzen zuzenean joz.
Neurri horiek hautsak harrotu zituzten bai Venezuelan bai kanpoan. Chávezek kritika nahiz laudorio beroenak jaso zituen. Venezuela barnean, txiroei lagundu eta ekonomiaren hazkundea eragin zuen, nahiz eta kritikarien iritziz autokratikoa izan eta ekonomia galbidera eraman zuela esan. Atzerrian ere, hainbat gobernuk petrolioaren prezioren egonkortasunerako eta eskualdeko bakerako mehatxutzat jo zuen Chávez. Beste batzuek, aldiz, laguntza programei harrera beroa eman zieten.
Chávez 2013ko martxoaren 5ean hil zen, minbiziaren ondorioz, artean Venezuelako presidente zela. Nicolás Maduro presidenteordeak hartu zuen haren lekua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Amagoia IBAN: Komandanteak eman du azken hatsa[Betiko hautsitako esteka] Paperekoa.berria.info
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Amagoia MUJIKA: Hugo Chavez: Utopiaren sortzaile[Betiko hautsitako esteka] Paperekoa.berria.info
- Herriak aldiro babestu duen agintari bat[Betiko hautsitako esteka] Paperekoa.berria.info