Juan Carlos Onetti
Juan Carlos Onetti | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Juan Carlos Onetti Borges |
Jaiotza | Montevideo, 1909ko uztailaren 1a |
Herrialdea | Uruguai Espainia |
Heriotza | Madril, 1994ko maiatzaren 30a (84 urte) |
Hobiratze lekua | La Almudenaren hilerria |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, kazetaria, liburuzaina, eleberrigilea eta ipuingilea |
Jasotako sariak | ikusi
|
onetti.net | |
Juan Carlos Onetti Borges (Montevideo, 1909ko uztailaren 1a - Madril, 1994ko maiatzaren 30a) uruguaiar idazlea izan zen. Mario Benedetti eta beste idazle batzuekin batera 45eko belaunaldia osatu zuen. Saioak, ipuinak eta eleberriak idatzi zituen nagusiki, eta La vida breve da bere lanik ezagunena. 1980an Cervantes saria eman zioten.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Onetti Montevideon jaio zen, 1909ko uztailaren lean. Buenos Airesen egin zituen unibertsitateko ikasketak eta han jarri zen bizitzen. Reuters agentziarako lan egin zuen, eta erredakzio idazkari izan zen Montevideoko Marcha aldizkari erradikalean -Hego Ameriketako argitalpen inportanteena 30 urte baino gehiagotan- eta Argentinako Vea y lea aldizkarian.
Haren lehenengo eleberria, El Pozo (1939, Putzua), mugarritzat hartu zuten Argentinako eleberrigintza berrian. Bere bizitzari buruzko ikuspenak idatzi nahi dituen gizon bakarti baten istorioa da. Maite zuen emakumeari, prostituta bati eta lagun bati kontatu nahi dizkie, baina ez ditu huts egindako komunikazio ahaleginak baizik kontatzen.
Gero Tierra de nadie (1941, Lur eremua) argitaratu zuen, eta bi urte geroago, Para esta noche (1943, Gaur gauerako), diktadura bati buruzko kontakizuna. La vida breve (1950, Bizitza laburra) izeneko obran, berriz, kontatzaile protagonistaren nortasun desberdinak bilbatzen dira. Harentzat bizitza ez da bere emazte fidelarekin daraman bizitza monotonoa, ondoko etxeko ateaz bestaldean entzuten duena baizik.
Los adioses (1954, Agurrak) eleberrian hiri mitiko bat irudikatu zuen, Santa Maria hiria, gainbehera etorritako eta esperantzak alde egindako leku bat, jendea estutasunez, elkarrekin hitz egin gabe eta bakarrik bizi den hiri probintzianoa. Aurrerago, Montevideon, Para una tumba sin nombre (1959, Izenik gabeko hilobi batentzat) argitaratu zuen, eta ipuin bilduma bat, La tara de la desgracia (1960, Zoritxarraren aurpegia). Handik pixka batera haren eleberrigintza osoko obra nagusietako bi argitaratu ziren: El astillero (1961, Ontziola) eta Juntacadaveres (1964). Lehenengoa bere herrialdearen alegoria bat da, beheraldian eta hondamendian hondoratuta.
1973 eta 1985 bitartean bere herrialdean izan zen Juan María Bordaberryren diktadura militarrak sei hilabeteko espetxe zigorra jarri zion, erregimenaren aurkako kontakizun bat saritu zuen literatura sariketa bateko epaimahaian parte hartzeagatik. Espetxetik irtenda, 1974an Espainiara erbesteratu zen. 1979an Dejemos hablar al viento (Utz diezaiogun mintzatzen haizeari) argitaratu zuen. Eleberriko protagonista, Medina, mediku zapuztua, prostituta baten babespeko pintorea, eta porrotaren eta alkoholaren zuloan eroritako komisarioa, gizatasunari buruzko metafora baten ardatz nagusia da. 1987an Cuando entonces argitaratu zuen.
Onettiren idazgintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kritikari batzuen ustez Onetti larriduraren idazlea da. Faulknerren eragina du, baita Céline eta Conradena ere, eta haren kontakizunetako mundua mundu existentzialista da.
Onettik anekdoten bidez eta zeharbidezko errealismo gradu desberdinez irakurleari igortzen dion mezuaren arabera, bizitza gaizki-ulertu orokorra da, eta izakia eta bere patua, batzuk eta besteak bat etortzea ezinezkoa da. Haren pertsonaiak, elkarrekin komunikatu ezin eta, bizitzari zentzuren bat ematen saiatzen dira, ezinbestean porrot egingo duten proiektuetan buru-belarri sartuz, edo berak ikuspuntu desberdinez eta maisutasunez hain ondo deskribatzen dituen balizko bizitzak eta bizimoduak irudikatuz.
Haren kontakizunetan antzeko gaiak erabili zituen askotan: zahartzeak sortzen dion larridura, tolesgabetasunaren galera, eguneroko bizitzaren itxurakeria eta errealitatea, gizakiak mugitzen dituen ohikeria eta inertzia, eta abar. Onettiren lanaren alderdi zailenetako bat haren prosaren estiloa da, trinkoa baita oso, opakoa eta zeharbidezkoa.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- El pozo, 1939.
- Tierra de nadie, 1941.
- Para esta noche, 1943.
- La vida breve, 1950.
- Un sueño realizado y otros cuentos, 1951.
- Los adioses, 1954.
- Para una tumba sin nombre, 1959.
- La cara de la desgracia, 1960.
- El astillero, 1961.
- El infierno tan temido y otros cuentos, 1962.
- Juntacadáveres, 1964.
- Tres novelas, 1967.
- Cuentos completos, 1967.
- Los rostros del amor, 1968.
- Novelas y cuentos cortos completos, 1968.
- Obras completas, 1970.
- La muerte y la niña, 1973.
- Tiempo de abrazar, 1974.
- Réquiem por Faulkner, 1975.
- Dejemos hablar al viento, 1979.
- Tan triste como ella y otros cuentos, 1976.
- Cuentos secretos, 1986.
- Presencia y otros cuentos, 1986.
- Cuando entonces, 1987.
- Cuando ya no importe, 1993.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Carlos Onetti |
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Onetti, Juan Carlos; Maio, Sara (itzul.): Dekalogoa. - Egan, 2013-3/4, 179-180.