Edukira joan

Inkubazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Basahate emea arrautzak inkubatzen

Inkubazioa edo txitatzea, enbrioiak gara daitezen, hegaztiek egin behar izaten duten arrautza-berotze prozesua da.

Hegazti espezie gehienetan, guraso inkubatzaileak, gainean etzanda, berotzen ditu arrautzak. Hala ere, talde batzuek, megapodoek bereziki, bero geologikoa edo usteltzen ari diren landareek sortutakoa erabiltzen dute.

Inkubatzen duten espezieetan, lana sexuen artean hainbat modutara banatzen da. Ohikoena, emea inkubazio osoaz arduratzea da, koskoroba beltxarga eta vireoetan bezala, edo ia osoaz, Belatz handietan bezala. Espezie batzuetan, kurrilo amerikarrean bezala, arrak eta emeak arrautzak txandaka inkubatzen dituzte. Kasuarioaren kasuan, aldiz, arrautzak arrak bakarrik inkubatzen ditu. Lautadetako txirri arrak, lehenbiziko errunaldiko arrautzak inkubatzen ditu, baina beste errunaldi bat izanez gero, emea arduratzen da inkubazioaz. Hoatzinen kasuan, kume batzuek, batez ere arrek, gurasoei laguntzen diete ondoko errunaldiak inkubatzen. Inkubazio-aldiak, 11 egun (Ipar Amerikako kuku moko-beltza eta kuku moko-hori bezalako txori txikietan) eta 85 egun (albatrosa eta kiwi marroiaren kasuan) bitarte iraun dezake. Azken hauetan, inkubazioa ez da etengabea. Etengabeko inkubazio-aldi luzeena, pinguino enperadorearena da, 64-67 egunekoa.

Espezie batzuk, lehenbiziko arrautza errunda hasten dira inkubatzen eta, horregatik, txitak ez dira denak batera jaiotzen. Beste batzuk, berriz, azken arrautza errun arte ez dira inkubatzen hasten eta, beraz, txitak denak batera jaiotzen dira.